Urtemuga lehorraren kronika
Itxaro Borda

Maiatz, Uhargi 19, 1989ko azaroa

 

—24—

 

        Gaua jautsi zen, eguna erre zuen beroa, doi bat arinduz. Txirriten kantuek, belarriko oihalak zilatzen zituzten, angustia lerrakorra hedatuz, izpiritu motelduetan. Ilunaren minean, karrasiaka ginabiltzan, eta espero genuen, argigabetasunak mendeak iraunen zuela. Karrika ezkinetan jartzen ginen, barbaritatearen zain, edo urrats handika, espazioak trebeskatzen genituen. Gaua, gure ama naturala bilakatua zen.

        Etxesailen gainetik, gero, luzatzen genituzkeen begiak, izarren klixka lagunkoiak miresteko. Orduak ere, galtzen genituen, burua edozein pentsu lorios bezain lizunetan banaturik. Ametsaren belaunaldiko haurrak ginen. Alabaina, bakarrik gindoazenean, mundu bat asmatzen genuen, maitatuko, beno, zinez maitatuko gintuen norbait aurkituko genuenekoa, bortitzak beti setiatzen zuen hiri honetan. Galaxian barna, eskapatzeko zorian geunden, eguzkiaren mugetan, partikulatan, desintegratzeko asmoz. Ondarrean, nahiago genuen, molekula bilakatuz, ihardoki, agoniak larrutzen zituen eremuetan.

        Ainitz gustuko zintudan, eta ortze disdiratsuei begira, gogoratzen naiz, Benito Lertxundiren kantaldi batetik itzultzean, Izturitzeko kaskoan gelditu ginela, agorril bukaera izango zen agian, kometaren buztanak urrun haizatu izar iheslariei behatzeko, orenak orenei. Gau hartan, herriko eliza batean, noski, Lertxundi zela medio iparraldeko Jainkoetxe andana bat bisitatu ahal genituen, abeslari estatikoak, fokoek arpegia urdin kolorez jantzen ziotenean, itsasoko arkaitz hieratikoetan pentsatzen geunden, «ni olentzero naiz» eskaintzen zigunean. Bata besteari hurbiltzeko, gorputzen hariak koropilatzeko gutizi latzak herbailtzen gintuen, eta etxerakoan, bierraren eraginez, botz apalez, murmuratzen genuen:

 

                eta inork

                inork ez du honen berri izango

                debekatua baitago gure amodioa,

 

iduritzen zitzaigun, lehorra nagusitu arren, bide bazterretan iturri garden soilak entzuten genituela. Ez genuen, baina, denborarik hartzen, lokartzeko, justu hausdura sikologikoaren margenetan murgiltzen ginelako, bizitzaren zapi preziosa ahal bezain laster, eta arrunt higatu gogo baginu bezala. Izarrak, zeruaren erdian, korrika, iparretik hegorantz, izarrak zeruan, gure ihes propioaren manatzale. Batzutan, kantaldietarik landa, pentze idorretako pazuinen puntetan, huntz edo kahaka bat, zutik agertzen zitzaigun, gauaren madarikazionea, begi borrobil ikaratiz zilatzen. Biharamonak, kalbario hits genituen, gero, argaroan desplazatuak ginen, eta bezperako biolin musika saminez hantu eliza mukurru beteak damutzen genituen. Deitzen ninduzunean, telefonoan, euriaren fantasmak azaltzen zenizkidan, ilargia uretan urtuko bailitzan, zure zein nere atseginerako:

 

                debekatua baitago gure amodioa

                eta barka kanta triste hau,

 

noiztenka, negarrez zinauden, nehork ez zuelako zurekin harremanetan jarri nahi. Desesperatzen zinen, eta urrutizkenean beti lelo erdaldun berdina hautemaiten nuen, goibeltasunaren «par suite d'encombrement votre appel ne peut aboutir, veuillez rappeler ultérieur'ment». Galtzaleak ginen, maitasun konbentzionalak herrestan utzi loosers itsusiak. Ordea, lanbro azkarregiko gauetan, zure ezpain koxkortuen lanztantzeko enbeiak, izpiritua kilikatzen zidan. Maite zintudan zinez, Lertxundi iparraldeko elizetako galerietarik aditzea laket zitzaizulako, edo nerekin, kahaken deiadar sufrituak preziatzeko aizina hartzen zenuelako, edo azkenik, euri aratsetan, ni, gaizoa, menturatzen ez nintzen hitzak ahozkatzen zenekielako.

        Orain, zu joana zarenean, beti gustuko dut, gauean karriketan ibiltzea, bakarrik, baina solas ankerren erranahia agortu da, eta xoilik, beldurra irakur dezaket kurutzatzen ditudan jendeen begietan. Batzutan, badut zutaz mintzatzeko desira, edonori, ele zuzenenak apurtzen direnetan batez ere, ez zait ezer ateratzen, ez dezaket ager zure bihotzaren berotasun erraldoia, zure irriaren ozena, gehien estimatzen nuena, zure... Halatan, azken garai hauetan, nekez arrakonposatzen dut zenuen arpegi erronda. Gauetan, iluminazione bultak dauzkat, eta jasaiten genuen katastrofeaz oroitzen naiz. Orduan, gero lasterrago ibiltzen naiz, ihiztaria atzetik duen abere basa haren eralat, izu zaharrak estekatzen banindu bezala. Egunargia ez dezaket jasan, eta hemengo lagunek erraten didate, proba zientifikoak aurreratuz, hainbeste erretzearen bortxaz, kantzerra harrapatuko dudala. Uste dut, gau miserableak partekatzen genituen aroak memorialat pasatuz geroztik, minak, biziminak sardeskatzen nauela. Galdetzen dut izarrei, ilargiari, kometari, planeta guziei, zergatik ninduzun abandonatu eta, kaosaren zalapartak beti, iraultzen dizkit erraiak.

        Non zaude?

        Gauaren hatseraino edango zaitut.

 

 

Urtemuga lehorraren kronika
Itxaro Borda

Maiatz, Uhargi 19, 1989ko azaroa