www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Festegunetarako irakurraldiak
Sebastian Mendiburu
1740-1767, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Mendibururen idazlan argitaragabeak, Sebastian Mendiburu (Patxi Altunaren edizioa). Euskaltzaindia, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

VIII.
Apostol San Felipe ta Santiagoren
eguneko irakur-aldia

 

Vado parare vobis locum. Joan. 14.

 

Gaia: Betiko zori ona ta atsegintzak dakarz
Jangoikoaren izeneko nekanz onak.

 

        Apostol biren festa da Eliz Ama Santak gaur egiten duena. Apostol biak dira San Felipe ta Santiago bigarrena edo Españian predikatzen ibillia ta Galizian bere gorputza dadukana ez, baizik Jerusalenen Obispo izandua ta an bertan illa ta ortzia. San Felipe Jesusek lenen artu zituen Apostoluetatik da ta Santiago Ama Birjinaren aldetik Jesus beraren aldea.

        San Felipek agitz maite zuen Jesus maitagarria ta laster aski ta fite asi zen aren berria banatzen, berak bezala maita zezaten besteak ere ta orretarako eramaten zituen al zituenak Jesus maitagarriagana ta orien artean eraman zuen gizon jakintsu andi Natanael ta eraman zuen siñest-erazirik etorri zela Jangoikoak Israeldarrei agindua zedukan Mesias, ta Mesias hau zela beraren maisu maite Jesus.

        Jesusek ere agitz nai zion San Feliperi ta, beste guziak utzi ta, eremu batean anitz mil? andi ta txikiri jatera emateko, oni galdetu zion: «Nondik ekarriko dugu orrenbatentzat behar den ogia?». Gauz ageria ta guziak ekusten zutena zen Jesusen San Felipeganako ongi-nai hau ta jentil arrotz an agertu ziran zenbaitek, Jesus ekusi nai zuten batez, Apostol besteak utzi ta San Felipe billatu zuten, eraman zitzan Jesus maitagarriagana.

        Aidantzak berekin dakar maitantz-gai zerbait eta zeren beraren aldea zen ongi nai zion Jesusek Santiago bigarrenari, baña orregatik baño agitz geiago nai zion bere ontasun ta birtute andiagatik. Ardorik onek etzuen ukitzen, ez eta beste edari berogarririk ere. Aragirik etzen aren ortzetaratzen ta buruko ille billoaren berdinketak eta beste aisetasunak alde bat utziak zeduzkan onek; anima birtutez apaintzea ta bere egiteko guziak mugaz ta zuzenki bukatzea zen Santiagoren egun guziko langai osoa. Guziak ekusten zuten hau ta guziak ematen zioten Justo ta Santuaren izena. Zen ere ta; eta orregatik egin zuten San Pedrok eta Apostol besteak Jerusalengo Obispo, zeren Jerusalen arkitzen zen farisetar arroz, Eskrib mukerrez ta anitz milla beste gaistoz betea ta zerizten alako gizonak eskuratzeko etzela Santiago bezalakorik. Egia asmatu ta egin zuten aldiak eskatzen zuena, bada ogei ta amar urtez izandu zen an hau Obispo, guzien estimantz andiarekin, ta bestek ekusten etzuen toki santu Sancta Sanctorum zeritzan batean sartzen ere uzten ziotela. Santu hau emen Jerusalenen ta San Felipe Frijiako Hierapolin ill ta urteen buruan eraman zituzten bien gorputzak Apostol guziak Erroman duten Elizara ta geroztik an arkitzen dira.

