www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Banhar deitu salbaiak
Jean Elizalde, «Zerbitzari»
1936

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Inazio Mujika Iraola.

 

 

aurrekoa hurrengoa

HAMABORTZGARREN KAPITULUA

Aita Do Rohaien

Luk nere zerbitzariaren heriotzea

Aita Verdier gurekin

 

        Nere Jaun Cuenotekin urthe bat egon-eta apheztu zen Do: Rohaierat igorri zuen jaun aphezpikuak, 1853garren urthearen erditsutan bezala. Nahiz herri hortako jendea etzen arras Tobauekoa bezen tzar eta ohoina, etzuen hain fama ona ere. Rohaieko jende guzia nunbeitik ethorria zen, orotan zorrak eginik, joka arizanik... edo bertze holako zerbeiten gatik. Laster oharturik lan on guti eginen zuela holako lurrean, Aita Dok bere buruan iragan zuen herrixka berri bat egin behar zuela eta bizpahirur etxe bere langileeri eginarazi ziozkaten Rohaieko inguruetan nunbeit. Uretik edo zubitik irrisaren biltzeko bai-eta kanpo lanen egiteko, zenbeit esklabo merkatu batean erosi zituen berehala eta jozak eta emak lothu lanari. Artean errateko, esklabo horiek bathaiatuko ditu lehenik. Ez da hori baino molde hoberik herri eta herrixka girixtinoen hemen gaindi sor-arazteko. Bada bertze misionestik ere frogatu duenik. Laosetik hunat esklabo merkatu handiak egiten dire. Ahal dugunean esklabo horietarik zenbeit erosten dugu eta laborantzari lotarazten. Oihanak errotik atheratu ondoan, landak egiten dituzte berentzat. Bathaiatu ditugularik, horra herri girixtino bat gure-gurea!

        Bertze esklabo batzu badire, oraino gehiago bilhatzen ditugunak eta arras sos eskasa behar dugu horien ez erosteko: umaxurtx eta haur utziak. Erosi-eta, handitu arte geronek laguntzen ditugu, ezkontzaraino.

        Aita Dok egin etxeek laster ukhan zuten galdetzaile eta beraz herrixka berri bat sortu zen Rohaieko alde-aldean. Ondikotz, inguruan etzuen lur ibilirik, ez-eta ibil errexik, eta lan handiagoeri lotzeko, sosa eskas! Etxetik urrun hasi zen beraz lanean Aita Do. Bainan langileeri bidea luzeegi zitzaioten goiz-arrats guziez egiteko. Zer egin beraz? Oihanaren erdian etxola batzuetan egiten zuten lo orok, lantegitik hurbil, larunbat arratsaldea ethorri arte, orduan etxerat itzultzeko eta igande eguna Aita Dorekin iragaiteko. Oihan hartan arras lur onak zirela aditurik, zenbeit Salbaia urrundik ethorri zitzaizkon Aita Dori, toki galdez, eta Aita Dok gogotik onhartu zioten galdea. Eta horra nola sortu zen Dakham derizan herria. Herri hortan egungo egunean berrehun girixtinoz goiti badugu, 1865garren urthean pikotak ereman zauzkun hiruetan hogoien gatik. Aita Do etzen behinere lokhartzen eta bide bat eginarazi zioten bere langileeri Koxametik Dakhamerat, eta orai hura da bi herrietako erretor.

        Bainan ez gaiten urrunegi joan... eta itzul gaiten Kontrangerat. Nere Josep maiteak etzautan atseginik baizik emaiten, bainan debruak etzuen nik bezala maitatzeko arrazoinik. Frogatu dauku.

