www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Banhar deitu salbaiak
Jean Elizalde, «Zerbitzari»
1936

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Inazio Mujika Iraola.

 

 

aurrekoa hurrengoa

HOGOITA ZORTZIGARREN KAPITULUA

Aita Besombes, ederki lanean hasi orduko, hiltzen da

 

        Kasik gure girixtinoen erdia galdu ginuen pikotarekin, eta zorigaitzez, Koxamen bederen hoberen hoberenak. Pikota ethorri aintzinean erran ditake girixtinoek egiten zutela Koxamen legea. Paganoek deusetan etzioten buru egiten behinere eta finka ditake kasik herri hori arras girixtinotua zela, pagano bakhar-bakhar batzuekin. Nola, bertzalde, herriko buruzagiek deus ez baitzuten hasten misionestari bere baimena galdetu eta baizik, sekulan etzen makhurrik. Herriko buruzagi on horietarik bat baizik etzen haatik gehiago bizi: Hemur. Ondikotz, zahartzen hasia hau ere! Etzioten beraz gehiago hainbertze behatzen. Hemen gaindi nausi izateko, ez da indarra eta bihotza bezalakorik, eta bigak galtzen dire adinarekin. Gaizo Hemur!

        Hau ere aithortu behar dut: paganoetan bakhar batzu baziren oraino gure erakaspeneri aski begi gaixtoz behatzen zutenak. Aintzinean gordetzen bazuten, kopeta altxatzen hasi zuten girixtinoak gutitzean. Elhea goraxago zuten; jada eztabaida batzuetan zuzen kontra ibiliak! Eta horra nun Koxame hauzo-herri batekin makurtzen den. Pagano eta girixtino, orori erran ginioten berehala zer zuten egiteko, zuzenki ibili nahi bazuten. Ez gintuzten entzun. Ez gintuzten entzun, diot, ezen biga baginen hola mintzatzeko: Aita Besombes berritz nerekin nuen. Begiak argitu zitzauzkun orduan eta ikusi ginuen gure elizadiari erroak eginaraztekotz, bertze lur batean landatu behar ginuela, edo bertze gisa batetarat bederen.

        Hastean pagano herrien erdi-erdian egiten gintuen gure etxeak. Ez ginezaken bertzela egin, egia erran. Hola girixtino berriak irrisku guzien erdian ziren haatik. Horietarik urruntzeko, norapeit herriz kanpo ereman behar gintuen beraz. Hala deliberatu ginuen. Bakhotxa gure alde lanean hasiko ginen, toki hoberenetan. Ez ginuen dudarik salbaiek, gure landa ederrak ikusi eta, emeki-emeki gutarik hurbildu nahiko zutela: aski ginuen orduan guk eman legeak onhartu nahi zituztenak baizik ez hurbiltzerat uztea! «Hanbat gaixto gure herrietarik urruntzeak kalte zenbeit balinbadu mementoan! Hala-hala hemen bizitzea baino ez othe dugu hobe bertze nunbeit erroak ongi egitea?»

        Hemen gaindi lurra ez da nihorena. Bakhotxak nahi duena eta on iduritzen zaiona hartzea eta atxikitzea aski. Ez ginuen beraz beldurrik norbeitek kontra egin zezan hauzo-herrietarik. Halere eskuak bethe giniozkaten, lanean hasi gabe, seguragoz. Girixtino batzuekin joan ginen, bakhotxa gure alde, jarraiki nahi etzaizkigunak aphez anamit baten eskuetan utzirik. Hauiekin aise gururatzeko, ez ginen urrunegi joan. Eta lothu ginen lanari, jozak eta emak. Bainan Aita Besombesen lanak aipha detzagun lehenik.

        Xolangeko elizadia suntsituxea zen pikotarekin. Hil etziren girixtino bakharrak eskuin eta ezker joaiteko bezperan ziren Hadrongetarren beldurrez. Aita Besombes galdetzerat joan zitzaioten eia nahi zuten herri bat egin harekin. Baietz, gogotik. Bainan guziak ongi adi detzatzuen, hitz bat erran behar dut Hadrongetarrez.

        Motongeko hegoaldean badire lehenik zelhai handi batzu, gero mendixka lerro bat, eta gibelean aran eder eta aberatsenak. Haratago. mendi mazelan dagozi, Motongetik bi egunen bidean bezala, delako Hadrongetarrak. Gerla arras maite dute eta tzarrak dire. Lurrak hoberenetarik baitituzte eta ibil-errexak, emazteeri eginarazten diozkate lanak, berak Banharren kitzikatzerat joaiteko. Holako itzuli bakhotxean esklabo bat edo bertze erematen dute hemendik berentzat edo Laostarreri saltzeko. Gu hunat ethorriz geroztik ere, eskualde hartan ehun bat herri bada gutienetik Hadrongetarren lotsaz husturik. Eta orai horra eskualde bat osoa hain ibil-errexa litakelarik, larre doana! Hadrongetarren izena bera aiphatzea aski zaiote hemen gaindiko haurreri ikhara jauzarazteko.

