www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Banhar deitu salbaiak
Jean Elizalde, «Zerbitzari»
1936

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Inazio Mujika Iraola.

 

 

aurrekoa hurrengoa

BORTZGARREN KAPITULUA

Kolangen

 

        Nihork ez du ahantzia Aita Combes eta Aita Fontainen egoitza zer zen: oihanaren erdian etxola txar bat. Gizonik etzitzaioten usu heldu ikusterat, ba haatik Jesu Krixto gure Jauna. Egun guziz ez bada, bederen aski maiz. Sukharrak etzituen ordu arte bethi utzi meza sainduaren erraiterat. Misionesten etsai handia sukhar hori da: indarrak laster khentzen ditu eta urinak urtzen. Gu harat heltzean, Aita Combes etxolatik agertu zaukularik, ez nuen ezagutu. Bizkitartean aski denbora elgarrekin egonak ginen Parisen eta etzuen urthe bat baino gehiago ikusia nuela! «Zu zarela Aita Combes? Ez dezaket kasik sinhets!» Hitz horiek erraitean, jauzi batez etxe aintzineko erreka iraganik, bi besoak zabalduak niozkan gizagaizoari. Irriz ihardetsi zautan: «Zaude, adixkidea: ikusiko dugu eia sei ilhabeteren buruan horren aise eginen duzun oraino jauzi zuk ere! Bainan alegera gaitezen halere! Eta benedikatua izan bedi egun hemen biltzen gaituen Nausi Ona!»

        Nun othe zen Aita Fontaine nindagon, barnetik oihuka hasi zaukularik: «Ni jaun handiegia naiz zuen biderat ethortzeko: zuek zatozte hunaraino!» Aita gaixoa! Aintzineko egun batez kolpatua hura ere, etzana zagon, ixter guzia belztua. Minak laster gaixtatzen dire toki hetan.

        Horra beraz lau misionest elgarrekin etxola txar batean, gizonen egoitzetarik urrun, eta Jondoni Batixta bezala abere gaixtoen erdian!

        Oihaneko aireak etzion on egin Aita Desgouts maiteari, berehala eritu zitzaukun. Nik ez nuen luzamen puxka bat baizik, Aita Combesek lehen egunean errana frogatzeko. Hamabortz egunen buruko sukharrak hartu ninduen! Ez nakien oraino horren berri: ez nion beraz amor eman nahi izan berehala. Orduan ikaragarrizko su batek burutik zango puntetarat hartua, eta nere laguneri deus erran gabe, mainhatzerat joan nintzen. Zer haurkeria! Ure at orduko, odol guzia hormatu zitzautan eta ez nintzen aise atheratu uretik ez eta etxolan sartu, zabal-zabala etzateko. Azkarrari gaitza oraino azkarkiago lotzen baita, ez da sukharrarekin nik ikusi ez nuenik. Sendatuxe eta ere, nere meza ez nuen hasi-eta bethi segitzen ahal, hala ahuldua bainintzen!

        Guzien gatik, nork erran etxola hartako zoriona! Jainkoak berak harat bilduak, han ginauden bertze orduz Jesus Betlemeko etxolan bezala. Mihise beraren gainean etzanak, lauak su berari so, kantuz eta othoitzean gineraman denbora, artetan pipa on batzu errez, goiz edo berant Jainkoa urrikalduko zaukula. Bertzeak baino hobeki zena, oihanerat joanen zen jateko zerbeiten bilha. Oro on dire bertzerik ez denean. Iratze erro edo belhar batzu bildurik, ekharriko zituen, egosiko... eta, irrisarekin nahasirik, janen zituzten etxolako eriek, bertze batzuek bertze nunbeit epherrak jaten dituzten bezen gogotik.

        Egunak hola zoazin. Behin sekulako phesta bat egin ginuen haatik. Beha. Gutarik batek errekan arrain bat atxeman zuen... xardinaren heinekoa, eta, Aita Combes baiginuen nausi, xardinaren heineko arrain hori lau parte egin zuen... eta bakotxak gure partea jan ginuen! Zer phesta guretzat! Bainan gertatu zauku ederki barur egitea ere, eriegi izanez oro jatekoaren bilha joaiteko!

