www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Festegunetarako irakurraldiak
Sebastian Mendiburu
1740-1767, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Mendibururen idazlan argitaragabeak, Sebastian Mendiburu (Patxi Altunaren edizioa). Euskaltzaindia, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

XXV.
Jesusen Amaren
jait-eguneko irakur-aldia

 

Maria, de qua natus est Jesus. Matth. 1.

 

Gaia: Atsegin-gai andiak dituen eguna da
Jesusen Amaren jait-eguna.

 

        Jangoikoak agertzen ezpadu, guk ez dakigu zori gaistorako datorren edo onerako mundura datorren bakoitza; ez eta, askotan beintzat geroago ta geroago ere, gero guk hura zori on-gai anitzen artean ekusi ta ere; zeren anitz izaten diran zenbait urteko zori onen buruan zori gaistoko eriotz baten atzapar gaistoan beren egunak bukatzen dituztenak eta ez dakigun era berekoa, agitz gaistoagoa, ona edo nolakoa den jaiotzen den onen, aren ta bestearen begira arkitzen den erioa, ez eta luzaro bizi beharra edo laster illen dena den ere gaur, bigar edo beste egunen batez jaioko den aur-gizakumea.

        Ungariko ta Bohemiko errege Ladislaok uste zuen beraren seme prinzipe Franziko erregeren alabarekin ezkontzeko zegonak beraren ondoren izan behar zuela anitz urtez Ungari bereko ta Bohemiko errege; baña aren emaztegaiaren eske zazpi eun zaldun ta laur eun dama gazte igorri ta bidaldu zitueneko, gaitz gaisto batek artu ta egun gutiren buruan ill otza utzi zuen aren seme erregegaia. Dabiden seme Absalonek anitz urtez Israelgo errege izan ustez ejerzitu andi bat bildu ta asi zen egun batez pelean, baña pelea bukatu bage gelditu zen arte batetik dindilirik hurkatu bat bezala ta lantzaz josi ta illa. Sodomarrak eta Gomorrako guziak eriotzaz azturik eta anitz atsegin zikiñen artean sartuak bizi ziran ta zeruko suren beldurrik bage ta su arrigarri bat andik jaitsi ta bat-batean utzi zituen auts egiñak. Era berean bizi ziran patriarka Noeren denboran munduko guziak eta Noe bera ta beste zazpi bizirik utzi ta, beste guziak itoak utzi zituen aldi artan zerutik jaitsi zen euriak eta itsasotik atera zen uarre izugarriak. Eta len ta geroztik ere zenbaiten zori oneko eriotzen artean arkitzen dira zori gaistoko anitz eriotz, eta hau ta hura ta beste zenbait jaio berriak ekusi zituztenak etzekiten zer zorikoak izan behar zuten batak eta besteak.

        Etorkizun onen berna, bada, beste guziena bezala Jangoikoak beretzat gorderik dadukan gauza da, ta gauz Jangoiko berak agertu ta baizik, mundukok ezin jakin dezakena ta Jangoikoak bein edo berriz ezpada agertzen ez duena. Agertu dituenetatik bi S. Joan Baptistari ta egun jaio den Jesusen Ama Birjinari dagoztenak dira. Ara bein S. Joan Baptistari dagokana.

        Agorra zen Sant Isabel ta hau ta onen senar Zakarias humerik bage zarturik arkitzen baziran ere, aingeru batek agertu ta eman zion Zakariasi Jangoikoaren mandatu hau. «Zure andre zar Isabelek izan behar du seme bat eta Joan da zuk zere seme oni ezarriko diozun izena, zure seme hau izanen da zure poz eta atsegintz andirako datorren humea, ta hume beste anitzi ere atsegin eginen diena; bada onen jait-egunean jaio delako berriarekin munduko anitz poztuko dela»: et multi in nativitate ejus gaudebunt (Luc. 1,14). Eta poztu ere ziran, zeren Jangoikoak beren barrenera adirazirik ezagutu zuten gauz andiren baterako zetorren gauza zela aur jaio berna.