        Aita Besombes ibili zen oihanez oihan Xolangetik Hadrongetarren herriraino, nun atxemanen zuen lur hoberena eta herri baten egiteko egokiena. Han elizadi bat egin-eta, Hadrongetarrek etzirela alde huntarat gehiago abiatuko egiten zuen. Guk geronek ez dugu salbai horien beldurrik. Ez daukute egundaino minik ez kalterik egin: berak lotsatuko dire gutarik ttipienari zimiko baten egiteko ere. Bainan gure meneko gizonak gu bezen aise utz othe letzazkete oihanetan, bat edo bertze preso ereman gabe, etzakitelakoan gure meneko zirela? Hori ez ginakien oraino, bainan Aita Besombes fida zen haren kopetak Hadrongetar tzarrenak lotsatuko zituela eta bide xuxenean atxikiko. Bere lagunekin hitzartu zuen beraz bera joanen zela lehenik hautatu tokirat eta landa bat ederra eginen langile batzuekin, uztaren mementoan makhurrik ez bazen, Xolangetar guziak joanarazteko.

        Artean errateko, Aita Besombes bezalako gizon bihotzdun guti da: deusek etzion burua galarazten. Etzakien kexatzea zer den irrisku handienetan ere. Iduri zuen-eta kasik irriskua etzuela ikusten! Huna zerbeit Aita Besombes elhe guziek baino hobeki ezagutaraziko dautzuetena. Cochinchinan bizi zen orduan. Gau batez heldu zaizko basa-gathu handi bat badela etxe inguruan. Hartzen du bere xixpa eta kanporat badoa. Hara bi argi sasian: basa-gathuaren begiak. Xuxen-xuxena badoa bi urhatsetaraino eta tiro batez, zabal-zabala, marruma bat eginarazi gabe, sasian etzaten du basa-gathua. Bertze holatsuko zer-nahi erraten zuten hartaz, ongi ezagutu zutenek. Horra zertako salbaiek nahiago zuten hari fidatu armada oso bati baino. Horra ere zertako hain aise onhartu zuten harekin herri baten altxatzea, Hadrongetarren bide-bidean izanagatik...

        1866garren urthearen ondarrean ginen, hola bakhotxak gure alde hartu ginuelarik. Xolangerat joan zen lehenik eta handik oihanerat. Aita Baoren beharrik etzen beraz gehiago Xolangen: Koxamerat igorri nuen, hango lanaren egiteko. Aita Besombes etzen bakharrik joan toki berrirat; hamazazpi edo hemezortzi lagun ereman zituen berekin. Hautarik sei Anamitak; bertze guziak salbaiak, ezkondu eta ezkongei. Oro, ordu arte, Aitaren muthil eta zerbitzari zirenak. Etzoazin urrun: doidoia orentsu baten biderat. Bainan sobera zen hori bera goizean eta arratsean egiteko: Aitak berehala etxola handi bat eginarazi zioten beraz han egoteko alderat eta etziren ondoan baizik hasi oihanaren errotik atheratzen landaren egiteko eta irrisaren eraiteko.

        Erran gabe doa holakoetan bethi lehen lanak direla bortitzenak eta Aita Besombes etzen hainitz jostatu lehen egunetan. Zenbeit ahuntz bainituen Annametik ukhanak, bizpahirur igorri niozkan. Hola, esne xorta bat bederen bazukeen, hasteko, bainan basagathu batek ebatsi ziozkan. Zaldi bat ere banion emana Xolangerat ibiltzeko; hura ere ebatsi zion basa-gathu berak edo bertze batek. Zaldirik gabe etzuen Xolangerat joaiterik eta gauak han iragan behar zituen nahi eta ez. Langileak hain lotsa ziren Hadrongetarrentzat, berak uzteko!

        Eta egia erran, gaixoek bazuten Hadrongetarrentzat lotsatzeko arrazoina frango. Behin, Aita Besombes norapeit bazterturik, kanabera landare batzuen bilha edo ihizi zerbeiten ondotik, Hadrongetarrak ustegabean gainerat ethorri zitzaizkoten langileeri, eta neskatxa bat ebatsi zioten. Aita itzuli zelarik, oro nigarrez atxeman zituen eta, han irrisku sobera bazela, ihes abiatzeko heinean. Aitak hitzeman zioten, munduko etsai guzien gatik, neskatxa joan bidetik itzuliko zela laster etxerat. Ohoinak nungoak ziren jakin zueneko, bi Anamita igorri ziozkaten eskutitz motz hunekin: «Neskatxa hori aitaso Kinh ongi ezagutzen duzuenarena baita, errazue zer gaizki egin dautzuen. Bainan hobenik ez badu eta zuzen kontra ebatsi badiozue, lehenbailehen itzuliko duzue». Eta Hadrongetarrek neskatxa itzuli zioten. Egundano menturaz etzioten nihori deusek hola itzuli! Bixtan da berri hori ere laster hedatu zela orotarat eta Aitaren fama etzela ttipitu. Langileak etziren gehiago lotsa eta goizetik arratserat gogo onez ari ziren beren oihan zokhoan.