        Behin baino gehiagotan erran dautzuet Lam Josepen aitak jendeki handia bazuela eta berrogoi bizitzalez goiti bazela haren etxean. Hautan, frango muthil eta neska Josepen eite handirik etzutenak! Ahoan bilorik gabe, beren bortz egiak erraten ziozkaten Josepek. Begitan hartu zuten beraz, eta, oro hitzarturik, trufaz hasi zitzaioten. Othoitzean hasten zeneko, etzen heyen irrien parerik! Halere etzen lotsatzen haurra, eta herritarrak beren jainko gerizatzaileekin delako xorokerietan ikusten zituelarik, asto xuriarenak eta beltxarenak erraten ziozkaten... bainan handiagoak bertzeek! Amor behinere emanarazi gabe haatik! Lam, ixil-ixila, zoko batetik beharriak luzaturik egoten zitzaioten holakoetan. Hain maite zuen bere Josep eta batere etzitzaion itsusi aphez bat bezen ederki mintzatzen aditzea! Bertzalde etxean nihork ez baitzion Josepek bezen ongi obeditzen, bertzelakatze hori gure gain ematen zuen eta gogotik uzten zaukun etxerat. Egun batez oharturik sobera eta sobera trufa egiten ziotela bere etxean haur gaixoari, aitari galdetu nion alderat utz zezan aphezetxean. Lorietan baietz ihardetsi zautan Lamek, eta geroztik Josepek urthe bat iragan du gutartean.

        Adin hortan lagunak nahi dire eta laster Kontrangetar gazte andana bat etxerat bildu zaukun Josepek. Egia erran, hori neronek galdetu nion. Behin baino gehiagotan othoitz eginarazten nion lagun horien xedetarat. Holako haur baten othoitzak zer indarra ez du! Beraz Josepen lagunak hastean aski lotsatzen bazituen nere bizar handiak, laster hartu ninduten eta maitatu, eta hasi nitzaioten Jainkoaz mintzatzen. Othoitzak irakutsi giniozkaten lehenik: gero, katixima. Josepek laguntzen ninduen ederki. Zenbeit ilhabeteren buruko sinhestea bazuten. Erran ditake Josep zutela ordutik bere nausi bakhar eta gidaria: adin berekoak izanagatik, oro hari zagozkion orotan. Halere haur horietan hirur baziren, den gutieneko dudarik gabe, bertze guziek baino gei hobea zutenak. Frogatu zautedan laster. Behin fama hedatu zen Kontrangen, herri huni hauzo-herri batek gerla egin gogo ziola. Holakoak aintzinetik jakiten direnean, emazte eta haurrak geriza zenbeitetan gordetzen dire, etsaiak ibili behar duen bidetarik urrun. Gerlako eguna ethorri zelarik, gizon guziak elgarretaratu ziren eta herritik kanpo joan. Delako hirur haurrak etziren ameri jarraiki, heyekin nunbeit gordetzeko eta aphezetxerat ethorri zitzauzkun. Josepek galdetu zioten zertako etzoazin ihesi. «Ni hemen egotea zuzen duk, erran baititake Aita Dourisbouren haurra naizela. Bainan zuek? Zertan zitazkete etsaiek hemen atxematen bazaituzte?» — «Hi bathaiatua haiz! Hiltzen bahintz, zerurat joan hintake! Gu aldiz? Ez diagu beraz urrundu nahi hemendik, hil behar badugu, hil gaiten bederen Aitak berehala bathaiaturik!» Eta aphezetxean egon ziren. Etzen halere etsaia agertu... eta haurrak ez nituen oraino bathaiatu.

        Anamita bat banuen etxean: urthe hartan hil zitzautan: Luk zuen izena eta Cochinchinako hiri-nausiaren ingurutakoa zen. Hogoita bortz urthetako muthil azkar bat, maitagarri bezen langilea. Etzakien neretzat zer egin. Gau gehien gehienez arraintzarat joaiten zen arrain bat edo bertze neri janarazi beharrez. Baditake bizi airetto bat bazuen, minberaskoa ere othe zen, bainan gizagaizoak etzuen bertze itzalik ez erratekorik. Ezagutu ez nion gaitz batek ereman zaukun bi egunik barnean. Lau baizik ez ginen etxean: Josep, Jean, Luk eta ni. Beilatzaile nintzen hil zen gauean. Lo zauden Josep eta Jean. Beharrez ni kanporaino joan-eta, haurreri oihu egin zioten eriak. Geroxago jakindu nuen zertako. Zer-nahi ikusten zuen, bainan errenkurarik gabe, artetan Jainkoari othoitzean. Memento batez mina eztiturik, lokhartzerat bezala egin zuen. Lehertua nintzen neroni eta loak hartu ninduen. Eta horra nun nere lotik kaskako batzu aditzen ditudan. Atzarri nintzen berehala... eta harritu! Nere eria, harri handi bat eskuan, harekin bere buruari kaskaka ari zen...