        S. Joan Baptistaren jaiotza baño jaiotz agitz eta agitz andiagoa izandu bazen ere Jesusen Amaren jaiotza, lenbizian egin etzuen onenak San Joan Baptistarenak diña soñu ta ots; baña hau ere Jesusen Amaren aita San Joakini agertu zion aingeru berak edo besteren batek, eta agertu zion bera ta beraren emazte Sant Ana Zakarias ta Sant Isabel bezala zartu ezkero ta humez etsirik arkitzen ziran denboran. Jesusen Ama jaio berri hau Jesus beragatik mundura zetorren aurra zen ta adirazten dugun bezalakoa izanagatik onen jaiotz-izanza, estali gordea egondu zen Jesusen jait-horduraño ta Jesus jaio zelako berria aingeruz, izarrez ta erregez Jangoiko berak munduan banatu arte guzian ta berri hau aditu ezkero ikasi dugu guk ere zenbat balio duen gaur jaiotzen den Andre Mari Birjinak. Eta ekusi nai badezu zenbat atsegin-gai dakarren gaurko egunarekin jaio zen Jesusen Ama onek, atoz nolakoa zen ta nola zetorren ekustera.

 

 

§ I.

 

        Gorputzez ta animaz nolakoa zen jaio zeneko Jesusen Ama ez da erraz guk adiraztea. Aren horduko edertasunetik zerbait ekusteko dagikeguna da Elizako maisu andiak dioten zer edo zer kontuz ekustea. Ekustekoa da edo erneki aditzekoa Jerusalengo patriarkak esana, bai ta Santo Tomasen maisu Alberto Magnok diona ere. «Jesusen Ama jaio zen hordu berean agertu zen», dio patriarkak, «Jangoiko berarena bezalako argiz edertua»: vultus B. Mariae statim, ac nata est, reluxit splendore quasi divino (ap. Thesph. in Marial. punct. 3, n. 16), ta Jangoikoaren argia ederregiz bezala ezin ekusi diteken (edo zatika baizik ekusten ez den) argi edertasuna da: lucem habitat inaccessibilem (1 Tim. 6,16); bada Jangoikoaren edertasunaren erako edertasuna bazen Jesusen Animaren aurpegiak jaio zeneko agertu zuena, jaio berrian ere zein andia Jesusen Amaren edertasuna ta ekus-gaia?

        Anitz da, dakusazun bezala, Elizako maisu jakintsu onek diona, baña ez da Jesusen Amaren jait-horduko edertasunari dagokan guzia; edertasun guzi hau nolerebait agertzen diguna bigarren maisu Alberto andia da; hau guri agertzeko ara onek diona: «Bere jait-hordutik izandu zuen», dio, «Jesusen Amak emaztekik munduan izan dezaken edertasunik andiena»: ipsa habuit summum in pulchritudine, quod pos-sit esse in corpore mortali (Ser. sup. Missus est); eta hau onela bada, aurpegian ez ezik bere gorputz guzian ere jaio zen horduko izandu zuen Jesusen Amak Jangoikoaren edertasuna zirudien edertasuna, ta edertasun ezin andiagoa. Berez ere onelakoa zen Jesusen Amari zegokan edertasuna.

        Bai, izan ziteken andiena zen Jesusen Amatako zetorren Andre Mari Birjinari zegokan edertasuna; zegokan alabaña beraren Seme Jangoiko-gizon Jesusek izan behar zuen edertasunaren erakoa ta Jesusek gero bere Amagandik artu zuen edertasuna da gizonek izan dezaken edertasunik andiena; ala da, dio Espiritu Santuak Dabiden ezpañez: speciosus forma prae filiis hominum (Ps. 44,3). Eta izan behar zuen bere Seme Jesusen edertasunaren erakoa Ama Birjiñaren edertasunak, zeren berez ere amagana ematen duten semeak: filii matrizant, eta zeren Jesus aitarik bageko ta ama baizik izandu etzuen gizona zen; ta orregatik zen Amaren aintzura baizik etzuen gizona.

        Jesusek artzeko, bada, bere Amaren edertasunaren erako edertasuna ta edertasun ezin andiagoa, izan behar zuen begiz, ezpañez, arpegiz, eskuz, prinzez ta beste alde guzietara ezin ederragoa; bada bestela ezin izan ziteken Jesusen iduri ta aintzur guzikoa, ez eta Alberto Magnok zion edertasunekoa edo emaztekik izan dezaken andienekoa ere.

