www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Festegunetarako irakurraldiak
Sebastian Mendiburu
1740-1767, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Mendibururen idazlan argitaragabeak, Sebastian Mendiburu (Patxi Altunaren edizioa). Euskaltzaindia, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

XXX.
Santu guzien eguneko irakur-aldia

 

Gaudete, et exultate, quoniàm merces
vestra copiosa est in coelis. Matth. 5,12.

 

Gaia: Nai badugu, badagikegu Santu berak diña.

 

        «Egungo festa bakarrean sartzen ditugu», dio Benerable Bedak, «zeruko Santu guziak, Santu zerua atsegin ta poz egiñik uzten dutenak, Santu munduko gaisoei laguntzen dienak, eta Santu Eliza honraz bete dutenak». Eliz eskerdun onak al duen gisan honratzen ditu bere honrari Santu berak eta dezaken guziei banaka, biñaka edo zenbait batean artzen dituela egiten die urteko beren festa berezia; baña guziei ez, zeren urtean ez den artako guzientzat behar liraken diña egun, ez eta milletatik batentzat bat baizik artzen ezpaliz ere; bada zeruan arkitzen diran Santu martir berak ere badira, gizon jakintsu berridunak diotenaz, amabi millatan milla edo amabi milloi, ta urteko egunak irureun ta irurogei ta bost edo sei baizik ez dira, ta martir santuak baño agitz eta agitz geiago dira patriarka, profeta eta era ta bide guzietako Santu ta Santak, odol-isurzerik edo beste martiriorik bage zerura igan diran eta andik guzioi laguntzen digutenak; eta zeren berezki honratzen dituenekiko bezala, beste Santu guziekiko ere eskerdun ona den Eliz Ama Santa, al dituenak berez honratu ta nolerebait oriek ere honratu naiez egiten duena da urteko egun bat bereztea ta guziei fest andi bat egitea, ta fest onetan Jesusen Ama ta len honratu zituen Santu berak ea zerutiar beste guziak batean honratzea, ta hau da egungo egunean egiten duena; bada zeruan arkitzen diran andi ta txiki guzien festa da egungo fest hau.

        Garbiro ta santuki egin behar ditugu Santu berezi guzien urteko festak, bada hau da berez ere Santuei dagoten honra; baña besteak baño ere garbiroago ta santukiago egin behar dugu egungo hau, bada fest hau zerutiar guziak honratzeko ez ezik, lenagoko Santuen festetan egin ditugun utsak ateratzeko ere egiten den festa da, Erroman Aita Santuak klaratu dutenaz: ut quidquid humana fragilitas per ignorantiam, aut negligentiam in solemnitatibus, et vigiliis Sanctorum minus plenè peregit, in hac observatione sancta salvetur. (Ord. Rom.).

        Er onetan ta beste guziak baño obeki fest hau guk egiteko, bada besterik ere; bada Santu zerukoak honratzeko bezala geren onerako ere egiten dugu Santu guzien egungo fest hau; bada egiten dugu Eliz Ama Santari dagozkan gauzak eta guk gerok behar ditugunak Jangoiko maitagarriagandik errazkiago erdisteko. Jangoiko emallearen gisakoak dira emengo ondasundun onak ere, ta emengo ondasundun onegandik zerbait nai dezun aldian, billatzen dituzu al dituzun arganako arteko onak eta arteko berak ongi artuz ta honratuz behartzen dituzu ondasundunari zure alde hitz egitera; ta egungo festan honratzen ditugun Santuak geren artekotzat artzen ditugun, Jangoikoagandik elkar arturik errazkiago erdits dezaten guk eskatzen diogun ta nai duguna. Hau da Eliz berak ere gaur esaten duena: ut desideratam nobis tuae propitiationis abundantiam, multiplicatis intercessoribus, largiaris. Orra, bada, zeruko guzien gaurko fest-egun hau ango berak honratzeko ez ezik, gure on andirako ere da.

