www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Banhar deitu salbaiak
Jean Elizalde, «Zerbitzari»
1936

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Inazio Mujika Iraola.

 

 

aurrekoa hurrengoa

LEHEN KAPITULUA

Hastapenak

Do diakrea tokien ikusterat badoa

 

        Jainkoa lehenik, nere Jaun Cuenot, Metellopolis derizan hiriko aphezpikua gero, horra Cochinchinako eskualde salbai batetan misioneak sor-arazi eta finkatu dituzten bi langile handiak. Ez dago niri jaun aphezpiku horren espantuen egitea eta ez ditut eginen, bainan ez naiteke hitz batzu erran gabe egon, gero errateko ditudanen aditzeko baizik ez balitz ere. Nahi zuena nahi zuen nere Jaun Cuenotek eta etzen aise lotsatzen direnetarik. Zerbeit ongi pisatu eta kaskoan hartu zuelarik, etzen trabarik ez bertzerik hura gibela zezakenik; handik edo hemendik bururatu behar zuen. Denik ere, bururatzeko errabia gehiago ematen zioten trabek bihotzean !

        Lauzpabortz aldiz hasi lana utzi behar izatu zuen: etzuen ukho egin halere. Bide bat hetsi-eta, bertze hat hartzen zuen. Hau ez bazen ona, hirugarren bat hartuko zuen urrunago. Etzen gelditzen, buru-bururat heldu-eta baizik.

        Haatik, errex da asmatzea zoin den Nere Jaun Cuenotek han gaindi kausitu duen trabarik handi-handiena: sinhestearen hedatzaileeri Annam-eko buruzagiek egiten zioten gerla ikaragarria. Erresumaren erditsuko eskualdetan hango buruzagi eta buruzagixkek etzioten epherik uzten Jainkoaren langile eta mandatarieri. Are gutiago bakerik. Misionestak etzitazken ager: gauaz eta gordeka ibili behar zuten beren ardien ondotik. Atxeman orduko, bazakiten zeri zagotzin: hiltzea segur zuten. Bada, Annameko erresumari kontra, mendietan bizi ziren segurki salbaiak, bainan, bi egun bidetan bederen herriraino heldu zitzaizkoten Cochinchinako merkatariak, eta mendi horiek Annam-eko erresumarekin ikustekorik ez izanagatik, ez baitziren haren meneko, hanbat gaixto han gaindi zabiltzan kanpotarrentzat: etzuten Annamen berean baino irrisku gutiago. Huna zertako.

        Europan, erresuma batetik kanpo denak sortzez hartakoa izanik ere, ez du hango legeekin gehiago ikustekorik: ez du hango jujeen beldurrik. Asiako eskualde basa edo erdi basetan, ez dire lege berak. Misionest bat atxeman dezatela nun-nahi eta Annam-eko lurretarat ereman, harenak egin du: jujatu (?) eta hilaraziko dute lastersko, hiri-nausiko karriketan atxeman balute bezen segurki. Salbaietarat joan ziren lehen misionestek etzuten beraz ongi eta ongi gordetzea baizik muga ondoetan: bainan barnagoko mendietan ere guti agertu behar zuten, delako merkatariek berek ezagutzen etzituzten eskualdetaraino. Erran nahi baita, Annam-etik lauzpabortz egun bidetan heriotzea bethi gainean zutela...

        Nere Jaun Cuenot horien guzien jakintsun zen, bainan etzen horren gutiz lotsatua, eta 1842-an bi Misionest bihotzduneri manatu zioten, nihundik ahal bazuten, zoazin salbaietarat. Bainan, Phu-Yen derizan eskualdean muga iraganik, jadanik harasko ziren Aita Michel eta Aita Duclos, merkatari batzuek ohartu zitzaizkotelarik eta estekatu, Annameko buruzagixka bati eremateko. Jainkoak ez bazituen bi Aita horiek beren xedearen bururatzerat utzi eta ez bazen orduan misionetegi bat Bahnarren eskualdean sortu, bederen Aita Michel eta Aita Duclosek etzuten beren denbora galdu, ezen Jainkoarentzat ederki eta ederki pairatu zuten presondegi beltz batzuetarat joanik, hetako zaintzale basekin. Hue, Annam-eko hiri-nausirat ereman zituzten herrestaka, auzitegiz auzitegi ibili, kaiola batzuetan ere preso atxiki, zume ukaldika phorroskatu eta azkenean hiltzerat kondenatu. Heriotzearen beha zagotzin bi Aita dohakabeak, Heroine frantses untziko soldadoek salbaien aztaparretarik atheratu zituztelarik: 1843garren urthea zen eta martxoa.

