www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Banhar deitu salbaiak
Jean Elizalde, «Zerbitzari»
1936

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Inazio Mujika Iraola.

 

 

aurrekoa hurrengoa

HAMASEIGARREN KAPITULUA

Gure mandatari bat preso.— Hunek handizki laguntzen

gaitu Anamiten kontra

 

        Berri tzar horiek ez ginakizkan Aita Combesek eta nik. Beraz, bethi bezala, bi mandatari igorri giniozkan Nere Jaun Cuenoti. Boluko ondoan bi mandatariek buruz buru egin zuten Aita Verdier eta Baorekin. Oro erran ziozkaten segurki hauk, bainan berantegi zen gibelat itzultzeko. Kon-gorat heldu zireneko, Dakek behin han gaindi iragaitean zerbeit egin ziotelako estakuruan, hango salbaiek bi mandatarietarik bat estekatu zuten, hamarrek gainerat jauzi eginik. Bertze mandatariak ezpata bat baitzuen eskuan, nihor etzitzaion hurbildu... eta lasterka gibelat itzuli zen. Nghia zuen izena. Anamitetan nik ez dut ezagutu holako bihotzekorik. Hogoi aldiz bere bizia irriskatu du guretzat eta bizi da oraino... nahiz behin baino gehiagotan presondegiko ogi beltzetik jastatu duen! Kongotar horieri eskapatu eta laster egin zuen Aita Verdier eta Baoren ondotik, bainan etzituen Koxamen baizik atxeman. Dak etsaien eskuetan, irrisku handian ginen oro, ezen sekulan Anamiteri erematen bazioten, baginakien hauk zer-nahi eta zer-nahi eginen ziotela gure berrien erranaraz-teko. Kongotarreri gure gizona lehenbailehen erosi behar ginioten beraz. Berritz ere Bao gaizoa bideari lotharazi ginuen. Lehenik joan zen Boluko adixkide batzuenganat: etzituen bildu eta Bahamen ganat igorri zuten. Baham ohoin famatu hura ez duzue ahantzia naski? Bada, horra norenganat joan zen Bao. Ondikotz, etzuen berehala atxeman, eta atxeman zuenean berantegi zen. Baham Kongorat joan zelarik Daken erosteko diruarekin, jada Anamiteri saldua zuten eta hauk Bongsoneko suprefetari eremana. Dohakabea! Bongsonen panpatu zuten... eta oro salatu zituen.

        Bainan ongia gaizkitik beretik heldu da zenbeitetan. Uste zuen baino gehiago ikastearekin, lotsatu zen suprefeta. Bazakien nun ginen, bainan gu nola atxeman nihor hoin urrun eta hoinbertze adixkideren artean? Eta ez bagintuen atxematen, ez othe zuten hura gaztigatuko bere aintzindariek? Egiaren gordetzeko, orori sinhetsarazi zioten Dak airerat mintzo zela, erhoa zelakotz, eta, ostiko bat gibelaldean emanik, presondegitik utzi zuen, zoala nahi zuen lekhurat.

        Anhartean Bao etxerat itzulia zitzaukun, deus etzuela egiten ahal izan. Dak zer egin othe zen ginauden, orok ikara sartua. Eta futxo ez gintazken Annamerat abia berrien jakiteko! Etsaiek zauzkaten bide guziak! Mandatari bat igorri ginion halere Nere Jaun Cuenoti, bainan itzuli handi bat eginaraziz: oraino, Bao. Bi ilhabeteren buruan, Jainkoak bidean zaindurik, aphezpikutegian sartu zen gure mandatari gaizoa. Etzuen deusik galdu. Bide luze hortako nekhe eta irriskuak onharturik, Jaun aphezpikuak berehala eginarazi baitziozkan apheztasuneko lehen urhatsak. Sari ederra segurki! Handik hirur urtheren buruan apheztu zen Bao.

