www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Banhar deitu salbaiak
Jean Elizalde, «Zerbitzari»
1936

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Inazio Mujika Iraola.

 

 

aurrekoa hurrengoa

HAMAHIRUGARREN KAPITULUA

Ngui eta Pat katiximaren ikasten abiatzen zauzkit neri, eta Hemur Aita Combesi

 

        Kontrangeko mintzaira aski polliki ikasten hasia nuen. Banharrez jada baitzuen Aita Combesek othoitz eta egia beharrenekin katixima ttipitto bat egina, gure mintzairarat itzuli nuen. Bethi Jainko Onari othoitzean ari nintzen salbaiak argi zetzan. Entzun ninduen azkenean.

        Bi haur maiteri ideki ziozkaten lehenik begiak eta bihotza. Batek hamabi urthe zituen eta Ngui izena. Lamen seme gazteena. Jada ez othe dut errana haur hori, othoitzean hasi orduko, ondoan nuela, beha eta beha? Berenaz aski bortitza zen. Arras bihotz onekoa haatik. Lamen etxetik nere etxerat joan nintzanean, haurrak ez ninduen segurki ahantzi: noiz-nahi ikusterat ethorria nuen. Arras adixkidetu ginen beraz. Hola ikusterat heldu zitzautanetan, denbora ez nuen galtzen eta egia onik erraten nion beharri xilorat. Ifernuak arras lotsatzen zuela oharturik, harat ez joaitekotz othoitzak ikasi behar zituela baitezpada, buruan sar-arazi nion. Gogotik ikasi zituen eta lorietan egun guziez erraten hasi. Bi ilhabeteren buruko sinhestea bazuen eta irri egiten zioten bere herritarren ximinokeria batzueri.

        Holakatua ikusi nuelarik, behin galde hau egin nion: «Haurra, sinhesten duk orai Jainko bat badela, eta ez dela bat baizik; sinhesten hil-eta phiztuko haizela; sinhesten onak zerurat joaiten direla eta ifernurat gaixtoak! Bainan zerk sinhetsarazi daizkik egia horiek?» — «Aita, hastean zure erranak ez nituen sinhesten: emeki emeki sinhetsi ditut. Zerk sinhetsarazi dauzkidan nahi duzu jakin? Ez dakit neronek... bainan sinhesten ditut!»

        Nguiren katiximako lagunak Pat zuen izena eta bederatzi urthe zituen. Badakigu Jainkoak urririk ematen dituela bere dohainak: ez haatik zer xede duen! Beha. Koxametik aski hurbil zagozin haur hunen burhasoak, Konxokou deithu herrian. Bada, Hojoltarrekin hasarre ziren Konxokouarrak. Hek hauier, uste gabetan, gainerat ethorri zitzaizkoten eguerdi batez eta oro preso ereman zituzten, urrun lanean zirenak salbu. Hain xuxen etziren lanean Paten burhaso eta haurrideak. Etsaiari jarraiki behar izan zuten beraz, ixil-ixila, amak eta haurrek, aita, jazarri zelakotz, Hojoltarrek han berean hilik. Pat handituxe arte hazi zuten eta, zerbeit balio zuela iduritu zitzaiotenean, Kontrangen saldu. Nik erosi nuen. Horra Nguirekin batean nor zabilkidan beraz katiximaren ikasten. Elgar arras maite zuten bi haurrek, eta uste dut nere erranak baino gogotikago sinhesten zituen Nguirenak Patek. Beharrik ez baitzion deus onik baizik erraiten! Behin huna zer entzun nion: «Pat, ez duk erran behar! Jainkoak zoin maite hauen haatik! Esklabo hiltzeko sortua hintzen eta ez haiz esklabo! Hire etxean egon bahintz, Jainkoa ez huen ezagutuko, eta orai ezagutzen duk! Etxean egonez ez huen ifernuan erretzea baizik igurikatzen ahal! Oi, zoin maite eta zoin maite hauen Jainkoak!»

        Bertze aldi batez ere Ngui entzun nuen hola-hola: «Pat, gau guziez lokhartzerat noalarik, beldur tzar batek hartzen naik gau hartan hil behar dutala! Oi, bathaiatua banintz bederen zerurat joaiteko!»

        Ikasiago eta hobeago zoan Ngui. Hain bortitza lehen, orai aingeru bat bezen eztia! Aita bera harritua zen. Lehen mihi zikhina bezen garbia orai! Min ttipi bat egin orduko, lehen zalapartaka eta arneguka hasiko zen: orai, gehiago min harturik ere, begiak zerurat altxatuko zituen berehala eta bere mina Jainkoari eskainiko. Patek jite ona baitzuen eta ez baitzen oraino galdua, aise asmatzen duzue zer ongia egiten zion Ngui bezalako lagun batek...