        Bestela ere jaio ta bereala Jesusek ekusi behar zuen lenbiziko gauza zen beraren Ama Birjiña, ta Ama Birjiñak izan behar zuen ekuskai ezin obea ta ezin ederragoa. Beste alde Jesus jaio berri bera lenbizikorik ekusi behar zuten begiak ziran beraren Amarenak eta izan behar zuten begirik ederrenak. Jesusi lenbizikorik eta geienetan eskuan ta oñean apa edo muñ egin ta bere aurpegiko printza ukitu behar zioten ezpañak bere Amarenak ziran; Jesus trosatu, apaindu, seaskan eratzarri, andik artu ta batetik bestera erabilli behar zuten beso-eskuak Jesusen Amarenak ziran; ta orregatik ziran ezin egokiagoak edo ezin ederragoak izan behar zuten ezpain-esku-besoak.

        Jesus Sakramentatuaren itzal-figura-mana zen Jerusalengo Elizan arkitzen zen gauzarik andiena ta al-ere etzuen nai Jangoikoak apaiz edo eliz gizon egin ta urbil zekion bere itzal aldera ere eskuz, begiz ta gorputzez behar bezalakoa zena baizik; eta nola naiko zuen bere sabelean, bere besoan ta bularrean erabilli behar zuen Ama ez izatea izan ziteken politen, egokien ta ederrena? Eta era onetakoa zegikela, zegiken bezala, nola egin naiko zuen Jangoikoak beste gisatakoa?

        Etzegokan lan hau, ez, Jangoiko den bezain ongille maitariari ta Jangoikoak bere Amari adiña nai zion egilleari. Egin zuen, bada, Jangoikoak Jesusen Ama ta jaio zen hau, Alberto Magnok dion bezala, jaio ziteken aurrik ederrena, ta Jerusalengo patriarkak zion bezala, jaio zen jainkotasun beraren edertasunez jauntzia zirudiena; ta orregatik jaio zen, S. Anselmok dion bezala, agitz ekustekoa, agitz txarmagarria ta agitz maitagarria: pulchra ad videndum, admirabilis ad contemplandum, desiderabilis ad amandum. Eta orra zer atsegin-gaiak bere jaiotzan gañetik ere Jesusen Amak agertzen dizkigunak.

        Baña zein ere oriek andiak, ez dira barrendik agertzen zizkigunen laurdenak ere; bada jaio horduko barrendik agertzen digu Jesusen Amak bere Konzepzi garbiko grazi, birtute ta ondasun guzia, bai ta gerozko bederatz illetan bere Amaren sabelean berak egin zuena ere; bada denbor artan etzen izandu Jesusen Amaren anima, gureak bezala, itsua ta zer egiten zuen etzekiena; gu alabaña geren amen sabelean ez ezik, jaio ta urrengo urteetan ere adimentura bage ta zer egiten genuen ez genekiela bizitu giñan; baña Jangoikoak egin horduko arkitzen zen Jesusen Ama gero jaio ta anditu zenean bezain adimentuduna, ta Jangoikoak etzion geldirik egoteko ain laster eman Jesusen Amari adimentua, ta puntu bat ere galdu bage, geroz haritu zen Jesusen Ama Jangoiko berak nai zuena ta irabazi agitz andiak egiten zituela, ta andiak ez ezik, anitz eta anitz ere izandu ziran bere jait-hordurako egin zituenak; eta zeruko irabazi orietatik txikienak edo bere asieratik zekarren edozein grazi zatik ditu gorputzaren edertasun guziak baño mil-mil-milletan atsegin-gai geiago ta geiago.

        Erregeen amak eta erregiñak beren-pekoen begietan agertzen diran aldian agertzen dira, lenbiziko aldian beintzat, len ez bezala ta agitz apaindu edertuak; Andre Mari Birjina bere jaiotzan agertu zen Jangoiko-gizon Jesusen Amatako ta munduko guzien ta zerutarren Erregin izateko zetorrena bezala, ta orregatik agertu zen edergarri berriz ta horduraño izandu zituen grazi ta birtute guziak baño birtute ta grazi agitz eta agitz andiagoarekin; ta bere animan zekarren ondasuna ta edertza ekusten zuten aingeru onak arritzen zituela ta ikusten zuten guziak pozez ta atseginez urtuak utz zitzaken bezala.

