www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Banhar deitu salbaiak
Jean Elizalde, «Zerbitzari»
1936

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Inazio Mujika Iraola.

 

 

aurrekoa hurrengoa

HAMEKAGARREN KAPITULUA

Aita Combes Koxamen.— Egun eder bat

Aita Arnoux

 

        Lau misionest baginen Banharrekin: bigek baizik etzuten meza saindua ematen ahal egun guziez: Aita Combesek Koxamen eta Aita Degoutsek Rohaien. Salbaien etxetan bizi ginelakotz, Aita Fontainek eta nik ez ginuen holako ametsik behar. Ilhabetean behin ginuen bakharrik zorion hori... Rohai eta Koxamerat kofesatzerat joaiten ginelarik. Gutiz gehienetan Rohaien elgarretaratzen ginen lau misionestak. Ez dut gordeko hainitz aldiz ilhabetea luzea atxeman dutala. Egunak ere kondatu izan ditut behin edo bertze, haur batek bezala: «Oraino bortz egun,... oraino lau egun... oraino hirur egun, eta meza saindua ematen ahalko dut, aphez lagunak ikusiko ditut!» Elgarretaratzen ginelarik, aise asmatzen duzue elgarri zer erraten ahal ginuen: zer heinetan ginen gure herrietan, ondoko egunetako zer igurikitzen ahal ginuen. Eta holako. Elgar sustatzen ginuen, elgar azkartzen, eta etxerat itzultzen ginen bihotz berri batzuekin ilhabete berriari lotzeko. Ni Aita Combes maiteari hala atxikia nintzen nun Rohaien kausitzen ez nuenetan Koxameraino joaiten bainitzaion, etxerat itzuli baino lehen. Atsegin egiten zautedan hango berriek: erran gabe doa xeheki galdetzen nituela beraz.

        Aita Combes laster trebatu zen Banharren mintzairan. Salbaiak maiz joaiten zitzaizkon beraz ikusterat. Laster frogatu zioten Diong-Dia gezurti handi bat baizik etzela. Hastean higuin gintuzten bezenbat maitatu gintuzten beraz salbaiek eta Koxamarrek berek othoizturik atheratu zen Aita Combes dakizuen etxetik eta herriaren erdi-erdirat egoterat joan. Ikusi bazinute Hemurren atsegina egun hartan!

        Aita Combes etzen ahanzkorra. ltsasoan heldu zelarik bazuen itsas-ohoineri eskapatzeko botu bat egina: egun batez nunbeit elizadi bat egiten bazuen, Ama Birjinaren gerizan ezarriko zuela. Aphezpikuaren baimena bazuen hortako. Salbaiek etxe bat egin eta eskaini ziotelarik Koxamen, bere botuaren bethetzeko mementoa zuela egin zuen eta bere elizadiari erdarazko izen eder hau eman zion: Mission de Notre-Dame de la Delivrance. Etzen oraino girixtinorik han ere, bainan erran ditake izen horrekin herri guzia zeruztatua zela bederen. Ezen hori ez othe zen kasik Ama Birjinari eskua bortxatzea, Ama Birjinari erratea orai bere izenari zor ziola lehenbailehen begi batzuen idekaraztea, bihotz batzuen hunkitzea?

        1852-an ginen, urthearen erditsutan. Nere Jaun Cuenotek Do deithu zuen bere ganat, aphezteko eskolen bururatzeko. Urthe baten buruan eman zuen bere lehen meza gure laguntzaile on eta kartsuak, eta biharamunean berean hain maite zituen salbaieri buruz heldu zen berritz. Behin baino gehiagotan Aita Do aiphatuko dugu liburu huntan.

