www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Banhar deitu salbaiak
Jean Elizalde, «Zerbitzari»
1936

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Inazio Mujika Iraola.

 

 

aurrekoa hurrengoa

HAMAZAZPIGARREN KAPITULUA

Girixtino berriak Koxamen

Egun gaixtoak

 

        Bathaioko egunean Hemurrek bere jainko faltsoak ukatu zituenean, herritarrek uste izan zuten harenak egin zuela. Oro etziren gehiago mintzo haren heriotzeaz baizik. Bainan egunak, asteak eta ilhabeteak bazoazin eta Hemurrek behinere baino osasun ederragoa zuen. Gehiago dena, girixtino berriak paganoeri egiten etzioten trufarik etzen beren jainko faltsoekin zabilzkaten ximinokerientzat, eta horrengatik haren irrisa zen eskualde guziko ederrena.

        Egunetik egunerat harrituago ziren Koxamarrak jainkoek Hemur nola etzuten hilarazten, eta emeki-emeki beren baitan egin zuten zenbeitek menturaz jainko horiek etzirela hainbertzek uste zuten bezen botheretsu eta azkarrak. Azkenekotz begiak arras ideki zituzten bakhar batzuek. Hemurri jarraiki zitzaizkon lehen bortzen izenak, huna: Jieng, Hemon, Tot, Poi eta Heloi.

        Hemurren emaztea zen Jieng. Bada Jieng hau «bo-jaou» zen, erran nahi baita «sorgintsa». Ez da hemen gaindi sorgintsek baino traba handiagorik sinhestearen hedatzaileentzat, ezen salbaiek sinheste gogorra dute sorgintsetan. Alabainan uste dute sorgintsek badakitela bertzeek ez dakiten zernahi. Sorgintsak geroa ezagutzen du; sorgintsak erraten ahal du zenbat denbora biziko den norbeit, nola hilen den. Eta holako zer-nahi! Norbeit eri dadiela, sorgintsak erranen dio nundik heldu zaion gaitza, zer egin behar duen sendatzeko. Ezen sorgintsa bakhotxak badu bere «grou» edo debrua, eta hunek diozka oro erraten edo gogoratzen.

        Ez da sorgintsa horiek egiten ez duten gaizkirik. Hil dadiela norbeit, berehala sorgintsaren ganat doazi nork hilarazi duen jakiteko, eta bi begiak hetsirik bere jainko faltsoekin mila xorokeria egin ondoan, durduzatu gabe sorgintsak hilarazlea hautatuko du gustu duen tokian. Behinere ez du haatik aberats eta botheretsuetan hautatuko, bainan bai deus egin ez dezoketenetan, ahaiderik ez duten alharguntsa edo neskatxa gaixo batzuetan. Eta nola harek hautatu alharguntsa edo neskatxa azkenean Anamiteri salduko baita, pollitenetarik hartuko du, egin dezan diru. Neskatxa bat goizean jeikiko da irria begitartean eta hobenaren itzalik gabe, arratsean etzanen nunbeitko presondegian, esklabo joaiteko biharamunean. Sorgintsak hala nahi du! Eta ez da hori noizean behin gertatzen dena bakharrik, bainan egun guzi-guziez! Bertzerik ere egiten dute sorgintsek, bainan ez detzazket oro erran hemen denbora faltaz.

        Aise sinhetsiko duzue orai Jainkoa urrun eta urrun joan zela beraz Hemurren emaztearen bilha eta segurki grazia handia egin ziola sorgintsa dohakabe horri. Arras ukho egin zion, bada, sorgingoari: debrua bihotzaren errotik arnegaturik, lephotik dilindan zabilkan sorgin-seinale harrizkoa besainka han-harat igorri zuen. Gehiago dena, salbaieri aithortu zioten zabal zabala deusik etzakiela hek baino gehiago eta ederki zakuan sartu zituela bere ximinokeriekin. Maria eman ginion izena bathaioan eta izen eder horri ohore egiten dio geroztik.

