www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Banhar deitu salbaiak
Jean Elizalde, «Zerbitzari»
1936

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Inazio Mujika Iraola.

 

 

aurrekoa hurrengoa

HOGOITABATGARREN KAPITULUA

Igandea nola atxikitzen duten salbaiek

Misionesten indarra

 

        Nik ez dut aski buru ona egiazko liburu baten egiteko, liburu batean oro xehe-xeheki erran behar baitire. Larrienez ere orhoitzea zerbeit bazaut. Huna Josep hil-eta laster neroniri gertatu zitzautan zerbeit. Hortarik ikusiko duzue girixtino berriek nola atxikitzen zaukuten igandea.

        Bi girixtino berri ortzirale batez joan ziren, egun baten bidean, norbeiten ikusterat. Biharamunean itzultzeko xedea zuten. Bainan egitekoek uste baino denbora gehiago harturik, larunbat arratsak han berean atxeman zituen. Zer egin? Lanean ziren segurki. «Bihar igandea, eta Aita harasko!» Eta aroa galernatsu batetik, goizalderat baizik ilhargirik ez, bertzetik! Hau lana! Halere igandearen atxikitzea oro baino lehenago dela, bideari lothu ziren zanpa-zanpa. Euria hasi zitzaioten bidean, ilhuna loditu bidexka tzarrenetan, bainan deusek etzituen lotsatu... eta biharamun goizean, meza hasten, eta kaperan sartzen zitzauzkun, lehertuak, larruraino bustiak! Ez othe da hori ongi! Ongi baino hobeki? Nere girixtinoeri ez nioten gorde hala zela. Bainan ez du balio zerbeit ongi dela erratea, beharrean bertze hainbertze ez egitekotz!

        Ondoko larunbat batez Rohaierat joana nintzen beraz, Aita Verdier lagun. Arratseko sartzeko xedea ginuen. Bainan ikaragarrizko euriak hasi zituen eta berehala handitu ziren erreka guziak. Gehiago dena, enbata tzar batek zuhaitzak errotik atheratu zituen oihanean. Rohaien egonez, biharamunean gure mezak ematen ahalko gintuen segurki, bainan zer erranen zuten Kontrangeko girixtinoek? Hetarik bigek doidoia holako bidetzea egina meza sainduaren entzuteko, misionestak gutiago egin behar othe du entzunarazteko? Artzainak ardiek baino alferrago izan behar othe du? Ni bederen Kontrangerat joanen nintzela egin nuen: «Aita Verdier, zure osasunarekin etzaitezke bideari loth, zu, euriak euriari: zaude beraz hemen, ni joanen naiz. Denbora eder bat arte beraz, eta Jainkoak atxik gaitzala!»

        Etxetik atheratu eta ehun urhatsen buruko, euria bera bezen bustia nintzen. Orduan ez nintzen haatik orai bezen ahul eta lotsakor. Mainak zer ziren ez nakien oraino ez-eta nere buruari amor ematea. Mirikuek erakutsi dautet geroztik zer den hori. Salbaiek ez dakite beren burueri amor ematen, ez dakite arthatzea zer den, eta bizkitartean munduan ez da mirikurik osagarri gehiago duenik! Erran ditake ni ere salbaiskoa nintzela bederen orduan. Goizeko zortzietarik arratsaldeko hiruak arte euririk etzen gelditu. Hain xuxen egun hartan, arinago izaiteko, soinean ez nuen athorra bat eta galtza labur batzu baizik! Xoria bezen alegera nindoan halere nere bidean, bainan debruari gaitzitu zitzaion nere alegrantzia eta laster sar-arazi zautan! Ordu arte ez nuen erreka txar batzu baizik atxeman eta aski aise iragan nituen... gerriraino sarturik bederen. Huna haatik bat gothorragoa. Urak burrunban zoazin jada. Zer egin? Hain xuxen beheraxago zuhaitz bat ikusten dut errotik atheratua eta, luze-luzea etzana, nahiko zubia egiten dautana. Ikhara gorrian nere erreka erhoa hartan iragaiten dut... eta bertzalderat jauzi egiten, salbu! Salbu? Baduk hoberik. Zangoa abar batek trabatzen daut airean eta, leihorrerat erortzeko orde, erortzen naiz urerat. Beharrik ez nuen lephoraino baizik, eta laster atheratu nintzen. Bustiarena deusik etzen izanen, abar tzar harek zarrazta bat egin ez balaut zangoan! Eta zorigaitzaren zorigaitza! Oihan guzia odol-edalez bethea baitzen, iretsi ninduten. Zer arratsaldea! Bainan oro ahantzi nituen biharamunean, kapera bethetzen ikusi nuelarik...

        Handik laster huna zer gertatu zen. Frogatuko dautzue zer indarra zuten jada misionestek. Aspaldi zuen nihork etzaukula gehiago atherik sudurrerat hesten: aspaldi, nihor etzela gehiago gu ikusirik ihes abiatzen. Begitarte ona egiten zaukuten orok, eta aski maite zuten gurekin hartaz eta huntaz mintzatzea. Hangoak ginen, hots, eta emeki-emeki buruan emana zuten heyen onaren ondotik baizik ez ginabiltzala. Hainitzek nahiago zaukuten, etxekoeri baino, guri zernahi fidatu. Bi herri gerlan has zitela, misionesta hartuko zuten ararteko eta haren erranerat eroriko ziren berehala batzu eta bertzeak. Eta ez gintuzten ararteko bezala nahi bakharrik hauzo-hauzoko herriek: bainan urrunenekoek ere deitzen gintuzten noiznahi. Deitzen gintuztenak guk ez gintuen bethi ezagutzen, bainan hek nunbeitik bazakiten nor ginen, eta deusik ez ginuela zuzenaren kontra eginen.

