www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Banhar deitu salbaiak
Jean Elizalde, «Zerbitzari»
1936

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Inazio Mujika Iraola.

 

 

aurrekoa hurrengoa

HOGOITA ZAZPIGARREN KAPITULUA

Gau latzgarri bat. — Jainkoa gure alde

 

        Gutik egin zuen pikotak ez bazuen desegin misionesten lan guzia. Solas horri lothu gabe, bertze ixtorio bat nahi dautzuet haatik kondatu, ikus dezazuen Jainkoak nola laguntzen gintuen segurki. Gisa hortan, hein batean bederen, gure Jainkoaren alderako zorra ttipituko dugu...

        Pikota hasi baino urthe bat lehenago, zenbeit koxamar makurtu ziren hauzo batzuekin eta Tolehko herrirat joan egoterat. Toleh hamar bat aneurkin edo kilometretan da. Zazpi joan ziren denetarat: bortz pagano eta bi girixtino. Bertze hirur ere baziren haatik katiximan ibiliak. Pikota etxean sartu zitzaiotelarik lotsatu ziren, eta beldurtu ifernurat joan beharko zutela. Elgarrekin mintzaturik, muthiko gazte bat ethorri zautan bilha, izerdi uretan. Eguerdi zen. Aintzineko gaua sukharrarekin iragana bainuen neronek, etzana nindagon. Euria ari zen bertzalde parrapatan, eta ibaiak jada handituak ziren. Banakien bertzalde arratsari buruz sukharrak berritz hartuko ninduela. Bainan hirur bathaioren aintzinean etzen sukharrik ez bertzerik: xutitu nintzen berehala eta abiatu. Koxametik Tolehrat joaiteko ez da lur biderik oren erdi batez: nahi eta ez urez joan behar. Bi Anamita hartu nituen, untziska batean eremateko. Lur-biderat heldu ginelarik Koxamerat itzularazi nituen, ongi eta ongi erranik ilhuntzeko toki bererat ethortzeko, sukharrak han hartzerat utzi gabe, eta oinez jarraiki nitzaion nere mandatari gazteari.

        Erien etxean sartzean halako usainak sudur guzia bethe zautan nun alditxartzer bainintzen. Eri gaixoen loriak berehala phiztu ninduen haatik. Bi oren iragan nituen han, eta beharrenak errepikaturik, hirur bathaio egin nituen. Ikusi bazinute etxe hartako zoriona! Huna zer erran zautan emazte gazte batek: «Aita, orai hil naiteke bederen! Ez dut deusen gutiziarik gehiago lurrean!» Gaixoa! Jainkoak aditu zuen eta ondoko gauean berean deithu. Eta segur haren gorphutza ondoko egunetan ez bazitaken usteldura meta bat baizik, arima zeruan zen bederen bathaioko garbitasun eta distiraduran! Bertze bigek gaitza garhaitu zuten eta ez dute segurki ahantzia Jainkoaren dohaina.

        Bainan iguzkia aphaltzen hasia zen eta etxerat itzuli behar nuen. Goizeko muthiko gazte bera gidari, ur hegiari buruz taka taka abiatu nintzen. Ondikotz, etxetik ehun urhatsen buruko horra nun hasten zaukun ortzia karraskan! Nere laguna igorri nuen gibelat, bakharrik ere bidea eginen nuela.

        Sobera atsegin ukhana nuen arratsalde hartan: Jainkoarekin zorretan ninzen beraz. Euria hasi zuen jauts-ahala... eta ur hegian nere gizonik nihun ez ageri! Beha egonik, Koxamerat itzuliak ziren, holako denborarekin eta eri, segurki ez nintzela kanporat menturatuko. Hotz ikarak jada hasiak nituen. Bada, handik Koxamerat badakizue ez nuela lur biderik. Etzen alde guzietarik sasi beltza baizik. Eta horra nun urak atheratzen diren karraskan, zuhaitz eta oro errotik atheraturik berenkin ereman nahi balituzte bezala! Gaua, gau lodi bat ethorri zen hainbertzenarekin... eta ni bethi han! Han, eri eta atherberik gabe! Zer egin? Othoitz kartsuena Jainko Maiteari bihotzaren erdi-erditik eskaini-eta, makhil bat pikatu nuen sasian eta abiatu. Abiatu, norapeit. Ondikotz, menditik beheiti karraskan ethorririk, ur tzar batek nere bidea hautsi zautan laster! Etzuen iduri halako urik bazela: sartu nintzen. Belhaunetaraino nuen doidoia, bainan halako indarra eta oldarra zuen nun, ohartu gabe, laur hatzez gora han harat eremana baininduen! Beharrik Jainkoak ez ninduen utzi! Haitz ondo baten ondoan iragaitean, adar batzueri aztaparka lothu nintzen, xutitu eta uretik ahal nuen bezala atheratu. Erreka bi urhatsetan zoakidan karraska gorrian. Han sartu banintz, nereak egin zuen... mirakuilu batez kanpo.