        Ondoko urtheetan Kuangai eta Kuangrameko eskualdetarik sartzerat lehiatu zirenek, debaldetan egin zuten urhatsik, eta ez netzazke ere entseiu horiek aipha, ez balute oraino hobeki ezagutarazi Nere Jaun Cuenoten bihotz kartsua. Ez da dudarik Jainkoak kondu atxikiko diola zeruan.

        Bindinheko eskualdean bizi zen, gordea, jaun aphezpikua. Hortik aski hurbil da An-Son. Herrixka huntan batetaratzen dire salbai eta Annamitak beren sal-erospenetako. 1848garren urthean jaun aphezpikuak hor gaindi hobeki sartuko zirela menturaz egin zuen bere baitan. Bada, Annam-eko buruzagiek arrazoin bereziak bazituzten An-Son ez begi onez ikusteko, lehentxago Gualaong erregearen kontra han phiztu asaldura baten gatik. Errege horrenak egin zukeen, Frantzia alde eman ez balitzaio. Dena dela, geroztik debekatua zaiote alde batetik Annamiteri salbaien artean bizitzea, eta bertzetik salbaieri An-Sonetik haratago joaitea Anman-eko alderat.

        Horrengatik Annamitak aski gurutzatzen dire salbaiekin beren tratuetako eta salbaiak noiz-nahi, beren egitekoentzat, An-Soneraino jausten.

        Sinhestearen hedatzaileeri gerla egiten zioten denboran misionestik etzitaken mentura An-Soneko bidean. Deus onik egitekotz Annamita bati behar zitzaion beraz lehenik bidea zabal-arazi, merkatariak zabiltzan bideetarik urrun, eta urrun-urrungo salbaien berriak hola ikasi. Guzien buruan urrungo salbaiek iduri zuten hurbil errexenak misionestentzat. Horra zer ibilia zuen buruan jaun aphezpikuak.

        Hain xuxen iguzkialdeko Cochinchinan orduan bazen aphezgei bat hango berekoa: Do zuen izena. Gain-gainetik dohatua zuen aphezgei hori Jainkoak eta iduri zuen irriskuan ibiltzeko sortua. Pulo-Pinangeko apheztegitik ethorria zen, zazpi urthe ikasten arizan ondoan, gero bi urthez irakasle-lagun egonik. Nausi ohiek etzioten espanturik baizik egiten jaun aphezpikuari beren aphezgeiaz, arras Jainkoari zagoela orotan alde batetik, eta ezin lotsatua zela bertzetik. Nere begiz irrisku ikaragarrienetan ikusi dut geroztik eta etzuen ohean baino gehiago bururik galtzen.

        Nere Jaun Cuenotek Do hautatu zuen beraz bihotzean zuen lan haren eginarazteko. Goiz batez deithu zuen eta, zart eta zart huna zer erran zion.

        —Salbaietan lehenbailehen sinhestea heda dezagun, behar daukuk An-Sonen gaindi hetaraino bide bat ideki.

        —Eginen dautzut, jauna.

        —Nola jokatuko haiz, bada?

        —Eginen naiz tratulari, eta, tratuan bezala, joanen bertze tratulari guziak joaiten diren baino urrunago! Oro ongi ikusi eta ikasi ondoan, berritz itzuliko naiz hunat, Aita bat hartuko dut, eta bidea irakutsiko diot...

        —Ederki duk, Do. Orai hiri nagok osoki. Bainan hire laneko indar hainitz beharko baituk, nik emanen daiat, diakregoarekin. Hoa, egizak othoitz eta bildutasun handienean ago zenbeit egunez, Jainkoak egiten daikan grazia handi eta ezin erranezkoaren beha.

