www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Banhar deitu salbaiak
Jean Elizalde, «Zerbitzari»
1936

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Inazio Mujika Iraola.

 

 

aurrekoa hurrengoa

HOGOITA HIRURGARREN KAPITULUA

Aita Combesen heriotzea

 

        «Hil aintzinean bortz gizonen bathaiatzeko zoriona banu! Hamabortz laguni katixima puska bat ikasten ahal baniote, zoin gogotik eta gogotik kanta nezaken Nunc Dimittis!» Horra zer aditu diotan, behin baino gehiagotan, Aita Combes maiteari. Jainkoak aditu zituen haren othoitz saminak. Eta handizki aditu oraino! Zerurat xuxen-xuxena igorri zituen hainberze haur aiphatu gabe, eri zirelarik bathaiatu zituen bi aitaso xahar eta onez bertzalde, hogoita hamalau lagun bazituen bathaiatuak, eta hogoita hamalauak girixtino onak ziren. Horren gainerat katixima ikasten bazabilzkion hogoita hirur ikasle larri, eta segurki hauk ere gei onak iduri zuten. Bazoaken beraz bakean, Eta Jainkoak ongi baino hobeki frogatzeko, berak hala galdetzen zuelakotz, deitzen zuela Aita Combes, eritasunik etzion igorri eta katixima egiten ari zelarik hartu zuen.

        1857garrena zen: buruilaren hamarra. Aita Verdier joan zen Koxamerat eta han bi egun iragan zituen gostuan Aita Combesekin. Hamalauean nere lagunak etxerat itzultzeko elheak hasi zituenean, Aita Combesek erran zion kofesa zezan: «Ez naiz arras-arras fleitean eta behinere ez dakigu zer gerta dakikegun!» Eta kofesatu zen. — «Nahi duzu hemen egon nadin, Aita Dourisbourek Kontrangeko lanak bakharrik egin detzazkenaz geroz?» — Ez du balio. Zer gerta ere kofesatu nahi nuen: Zoazi». Eta joan zen hartan Aita Verdier.

        Hain xuxen horra nun egun hartan berean Cochinchinatik Koxamerat heltzen zaioten... Aita Bao. Europako eta alde guzietako eskutitzez mando bat bezala kargatua heldu zen Koxamerat. Bazituen guretzat bainan gehienak Aita Combesentzat ziren. Hautarik batean jaun aphezpikuak jakinarazten zion Aita Sainduak aphezpikutzat hautatu zuela eta beraz, oro utzirik, lehenbailehen zoan Cochinchinarat, karguak hartzeko. Arrunt lotsatu zen Aita Combes. Zerbeiti suspixturik, aspaldi fidatua zautan sekulan etzuela holako kargurik onhartuko. Beldurrak hil othe zaukun beraz gure nausi eta adixkide ona? Hainitzek hala uste dute, bainan dakienak daki. Dena dela, berri hori ikasi zuenean, gainerateko eskutitzeri etzioten behatu ere. Egun guzia, behinere ez eta, llhun-ilhuna iragan omen zuen, nihori elhe bat egin gabe. Arratsean katixima hasi zuen halere, gosturik ederrenean. Hain maite zuen katiximaren egitea! Bainan ikasleak etzituen bertze arratsetan bezen luzez atxiki, etzela arras trenpuan erranik. Kanporat zoazin beraz purrustan ikasleak, harrabots bat entzun zutelarik katiximategitik. Berritz jauzian sartu ziren oro, beldur gaixto batekin, eta Aita Combes lurrean atxeman zabal-zabala, jada elherik ez ezagutzarik gabe. Aita Bao deithu zuten berehala. Hunek oliodura sainduak eman ziozkan. Azken othoitzak bururatu orduko, Aita Combes hila zen! Hogoita hamabi urthe zituen doidoia. Orok uste ginuen behingo nausi eta gidari baginuela harekin. Jainkoak etzuen hala nahi. Aita Combesen orena ethorria zen.