        Osagarri onean delarik eta apetitua xorrotx, aski errex da irrisaren irestea, idorrik ere. Sukharrak hartzen zaituenean, irrisaren usainak berak lotsatzen zaitu. Eta bertzalde haste hetan bederen ez ginakien bethi jatekorik ukhanen ginuen ere. Bainan Jainkoak adixkide batzu igorri zauzkun lastersko: Konkomo derizan herriko jende gaixoak. Kolangeko oihanean iragan dugun denboran, hek ekharri daukute gure irrisa guzia.

        Gu han kokatu eta laster, badakizue nor ethorri zitzaukun ikusterat? Kiem. Eguerditan bazkaltzeko gintuen iratze erroak ikusi zituelarik, nigarrez hasi zitzaukun... eta handik bi egunen buruan haren muthilek etxolarat ekharri zauzkuten bi basaidi, xerri eder bat eta zenbeit oilo.

        Sukharrak uzten gintuelarik, ez ginen lo egoten: inguruetako herrixketarat joaiten ginen lasterka. Aita Fontainek bere ixterreko mina etzuen arras sendatua: horrengatik itzuli horietan guzietan gurekin zabilan, jada. Behin Aita Combesek ere minhartu zaukun, kanabera punta bat zangoan sarturik Dok bezala: zauria etzitzaion haatik gaixtatu eta hamabortz egunen buruko sendo zen.

        Asteak bazoazin anhartean, ilhabeteak ere ba, eta Bliou dakizuenari debaldetan galdetzen ginion urrunago xokho bat atxeman zezan nunbeit guretzat. Itzul zadien eskuin, itzul zadien ezker, orok beltzuri gaixtoa egiten omen zioten: nihork nihun ez gintuen gu nahi! Ez gintazken bizkitartean bethi etxola hartan egon: hurbilegitik zabiltzan tratulari annamitak. Bliouk berak errana zaukun, goiz edo berant, azkenean ohartuko zauzkula. Eta egin ziren! Zenbeit Kolangeraino ethorri ziren, beren begiz frogatzeko, bainan nihork ez gintuen saldu. Ethorri bidetik itzuli ziren beraz Annamitak.

        Begiak ez ginetzazken gehiago hets: lehen aldian ez bagintuzten atxeman, atxematen ahal gintuzten bigarrenean. Bertzalde gure oihana etzen osagarriarentzat hoberenetarik bere umidura eta aire eskasarekin. Jada muthil bat burutik joana baginuen: noiz-nahi biluz gorri-gorria oihanaren erdian atxematen ginuen, soinekoak zuhaitz baten puntan. Aldi batez hirur egunen buruan atxeman ginuen bakharrik, nunbeit: belhar jaten ari zen gosearekin . Geroztik hobekitu da segurki, bainan oraino xilo bat badu buruan. Sukharrek ez baigaituzte geroni hortaratu, eskerrak zor ditugu segurki Jainko Onari!

        Nigarrak begietarat heldu zauzkit Kolangeko berriak hemen ematean. Atsegin eta zorionezko nigarrak dire haatik! Baginuen segurki hainitz jasaiteko, hala da, bainan Jainkoak ez othe daki zer-nahi landareri usain onaren ematen? Gaua baizik ez baginuen begien aintzinean eta ez baginakien norat joanen eta zer bilhakatuko ginen oraino, bederen hau ez ginuen ahanzten: Jainkoarena dela lur guzia eta beraz, nunnahi izanik ere, bethi Haren gerizan ginela! Zertako lotsa beraz? Apostoluak lotsatu ziren eta berehala Jesusek larderiatu zituen...

        Oren beltzak bagintuela horrengatik ezin ukatua da. Halako batez huna zer erraten zautan Aita Combesek: «Oi, hil baino lehenago lauzpabortz paganoren bathaiatzeko zoriona banu, edo bederen haur batzueri katixima puxka bat irakusten ahal baniote, zoin aise joan nintaken mundu huntarik! Eta zoin gogotik kanta nezaken Nunc Dimittis!»

        Jainkoak hitz horiek aditu zituela iduri du, ezen Aita Combes hola mintzo zitzautalarik, jada bidean bazen gizon bat, Bliouren jendekitik. Hura izanen da gure lehen-lehen ikaslea: Hemur zuen izena eta Koxam deithu herrikoa zen. Nihork ez gaitu eskualde hetan sinhestearen hedatzen gehiago lagundu Hemurrek baino. Bainan Jainkoak ederki saristatu du: Bahnarrik ez da bathaioko urak lehenago garbitu duenik...

 

aurrekoa hurrengoa