        Egun berean bathaiatu ginuen Hemon Hemurren arreba. Egiazki eta egiazki erran ditake anaiaren arreba zela segurki; hura bezen ona, hura bezen zuzena, hura bezen maitagarria. Hura baino eztiago haatik. Sorginen sinhestea hezurretan barna sartua zuen, eta Hemurrek bere bathaioko egunean harrizko jainko gerizatzaile hek guziak urerat igorri zituelarik, nigar egin zuen goxoki arrebak. Bathaio ondoan misionestek ez dute ukhan adixkide hoberik Hemon baino. Alharguntsa zen, aski gaztea eta, hemengoa izateko, aski polita. Ezkontzer zen bathaiatu aintzintxean. Bertze begi batez ikusten zituen oro, bathaiatu-eta. Madalenak bezala, zerbeit hobeagorik gutiziatu zuen eta botu egin etzela berritz ezkonduko. Anna eman ginion izena bathaioan. Aita Combes arras elhaire baitzuen, huna zer erran zion behin: «Aita ez dakit bertzeak ni bezala diren, bainan girixtinotuz geroztik, nun-nahi izan nadien, Jainkoa bethi gogoan dut eta ez dut zorionik Hura gogoan baizik!» Hamar urthe baino gehiagoz nihork ez diote gure girixtino berrieri etsenplu ederragorik eman eta sainduek bezen heriotze ederra egin zuen gero. Uste dut bathaioko egunean bezen garbi joan dela Jainkoaren aintzinerat.

        Seme bat bazuen, Tot. Amarekin batean bathaiatu ginuen. Hamazazpi urthe zituen. Ezkondua da geroztik eta hirur haur baditu. Arras girixtino ona da.

        Poi bathaioan Lin deithu ginuen. Hemen aiphatzea merezi du. Nor ez da orhoit gau batez Koxamarrek hilen gintuztela, Hemurrek salbatu ez bagintu? Bada, Poi zen orduan gure etsaien buru. Jainkoak otso hori ere bildostu zuen azkenean eta orai orduko etsaia da gure adixkiderik hoberena. Poi bezalako gizonek deusik ez dute erdizka egiten; arras tzarrak dire edo arras onak. Bathaiatu aintzinean jan nahi gintuen Poiek, gero etzen guretzat baizik ari lanean. Bere itzulietan zenbat haur ez du bathaiatu berak, hiltzerat zoazila ikus-eta! Haren kharra handiago zen oraino, handiak hiltzeko menean ikusten zituelarik. Behin neronek ikusi dut hiltzerat zoakion ahaide baten ondoan. Lehen ere hainitz eta hainitz othoitz egina zion. Bainan debaldetan. Dohakabea bathaiorik gabe joan behar zela beldurturik apheza bezala mintzatu zitzaion. Bildu zuen azkenean eta lasterka ethorri zitzautan bilha. Jarraiki nitzaion berehala.

        Ondikotz, eriak elhea galdu zuen artean! Poi gaizoaren marraskak! Etxea jendez bethea zen: oihuka hasi zitzaioten orori: «Hori dohakabea! Ez nau sinhetsi, galtzerat zoala erran diotalarik! Orai zertan da? Ifernurat erortzeko eta han erretzeko bezperan! Zuek bederen, holako zorigaitza begien aintzinean ikusi-eta, ez othe nauzue sinhetsiko? Ez othe zaizte egiazko Jainkoaren ganat itzuliko? Ezen zorigaitz zueri ere begiak hesten baditutzue!»

        Hain saminki mintzo zen Poi, nun oro lotsatuak baitzauden hari eta eriari beha. Berebaitaratu zen halere eria eta emeki-emeki sendatu. Bere haurrekin katiximan ibilirik, bathaiatua da geroztik.

        Poi (edo Lin), nahi duzuen bezala, gazterik hil zen eta galtze handia izan da guretzat haren heriotzea. Bainan zerukotz ondua zen! Jainkoa izan bedi benedikatua...