        Jada errana dautzuet egun baten bidea dela Kontrangetik Koxamerat, zango onak dituenarenzat. Hala nituen, Jainkoari esker. Bainan ez uste izan josteta zela oihan hetan ibiltzea, sasiz sasi kasik, nihun xendrarik gabe. Ez da zuhurtzia bakharrik abiatzea. Batetik, bidean minhar ditake eta gutitan heldu naiz bururaino guti edo aski minhartu gabe. Eta nola hemen kolpe ttipienak berehala gaixtatzen baitire! Bertzetik, hainbertze ixtripu gerta dakikezu! Behin bidez erditan zangoa bihurtu nuen. Bero hartan erdi aise ibili nintzen oraino. Gero haatik, ur hegi batean bazkaldu-eta berritz abiatu nahi izan nuelarik, zangoa ezin higi gehiago! Zer egin? Lan ederrean nintzen. Han geldi sendatu arte? Gaitzak zortzi egun irauten bazautan, nun jan? Bainan ez da beharra bezalakorik zerbeiten gogoratzeko. Urari muga bat egin nion beraz harriz eta egurrez, xingilika ibiliz, eta ura purrustan muga horren gainetik abiatu zelarik, nere zango eria azpian ezarri. Minaren gatik, bi oren handi hantxet egon nintzen, zainak beren tokian berritz eman arte.

        Ez ditut segurki hola gertatu zauzkidan guziak liburu huntan eman nahi: bethikoa banuke. Huna haatik bertze aldi batez gertatua. Hau, hil arte ez dut ahantziko.

        llhabete bat bazuen nere xokoan nindagola, nihorat mugitu gabe. Aphez lagunen ikusterat joaiteko mementoa nuen. Argiko xutik, bideari lotzerat nindoan. Oro lo zauden oraino etxean. Hoberena, lagunak atzarri arte egotea nuen eta gosal ondoan abiatzea. Bainan ni ez nindagoken. Untzi batean atxeman irrisa ondar bat harrapaka iretsirik, abiatu nintzen. Ez nuen dudarik bidean gosetuko nintzela, bainan ere segur nintzen Aita Desgouts onaren ikusteko atseginak nere gosea ahantzaraziko zautala! Mandoa baino azkarrago nintzen berritz, egia erran! Banindoan eta banindoan nere bidean, xoria bezen arin. Hamarrak alderat oihan batetarat heldu nintzen. Hango xendrak ezagutzen nituen ederki. Bainan salbaiek doidoia moztua zuten: zuhaitzak zabal zabala lurrean zauden. Eskuin eta ezker joan behar nuen hirien huts egiteko, eta azkenekotz bidea galdu nuen. Nun-nahiko oihanetan lotsagarri da bidearen galtzea: hemengoetan bereziki. Hameka urhats debalde eginik, ur hegi batetarat heldu nintzen azkenean. Han ezagutu nuen berritz nere burua eta... nere bidea. Barnea kurrinkaz hasia nuen haatik, eta nik jateko mikorik ez! Beharrik ez nuela gehiago bidearen laurdentsua baizik egiteko, tapa-tapa berritz abiatu nintzen... afari ontto bati buruz. Hainbertzenarekin bide gurutze bat. Norat har? Eskuin ala ezker? Hartzen dut eskuin, eta bide phuska bat egiten... makhur! Gibelat ez itzultzeko bide beretik trebeska mozten dut. Oi, behin baino gehiagotan urrikitu zitzautan! Bide laburrena, xuxena da alabainan... eta ezagutzen dena. Trebeska abiatu nintzen tokian, oihana etzen lodi ez zikhin. Laster zikhindu zen haatik. Hango laphar eta belhar ikaragarriak! Ahal nuen bezala ibili behar nuen hango sasietan, hemen xutik, han potikoka, gero herrestan. Eta horra nun, oraino gehiago lotsatzeko, eskuin eta ezker zer-nahi arte ikusten dutan basurdentzat hedaturik! Uste izan nuen nereak egin zuela eta othoitzean hasi nintzen: «Oi, Jainko Ona, urrikal zakizkit! Urrikal zakizkit othoi! Eta zu, nere Ama maitea, zato laster baino lasterrago nere laguntzerat! Edo galdua naiz!» Oren laurden batez ez nuen bertze othoitzik egin.