        Hau guzia onela dela zuri siñis-erazteko aski da Doktore jaunak dioten egi bat agertzea, ta oriek dioten egia da, jaio ta bereala ill baliz Andre Mari Birjina, Jangoikoak berez eman zion grazizko ondasunagatik eta berak bere Amaren sabelean egin zuen irabaziaren alde igan-eraziko zuela zeruan arkitzen ziran aingeru ta tronu ta serafin guzien gañera, zeren oriena baño andiagoa zen horduko ere Jesusen Amak zuen grazia ta irabazia. Baña aingerurik txikienak ere pozez ta atseginez illak utziko baginduke, den bezala ta duen graziak ematen dion edertasunarekin, hura guk ekusten bagenu, izanik den diñakoa bere jait-hordurako Jesusen Amak duen grazia ta ondasuna, mundu guziarentzat zer atsegin-gaia Jesusen Ama gorputzez eta animaz onen ederraren jaiotza? Ekusten dezun bezalakoa.

 

 

§ II.

 

        Hau bera obeki ekusiko dezu ekusi ondoan nola datorren Jesusen Am eder jaio berri hau. Zein ederra den ekusteko Jesusen Amaren etor-aldi han, egizu kontu etzela ill, ill zen bezala, len aipatu dugun Ladislao erregeren semea ta Franziko errege Karlosen alaba artu ta eraman zutela Ungariko kortera edo Pragara beraren eske joan ziran zaldunak eta damak. Gauza zein ederra ta atsegin-gaiez betea erregin onen ango sartzea; bada sartuko zen zazpi eun zaldunek eta laur eun damak erdian artzen zutela ta bidea erakusten ziotela; baña nolako zaldunak eta damak arekin horduan hau eginen zutenak?

        Ungariko ta Bohemiko ta Austriko ta Pasauko itxe andietako jaunak edo semeak ziran aren eske joan ziran zazpi eun zaldunak eta orien erakoak eta billatzen zuten erregin-gaiari zegozkanak laur eun dama gazteak. Zaldunetatik bakoitza ezkontzeko zegon errege seme bera bezain ederki jauntzia ta laur eun damak, erregin-gaiak balira bezala, apaindu ta joiaz beteak. Zeramazten karrozak arkitzen ziran urrezko iltzez josiak eta perlaz ta diamantez agitz edertuak.

        Oriek guziak, bada, ekus-gai zein atsegingarriak, beren erregin berria erdian zutela, Presburgon edo Bohemiko korte Pragan sartu ta kalez kale zebiltzan aldian, ta leioetatik eta balkoietatik eta beste ekustegi guzietatik begira zeudenak arritzen zituztela erregeen jauregira zuzentzen ziranean; ta orien guzien gain zein ekustekoa erregin bera, ingurutzen zuten damak baño agitz ederkiago jauntzia ta apaindua, beraren dama berak baño urre ta zillar ta perla ta Indiko arri eder geiago bere soñean zituena ta dama berak eta beste guziak baño karroz agitz ederragoan jarria.

        Baña erregin-gai onek hau guzia egin ta ere, eman zitzaken atsegin-gaiak zeruko ta lurreko Erregin-gai andi Andre Mari Birjinak gaur bere jaiotzeko agertzan ematen duenaren aldean nagargaia da. Adi zazu ezperen gaurko onen agertza ta len ekusi zuten aingeru berak bezala arriturik esanen dezu: «Ta zein da artizar eder bat bezala goizik jaiki ta agertzen zaikun aur jaio berri hau?»: Quae est ista, quae progreditur quasi aurora consurgens? (Cant. 6,9); bada artizarrarentzat beste izarrak dirana dira Jesusen Ama jaio berriarentzat zeruko aingeru ta lurreko andre ta gizon guziak eta guziekin agertzen da bere jaiotzan Jesusen Ama beste izarrekin artizarra bezala, ta esan dezazun, atoz hau kontuz ekustera.

        Artizarra baño len datoz gau guziko izar txiki anitz eta planeta eta guzien erregin egiña bezala dator artizar bera, ta dator dakarren argiarekin ta agertzen duen egunarekin bazter guziak pozez betetzera ta agertzen duen eguna beraren ondotik datorren eguzkiak dakarren argia da. Era onetan, bada, zeruko aingeru ta lurreko on hordurañoko guziak etorri dira lege zarreko ta lenagoko denboretan ta bekatuaren gau illunetan, ta orien ondotik dator gaur agertu edo jaio den Elizako artizar Jesusen Ama maitagarria, ta dator bere ondoren ekartzeko ta bere eskuz guri emateko Eliz bereko eguzki eder Kristo Jaunaren graziko eguna.