        Girixtino berrietan bortzgarrenak Heloi zuen izena. Hogoi urthetarat zoan. Adinarentzat ahul eta mendrexkoa zen muthil gazte bat! Maiz eri bazen, ordainez izpiritu eta bihotzeko dohain gehienak bazituen, Aita Combesek, guk baino hobeki ezagutzen zuelakotz, itsutuki maite zuen. Nola etzuen beraz bereziki artatuko holako landarea! Hala egin zuen. Bai-eta landarea ederki plegatu! Girixtino guti ikusten da Heloi bezen laster aintzinatzen. Neronek frogatu dut. Arratseko othoitza gora-gora egiten zuen Heloiek. Behin hurbildu nitzaion, hura batere ohartu gabe. Harritu nintzen muthiko gazteak, othoitza bururatu-eta, Jainkoari erran ziozkan bere bihotzetikako elhe ederrak aditzean: «Oi Jainko Ona, zoin miresgarria zaren zure sainduetan! Ez deus batzuetarik egiten ditutzu oro! Neronek zerbeit balinbadakit, neronek orai zerbeit balio balinbadut, zuk egin nauzula, zuk holakatu nauzula aithortu behar dut! Abere bat bezala biziko nintzena, zuk argitu nauzu, zuk zerutitako argi eta jakitateaz gainditu, zuk hango atseginaz bethe! Loria eta ohore, Jauna, menderen mendetan!»

        Heloi etzen aski azkarra kanpo-lanetako. Bertzalde haren burhasoek esku-gain puxka bat bazuten. Aita Combesekin egoterat ethorri zen beraz, bathaiatu-eta. Misionesta ederki laguntzen zuen, katixima egiten eta gainerakoetan, bainan erran ditake haren elheek baino ongi gehiago egiten zutela etsenpluek. Zenbeit urthe iraun zuen bere osasun txarraren gatik. Min gaixto batek zer-nahi ikusarazi zion azkenerat. Nik lagundu nuen azken egunetan. Ez ditake erran zer heriotze ederra egin zuen. Aita Combes ere jada hila baitzen, haren aldean ehortzarazi nuen, holako bi adixkide heriotzeak berak etzituela berexi behar iduriturik.

        Urthe hartan eta ondokoan hogoi bat lagun ibili ziren katiximaren ikasten. Gutiz gehienak Poi eta Heloien adixkideak ziren. Bathaiatu gintuen oro, bainan hemen bakotxaren aiphatzeko tokirik ez astirik ez dut, ondikotz!

        Erran gabe doa girixtino berri horiek bazutela irri-egile eta trufatzaile. Tzarkeria frango ere egiten zioten segurki paganoek. Egia hau da haatik: Banharrak ez direla bere jitez gaixtakeriari emanak, eta hola ari baziren debruak zabilzkala. Munduan ez da eskualderik bakotxak nahi duena aiseago egin dezakenik, nihork behinere eta behinere deusik erran gabe. Behin edo bertze hango oitura guzien kontra doanari norbeitek menturaz erranen dio ez othe doan errebelatzerat, bainan bertzerik ez. Bakotxak nahi duena egin dezala, nihori kalterik egiten ez dion ber!

        Horra zertako, burhasoek eta jendekiak gaixtakeriak egiten ziozkatenean, etziren guti harritzen gure girixtino berriak, eta huna zer erraten zaukuten: «Zer da hau? Bertze guziak bezala lanean ari kanpoetan, nihori den gutieneko gaizkirik ez egiten, orori begitarte ona egiten, eta trufaka ari zauzku? Gaixtakeriak egiten dauzkute? Othoitz berri batzu egiten baditugu, lehengo ximinokeria zozoak utzi baditugu, nork zer behar du?»

        Gure girixtinoak zinez kexatu ziren azkenean eta, oro utzirik, herri berri baten egiterat joanen zirela norapeit gogoan iragan zuten, bakea ez bazioten uzten!

        Aita Combesi bere baimena galdetu zioten haatik. Irri egin zer zioten Aitak: «Dohakabe horiek hemen bakharrik utzi nahi ditutzue? Horien ondotik nabila, ni; ez othoi ahantz! Guzien buruan ezin jasanik egin othe dautzue oraino? Hobe da beraz hemen berean egon zaitezten, zuen bihotz onak orori zabalduz. Emeki emeki gogorrenak ukhituko ditutzue hola eta nere ganat ekharriko. Eta aldiz hemendik urrunduz zer ongi eginen dautazue? Nork bilduko dauzkit? Gal litazke eta Jainkoaren arthaldea sekulan ez litake emenda...»

        Etzuten segurki aise sinhetsi Aita Combes: geroztik ere kopeta zimurtu zioten frangotan: azkenean erori ziren haatik haren erranerat eta urruntzea burutik utzi. Dolutu othe zaiote geroztik? Ez, ezen bethi emendatuz joan dire girixtinoak. Orduko trufatzaileetarik frango bada bathaiaturik egungo egunean.

 

aurrekoa hurrengoa