www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Banhar deitu salbaiak
Jean Elizalde, «Zerbitzari»
1936

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Inazio Mujika Iraola.

 

 

aurrekoa hurrengoa

HEMERETZIGARREN KAPITULUA

Josepen eritasuna eta heriotzea

 

        Xehetasun batzu zor dauzkitzuet Josep on eta maite haren heriotzeaz. Egia erraten dautzuet: Josep izan ez banu, ez dakit nola jasanen nituen hainbertze eta hainbertze bihotzmin! Oren ilhun eta gaixtoetan harek azkartu nau segurki hameka aldiz!» Jainko Ona, hunek bederen maite zaitu egiazki, eta ni nitzaio lehenik mintzatu Zutaz, nik erran diot lehenik zoin Ona zaren!» Behin uste izan nuen xarranpinak edo bertze holako gaitz batek ereman behar zautala. Bere aitaren etxean zagon oraino eta hango kalapitarekin etzuen onik. Bizkarrean harturik, nere etxerat ekharri nuen eta neronek arthatu. Eri eztiagorik ez dut nere denboran ikusi: min guziak Jainkoari eskaintzen ziozkan. Sendatu zen denboraren buruan, bainan begi bat galdurik, eta berritz itzuli zen bere etxerat. Irrisa horitzen hasten den sasointsua zen. Landan iragaiten dituzte orduko gauak salbaiek, basurde, orkatz eta gaineratekoen zain. Lamek Josep igorri zuen bere landarat. Aste guzia han iragaiten zuen haurrak, bainan larunbatetan, uzta Jainkoaren gomendio utzirik, bethi herrirat itzuliko zen, gaua jautsi orduko, igandea ez huts egiteko. Igande batez mezatik lekora landarat itzuli zen Josep, xuxen xuxena. Aitak hala manatua zion. Igande arratsalde hartan nik ere egiteko zerbeit banuen oihanean. Lamen landan gaindi joan nintzen. Josep ur hegian ikusirik, ixil-ixila hurbildu nitzaion.

        —«Errak, Josep? Hola urruntzen dituk xoriak irrisatik?»

        Burua altxatu zuen eta nigar batzu ikusi niozkan begietan: «Zer duk nigar egiteko, haurra?» —«Aita, ez dakit atseginez ala zertaz ari naizen nigarrez: barne guzia zorion handi batez bethea dut bethi! Nere othoitzen artetik, gogoan nabilkan goizean nere bihotzerat jautsi dela Jainkoa. Hura hain ona, ni bezalako dohakabe baten ganat ethortzeak eginarazten daut nigar! Eta ez dakit nigar horiek jauzi zauzkidan Jainkoa hoin ona delakotz ala ni hoin gaixtoa naizelakotz! Zuk erradazu hori, Aita? Nik baino gehiago, milaka gehiago badakizu holako zeretan!»

        Asmatzen ahal duzue zer atsegin gozoa eman zautedan holako elheek! Ihardetsi nion berehala: «Haurra, bethi maitazak ongi Jainkoa, eta hire bihotza atxikak askigarbi egun guziez Mahain Saindurat hurbiltzeko, eta orduan Jesusek berak irakutsiko daik hire nigarrak zerutikakoak direla. Zerutikakoak... beraz atseginezkoak, nahiz oraino hire bekatuen gatik eginen ditukan? Munduko atseginek behinere ez ditek holakorik eginarazten. Egizak neretzat ere othoitz artetan, Josep!...» — «Egun guziez egiten dut: etzaitut ahanzten ahal Aita! Ez othe dautazu zuk eman bihotzeko zorion guzia? Duela zenbeit egun ibilia dut doidoia gogoan zer eginen nuken Frantziatik ez balizautzu deus gehiago heldu....» — «Zer eginen huke?» — «Zer eginen nuken? Ori, bigen lana. Bigentzat aski handi litaken landa bat neronek erabiliko nuke!» Arratsalde hura laster joan zitzautan segurki holako elheetan. Arratseko othoitza erratean, oraino eta oraino nere haur gaixoa heldu zitzautan gogorat. Bai egiazki Jainkoa ona da, eta misionestari minarekin batean badaki eztitzekoaren nasaiki igortzen!