        Baña badakizu zer den Santuen fest hau ta urteko beste festak kontuz ta ongi egiteko egin behar duguna? Santuak beren festetan esaten digutena egitea. Zer da, diozu, beren festetan Santuak esaten digutena? S. Agustinek dionaz, dagigula berak egin zutena ta hau egiten dutenak dira, dio Santu Doktoreak, Santu beren festak behar den gisan egiten dituztenak. Eta ongi baderitzagu Santu berak egin zutena ta egin zutenari dagokan honra, zergatik egin behar ez dugu oriek len egiña? Imitari non pigeat, quod celebrare delectat (Ser. 47 de SS.). Zori oneko doatsu izan nai badugu, egin ere beharko dugu, ta nai badugu badagikegu, aldi onetan guk ekusi behar dugun bezala.

 

 

§ I.

 

        Zerura diran guziak ara dira, zeren alderagotik zenbait, eta beste zenbait zearka ta urrutiseagotik bazen ere, igan ziran Jesusen ondoren ta agitu zaien mendi gañ gogor batera jigant gizon andi indartsu bati darraizkola igaten diranei agi ta gerta oi zaiena. Mendiko egaletik mendi gañeraño badira zenbait bide: gañetik azpirañoko egi latz luze batetik da bata ta hau da arako biderik laburrena, bai ta gogorrena ere. Egiaren alde batetik bada beste bat bere zearkak eta zearka gogorrak eta aldapa pusk latzak dituena. Egiaren beste aldetik ere bada mendi gañerako bidea, baña zearka luzeak, agortegi gaistoak eta eguzkiaren berotz andiskoteak dituena. Mendiaren azpiko bazter guziak, bai ta mendiko bide bazterrak ere, arkitzen dira sugez, sierpez, artzez, otsoz, dragoiez ta animali izugarriz beteak, eta mendi ganerako bidez iges egiten ez dutenak eta artzen duten bidea utzi bage ez dabiltzanak gelditzen dira azkenean orietatik baten edo besteren ortz edo atzapar gogorrean, ta norbaitek andik urrikariz ateratzen ezpaditu, an gelditzen dira betiko galduak.

        Gizon andi jigant sendo indartsuak artzen duen bidea mendi egiko bide latz gogorrena da ta badabil mendi gañeraño bat ere gelditu bage ta atsedeterik ere egiten ez dutela. Besteetatik guti dira bide hau artzen dutenak. Zenbaitek arzen dute egi-saietseko biderik laburrena ta besteen aldean latzegia dirudiena ta beste guziak jiratzen dira beste aldekora. Bide batez ere ez dira mendi gañeratzen beren bideratzen diran guziak, baña ziriez nai balute, ara litezke aratzen diranak bezala. Eta orra zeruratzen diranei agitzen zaienaren aintzur ta itzal ezaguna.

        Zerua da, dakusazun bezala, mendi gañ Tenerifeko ta Olinpoko ta emengo beste mendi gain guziak ez ezik, odeiak, illargi, eguzki ta izar guziak ere azpian daduzkana, ta da zori oneko gain, aratzen diranen begiak baizik ekusten ere ez dutena. Aldap-egiz bezala ara daraman bidea da Jangoikoaren legez ta Ebanjelioko konsejuz egiñik arkitzen dena. Bide hau da debekaturik ez dauden atseginz, ondasun ta honrakuntz guziei beren bidea urratzen dieena. Bide hau da jigant andi Jangoiko-gizon Jesus maitagarriak lenbizitik asi ta eriotzeko bere azken horduraño beti eraman zuena, ta Jangoikoaren legeak dion guzia pits bat ere utzi bage ez ezik, Ebanjelioko konseju guziak eta zortzi doakuntz zori onak dioten guzia ere egin zuena; ta hau, profet guzien Profet Santu, errege guzien Errege Santu ta apaiz guzien Apaiz Nagusi Santu izandu zena ta oriei guziei ta gerozko relijioso eta ezkondu bage ta ezkondu guziei ibilliz edo hitzez edo Eskritura Santaz zeruko bide bat edo beste agertu ziena, ta berak nai dutena ar zezaten, diran guziak agertu zituena, berak beretzat den gogorrena artu zuena, ta sasi latzean dabillena ongi odolturik mendira igaten den gisan, arantzezko koroz burua, azot-ukaldiz bizkar guzia, esku-oñak iltzez urratu-josiak zeduzkala ta onazerik bageko ezur zatirik gorputz guzian etzuela bere biziko bidea bukatu zuena ta bere bizi guzian oñ bat ere artu zuen bidetik atera etzuena.