        Bientzat bat bera da Elizak ematen digun ebanjeli santua, baña biei ederki dagotena; da alabaña ostegun santu arratseko egiteko andiak bukatu ta azken adio esate berean Jesusek Apostolu guziei esan zienaren zati bat eta zati onek esaten duena ta egungo Apostol biei besteekin batean adirazten diena da nekezko bere eriotzarekin idikiko zuela beretzat eta nai duten beste guziendako zeruko bidea, bai ta Espiritu Santuaren berak ganako bidea ere ta bakoitzari bere zeruan prestatuko diola irabazten duenaren saria ta tokia. Ara igan nai dutenen bidea dela bakoitzak bere egitekoa, naiz latza izan ta naiz ez, kontuz ta Jangoikoaren Legeak agertzen duen eran egitea ta era edo gis onetan hau egiteko Jangoikoari bere laguntza humilki ta erdits-uste onean eskatzea, bein ta berriz esaten diela erditsiko dutela era onetan eskatzen dutenak, zeudela kezkarik bage, besteen neke guziak bukatuko dirala, berarenak bezala, eta etorriko dela bera berriz beretzat artuko duten zori oneko tokira on guziak eramatera. Eta esaten dien guziarekin adirazten die betiko zori onean ta atsegintzan bukatzen dirala Jangoikoaren izenean artzen diran neke guziak. Egi hau ekustea da gaurko gure egiteko guzia.

 

 

§ I.

 

        Minkor-minbera da mundura datorren edozein ta mingai guziak begitan arzen dituena, arzen ezpaditu dakarten on-ondasunen baten ustez edo min ta gaitz gogorragoren beldurrez. Gis onetan behar den bidez ta ongi arzen ditu birtutedunak bere neke, gabenz, kezk, oñaze, tristur, erinz eta mingai guziak, bada arzen ditu onez, Jangoikoaren izen-amorean ta betiko bere tormentu izugarritik iges egin ta eternidade guziko poz-atseginzak irabaz ta erdisten dituela, bada hau egiten duena Jangoikoaren adiskide graziduna da, ta grazidun; ill ondoan bazterzen dituena emengo, sulezeko ta beste neke guziak ta erdisten sekulako zori onak, atsegintzak eta ondasunak; eta atsegintz, ondasun ta zori on andiagoak erdisten ditu mingai ta neke andiagoak mekiago ta obeki artzen dituenak.

        Agitz andiak izan behar dute gaurko santu San Felipek eta Santiagok artu zituztenak, bada andi gogorrak izandu ziran batak eta besteak Jesusen izenean emen egin zituzten gauzak eta neke-tormentuak. Badakizu zein andi-gogorra? Adi zazu.

        Eszitia zen bere predikurako ta Apostolu onaren egitekorako Espiritu Santuak San Feliperi berezi zion bazter andia. Bazter onetan bizi diranak mundu guzian arkitzen diran jenda-girorik gogorren ta mukerrenetatik dira. Orien artean ibilli zen Santua bere Apostolu denbora beintzat geienean, jakin behar zutena erakusten, beren oikura gaistoak kentzen, onak ar-erazten ta egin behar zituzten gauzak eragiten ta ango kasi guziak kristau egin ta ondu arte guzian etzen atera Eszitar orien artetik. Zenbat neke-izerdi, zenbat gos-egarri, zenbat kezka eta naigabenz arte orretan or San Felipek izandu zituenak? Nork adirazi? Uts egiteko perillik bage esan dezakeguna da orietatik ark an anitz eta asko ta agitz andiak izandu zituela, ta agitz eta agitz andiagoak dirala orien alde orain berak zeruan dituen atsegintz garbi ta ondasun gloridunak.

