www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Banhar deitu salbaiak
Jean Elizalde, «Zerbitzari»
1936

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Inazio Mujika Iraola.

 

 

aurrekoa  

ASKEN SOLAS

 

        Adixkide maiteak,

        ...Nere girixtino gaixoek etsitua ninduten. Asma zazue beraz zer atsegina ukhan zuten berritz ikusi nindutelarik. Oro arras ongi zoatzin. Makhur ttipi guziak bizpahirur ilhabeteren buruko xuxenduak ziren, eta girixtino berri zenbeit egin nituen. Bainan Jainkoak frogatu nahi gintuen oraino, eta martxoan zigorrada bat igorri zaukun behinere baino handiagokoa. Beha.

        Irrisaren eraiten hasterat ginoazin. Horra nun bertze orduz Pharaon urguilutsuari bezala Jainkoak otte beltzak igortzen dauzkun. Zenbeit egunen buruko, ogi, belhar, hosto eta oro iretsiak zituzten. Bizpahirur alditaraino gure eraintzak egin izan behar gintuen debaldetan. Otteak urrundu zirelarik, denbora joana zen deusetako. Gosete ikharagarrienari ginauden. Zorionez, Jainkoa urrikaldu zitzaukun eta euri gozo batek kanpoak phiztu zituen, galduak uste gintuen irrisak parte bederen atheratu ziren eta urtheko doia bildu ginuen.

        Hortan gelditu balire guziak, deusik etzen izanen. Bainan nola eskualde hautan egundaino ez baitzen otte beltzik ibili, debruaren mandatariek berehala fama hedatu zuten guk ekharrarazi gintuela segur nunbeitik. Gezurra handiago eta bidea lasterrago egiten du. Hala egin zuen hunek ere eta hainitzek arras begitan hartu gintuzten. Guri hurbil bizi ziren salbaia gaixoek etzuten haatik holakorik sinhetsi eta gure aldea hartu zuten, gure ontasunak heienak bezala larrutuak izatu zirela. Bainan gure etsaiak hain azkarrak ziren! Eta guk hain haixtur motzak gezurrari hegalak pikatzeko!

        Jazartzen hasi zauzkun beraz laster eta gau batez bortz neskatxa ebatsi zauzkuten, preso ereman eta esklabo bezala nunbeit saltzeko. Bertze behin zazpi gizon hil zauzkuten eta berrogoi bat kolpatu. Zenbeit ilhabete ikaragarriak iragan gintuen hola. Gauaz zaintzaileak kanpoan utzirik ere, ez nuen lo onik egiten. Gaztean martirgoa gutiziatua nuen segurki eta ez ninduen oraino hiltzeak lotsatzen. Bainan hiltzekotz, Jainkoaren gatik hil nahiko nuen, eta ez otte tzar batzuen gatik! Guzien buruan horien gatik hil behar banu oraino egun batez egin dadiela Jainkoak nahi duena!

        Irriskua joantxea da orai. Ez da gehiago salbai hainitz otteen ethortzea gure gain ematen duenik. Bainan deusek ez daut burutik khenduko hemen gaindi urhats handi baten egiteko, orok xixpa bana eskas dugula bi zangotako gau-xori tzar batzuen urruntzeko herri huntarik eta inguruko oihanetarik. Aspaldi sarraraziko nituen Annamen gaindi, nik, bainan jaun aphezpikua bethi lotsa da.

        Lagun berri bat badut zenbeit denbora huntan: Aita Hugon. Bertze bat ere ethortzekoa omen zen: Aita Geoffroy, bainan Annamen geldiarazi dute. Aspaldian ez nuen Aita Anamitik baizik nerekin. Ikusten duzue beraz aise nahigabe hortan zer jasan dukedan bakharrik, bethi bakharrik! Ez bainaiz oraino arras lotsatu! Holakoetan aithortzen da gogotik zoin guti den gizona! Badakit Parisen ukhan duzuela segurki jasaiteko: nik ere ukhan dut nere doia! Othoitz egizue beraz, eta eginaraz neretzat.

Aita D.

 

 

 

aurrekoa