        Aldap-egi bereko bidez darraizko Jesus jigant andiari Eliz-gizon Obispo jaunak eta apaizak, bai ta eskonz-atsegintzak, munduko ondasunak eta honrak utzi ta Relijioren batean sartzen diranak eta an baruz ta otoitzez ta penitenziz ta anitz gauz onez beren buruak ongi nekatzen dituztenak ere, eta bere Relijioko gauzak zenbat ere obeki egiten dituzten, anbat alderagotik darraizko Jesusi bere aldap-egiko bide gogorrean.

        Gogortasunean aldap-egi onen urrengoa dirudien bidez dabiltza mundutik ateratzen ez diran anitz eta mundu berean ezkondu bage edo ezkondu ta zuzenkiago ta etsai galgarriaren ortzetik urrunago ibilli naiez, terzer ordenen batean edo maiz konfesa-komulgatzea ta beste gauz on anitz dakarren Jesusen Bihotzaren kongregazioan edo era bereko kofradiren batean sartzen diranak, sartzen badira izenez ez ezik, egiñez, lanez ta biziz ere kongregante ta kofrade onak izateko artu duten zeruko beren bidean oña obeki seguratzeko ta irabanz geiagorekin zerura igateko.

        Egiaren beste aldetik arkitzen den bidea da gañerako fededunak artzen dutena, bide ekusi ditugunak baño zabal-errazagoa dirudiena, zeren den Jesusen konseju ta kongregaz-kofraditako gauz on zenbaiten kargarik ez duena; baña hau da ekusi ditugun iru bideetatik agorren, amiltegi geien, zeruko argi gutien duena, Jesusi urrutienetik begiratzen dion ta Jesusen laguntz gutienik izan oi duena; ta orregatik izan oi da beste bi bideak baño agitz eta agitz bidari geiagoren galgarria.

        Ebanjelioko konseju, Kongregazioetako egiteko eta beste bi bide onetan izan oi diran zenbait gauz on karga dira, egia da; baña gurdian pirrillak, egaztiaren saietsetan egoak eta ontzian gañeko zur luze mastak, soketak eta itsas-oialak bezala; bada pirrillak astunak berez izanagatik, agitz arintzen dute gurdiko karga, ta idiak pirrillik bage eramanen lukeena baño karg agitz eta agitz andiagoa daramate beren pirrill astunekin, eta daramate laurdenik ere nekatzen ez dirala; ta egorik bage txoria ta oialik bage ontzia lebilken baño eunetan geiago ta errazkiago dabiltza egoekin txoria ta bere mast-oialekin ontzia.

        Gisa berean, bada, relijioko beren bota ersiekin zeruko mendi-egitik relijiotarrak eta egiaren bazter bateko bidetik beren kongregazioetako ta Ebanjelioko konsejuen karga guziarekin besteak orrelako kargarik ez duten beste aldeko bide zabalez dabiltzanak baño agitz eta agitz errazkiago dabiltza; zeren txoriak bere egoekin ta ontziak oial andi itsas-egalekin aizea bezala Espiritu Santuaren grazia ta laguntz andia artzen duten relijioko beren boto, kongregazioko egiteko-lan ta Ebanjelioko konseju zuzenen bidez ta kargaz. Baña beste bi bidez dabiltzanak bezala, zabalagoa dirudien hau artzen dutenak ere igan ditezke, berak nai dutela, egungo festako zerutiar zori onekoen lagun izatera, orain guk ekusiko dugun bezala.

 

 

§ II.