        Bainan, ongi behatuz, zer heriotze benedikatua! Horra misionest gaixo bat. Bakhar-bakharrik bizi da bere salbaiekin. Bere aphezlagunak ez ditu urrunetik urrunerat baizik ikusten ahal. Supituki bezala hil behar du, aphez baten deitzeko denborarik gabe. Bainan Jainkoak behar diren guziak eginen ditu: lehenik Aita Verdier igorri eta Aita Combes kofesatuko da. Jada heriotzea bidean da eta misionesta egundaino bezala bakharrik. Bakharrik? Ez, ezen nihork uste gabean Aita Bao heltzen da nunbeitik, azken laguntzen emateko aski goiz. Oi, Jainko maite eta ororen nausia, zoin ona zaren haatik! Sinhestearen hedatzen dabiltzanak nola laguntzen ditutzun! Begia nola atxikitzen diozuten! Sekulan ahanzten banu guretzat duzun amodio ezin sinhetsiskoa, Jauna, ihar bekit eskua, eta ahoan geldi mihia zure laudatzetik ixiltzen banaiz!

        Berri hau herrian hedatu zenean, oro nigar marraskaz hasi ziren xokho guzietan. Euria jauts-ahala ari zen, bainan halere laster jendez bethe zen hilaren etxea. Irrisaren zain ziren bizkitartean gizon gehienak; atabalek lasterka itzularazi zituzten herrirat Erran gabe doa burua galdu zutela kasik girixtino berriek eta girixtinotzerat zoazinek halako aita galdurik. Gau guzia etziren handik higitu eta nigar egitetik ixildu...

        Denbora hortan Aita Verdier eta nik ez ginuen segurki holako heriotzerik gogoan. Biharamun arratsaldean gure bethiko lanetan ari ginen bi mandatari Europako eskutitzekin ethorri zauzkularik. Bazuten ere Aita Baoren hitz labur bat. Etxeko berrien irakurtzen hasi ginen lehenik hurrupaka. Hain goxo da urrun denean aita, amatto eta etxeko guzien berrien ukhaitea! Noizpeit irakurtu gintuen beraz Aita Baok igorri lau hitz irakaragarri hauk: Aita Combes hil da!

        Ortzia karraskan gainerat erori balitzaut ez nintzen gehiago harrituko. Egundaino ez nuen gogoan erabili holakorik gerta zitakeela ere. Adixkide handiak ginen alde batetik Aita Combes eta ni, eta bertzetik hura ginuen gure nausi eta gidaria. Nola deusik egin haren argiak gabe? Zorigaitzak lehertua, nigarrez hasi nintzen purrustan. Bainan bihotza laster altxatu nuen halere eta Jainkoari oihu egin nuen: «Jauna, zuk eman zinaukuzun: zuk hartu daukuzu. Bai, egina izan bedi Nausiak nahi duen bezala eta bethi, bethi benedikatua izan dadiela Haren izen saindua!»

        Berehala Koxamerat joan behar nuela segurki, bi mandatarieri galdetu nioten segi nindezaten. Baietz. Bainan ni lasterka nindoan, etzauzkidan jarraikitzen ahal izan eta berehala elgar galdu ginuen. Egiazki su nuen. Ilhuntzeko bidetze ederra eginik, Moneyen nintzen, Bla dakizuen ibaiaren kontra. Ez nintzen han baizik ohartu odol-edaleak gerriraino lothuak nituela eta dena odoletan nintzela! Ibaia arras loditua zen hain xuxen aintzinetako euriteekin. Nihork ez ninduen lagundu nahi izan bertzalderaino. Debaldetan lehertua nintzen beraz: gauaren nahi eta ez han iragaiterat bortxatua nintzen. Eta hala egin nuen. Bainan biharamunean argiko berritz bidean nintzen, eta lohi, euri, sasi eta ororen gatik Koxamen zazpi orenetako.

        Nere beha zauden salbaiak. Zer begitartea egin zautedan! Hitzik nihorekin erran gabe jada banakien orok nere bihotzmina erdizkatu nahi zutela. Bainan girixtino berriek, Aita Combesen umexurtx dohakabeek unkitu ninduten gehienik. Gozoki nigar egin ginuen elgarrekin. Etziten arras lotsa, Josepen hobiaren gainean ezarriak nituen hitzak errepikatu niozkaten: gu ez garela esperantzarik ez dutenak bezala!

        Jada kutxan sartua zuten Aita Combes bere aphez jauntziekin. Nik egin nituen ehortzetak. Koxamen egungo egunean ez dute oraino ahantzia misionest bihotzdun eta kartsu hura. Salbaiek berehala ahanzten dituzte oro: bizkitartean noiz-nahi bat edo bertze ikusten dut Aita Combesen hobirat joana, belhauniko othoitzean ari...

 

aurrekoa hurrengoa