www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Banhar deitu salbaiak
Jean Elizalde, «Zerbitzari»
1936

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Inazio Mujika Iraola.

 

 

aurrekoa hurrengoa

AINTZIN SOLASA

 

        Iguzkaldeko Cochinchineko misionerat heldu zen Eskual Herritik 1849-eko azaroan, misionest gazte bat, Piarre Dourisboure. Zinez boztu ziren haren lagunak ikusiz langile gaztearen bihotz kartsua eta 24 urtheko gorputz lerden eta zaila, osagarri on batek ontsa lagundua. Dohain horiek guziak ondoko urthetan ontsa baliatu behar zituen.

        Zonbait ilhabethez Annam-eko mintzairearen ikasten atxiki ondoan, igorri zuten Bahnars deitu basa gizon batzueri fedearen predikatzerat. Bizi ziren Annam eta Laos-en artean dauden mendi handi batzuetan, mugarik gabeko oihan batzuen erdian. Gero fedearentzat odola ixuri behar zuen Cuenot apezpikuak igorririk, lehen ere eskualde hetan ibiliak ziren zonbait apez, nunbait misionest baten egoitza kokatu nahiz. Batzuk bertzen ondotik, denek ukho egin behar izan zuten. Alainan ere osagarriarentzat zen leku bat izan ahala tzarra; sukar itsusi batek denak garbitzen zituen; bizitzeko, jende basa hek bezala jan behar; basa hek arrotzarentzat jeloskor; nehon pausa leku goxorik ezin aurki. Hala ere lekuko apezpikuak ez ditu basa dohakabe hek hortan bazterrerat utzi nahi.

        Igortzen deie Dourisboure. Mendi gain hetarat heldu bezen laster, hunek ere han ditu aintzinekoen nekeak eta etsayak. Bainan Eskualdun gaztea ez dago gibelerat. Deusek izitu gabe, deusek haren bihotz suharra garhaitu gabe, 35 urthe han ariko da gure Bezkoiztarra. Zonbat aldiz ez du hango sukar izigarriak bere kamaintzan etzanik atxiko gorputz guzia daldaran! Zonbat aldiz egon beharko da funtsik gabe edo zer nahi porroska zikinez kontent! Zonbat aldiz hango sorgin eta aztiek eginen dituzte beren ahalak hari mendekatzeko! Alferretan ariko dira denak. Dourisboure khartsuki egonen da Jesusen baithan eta haren laguntzarekin garhaituko ditu Jainko legearen etsaiak. Basa leku hetan erainen du ebanjelio sainduaren azia, eta hil aintzinean izanen du atsegina uztaren handitzen ikusteko.

        Hain eskuara pollitean Elissalde apezak eman daukun liburutto huntan, Dourisbourek berak kondatuko dauzkigu hango haren gora beherak eta harat hunatak. Ikusiko dugu gure herritar maitea oyhan beltz hetan, batean sendo eta bozkarioan, bertzean eri eta zorigaitzean, bainan bethi kontent Jesusentzat jasaiten dituenez. Ikusiko dugu nola moldatu zuen hango lehen giristino herria. Ikusiko dugu nola bermatu behar izan zuen hiru urthez lehen bi salbayak balaiatzeko. Lanez ela eritasunez ebaindurik hil zenean, uzten zituen bere ondokoer 1000 giristino eta geroko esperantxa ederrak.

        Haren ondokoetan aipatuena izan da Guerlach, sortzez Metz hirikoa. Hunek ere 30 urthez segituko du Dourisbourek hasi saila eta 1912-an hilen denean utziko ditu Bahnars-etan 11.650 giristino 120 elizattoetan barriatuak! Balio othe zuen Dourisbouren Eskual Herritik basa hetarat joaiteak! Zer zoriona holako uzta eskuetan Jesusen aintzinerai agertzea! Zer dira orduan mundu huntako nekeak! Zer ongi-ethorria egiten ahal deien holako gizoneri gure Ama Zerukoak!!

        Duela hiru urthe iduritu zaiko Aita Sainduari Dourisbourek hasi eliza xumea aski handitua zela bere apezpikuaren ukaiteko. Quinhoneko apezpikuaren eskutik ekendurik eman dio Jannin, apezpiku berriari, eliza berria, hango hiri nausiaren izenez, Kontum-eko eliza deitzen duelarik.

        Aurthen 85 urthe ditu Dourisboure maitearen mendi gain hetarat lehen aldiko ikaiteak, eta nahi duzue jakin zer ondorio izan duten haren urhatsek? Goazen Kontum-erat. Duela bi urthe oraino han aurkituko gintuen bi apez eskualdun, Irigoyen Montory-koa ela Iroz Esterençuby-koa. Hek ere hegaldatu dire Dourisbouren ondotik Jinkoaren ganat. Ez dugu orai bertze Eskualdunik han ikusiko; bainan aurkituko ditugu 14 misionest frantses, 16 apez sortzez hango bereko semeak, 134 eliza-ttipi, eta 20.000 giristino pasa. Horra Dourisbourek egin ildoan 85 urthez sortu den uzta! Zer bihotz altxagarria holako lanaren ikustea! Eskermila zuri, Elissalde, eskuetan emaiten daukuzun liburuaz. Gure herritar handiak merexi zuen eskualdunek jakin dezaten nor zen eta zer egin duen.

        Baina Kontum-eko apezpikuak baditu oraino bere gomenduko 600.000 pagano Bahnars 40.000 kilometra karretan barrayatuak. Alo Eskualdun maiteak bada oraino zuentzat lan Aita Zerukoaren alhorrean! Ez othe da bada izanen zuen baitan zonbait aski bihotzdunik Dourisbouren urhatseri jarraikitzeko!!!? Agian ba, Jinko Maitearen graziarekin! Badaitekea mundu huntan Jesusen ezagutarazten, haren sakramenduen paganoeri eremaiten pasatzen den baino bizi ederragorik?

 

Parisen, 1935-eko urriaren 22-an.

Joanes CHABAGNO, Misionesta.

 

aurrekoa hurrengoa