        Baña zein ere andiak izandu ziran San Feliperen Eszit-arteko egiteko ta neke gogorrak, agitz andiagoak izandu ziran bere bizia Hierapolin kendu zietenak. Frijia deritzan probinziko erria da Hierapoli hau. Erri onetako gizonak, Eszitarrak baño gogorragoak izandu ziran San Feliperentzat, bada kendu zioten Eszitarrak utzi zioten bizia ta kendu zioten sekulako bizi ona ta zeruko bidea oriei agertzen zien aldi berean. Eszitiko bere lana bukatu ta joan zen S. Felipe bere lan bera Frijiko erri ta bazter guzietan egitera ta Frijitarrei erakustera Eszitarrei erakutsi zien lege berria ta zeruko bidea, ta Hierapolin hau egiten hari zen batez lege ta bide gaistoren bat agertzen balie bezala, deabru sutuak amur-erazi ta josi zuten gurutze batean beraren maisu maite Jesus judatarrak bezala ta an zituen neke gogorrak neke arin laburrak izan balira bezala, eman zioten arri ta arrika ta etzuten utzi beren arrika erdi ler ta illa utzi arte guzian. Lan gogor itsusi hau etzen izan erriko guziena; jentil itsu gaistoena izandu zen. Baziran horduko an gure lege santa artu ta bataiaturik arkitzen ziranak eta aren illtzalle gogorrak andik kendu ziranean, gorputz santua artu ta eraman zuten zegokan obira ta an ortzi ta lurtatu zuten al zuten honrarik andienean ta beren erakusle ona galdu zutelako damuz, negar anitz egiten zutela.

 

 

§ II.

 

        Santiago, ekusi dugun bezain ona ta ongi ekusia izandu zen Jerusalenen ta Jerusalendar guziak zekiten bezala egun geiena Elizan zeraman gizona zen, ta gizon ango bere otoitz luzeekin belaunetan kamelu latzaren larrua bezain kallu gogorrak egin zituena ta gizon, zuen birtute andiagatik Jerusalendar anitz aren soñekoaren ertza bazen ere ukitu naiez bere ondoren zerabiltzana ere. Etzuten guziak siñistu ark esaten ziena, ez eta Jesus berak illerazi zutenaren Jainkonza ere ta zeren egi hau askotan ta maiz agertzen zien ta zeren egiak agitz sumintzen zituen, nekepe artatik beren buruak atera naiez, artu zuten beren Obispo ta Apostolu onari bizia kentzeko asmoa, ta egun batez ilzear zuten zakur amurratu bati bezala arrika eman ta.

        Aldi artan etzen baña nolerebait illik uzteko asmoan gelditu ziran ta beren asmo gaisto hau etzuten utzi illik hura ekusi arte guzian. Artako bein besoetan artu ta, zeren horduko larogei ta amasei urteko gizona zen, Eliz-tellatura eraman ta bota zuten golpez lertu-illa utzi naiez. Gain artatik urrun zen azpiko lurra ta golpez lertu ezpazen ere, belaunak autsirik eta ezin zebilken eran gelditu zen. Zer egin zuela deritzazu era artan bere burua ekusi zuen Apostol santuak? Sendaleren bati ots egin edo lan hura egin zutenei erriertan eman? Ez bada, egin zuena zen burua ta besoak zerura goratu ta Jangoikoari esatea: «Jauna, ekusten dezun lan hau nerekin egin dutenak ez dakite zer den egin dutena ta barkatu behar diezu beren bekatua».

        Aren otoitz hau aditu ta zer egin zutela uste dezu beraren etsai judatar gogorrak? Len baño ere sutuagoak gelditu ta batak bestea berotzen zutela garrote bat eskuan zuenak aren ondora joan ta golpe batez burua urratu ta illik uztea. Orra zein andiak egungo Apostol biak Jesusen izenean eraman zituzten neke ta tormentu gogorrak. Eta orra zein meki ta behar bezala biak artu-eramanak. Zergatik ote? Jesus berak adirazia dadukan ta orain guk ekusiko dugunagatik.

 

 

§ III.