        Aspaldi bidean zen aphezgei hori, Kiemek bere eta Cochinchinako berriak nolazpeit helarazi zauzkularik eta harek ikasi zaukun nola Dakek oro salatu zituen, bainan ere nola Dakek eman xehetasunek arras lotsatu zuten suprefeta. Halere begiak ongi eta ongi idekitzeko erraten zaukun, harek bortz egin ahalak gure alde eginik ere; «Egun hautarik batez Ansoneko buruzagi bat etxerat ethortzekoa dut. Badakit galdetuko dautala zuetaraino gida dezadan. Ez dezoket erran ezetz. Bainan mila behargabeko itzuli oihanean eginaraziko baitiozkat, harritzeko litake ez balu etsitzen horraraino heldu gabe. Horrengatik hutsazue etxea eta zoazte Koxamerat, zer, gerta ere. Harat ez da helduko, ni bizi naizeno».

        Delako buruzagia ondoko egun batez Hiemi egiazki ethorri zitzaion etxerat, bainan, hunek oihanez oihan ibilarazirik, lehertua, soldado gehienak sukharrek harturik, lotsatu zen... eta Ansonerat itzuli aintzinean baino astoago.

        Aita Combes zen irriskurik handienean. Ez baitzakien guzien buruan zer gerta zakikeon, Hemur aphez-etxearen zain utzirik eta Koxamarreri bere phuska guziak fidaturik, Kontrangerat ethorri zitzaukun ilhuntze batez. Ilhabete bat iragan zuen gurekin. Bertze ordu batez, zer atsegina izanen zen guretzat hirur misionestak etxe berean kausitzea! Bainan Kiemek igorri elhe on guzien gatik, beldur ginen. Beldur eta lotsa. Oro garhaitu ondoan, gure lanaren bururatzeko bezperan behaztopatzeak jada min egiten zaukun!

        Botu bat egin ginuen Andredena Mariari, San Josepi eta San Frantses-Xabierekoari hedoiak barraia ziten. Othoitz frango ere egin ginuen, eta nola ez baita beharra bezalakorik othoitz ongi egiteko, uste dut gure othoitzek indar bazutela! Ahantzia dut segurki zer othoitz egiten ginuen, ahantzia ere botuak zenbat denbora iraun behar zuen: huntaz orhoit naiz bakharrik: Egunean ez ginezakela bakhotxak hirur pipa baino gehiago erre! Eta ez othoi erran deusik ez dela hori edo deus guti dela bederen! Salbaietan dagonak barnean badu pipatzeko errabia eta behar bat. Ez ditake hemen egon pipatu gabe. Dena dela, piparen bethetzeko mementoa heldu zaukularik, nola hasten ginitzaion saka eta saka, saka oraino eta saka oraino, gehixago iraunarazteko! Zenbat aldiz ez dauku Aita Combes-ek erran... zuzen kontra ari ginela!

        Ansoneko buruzagi gaixto haren mandatariak geroztik ere abiatu dire guri buruz. Baitezpada nahi gintuzten atxeman. Behin Konjoriko herriraino heldu ziren. Handik Koxamerat egun bat askiko zuten... bidea jakitearekin. Konjoritarrak arras adixkideak baigintuen, nihork etzituen gidatu nahi izan. Zer diren haatik Jainkoaren xedeak! Urthe bat lehenago, baten orde berrogoi gidari atxemanen zituzten han gaindi gure kontra eta galduak gintazken lana hasi gabe. Jainkoak bildotxari ilearen araberako haizea igortzen dio egundainotik, eta guri ere aise jasaiten ahal ginuen gurutzerik baizik ez dauku igorri hastean! Azkartxagotu-eta pisuagoak igorri dauzku. Bainan zer frogatzen du horrek? Debruak ez duela beraz nahi duena egiten...

        Tramgoko, Ansoneko eta Beneko gure etxeak lurrean ziren: ez ginuen beraz Annamen gehiago egoitzarik. Salbaietarat heltzeko edo salbaietarik Cochinchinarat joaiteko, etzen gehiago egun argiz ibiltzerik. Kiem gaizoak ongi lagundu gaitu orduantxe! Annamitek etzioten hurbilegitik behatzen bere elefantekin zabilzkan kargeri... beharrik guretzat!

        Geroxago, oro antolatu ziren haatik. Ansonen gure mandatariak ezagutzen zituzten segurki... bainan zer balio zuen hek preso altxatzea, gu ezin atxemanak baginen oraino? Begiak hesten zituzten beraz aintzindari etsaiek. Etzuten bertze egitekorik...

 

aurrekoa hurrengoa