        —«Dohakabea, zer ari haiz hola?»

        —«Aita, ez naiz bekatoros handi bat baizik eta beldur naiz nere bekatuez ez dutan urriki aski: horra zertako ari naizen hola nere buruari joka!»

        Berehala gogoratu zitzautan harria haurreri galdetu ziotela, nik ez niolakoan emanen. Eta hala zen. Argia gabe hila ginuen. Neronek garbitu nuen burutik zangoetaraino: soineko berri batzu eman niozkan eta hogoita lau orenen buruan ehortzi. Haurrek etzuten ikusi hiltzen.

        1854 garren urthean sartuak ginen. Ez ditake asma Binh-Dinheko orduko gobernadorea baino gizon tzar eta errebesagorik, Bere buruzagieri deusik galdetu gabe, girixtinozn kontra hasi zen gerlan. Girixtinoen etxeak behar ziren ere eta heyen lurrak orori partitu. Aphezak, nihundik ahal bazen, preso ereman behar ziren, eta aphezekin atherbea ematen zioten guziak. Hain xuxen hirur etxe bagintuen delako eskualdean: bat Tramgonen, bertzea Ansonen, eta hirurgarrena Ben deithu herrixkan, Tramgonetik egun erdi baten bidean.

        Nere Jaun Cuenot, Aita Arnoux eta Aita Verdier (hau misionest berria) irrisku handitan ziren beraz. Han berean egonez, etzuten etsaiari eskapatzerik. Aita Verdier gure eskualdetarat igorri zuten beraz berehala, Bao aphezgeia lagun emanik bideko. Behar zen bihotz orduan bideari lotzeko; bainan bihotzak ez dio behinere huts egiten sinhestea hedatu nahi duenari... eta abiatu ziren, jaun aphezpikuaren manua ukhan zuten bezen laster.

        Montaubaneko diosesakoa zen Aita Verdier sortzez. Arras gazterik galdetu zuen Pariseko misionesten ikastegian sartzea. Gazteegi zela, etzuten onhartu nahi izan oraino. Lazarixtetan sartu zen beraz, lehenbailehen Jainkoaren deiari ihardesteko. Bainan Lazarixtak ez dire oro salbaietarat joaiten, eta menturaz etzutela hura ere hetarat igorriko, Aita Verdier berritz Pariseko gure ikastegirat helaka hasi zen. Aldi huntan hartu zuten. Nik Cochinchinarateko bidea hartu baino lehentxago ethorri zen Pariserat. Ezagutzen nuen beraz jada eta aise asmatuko duzue zer atsegina ukhan nuen Aita Combesek erran zautalarik laguntzat emanen zauntala.

        Bethi zer berak ez errepikatzeko, ez dautzuet erranen nun eta nola ibili zen Aita Verdier Kontrangerat heltzeko. Bigarren gauean Benen ziren Aita hori eta Bao. Eguna han iragaiteko xedea zuten. Norbeitek salaturik Beneko etxea egun hartan berean erre beharra zutela etsaiek, berehala ur hegiko sasi handi batzuetan gorde ziren. Tramgorat heldu zirelarik ere sasietan egon ziren egunaz, hango gure etxea jada errea baitzen! Hirur egun luzez bi bidekarien bideko lagun bakharra, gosea izatu zen. Irrisarik etzuten eta etzitazken mentura norbeiti erosterat. Nekhe, lotsa eta ororen gatik Koxamerat bizirik heldu ziren halere azkenean...

 

aurrekoa hurrengoa