 

        Afalondoan ostegun santuz ekusi dugun gisan egin zien Jesusek Apostol bereei ta guri agitz dagokigun sermoi andi bat. Beste anitz gauzen artean bere sermoi artan agertu zituen guri geren neke ta naigabenz guziak ontzat ar-erazteko diran zenbait gauza. Orietatik bat da Jesusek berak gugatik eta guri geren neke-lanak ongi artzen erakusteko egin zuena. «Munduko gaistoak naigabetzen zaituzten aldian», zion horduan Jesusek, «gogora ekarri behar dezue lenago berak nerekin egiña ta zuek baño len ni begitan artu ta naigabetu ninduela ta esan dizuet len ere ta orain berriz diot, nagusia ta jauna baño geiagokoa ez dela aren eskupeko mutilla ta niri, zuen Jaun ta Nagusiari, barkatu ez didatenak ez daudela zuei barkatzeko» (Joan. 15,18). Eta bidenabar adirazten die berak bere neke guziak artu zituen eran artu behar dituztela berenak beraren eskupeko ta eskolako guziak eta artu behar dituztela Jangoikoaren izenean ta me-meki. Hau egitea ezin izan diteke gauza agitz gogorra, bada edozein semek edo mutillek ere egiten du beraren aitak edo nagusiak egiten duena ta ez da mundu guzian Jesus bezalako Aitarik eta Nagusirik arkitzen.

        Geren neke-lanak guri onerazteko Jesusek agertu zuen bigarren gauza da gaistoen aldetik datozen neke guziak ontzat artzea zeruko bidez dabiltzanen lana dela. «Bai», zion Jesusek, «gaistoen bidez dabiltzanetatik baziñazte, etzinduzkee begitan artuko gaisto berak, zeren gaistoak maite dituzten beren gisako beste guziak. Artuko zaituzte bada begitan gaistoak eta txarkeriz ta bidebagez beteko, zeren etzarazten orien erakoak eta zeren nik orien artetik atera ta neretzat artu zaituztedan»: Quia verd de mundo non estis, et ego elegí vos de mundo, propterèa odit vos mundus (ibid. v. 19). Eta guk ere Jesusek beretzat artuak eta zerurako gaudenak garala ekusteagatik, pozik ar ditzakegu nondik-nai datozkigun neke-lan ta naigabenz guziak.

        Gure nekeen arintz onetarako Jesusek agertu zuen irugarren gauza da neke berak onzat eta mee-meki artzearekin orien artzalleak Jangoikoarekiko irabazten duena. Badakizu zer? Jangoiko beraren ongi-naia ta maitantza: «Nere esanak sinisten dituena, nik diodana nere izenean egiten duena ta nere amoreagatik bere neke guziak meki artzen dituena ta hitzez ta lanez ni maite nauena maite du nere betiko Aitak», dio Jesus maitagarriak: ipse enim Pater amat vos, quia vos ,me amastis et credidistis quia ego à Deo exivi (Joan. 16,29). Emen ere pozik egiten dituzte gizonak Erregeri atsegin egiten dioten gauzak, gauz oriek izanagatik neke andikoak eta agitz gogorrak. Eta nork ez du hau bera egin behar Erregeen Errege Jangoikori atsegin egiteagatik? «Hau da oraindañokoan Jangoikoari atsegin egin dioten guziak egin dutena, beraren izenean anitz neke ta naigabenz artzea», dio Juditek: omnes, qui placuerunt Deo, per multas tribulationes transierunt (Judith c. 8).

        Gure neke lanak arintzeko Jesusek agertzen digun laugarren gauza da etorkizun onaren ustea. «Nekepean izaten dituzuen naigabenzak eta isurtzen dituzuen negarrak ekarriko dizkitzute», dio Jesusek, «atsegintz eta poz andiak eta agituko zaitzue semez erditzen den andreari agi-gertatzen zaiona, bada hau ere bere erdi horduan arkitzen da oñazez, nekez ta naigabez betea, ta erdi horduko, naigaberik bage ta agitz poztua; eta andre erdiarena ez, baizik nere izeneko nekeei darraiten atsegintza da», dio Jesusek, «oso betikoa»: et gaudium vestrum nemo tollet à vobis (v. 20 etc.).