        Bere aldetik Aita Combes lanean ari zen, eta geroa gero eta ederrago ikusten zuen harek ere. Aspaldi errana baitzuen Banharretan segur Hemur hasiko zela lehenik katiximaren ikasten, hala-hala gertatu zen. Arras gizon zuzena zen Hemur: gezurra hastio zuen: nor-nahiri zerbitzu eginen zion. Eta san Tomasek dionaz, holako gizona bathaiorik gabe utziko duen baino lehenago Jainkoak bathaiatzale bat igorriko dio zerutik edo nunbeitik! Hemen ere atxeman ditake segurki bat edo bat zuzentasuna maite duenik, bainan Hemur bezen garbirik mihiz eta orotaz nihun guti atxematen da. Badakizue behin zer erran zion Aita Combesi, hau seigarren manamenduaz mintzatzen hasi-eta? «Aita, ez du balio mintza zazkidan manamendu hortaz. Aspaldi badakit zer egin dezakedan eta ez, zer gogoan erabil dezakedan eta ez. Gaztean neskatxa batekin buruz-buru egiten banuen bidean, berehala, debrua nitan ez sartzeko, bertze alderat itzultzen nituen begiak!» Horra nor eta zer zen Hemur. Nor harri beraz bertze guziak baino lehenago hautatu badu Jainkoak? Eta bizkitartean etzuen berehala amor eman Hemurrek! Beharriak aski luzez hetsi zituen Jainkoaren deiari! Funtsean, bere alderdi onen itzalak bazituen: han sortua, han handitua, arras eta arras hango xorokeria eta sinheste ergel guzieri atxikia zen! Aita Combesek erraiten ziozkanak sinhesten zituen segurki, bainan nola egunetik bertzerat utz odolean zituen guziak? Bertzalde han gaindi ez othe zuten orok erraten, haurrean ikasieri ukho egiten bazuen, hilen zela? Horiek guziak bazakizkan Aita Combesek, eta othoitz eginarazten zion: «Argia galde zok Jainkoari: emanen daik». Goizean, arratsean, noiz-nahi, bakhartasunean edo nornahiren aintzinean, othoitzean ari zen beraz Hemur, ahalgerik gabe. Eta kopeta gorarik mintzo zen bere herritarreri Jainkoaz, jujamenduaz, ifernuaz. Erori zen halere azkenean eta bathaioa galdetu. Ez dut finkatuko geroztik ere behin edo bertze ez dela herriko xorokeria hetarat lerratu: hala ez denaren finkatzea litake naski, bainan egunetik egunerat azkarrago zen halere. Beha. Bathaiatu zen urthean, uztak huts eginik, Koxamen eta inguruetan gosetea sartu zen. Euriteak hastean arthoak egitea bezalakorik etzen, jateko zerbeit ukhaiteko, irrisa ethorri artean. Bainan hemen gaindi ez da noiz-nahi erain behar; jainkoek badituzte beren egunak. Artean goseak hilen bada ere, laborariak jainkoen ilhargitzearen beha egon behar du. Bada, Aita Combesek erranik, Hemurrek bere arthoa egin zuen, ilhargitzeari behatu gabe. Zer-nahi erran zion jendeki guziak: «Arthoa ilhabete huntan egiten duzu, dohakabea? Etzautzu ethorriko... eta baldin ethortzen bada, ez duzu baliatuko: jainkoek lehenago eremanen zaituzte! Etzatzu kanpotar horiek sinhets: heriotzea aski goiz ethorriko zautzu segurki eta halere!»

        Guzien gatik, arthoa sortu zen, handitu, eta onthu! Eta jada errana errepikatu dezagun, goseak ez baitu legerik, doidoiako erasia egile horiek zioten lehenik bere arthoa erosi Hemurri. Eta nihor etzen hil halere! Ederki trufatu zituen haatik gure gizonak: «Ha! ha! Beldur zineten hilen nintzela, orduan arthoak eginez! Eta egin ez banitu, ez othe zineten zuek hilen?»

        Berri hori laster hedatu zen inguruetan, eta Koxamen bereziki prediku hoberenak bezenbat ongi egin zuen. Haatik Jainkoak nahi izan balu urthe hartan hil zadin Hemur, ez dakit Aita Combes hainitz sinhetsiko zuten handik goiti salbaiek. Beldurtzeko da ezetz. Aita Combesek othoitz ederrik egin zuen bethi herritik gertakari txar guzien urruntzeko. Ogi eraiten hasi zen egunean Hemurrek minharturik, gutik egin zuen bazterrak ez baitziren arras nahasi eta hain ongi hasi lana betbetan gelditu! Bainan, zorionez odola abiatu bezen laster gelditu zitzaion dohakabeari eta Jainkoak, gaitz handienen mirikuak, laster sendatu zuen...

 

aurrekoa hurrengoa