 

        Beste gauz anitzetan agitzen dena agitzen da animako gauzetan ere: besteak ekusiz gauzak egiten ikastea. Inglaterran ederki egiten dituzte sarrallak, gilzak, eskopetak, ezpatak, relojuak eta burdiñezko, bronzezko, zillarrezko, urrezko ta edozein gaiezko beste gauzak, eta gauz oriek egiten ekusi dituzten franzesak, katalanak eta beste bazterretako gizonak ikasi dute inglesen gisan gauza berak egiten ta sekulan inglesik ekusi ez duten zenbaitek ere inglesak egin dituzten gauzak ekusi ta ikasi dute era bereko gauzak egiten, inglesak adiña buru ez izanagatik bigarren egille zenbaitek beintzat. Hau emengo bazterretan guk ekusten dugun ta urrutiko bazterretan bizitu diranak an ekusi duten gauza da; bada Paraguaien bizitu diranak esaten dutenaz, andik sekulan irten-atera ez diran inditar buru ez andizko zenbaitek emendik eraman zaizten ta ekusten dituztenak bezalako gauzak, naiz musikako instrumenturik gaitzenak izan, naiz besteak, egiten dituzte, ta egiten emengo berak bezain polit ederrak edo ederragoak.

        Edozein beste gauzetan gertatzen dena agitzen da animako gauzetan ere; bada emengo Santu ta Santak egin zutena aditu ta anitzek egin du Indi berean, Txinan ta urrutiko beste bazter askotan ere aditu zutena ta egin dira an Santu edo Santa, ta orietatik dira Limako Santa Rosa, Japondar zenbait eta Santutako klaraturik ez dauden, baña Santu andien gisako gauzak egiñik Txinan ill diran zenbait prinzipe ta prinzes andi; bada oriek Jesusen izenean zeramazten neke gogorrak eta egiten zituzten gauz onak ekusi ta, Moskobiko enperador batek esan zuen an bertan ere: ekusi zituen neke ta lan oriek baño geiago arrituko etzutela ekusi balitu leneko martirio gogorren artean beren egunak bukatu zituzten Santu beren gauz andiak.

        Ez dut ukatzen martirio gogorrez ta odol isurtzezko ta penitenzi arrigarrizko bidez zerura igatea ez ezik, edozein bidez aratzea ere nekezko gauz eta lana dela ta gog-osoz ta ziñez lan hau egiten dutenak baizik aratzen ez dirala, Kristo Jaunak bein klaratu zuen bezala: Regnum coelorum vim patitur, et violenti rapiunt illud (Math. 11,12), ta al-ere diot ziñez ara nai dutenak arako dirala ta berak hau ziñez nai badute, arako, birtute andiz ta irabanz ederrez ongi beteak.

        Hau guk siñisteko ekus dezagun nolakoak ziran gure aitzinetik zerura igan diranak eta nolakoak garan gu, orien ondotik igan behar dugunok. Ezurrez ta aragiz egiñak gara gu, bai ta zerura igan diran beste guziak ere ta orietatik anitz beintzat gutatik geienak baño ezur-aragi meagoz ta minberagoz egiñak.

        Ala ere, birtuterako jaioak ziran oriek, diozu, ta gu baño errazkiago zebiltzan zeruko bide gogor ta aldap latz orietan. Amets egiten dezu edo zer diozu? Beraz zuri jai-igandean meza bat enzutea, illean bein edo birretan konfesa-komuniatzea, egunoroko errosarioa, goiz-arratseko ta egunaz zenbait aldizko otoitz laburrak, besteri berea ez kentzea, bekaturako bide txarretan ez sartzea, dezunetik zerbait behartsuari ematea, besterik begitan ez artzea, besteren txarkeri bat edo beste Jangoikoaren izenean barkatzea, utsik ez dagizun zere begi, mihi, beharriak eta animako ate-leioak zaitzea ta era bereko beste zenbait gauza txiki egitea baño gutiago kosta zitzaien S. Lorenzori bein ta berriz burdin zorrotzezko kakoz gorputz guzia urratzen ziotela ta gero su gañean batetik eta bestetik erretzen zutela bere egunak bukatzea, Santa Luziari inguruan su andi bat egiten ziotela ta ezpat zorrotz bat bularretik bizkarreraño sartzen ziotela illa gelditzea, Santa Felizitasi bere zazpi semeak banaka bere begietan milla tormenturekin iltzen ziozkatela ta gero laur illeko presondegi gogor bateko nekeen buruan burua kentzen ziotela emendik zerura igatea, ta eremuan edo konbentuan penitenzi arrigarrien artean anbati ta anbati beren egunak bukatzea? Beraz oriek eta orrelako beste guziak orrenbat nekerekin zerura igateko jaioak ziran ta zu adirazi ditugun gauza txikietarako ere ez?

