Urtemuga lehorraren kronika
Itxaro Borda

Maiatz, Uhargi 19, 1989ko azaroa

 

—10—

 

        Behar zen, frantsesa, paristarra eta burgesa izan, «giza eta citoyen' en eskubideen agiria» bezalako trapu maltzur ustel baten moldatzeko. Kontutan hartzekoa da, gizaren eskubideak, citoyen delakoa izatearen kargak kontra balantzatzen, ezeztatzen dituela. Halatan, frima kolpe bat baizik ez da, 1789ko deklarazione mediatiko hura.

        Probintzietako «notable progreak» bildu zirenean, erregearen podere jainkotarra amildurik, gehienek nahi zuten bere boteretxo berria betiko segurtatu, legearen bidez, funtsean Parisen eratu lege bakar baten bidez. Proprietatea, sekuritate publikoa, eta dirua lasaiki metatzeko dretxoak hedatzen zituen, lege horrek; aintzinako protekzionismoaren ordez, guzien «zorionerako» autopistak irekitzen zituen, bueno, sortzen ari zen, troxetan oraindik, kapitalismo industrialaren «zorionerako».

        Jabetasuna zaintzeko zer egin? Laborari seme eskolagabeek, baina azkarrek, langileak, ikasleak, burges korporatistak matrakaz jotzen ahalko zituen indar errepresibo korpus bat muntatu. Bigarrenik, violence famatua erabili ezean, konstituzionearen benedikazionearekin, marginalkeria guziak onhartuak izan ez ditezen, konsensus baten bat eraiki, bizpahiru gaien inguruan: patriaren defentsa, maioritatearen premiatasuna, intimitatean, burutik pasatzen dena oro egiteko libertatea. Hitz bitan espresatzeko: zerga ordaintzaleen diktadura. Agiriak berak dio, utilitate amankommunak duela manatzen.

        Gizakiak orohar, libre eta zinez eskubidez berdinak —nahiz salbuespen ainitz ager ditekeen— jaiotzen dira, baina pobre edo aberats hiltzen; eskerrak heriotzak diferentzia zozialak ezabatzen dituela. Ordea, heriotza ez da kontsolamendu egokiena. Gizakumea, pinpirina baino egun gehiagoz bizitzen da, eta deretxo minimoak ez zaizkio ukatzen ahal. Frantses estado omni potentean bai halere, «erresistentzia» egiteaz akusatua izan baino lehen, «obidetzea» komeni baita. Gezurra dirudi. Alta, texto idatzia dago, zazpigarren artikuluan. Bierra baten aldean, irriz lehertzeko parada baliteke.

        Posible ote da existitzea, orden publikoa trabatu gabe? Existitzeak, inguruko gizartea ere inplikatzen du. Horregatik, frantses sosdunen sistemak, inguruko gizar-tearen destrukzionea planifikatu du, berrehun urtez, herriak gosetuz, herrien kultur ereduak osoki desbalorizatuz, eliza katoliko-erromano-apostolikoaren laguntzarekin. Gure kasuan, beti entzungo dugu, elizagatik dagola hizkuntza oraino bizirik, ordea guk, gure postura firmo atxikiko dugu: euskal iparraldeko elizak, notable errepublikano zein kontserbadoreekin batera —a ze saltsa!— euskara, auhen alferrik gabe, ongi hiltzen baizik ez duela asistitu, karitate kristianoz.

        1789ko agiriak, probintzietako jendeak, eta jendeak orokorki karkan ideologiko hatean kartzelaturik, parisko produkto politikokulturalen kontsumitzale mutuen lerroan finkatzen ditu.

        Boikot... Boikot...

        NB: Charles Boycott, irlandako Mayo countyko landlord baten izena zen. Etxetiar ttiki expulsatu baten lurrak ebasteagatik, 1850 urte haietan zehar, Parnell abertzalearen Liga Agrariak erabaki zuen honen ekonomikoki baztertzea.

 

 

Urtemuga lehorraren kronika
Itxaro Borda

Maiatz, Uhargi 19, 1989ko azaroa