        Artean basa abere baten urhatsak aski lotsaturik, orentsu baten buruan bide ona atxeman nuen eta Robangerat heldu. Ordu zuen: lau orenak ziren jada. Ez nuen gehiago oren baten bidea baizik. Eguerditik ez nuen xortarik nihun atxeman ez edan. Etxe batean edaterat galdetu nioten: etzautedan eman. Horrek Jesus gogoraturik, loriatu nintzen, eta, edan gabe, berritz abiatu. Ondikotz, Rohangetik haratxago bidea egundaino bezala galdu nuen eta arrunt errebelatu nintzen. Iguzkia apalduxea zen jada, eta ni unhatzen hasia. Urez, lohiz eta izerdiz estalia, banindoan halere norapeit. Haitz baten puntarat iganik, eskuin eta ezker behatuko nuela nun zer ageri zen, aztaparka lothu nitzaion. Indarrek ez ninduten lagundu. Gau beltzak han atxeman ninduen, goizeko espantuak barna baino barnago. Zuhaitz handi bat bazen lurrean luze-luzea: aldean jarri nintzen, nere buruarekin elheketa: «Banu bederen su ttipi bat idortzeko, izerdi-sartu bat hemen atxeman gabe! Su ttipi bat banu!»

        Saskian nituen nere othoitzeko liburu, pipa eta su phiztekoak. Su phizten ez nintzen trebe... eta ez nuen phizten ahal izan! Etsitu nuen beraz gaua han eta hola-hola iragan beharko nuela; othoitzak egin nituen eta lurrean etzan. Argia gabe iratzarria nintzela aise sinhetsiko duzue? Gau hartan amets frango egin nuela ere, ba? Lau zango-besoak harria bezala gogortuak nituen. Emeki-emeki odola denetan abiatu zitzautan haatik. Eta beha Jainkoa zoin ona den! Goseak ez hiltzeko, kuia bat atxeman nuen hamar urhatsetan, jada basa-abereek hasia... eta lorietan iretsi! Gosari on horren gatik, ez nintzen bezperan bezen gogotik lothu bideari. Ez nakien zoin alde har, hasteko! Andredena Mariari gomendaturik, abiatu nintzen itsurat, ezen itzul nadin eskuin, itzul nadin ezker, nihun etzen biderik ageri. Oren baten buruan nere zuhaitz eroriaren ondoan nintzen egundaino bezala. Berritz, zuhaitz baten puntarat joan behar nuela eginik, aztaparka lothu nitzaion lehenari, hortzak tinkatuz... eta puntaraino heldu. Zeren ikusteko? Behar baino urrunago nintzela! Urruntxago bidexka bat atxemanik, begiak zabalik jarraiki nitzaion eta ur hegi batetarat heldu. Bi gizon arraintzan ari ziren. Rohaieraino gidatu ninduten gogotik. Bederatziak ziren. Hila nintzen!

        Bainan Jainkoa zoin ona den! Badakizue zertako ziren nekhe, buru-hauste eta izialdura horiek guziak? Hobeki goza nezan Rohaien igurikitzen ninduen zorion handi eta handia!

        Misionestegirat lehertua heldu nintzelarik, Aita Desgouts etzen han: igandea baitzen, mezaren kantatzen ari zen. Orobat elizan ziren Aitaren laguntzaile gehienak. Etzaterat joan nintzen berehala, muthileri tarrapatan nere ixtorioa kondaturik. Bainan horra nun begien hesten hasi orduko, kantu bat bezala iduritzen zautan aldeko ganbaratik. Xutiturik, banoa ikusterat nor den. Eta nor ikusten dut? Misionest berri bat: Aita Arnoux, bezperan Annametik ethorria, nere lagun beharra! Aspaldiko ezaguna nuen, bertzalde. Ez dakit egundaino nihor gogotikago besarkatu dutan! Zer atsegina! Zer zoriona! Rai, laster ahantzi nituela nekheak eta bertzeak! Parisen elgar utzi ginuenean hitz hauk erranak niozkan: «Ikus arte... salbaien herrian!» Eta orai salbaien herrian ginuen elgar ikusten!

        —«Zure atzoko eta goiz huntako ixtorio guzia bururen-buru entzuna dut. Egiazki bideak ez balinbaditutzu hobeki ezagutzen, ez dakit noiz ikusiko dutan Kontrang?»

        Zer eguna iragan nuen Rohain!...

 

aurrekoa hurrengoa