        Lehertua, lohiaren erdian jarri nintzen den gutieneko bat nerebaitaratu arte. Hotzaren hotzez sua nuen gorphutz guzian. Bainan sukharraren gatik errekaren bertzalderat joanez baizik ez nezakela deus egin ikusirik, xutitu nintzen berritz. Han berean etzen bertzalderat iragaiterik. Goraxago erreka hertsixago zitakeela, beraz iragan errexago, gibelat itzuli nintzen han-hemenka galtza eta athorra phuska ederrik utziz. Bainan deus guti dire horiek, gaineratekoen aldean. Halere, nere erreka tzarra iragan nuen azkenean... sei oren handiz hirur kilometra ttipi egin ondoan! Hameka orenak bezala ziren. Haizea eta euria gelditu ziren hainbertzenarekin. Ilhuna bethi bardin lodi zen haatik. Bi urhatsetan nuen beltz zerbeiti hurbildurik, ongi haztatu nuen eta ikusi zuhaitz lodi bat zela lurretik bi metretan bi aldetarat zabaltzen zena. Xutik ez nindagoken gehiago. Zuhaitzerat igan nintzen beraz, hortzak ederki tinkatuz, eta ixtapeka eman. Han pausatu nintzen, amets batzu bezala egun hartako urhats eta gertakariak gogoan nerabilzkala. Bainan errazue? Hirur lagunen bathaiatzeak ez othe du hoinbertze balio? Hala heldu zautan bederen gogorat nere zaldi gogorraren gainean: «Ni zer naiz? Deus, eta deus baino gutiago, bainan gaur bederen erran dezaket egiazki misionest naizela! Jainko maitea, azkenean urrikaldu zitzauzkit, ezen gau huntan zuhaitz baten gainean egin behar badut lo, zure amodioak hortaratu nauela erraten ahal dut!» Ez dut uste ohantze hura munduko tronurik ederrenarentzat trukatuko nuen orduantxe...

        Gau guzia han iragaitea hobe nuela nindagon, hotza sartzen hasi zitzautalarik. Han egotea, hiltzea zen. Jainkoak badakiela oihanean ere bere misionestaren zaintzen, belharrez belhar, sasiz sasi abiatu nintzen eta joan, joan, joan bethi, azkenean landa irrisa batetarat heldu arte. Zaintzalearen etxola gogorat ethorririk, eskuin eta ezker bilhatu nuen, eta noizpeit atxemanik, sartu: «Orai banu su ttipi bat, idortzeko bederen!» Alabainan duen hura behinere etzaio aski gizonari! Egia erran sukhar harekin eta larruraino bustia, ez da harritzeko nik sua gutiziaturik ere! Nola egin ordean surik? Zerekin? Hain xuxen horra nun su phizteko dohakabe bat zarpan atxematen dutan. Ez gero, biga: bat, bat bakharra, dena ere bustia! Ikharan iraganarazi nuen harri baten kontra... eta phiztu. Jainkoak hala nahi duenean, oro alde joaiten zauzkitzu: horra froga. Zer sua egin nuen! Ez dut uste gau ondar hura nik baino gustuanago iragan zuen gizonik badela munduan, Jainkoari oihuka: «Zoin ona zaren! zoin ona zaren! eta zoin ona zaren!»

        Ondoko egunetan haatik, nahi banuen eta ez, nere ohean luze-luzea egon behar izatu nuen, bi bulharrak hartuak eta hatsa korrokan. Ez da behinere deusetaz espantuka ari behar. Nik uste bainuen bulharrak gaitz guziak baino azkarrago nituela, horra!