        Beren izenak dituzten izarrak eta izar ederrak dira artizarraren aitzinetik datozen ta artizar bera agertzen denean argirik bage bezala gelditzen diranak; eta beren izenak dituztenak eta grazi ederraren ta birtuteen argiz guztiz apainduak arkitzen dira Elizako artizar Jesusen Ama jaio baño len agertu diran aingeru ta onak, beren artizar zori oneko hau agertu horduko argirik bage bezala ta. illunbe belzean sartuak diruditela gelditzen badira ere.

        Eliz-zeruko artizar ta Erregin andi onen aitzinetik datozen lenbiziko izarrak dira gerrako beren nagusi andi S. Migelekin, zeruko serafin, kerubin, birtute ta beste aingeru guziak, bakoitza bere izenekoa ta grazi ta birtute agitz andikoa. Orra zer guardiak Erregin-gai Jesusen Ama jaio berriak bere aitzinetik dakarzenak.

        Orien ondotik datozenak dira lege zarra baño lenagoko patriarkak eta orietatik zenbait sei eun ta zortzi eun urte ta geiago zituzten gizonak, eta al-ere gizon sendor zuzenak. Orien artean datoz Abrahan, Isak, Jakob, ta orien ondotik orien beren odoleko ta lege zarreko beste on guziak.

        Oriei zerraiztela zetozen lege bereko profet andi ta txiki guziak eta orien artean Isaias, Jeremias ta Dabid esaten zutela beren eran; Isaiasek: «Orra or jaio den ori da zigor loraria dirudien Erregin andi bat, lore eder batean paradisuko on guzia eda Jangoiko-gizon bat eman behar duena»: egredietur virga de radice Jesse, et /los de radice ejus ascendet (Isai. 11,1). Jeremiasek diona da: «Orra or ekusten dut nik zori oneko zigor orretan bazter guziei ongi-nai ederrez begiratzen dien Jangoiko-gizon bera begi egiña»: virgam vigilantem ego video (Jer. 1,41). «Eta orra», dio Dabidek, «orra Siondik datorren zigor Erregin ori da Jangoikoaren beso indartsuak baizik ezin zegiken gauza»: virgam virtutis suae emittet Dominus ex Sion (Ps. 109,2).

        Or datoz gero lege bereko dam andi Ester, Judit, Rakel, Susana, Debora, Abigail, Sara ta beste anitz, nor den orien ondoren datorren Andre Mari Birjina berak eginarekin adirazten dutenak eta beraren izenean esaten dutela lenbiziko biak; Esterek: «Jangoikoaren betiko maitanza ta grazia zori onean arkitu ditut nik»: inveni gratiam in conspectu ejus (Esth. 2,9); ta Juditek: «Guzia dezaken besoarekin lagundu dit Jangoiko berak (infernuko) Olofernes (deabru) berari burua urratzen»: fecit potentiam in brachio suo (Luc. 1,51).

        Azkenean datozenak dira Jesusen Ama beraren itxeko apaiz jaunak eta Aita Santu ta gerrari andiak eta errege andiagoak, eta orien ondoren ta tokirik ederrenean ta len adirazi dugun gorputz guziko ta animako edertasun ta argi guziarekin, Elizako artizar ta zeru ta munduko Erregin gaur jaioa ta Jangoikoaren Ama Birjina, bekatuaren gau illunean galdua datzan munduari bere Seme eguzki Jesusen egun ederra dakarrona.

        Zer atsegin-gaiak, bada, era onetan datorren Elizako artizar eguzki Jangoiko-gizonaren Am ezin ederragoaren jaiotzak munduko illunbean bizi giñanoi dakazkigunak? Ezin andiagoak. Eta zer eskerrak egiten digun onaren alde berari guk eman beharrak? Alik andienak eta bihotz agitz garbitu batetik atereak. Garbi dezagun, bada, guk artarako: bai arren bai.

 

aurrekoa hurrengoa