        Bai, Jesusen izenean onek eta meki emen beren neke-lanak daramazten guziak hau egin-aldian irabaziko dute beren grazi-zatia, ta grazi-zati bihotza pozez beteko diena, ta oni dagokan geroko atsegintz garbi betikoa. Hau ongi ikasi zuenak bezala esaten digu egungo Apostol Santiagok: «Legezko nere senide fededunak, siñes zazue», dio, «zori onekoak zaraztela ta atsegin-gaiez ongi beteak, anitz tentaldiz nekaturik zeren buruak ekusi ta»: omne gaudium existimate, fratres mei, cùm in tribulationes varias incideritis (Jacob. 1, 2), bada horduan nekazari on baten erakoak zarazte zuek eta nekazari onak bere ereintzako, jorrako ta nekezko beste lan guziak pozik egiten ditu, ereñi zuenetik udan bilduko duela deritzanaren ustean. «Zaudezte, bada», esaten digu Apostol santuak, «asaldatu bage zeren neke ta naigabenz guzien artean, neke ta naigabenz ongi ta Jangoikoaren izenean ereiñitik edo me-meki eramanetik datozen graziaren ta Jangoiko bera bere glorian ekusteko ustean»: patientes igitur estote, fratres, usque ad adventum Domini (v. 7).

        Eta guk geren neke-lanak, etsaien tentantzak eta andik edo emendik datozkigun naigabenzak era onetan artu ezkero, bagaudezke nekazar-erelle ona baño sosegantz eta uste obean, bada orrek bere ereintzak eta neguko ta uda berriko lanak ongi eginagatik udan arki diteke uste zuena bage, zeren arrak, mamorroak, arriak, agorrrak, suak, ganaduak edo beste zerbaitek galdu duen ereñi ta jorratu zuenetik zetorren guzia, baña gure neke-lan ta naigabenz meki artutik datozen grazia ta gloria, guk geren naiez ta bekatuz galtzen ezpaditugu, segur-segurki guganako dira, ta guk geren lan hau ta beste guziak behar den eran egin ezkero, esan dezakegu Apostol S. Pablok ziona: «bere aldian emanen digu Jangoiko Juez zuzenak geren lan on guzien saria»: reddet mihi Dominus in illa die iustus index (coronara iustitiae): 2 Tim. a. 8.

        Eta hordu artan anitz baño geiago eman naiez ematen digu Jangoikoak, aberats urrikalti onak ereinzekorik ez duen nekazariari bihia ta erein-garia bezala, aldian aldiko ona ta nekea. «Bai», dio Eskritur Santak, «Jangoikoaren eskutik da leuna ta latza, behartza ta ona edo ondasuna, bizia ta eriotza»: bona et mala, paupertas et honestas, vita et mors à Deo sunt (Eccl. 11,14). Eta geren ereintzak eta beste lanak ongi egiten ta geren neke-lanak meki eramaten Jangoiko berak laguntzen digu, ta laguntzen guk eskatzen diogun indar guziarekin, bada esaten digu Jesusek, eska dezagula erdits-uste osoarekin ta erditsiko ere dugula hau guzia: quodcumque petieritis... hoc faciam (Joan. 11,13). Eta eskantz hau da nekatu-tristatuak arkitzen garan aldietarako egungo Santiagok erakusten diguna: tristatur aliquis vestrum, oret (Jacob. 1,15). Hau bera da berak ere bere nekerik andienean ta zanko-belaunak autsirik zetzala ta iltzeko puntu berean egin zuena: otoitz eta otoitz, ekusi dugun bezala, Jangoikoari egitea.

        Eta orra non betiko zori ona dakarten Jangoikoaren izenean meki ta pazienz andian artzen diran emengo neke-lanak eta orra bidenabar zenbat Jangoikoaren arintz eta leuntz duen era orretan artzen dituenak. Ar zazu gis orretan oriek artzeko asmoa, ta ala artu zituzten egungo bi Santu andien izenean eska zagozu Jangoikoari ill artean zere asmo orretan bi Santu berak bezala irauteko grazia. Bai arren, bai.

 

aurrekoa hurrengoa