www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Banhar deitu salbaiak
Jean Elizalde, «Zerbitzari»
1936

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Inazio Mujika Iraola.

 

 

aurrekoa hurrengoa

HOGOITA SEIGARREN KAPITULUA

Pikota

 

        Bake osoan bizi zen gure elizadia. Paganoek etzioten gehiago trufarik ez bertzerik egiten girixtinoeri eta arthaldea bethi handituz zoan, eta ni, ni lehen halako ilhunaldiak nituena, orai irriz eta kantuz ari nintzen ardura! Bihotz guzia loriaz bethea nindagon, egundaino ukhan dugun zigorraldirik ikaragarriena Jainkoak eman zaukularik. Bi urthez pikotak erhautsi gintuen, eta girixtinoetan hiruetarik bat hil zitzaukun. Pikota zer den salbaiek etzakiten ordu arte, salbu xahar-xahar zenbeitek beren haurrean aiphatzen aditurik. Izenak berak lotsatzen zituen xahar hauk. Zorigaitzez, itxura guzien arabera girixtinoek ekharri zaukuten pikota! Huna nola.

        Girixtino bat beharrarekin borroka ari zen Ansonen eta lotsatu zen, han egonen zeno urtheak etzituela aise gurutzatuko. Bere etxekoekin guri buruz abiatu zen. Ondikotz, bidean zerbeit gisaz pikotak hartu zuen eta Rohaien Aita Doren zerbitzari guziak ohartgabean kutsatu zituen eri dohakabeak Cochinchinarat joana zen Aita Do, hain xuxen. Bainan aski hurbil bazen bertze misionest bat eta hel egin zioten. Eritasunaren berri jakin zuteneko, salbaiak arrunt lotsatu ziren inguru guzietan eta Komkomeko girixtinoek berek etzuten gehiago gurutzatu nahi Rohaiekoekin. Kanabera punta zorroztuak bi herrien artean landatu zituzten eta!

        Nihori etzitzaion haizu Rohaieko erien ikusterat joaitea. Aphezari berari debekatua zitzaion. Bainan bazakien aphezak artzain onak bere ardientzat hil behar duela eta huna nola jokatu zen, eritasuna Rohaien kokatu zeno. Botoinetarik laster ageri baitzen eri batek laster hil behar zuen ala ez, bat hiltzerat zoala ikusi orduko, norbeit lasterka kanabera-punta artez-arte Aitaren bilha joaiten zen, gauak gauari. Biharamun goizeko eri gaixoak sakramendu guziak hartuak zituen eta, argia gabe, Aita berritz etxean zen. Eta nihor etzen ohartu! Neronek gero eta gero ikasiak ditut horiek...

        Zenbeit astez pikota Rohaien egon zen, bainan gero fama hedatzen hasi zen han eta hemen ere agertzen hasi zela. Azkenekotz orotarat hedatu zen. Ez ditake erran mundua nola lotsatua zen! Etzen gehiago ez ahaidegorik ez adixkidantzarik: eri etzena ihesi zoan ahal bezen laster eta ahal bezen urrun, oihan zokhoetaraino, han zuhaitz erro eta belhar tzarrez biziko bazen ere. Eriak, bakharrik ari behar zuen gaitzarekin borroka. Gose eta egarriak, bertzalde! Baziren sukharrarekin ezin egonez, urerat jauzi egiten zutenak freskatzeko eta han ithotzen, indarrek utzirik. Hilak ere nun-nahi atxeman zitazken, bideetan, oihanetan, landetan, basagathu eta abere gaixto batzuek jada erdi iretsiak! Herrietan hiltzen zirenek han berean usteldu behar zuten, nihor ez baitzen ehortzeko. Ez da beraz harritzeko gaitza zabaltzen ari bazen egunetik egunerat.

        Koxamen nintzen orduan. Gaitza etzitzaukun berehala agertu. Inguruko herri guziak jada erdi hustuak gaitzaren gatik, eta gu oraino ere sendo! Gau batez athea jo zautan norbeitek eta leihorat erran: «Aita, eri bat badugu etxean, zato laster ikusterat. Ez dakigu ez othe duen pikota!» Mandatariari jarraiki nitzaion berehala, eta eria ikusi orduko ez nuen dudarik ukhan: pikota zuen. Ez nioten etxekoeri gorde hala zuela. Harritu ziren. Oro ihesari ematerat zoazin berehala, neronek gelditu ez banitu: «Norat nahi duzue joan? Jainkoak nahi gaitu frogatu: benedika dezagun Haren izen saindua! Bainan girixtinoek ez dute, paganoek bezala, elgar utzi eta ukatu behar. Herri Guzia neronek bilduko dut bihar eta elgarrekin orok ikusiko dugu zer egin. Ordu arte, ez lotsa». Eta berehala etxe hartako sendoak eta nere meneko Anamitak igorri nituen oihanerat etxola handi baten argiko egiteko. Gero, nihor ohartu gabe, eria harat ereman ginuen. Anamitek etzuten irriskurik, pikota orok ukhana baitzuten haurrean: ez-eta nik, ezen bizpahirur aldiz bederen xertatua izana naiz

        Erran bezala, biharamunean herri guzia bil-arazi nuen herriko-etxerat eta egia ikaragarria salatu nioten: «Bainan, haur maiteak, zer nahi gerta dadien, gauden elgarrekin. Girixtinoek zerbeit badugu hiltzeak baino gehiago lotsatu behar gaituena, hura da aphezik eta sakramendurik gabe hiltzea. Eta bakotxa bere alde joaiten bada ni ez naiz orotarat heltzen ahalko!» Orok batean ihardetsi zautedan: «Ez, Aita, ez dugu ihesi joan nahi. Hiltzekotz, zure ondoan nahi dugu hil!»