        Handik zortzi egunen buruan, Do, diakre berria, An-Soni buruz zoan zanpa-zanpa jauntzi tzar batzu soinean. Tratuan nahiko zuen ari segurki, bainan hortako, etzuen zerbeit, behar eta eskas: Annam-eko buruzagien baimena. Niholaz etzuela baimen hori ukhanen bere baitan eginik, tratulari handi baten muthil sartu zen berehala. Xerriak eman ziozkaten zaintzeko eta arthatzeko, bertze orduz haur prodigoari bezala. Bertze bati gaitzituko zitzaion: hari batere. Loria handi bat bihotzean eta kantuz ari zen xerrien phazkatzen. Nausiak etzuen segurki amesten zer muthil zuen: etzakien Do girixtinoa zela ere. Bainan bere lanak hain ongi eta halako amodioarekin egiten zituen gure diakreak, nun arras begi onez behatzen baitzion nausiak eta laster kargutan goratu baitzuen: xerrien phazkatzeko orde nausiaren hazteko, kozinari ezarri zuen, eta hola, geroxago salbaiekin gurutzatzeko sasoina ethorri zelarik, Do nausiari jarraiki zitzaion herriz herri saski handi bat bizkarrean eta saski hortan tupina, zenbeit gophor eta sukalde batean behar diren gaineratekoak.

        Hainbertze lagunen jatekoaren egiteko, etzuen lo egon behar Dok: bainan eskuak ari zitzaizkon, ez gogoa. Hau eltzekari eta bertzetarik urrun zuen. Alegia-eta deus ez, salbaieri mila galde egiten ziozkaten beren mintzaira eta oiturez, mendeal-aldeko lurrez, hango bizitzaleez, eta bereziki hango mintzairako hitz batzuen buruan kokatzen ari zen ahal bezenbat, baitzakien egun batez mintzaira hortan beharko ziozkatela salbaieri Jesu-Krixtoren erakaspenak eman... eta salbaiek etzuten segurki amesten zer xedek zabilkan!

        Sei ilhabeteren buruko aski jakintsun zen Do, norat-nahi bakharrik menturatzeko. Etzuen beraz gehiago muthil egoterik eta nausiari agur erranik itzuli zen jaun aphezpikuaren ganat. Bere gain tratuan has zitakeela iduritzen zitzaion nihundik eta nola, bere nausi, ikusi etzituen salbaietaraino hel baitzitaken aiseago, baimena galdetu nahi zion jaun aphezpikuari. Baimena ukhan zuen... eta sal-erospenetako laur lagun.

        Hastean gauaz ibili ziren bortz tratulari berri hauk, traba handirik kausitu gabe, eta nihor ohartu gabe nihun Ha-Drong direlako jende basetarat heldu. Etzen gehiago kozinari ttipi Do, bainan tratulari handi bere meneko eta guziekin. Bainan ez da bethi hobe handitzea! Kozinari zeno, nihork etzion behatzen: orai dirua sendi diotelakotz, hil nahi dute. Behin zenbeit salbaiek hitzartu zuten gau hartan berean garbituko zutela, zituen guzien ebasteko eta lagunak esklabo bezala Laostarreri saltzeko. Jainkoa ez dago behinere lo: zerbeit gisaz tratulari gaixoeri xede gaixto horiek jakinarazi ziozkaten, eta gauerdi alderat salbaiak ixilka ethorri zirelarik Do hil beharrez, hau eta hunen lagunak, phuska guziak han utzirik arinago izaiteko, harasko joanak ziren ihesi.

        Etzen guti salbatzea, bainan gaixoek ederrik ikusi behar zuten bidean lauzpabortz egunez. Alabainan jatekorik etzuten ez-eta jateko zerbeitekin truka zezaketen deusik! Beren aingeru begiraleek etzituzten utzi uruski: nolazpeit aphezpikutegiraino heldu ziren bizirik eta osorik. Eta han badakizue zer galdetu zuten lehen-lehenik? Berritz lekhu beretarat itzultzea.

        Do etzen denbora nola-nahi galtzen dutenetarik segurki eta halere. Salbaien artean iragana zuen denbora puxkan, jadanik guti edo aski hango mintzaira ikasia zuen... eta bereziki mendiz mendi bidexka bat atxemana zuen nihor ohartu gabe ibil zitakeena. Egia erran bide hori bortitza zen arras bortitza, eta bertzeak baino luzeago, mendealalderat itzuli luze bat egin behar baitzen, bainan nihungo tratularirik etzelakotz hartan egundaino menturatzen, etzuen irriskurik. Guzien buruan bide hura hautatu zuen beraz Nere Jaun Cuenotek bere misionesten salbaietarat igortzeko...

 

aurrekoa hurrengoa