        Behin hiltzerat nindoala beldurturik, ez nion nahi baino lasterrago nere bekatuen barkamendua emanarazi Aita Besombesi, eta harek barkamenduzko hitzak bururatu gabe, jada ezagutzarik gabe nintzen. Gaua hasterat zoan. Biharamunean nere baitaratu nintzelarik, badakizue zer ikasi nuen? Oliodura Saindua bera ukhana nuela, orok nitaz etsiturik! Bainan olio sainduarekin Aita Besombesek nere zangoak unkitu zitueneko bera alditxartu zen eta zabal-zabala lurrerat erori! Herri guzia gure alderat bildu omen zen berehala, nigar marraskaz oro! Uste dut norbeitek gure ehortzetak ere aiphatu zituen. Bainan Jainkoak ez gintuen oraino nahi. Sendatu nintzen: Aita Besombes ere, ba. Behinere etzela haatik arras ongituko, nere Jaun Charbonnier gure aphezpiku berriak Cochinchinarat deithu zuen. Bidea ahal zuen bezala egin zuen nere lagun gaixoak, noiz-nahi hiltzeko irriskuan. Aphezpikutegian urthe batez ukhan zituen artha onek hobekitu zuten halere... eta oraino ikusiko duzue Banharrekin borroka...

        Bainan ez othe da ordu Jainkoak gure elizadi berri maiteari igorri ziozkan frogantza ikharagarriak aipha detzadan azkenean? Ba naski.

        Jada errana dut girixtino batek ekarri zaukula pikota, itxura guzien arabera. Jada baginuen hortakotz mehatxu frango aditurik eskuin eta ezker. Jainkoak bere gaztigua eman zion haatik, gehien-gehienik gure kontra mintzatu zen dohakabeari: etxe guzia hustu zion, lau anaietarik hasirik azken haurreraino, bera barne.

        Debruak dohakabe horri ordainak atxeman ziozkan halere gure kontra gerla hasteko edo has-arazteko. Etsaiik ez ginuen aldeko herrietan. Bi egunen bidean bilhatu zituen beraz: Xodangetarrak. Hauien xede gaixtoak aski laster beharritaratu zitzauzkun, bainan ez noiz jazarri beharrak gintuen. Horra zertako egun eta gau ikharan ginauden. Damurik!

        Hirur aldiz abiatu ziren guri buruz. Rohaieko elizadia zuten gehienik begietan eta lehen xedetan, herri hortaz jabetuz geroz gaineratekoez aise jabetuko zirela, inguru-herriak ez baitziren segurki gure alde agertu nahi, kontra ez izana gatik. Lehen aldian lau ehun Xodangetar baziren jada bidean, hegaztinak kontrako aldetik hasi zitzaizkotelarik kantuz eta gibelat eginarazi.

        Bigarren aldian, oraino gerlari gehiago bildu zen eta bideari lothu. Hastean hegaztinak alde agerturik, airean Rohaieko ondoraino hurbildu ziren. Han basa-gathu batek bidea pikatu zioten haatik. Basa-gathu bat bidean, zer jainkoen mehatxua! Berritz ere ukho egin zuten...

        Hirurgarrenean, bortz ehunez goiti baziren. Hitzartua zuten traba guzien gatik bururat helduko zirela, eta gauaz Rohaieko ondo-ondoraino heldu ziren. Hain xuxen, salbu bizpahirur atxo xahar eta zenbeit haur, Rohaitar guziak oihanean ziren, egoitza berrien egiten ari. Etsaiak etzuen beraz hainitz irriskatuko Rohaien sartu balitz: oro suntsitzen ahalko zituen nahi-nahirat. Bainan Jainkoa etzagon lo aldi huntan ere eta berritz salbatu gintuen.

        Oren erdi baten bidean ziren Xodangetar gerlariak, gure elefantetarik bat, oihanean alhan ibilirik, bidearen erdian tente eman zitzaiotelarik. Ilhargi bafada batek oro argiturik hainbertzenarekin, etsaieri odola berehala hoztu zioten zainetan... elefant harek, eta etziren nahi baino lasterrago beren etxetarat heldu, zin eginik girixtinoak hilen zituela nahi zuenak: ez, hek!...

        Handik zenbeit egunen buruan mezua igorri zaukuten etzirela gehiago hasarre eta adixkidetu nahi zutela: «Egin nahi ginautzuen gerla etzen zuzena, gure jainkoek hirur aldiz trabak igorri dauzkutenaz geroz! »

        Jainkoak lagundu gintuen oraino. Bethi bardin urrikal dakigula...

 

aurrekoa hurrengoa