        Etzen guti horren ardiestea. Bertze etxola batzu eginarazi niozkaten, nihor eritzen bazen ere. Lehen eri hura sendatu eta ongi sendatu arte, nere Anamitak eta ni baizik, nihor etzitzaion hurbildu. Bertzerik etzen denbora hortan eritu eta orok uste ginuen Koxam salbu zela. Bainan airea pozoinatua zen eta pikota oihan zokhoetaraino heldua. Koxam ere hartu zuen beraz eta ederki zafratu. Nik errana baizik etzuten egin halere Koxamarrek. Norbeit eritu orduko, oihaneko etxoletarat erematen zuten berehala, han arthatzeko. Eri handienak berex han ere. Hauk ikusten nituen maizenik, gorphutzak bezala arimak arthatzeko.

        Oi, oihan zokho hartako ikaragarrikeria! Etzuten gehiago gizonak iduri eriek. Aldean ukhurtua, alde guzietarat zoakioten ustelduraren erdian belhauniko hainitzetan, azken sakramenduen ematen hasten nitzaiotelarik, olio sainduak ez zikhintzeko, erhiak xukatu behar nituen aldi guziz. Zer bihotza behar den holakoetan goitika ez hasteko! Lehen aldietan bihotzak gaindi egin zautala ez dut gordeko. Geroztik barnea egin zautan haatik! Ehortzetek ez ninduten batere gutiago lotsatzen, herritik nihor ez baitzen haizu hilari jarraikitzerat...

        Hala hala, zer atseginak ere ez nituen! Gaixo eriek hain ongi hartzen zituzten beren gaitz eta heriotzeak nun uste baitut oro Jainkoarekin direla zeruan! Oraino pagano zirenak, bakar batzu salbu, oro bathaiatu nituen, ematen giniozkaten artha onek unkiturik. Oi, Jainkoa zoin ona den! Hainitz eriarazi du... salbatzeko! «Felix calamitas!» oihu egin dezaket beraz nik ere, guzien gatik: pikota ethorri ez balitzauku, hainitz eta hainitz beren ilhunpetan egonen ziren!

        Iduri luke, ikusi ginuenean gaitza ez ginezakela geldi bere bidetan, ez gintuela baitezpada eriak zokho hartarat ereman beharko. Bainan ez nintzen airerat ari. Paganoek etzuten guk bezala egin beren herrietan, eta pikota hainitz lasterrago hedatu zitzaioten. Oro kasik batean eritu ziren eta kanpo lanak nihundik etzituzten hortakotz egiten ahal izan. Pikotaren ondotik goseteak atxeman zituen beraz. Guk aldiz eriak arthatu gintuen, eta kanpo lan guziak egin, hainbertze eri ez ginuelakotz batean, eta gero selhauruak bethi bezala bethe ziren.

        Eta Aita Besombes nere lagun berria zer ari othe zen denbora hortan? Nola ez dutan aiphatu zaudete segurki? Zertako? Bera eritu zaukulakotz. Etzuen haatik pikotak hartu, bigetan bederen xertatua izana baitzen, bainan oihanetako sukharrak. Lehen ilhabetean ederki ihardoki zuen eta lorietan erraten zautan. «Ikusiko duzu ni ez naizela erituko! Ez dut egundaino orai bezenbat indar ukhan!»—«Hobe, adixkidea, hobe, bainan etzatzu lasterregi egin kukuruku: badakit hemengo berri!»

        Eta egiazki gaitzak etzuen ordu arte hartu, gero azkarkiago hartzeko baizik. Sukharrez bertzalde, hazteria zikhin bat ukhan zuen: bai-eta barneko gaindidura batzu. Zainak hala hil zitzaizkon nun deusetako kalipurik ez baitzuen gehiago. Erran ditake beraz, guzien buruan pikota denbora hartan nik baino gehiago ikusi zuela...

        Jada errana dut eta berritz erran nahi: hemen gaindi bada nausien nausi bat, sukharra. Nihork ez dio buru egiten ahal. Salbaiak berak noizean behinka hartzen ditu, bainan kanpotiar bati ez dio barkatzen. Gutiz gehienak hobirat erematen ditu. Sendatzen direnak, ongi eta ongi ahuldu eta zehaturik uzten ditu. Eta utziko! Hau ongi jakin dezatela gure ondokoek. Ez diotet lotsatzeko erraten: misionesta deusek ez du lotsatzen, bainan ez diten lotsa! Misionest gazte batek hunat ethortzean badu amets bat: martirgoarena. Hemen badute martirgoaren mentura. Zer diot mentura? Segurantza, badute, segurantza. Bainan martirgo hori ez da nahi luketen su, azote eta odolarekilako martirgo hura. Bertze bat da, luze eta samina! Ustea badut, bai eta esperantza, huni bertzeari bezen begitarte ona egiten diola Jainkoak...

 

aurrekoa hurrengoa