        Josepen xarranpinatik sendatzeak atsegin handia egina zautan. Ondikotz, etzautan iraun atseginak: haurra bi egunik barnean hil zitzautan handik laster. Etxeko teilatuaren erreberritzen buru-has arizanik iguzki kolpe batek atxeman zuen. Sakramendu guziak hartu zituen, bainan ez dakit ezagutzarik bazuen. Beharrik bizpahirur egun lehenago Mahain Saindurat hurbil, dua baitzen kartsutasun handienarekin! Nere besoetan hil zen, bathaioko egunean emana nion gurutzefika pollit bat eskuan eta hari musuka. Norbeitek memento batez hari gurutzefika horren kentzerat bezala eginik, oraino gehiago tinkatu zuen Josepek eta oihu bat egin. Ezagutza zerbeit bazukeen beraz oraino.

        Aithortuko othe dautzuet haur gaixoak bethikotz begiak hetsi zituelarik, nigarrez hasi nintzela goxoki? Hasi eta luzez arizan! Nere haurra zen, alabainan. Eta nolako haurra! Minaren minarekin, hilari oihuka ari nitzaion: «Josep gaixo-gaixoa, zorionaren bilha joan haiz Jainkoaren alderat, hi, eta ni hemen nauk oraino bihotzmin eta nigarren erdian! Dudarik gabe, ez nauk aski garbi zerurat airatzeko hi bezala! Oi, ez nezakala ahantz zeru eder hortan? Eskergabetasuna ez duk haizu zeruan! Bainan bazakiat hi ez haiz eskergabe izanen: jada lurrean ez hintzen hala!»

        Neronek garbitu nuen gorphutza: soineko hoberenak eman niozkan eta azken musu bat kopetan pausatu. Neri beha zauden oro, begiak zabalik. Bati aditu niozkan Juduaren elheak: «Beha zoin maite zuen!» Hainitz nigar egin zuen Lamek ere, bainan anaiak ukhen zuen halare bihotzminik handiena. Badakizue bi anaiak zoin atxikiak ziren elgarri! Ngam girixtinotuz geroztik erran ditake atxikimendu horrek etzuela mugarik.

        Hemengo salbaietan ohikuntza hau bada: etxeko norbeit hiltzen delarik, orok behar dute beren burua ederki zafratu. Gazteek guziz ez dute neurririk hasten direlarik: beren buruari kanibet ukaldika ariko dire, pilar bati buruarekin kaskaka, hilari beren atxikimendua frogatzeko. Oro beldur ziren Josepen anaiak bere burua phorroska zezan. Hau zeren beldur ziren oharturik, hilaren aintzinean oihuka hasi zitzaioten: «Ez ditutzue ongi ezagutzen girixtinoak. Nik ez dut uste duzuen xederik. Gizonek hil balautet anaia, ezpata hartuko nuen hobendunaren jotzeko, bainan Jainko Onak hartu daut. Berea zuen! Bertzalde hil da Josep, bainan ez dut arras galdu, berritz ikusiko dut egun batez. Horra zertako ez dutan, pagano nintzelarik bezala, bururik galduko!»

        Kutxa eder batean sarturik, biharamunean ehortzi ginuen Josep. Ez nintzen kantuz joan elizarat, bainan nigarrez. Huna hobiaren gainean ederki lantharazi nituen hitzak:

 

                Hic jacet Joseph Ngui,

                Primitiæ Ecclesiæ Sedanæ...

                Non sumus sicut cæteri qui spem non habent:

                Pie Jesu, dona ei requiem...

 

                Hemen ehortzia da Josep Ngui,

                Sedangeko elizadiko lehen girixtinoa

                Bainan gu ez gare esperantzarik ez dutenak bezala:

                Jesus eztia, emozu bethiereko bakea...

 

        Geroztik Kontrangetarrek beren herria tokiz aldaratu dute berritz, eta orai Josepen hobia etxetarik urrun da. Basa-abereak belhar jaten ari zaizko noiz-nahi gainean: xoriak kantuz ari dire aldeko zuhaitzetan. Nere Josep maitea bakharrik da. Bakharrik, hilak phiztu arte...

 

aurrekoa hurrengoa