        Zuhaitzak atheratu eta tokia garbitu zuten segidan, zikhin guziak errerik. Gero lurra aphaindurik, irrisa erain. Irrisa ederki abiatua zen jada, herriko-etxea landaren erdi-erdian hasi zutelarik. Gero, selhauruen aldi. Ezen selhauruak ere egin behar ziren, irrisa polliki horitzerat baitzoan! Zer egun goxoen esperantza! Baduk hoberik: horra nun eritzen den Aita Besombes, betbetan!

        Berri hori ekharri zautedanean, berritz ere sukharrarekin nintzen. Nere laguna ni baino eriago zitakeela, jeiki nintzen nere ohe txarretik eta bideari lothu. Lotsatzen hasia zen Aita Besombes. Etzakien batere zer zuen, bainan etzezaken jan eta edanik atxik. Mirikurik ez den tokietan ez da sendagailu bat baizik: othoitza. Gero sendatzea edo hiltzea, Jainkoaren gain!

        Gau hura eriarekin iragan nuen. Biharamun goizean hobekixago iduri zuen. Kofesatu nuen halere eta nere etxerat itzuli nintzen, Andredena Mariak han iragaiteko. Bideak sukharra emendatu zautan oraino eta bi egunen buruan mandatua ekharri zautedalarik Aita Besombes gaizkitu zela, ez nintaken higi. Aita Bao joan zen beraz Xolangerat. Elhea galdua omen zuen ordukotz eri gaixoak. Ezagutza bazuen oraino eta zerbeit gisaz Aita Baori adiarazi zion berritz ere bere bekatuen barkamendua nahi zuela, eta Aita Baok barkamenduaren hitzak erratean eskua altxatu zuelarik eriaren gainerat, huni bi nigar gozo jauzi zitzaizkon begietarik. Berehala oliodura saindua eman zion. Horren beha bezala zagon Aita Besombes azken hatsaren emateko: 1867garren urthea eta agorrilaren hamaseia zen, Andredena Mariaren phesta biharamuna. Ez da dudarik Ama Onak deithu zuela bere ondotik aingeru eta sainduen egoitza ederrerat sar-arazteko.

        Nork erran behinere Jainkoa zer xedek dabilkan! Horra misionest gazte bat. Gazte bezen kartsua da, eta iduri du Banharren elizadian ez ditakeela deus onik gehiago egin hori gabe. Eta horra nun, lanean hasi deneko, Jainkoak bere ganat deitzen duen! Gure Aita Zeruetakoa, halere bethi egin bedi zuk nahi duzuna! Neroni eri eta nere adixkide bakharra hila, nola erran nere bihotzmina!

        Ez nuen Aita Besombes ehortzterat uzten ahal oraino arras finkatua etzen herri batean. Lan bat da haatik hemen gaindi gorphutz baten toki batetik bertzerat erematea, ezen salbaiek uste dute kutsua bidean ixurtzen duela. Egitekotz, bideko herri guzieri zerbeit eman behar zaiote... kutsuaren urruntzeko. Nik ez nuen holako antolamendurik onhartzen ahal. Gerlarik ere ez nuen behar haatik. Anamita eta langileeri urez bertzaldetik ekharrarazi nioten gorphutza, nihungo herririk unkitu gabe. Gau bat osoa eman zuten bidean Rohaieraino heltzeko eta han neronek egin nituen elizkizun guziak.

        Aita Besombes gaixoaz ez erratekorik gehiago izaiteko, berehala huna zer gertatu zen. Ogia utzi ala segitu behar zen? Hastean segitzea hobe zela egin nuen eta Aita Do harat igorri. Etzuen hainitz denbora berritz, gurekin zela. Lan handi-handirik ez baitzen oraino eginik, lotsa zitaken.

        Ez: etzen lotsatu eta hilak zerutik lagundu zuen. Uzta ederra sartu zen urthe hartan selhauruetan. Gero, orok elgar lagunduz egoitza berri batzu egin zituzten eta, hitzartuak ziren bezala, Xolangeko girixtino guziak ethorri zitzaizkoten han egoterat. Herri berriari «Tou-Er» eman ginion izena, ondo hetako ibai handi baten izenetik. Egungo egunean hirur ehun bat bizitzale bada han. Girixtino baino pagano gehiago oraino, bainan hurbiltzen ari zauzku emeki-emeki hauk ere, eta esperantza dut laster bertze girixtino berri andana eder bat ukhanen dugula.

aurrekoa hurrengoa