        Beraz Rode deithu herria gerlan zen Kontrangekoarekin. Bortz gizon preso hartu ziozkaten Kontrangetarrek Rodetarreri. Bortz dohakabe horiek herriko-etxean ziren, ongi estekatuak. Aspaldiko auzia zuten bi herriek, eta, hastean Rodetarrak nausiturik, zer-nahi gaizki egina zioten Kontrangetarreri. Ez da bethi Phazko eta hauk ederki mendekatu ziren, delako sei gizonen bizkarrean. Eta horra nun sei Rodetar hauk othoizten nauten, Roderat joanik, heyen herritarreri erran dezadan ez diten sobera tema eta lehenbailehen eros detzaten. Bada, ezin sinhetsia da bi herri gerlan direlarik, bateko edo bertzeko norbeit etsaiari zerbeiten eskaintzerat joan dela! Are gutiago joanen baita nihor, haren gizonak preso dauzkano! Bildotxa otsoaren ganat joaitea da: mandataria laster presondegian sar lezakete!

        Beraz Rodetarrek mandatu hortaz kargatu nindutelarik, aditu zituzten guziak irri karkaraz hasi zitzaizkoten. Bainan nik baietz joanen nintzela segurki ihardetsi niotelarik, aditzaile guziak alde guzietarik hasi zauzkidan ez nuela holakorik egin behar eta ez nuela holakorik egin behar, joaitea bezen segura nuela han hiltzea. — «Bainan erradazue, adixkideak, nunbeitik holako mandatu batez Kontrangerat heldu banintz, nork nahi luke niri gaizkirik egin?» — «Oi, hemen nihork! Bainan guk ezagutzen zaitugu, Aita, Rodetarrek aldiz etzaituzte ezagutzen eta ez dautzute begitarte onik eginen, segur! Segur, gero!» — «Ikusiko dugu! Ikusiko dugu! Rodetarrek zuek bezen ongi badakite misionestak ez direla alderdikari, bainan bai ororen adixkide. Joanen nitzaiote beraz eta fida naiz ez dautedala zuek baino gaizki gehiago eginen! Ondoko egunetan orok eskerrak bihurtuko dauzkidatzue, urhats hori eginik!»

        Joan nintzen. Rodetarrek sekulako begitartea egin zautedan, heyen leialtasunean hola fidatu nintzelakotz. Han iragan nituen bi egunak phesta gorrian iragan gintuen, etxetik etxerat, arno berri jastatzen eta irrisa jaten! Herriko-etxean egin nioten nere mandatua, eta nik galdetu guziak berehala onhartu zituzten. Bi herriek bakea egin zuten: bakea, bigen onetan.

        Bertze behin, gure etxeko Anamitak eta hauzo-herritar batzu ziren samurtu. Uste dut gure Anamitek zuzena alde zutela. Bainan itxura guziak kontra zituzten. Salbaiek arras begi gaixtoz behatzen zioten heyen handi-nahi eta iduriari. Batzu eta bertzeek artekotzat hautaturik, adixkidetu nituen egundaino bezala.

        Huntaz balia, nahi duzue zerbeit beharri xilorat sala dezazuedan? Salbaiek Anamitak batere ez dituzte maite, eta buru hortarik zerbeit ikusirik gaude segurki geroni. Banharra, bertze salbaia guziak bezala da: ez dezake ikus goraskotik behatzen diona. Eta aldiz Anamita, bere herrian ostikatua delakotz, kanporat orduko hantzen! Laster zer-nahi badela iduritzen zaio! Annameko aphezek berek aise balukete itzal hori: horra zertako ez diren gu bezen begi onez ikusiak hemen gaindi. Sobera manatu nahi dute. Badire haatik, berehala errateko, huts hortan egundaino erori ez direnak. Aita Do hautarik da segurki eta segurki. Bainan berritz errepikatzeko, bana bertze Banharrak maiteago ditu misionest frantsesak. Aitago atxematen omen gaituzte...

        Beren eztabadetan, zenbeit aldiz gudua hasi-eta ere, zenbatetan ez naute arartekotzat hartu salbaiek! Ni bezala bertze Aita frantses frango. Bainan nihork ez du Aita Combesek bezenbat galde ukhan eskuin eta ezkerretarik. Orok maite zuten. Noiz-nahi beren landetaraino joaiten zitzaioten ikusterat eta ixtorio xahar erraterat, artean pipa gozo zenbeit errez.... bertze guzieri partitu ondoan belharrik gelditzen bazitzaion! Eta orok elhe bera zuten mihiaren puntan: «Horra gure nausia! Gu guziak baino miletan handiago da, nahiz ttipitu nahi luken!» Ez ditake beraz erran zoin ongi ikusia zen eta zer ongiak egin dituen hemen gaindi!

 

aurrekoa hurrengoa