        A!, baña gu, diozu, hume txikiz beteak eta geren bizi beharrarekin egiteko ta arazo andietan sartuak gabiltza eta ez dugu hastirik aditu ditugun gauza piskak egiteko ere. Baña zuk baño egiteko ta hume geiago dituztenak ere arkitzen dute gauza berak eta geiago egiteko hastia ta denbora, ta nai bazenu, arkituko zenuke zuk ere ta hastirik bagez uzten dituzulako aitzakia aitzaki ustel gezurtia da.

        Grin makurrezkoa zarala diozu ta aragi gaistoz jauntzia ta bizikide gaistoago batekin ezkondua. Eta munduan zenbat arkitzen ta zenbat eta zenbat zerura igan dira gaitzerako zu baño grin gaistoagokoak? Atsegintzetara zurea baño, berak dionaz, agitz makurtuagoa zen S. Agustinen gorputza ta al-ere eragin zion zeruko bere bidea, ta eragin zion nolanai ez ezik, Santu andiak bezala. Zure senarra baño agitz moldakaitzagoa ta baldanagoa zen S. Agustin beraren ait eta Santa Monikaren senarra, ta senarraren moldakaitzkeriak eta bizi gaistoak etzion nai bezain ongi bizitzen eragotzi Santari ta traba guziak urratu ta igan zen zerura agitz errazki ta santuki.

        A!, baña ez dut nik, diozu, oriek zuten adiña indar ta laguntz. Baña atozea, ta zergatik ez? Ez dezun aldian zer jan ta gose zaranean, zer egiten dezu? «jauna, duenari ta eman dezakenari eskatu». Ongi egiten dezu. Baña nor da zere grin gaistoak eskuratzeko, izaten dituzun tentantzak garaitzeko, egiten dizkitzuten txarkeri guziak eta bide bagenzak me-meki artzeko ta egin behar dituzun beste gauz anak egiteko behar dezun indarra ta laguntza duen ta eman dezakena? Izan diteken aberatsen ta emallerik andiena, zeruko ta lurreko Jangoiko bera, indar hau ta laguntza ta guk behar izaten dugun beste guzia guri eman naiez arkitzen dena ta len baño len guri emateagatik ots eta ots dagokigun ta esaten diguna: «Neketan arkitzen zarazten ta zerbaiten beharra ekusten dezuten guziok, atozte nigana ta nik kenduko dizuet zeren gañeko nekea ta emanen behar dezuten indar, laguntz ta beste guzia»: venite ad me omnes, qui laboratis, et onerati estis, et ego reficiam vos (Math. 11,28). «Ar zazue, bada», dio azkenean Jaun onek (eta dio zeruratzen diranak anitz alegin egin behar dutela dion sermoi berean), ar zazue, bada, zeruko bideko nere uztarria edo bizitz nekagarria, ta bizitz-uztarri, nai badezue ta zuek niri eskatu ezkero, nik arinduko dudana»: iugum enim meum suave est, et onus meum leve (ibid. v.23,30).

        Eta orra Jesusen humeak, zein egia, nai badugu, bai dagikegula Santu berak len egiña. Egin bezate, bada, egiteko bakoitzean berenean len Santu onak egin zutena: ofiziodunak, len ofiziodun S. Omobonok egiña, ta langille ta nekazari guziak S. Isidrok, onen emazte S. Maria de la Cabezak eta beste anitzek egina. Eta zori onekoak gu, hau guk egitera. Dagigun, bada, bakoitzak berea ta gutienean egin ditzagun len guk adirazi ditugun gauzak: bai arren, bai.

 

aurrekoa hurrengoa