www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Festegunetarako irakurraldiak
Sebastian Mendiburu
1740-1767, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Mendibururen idazlan argitaragabeak, Sebastian Mendiburu (Patxi Altunaren edizioa). Euskaltzaindia, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

V.
Apostol S. Matias
eguneko irakur-aldia

 

Abscondisti haec à sapientibus
et revelasti ea parvulis. Matth. 11,25.

 

Gaia: Nola barruntatzen den bakoitzaren betiko zoria.

 

        «Zeru lurren egille jaun ta betiko nere Aita maitagarria, ezin uka diteke ta nai osoz aitortzen dut», esaten dio gaur Jesusek betiko bere Aitari, «estali gordeak dirala esku tarteko gauzen zerbait berri duten ta beren buruak jakintsu anditzat daduzkaten gizonendako oriekin ta besteekin zuk egin beharra; ta gauz oriek berak eta era bereko beste anitz agertu oi dieztezula lurreko jakintz andirik ez duten ta deusezetako beren buruak daduzkaten humillei. Bai, hau da zuk egin oi dezuna, txiki humillak anditzea ta arrotzar galduak oiñpe zerean sartzea ta illunbean ta muturrak austen dituela dabillena bezala bide makur galduan uztea».

        «Orra», zion gero Jesus berak, «nere Aitak utzi du guzia nere kontura, baña nere Ait hau nik beraren Semeak baizik ez du ezagutzen ta nere Aita bera baizik ez da berez ni ezagutzen nauenik eta norbaitek ni noizbait ezagutzen banau, izaten da nor nazan ni neronek ari agertu ezkero».

        Badio besterik ere Jesusek egungo Ebanjeli berean, baña esan dugun hau da Judas galduari ta aren ordez Apostolu egin zen S. Matiasi geienik dagokana ta gaurko gure egitekorako aski dena. Galduko zela Apostol Judas ta egiñen zela San Matias Apostolu etzekien mundukok, bata ta bestea Jangoikoak agertu arte guzian edo egiñik ekusi ta baizik, eta ara egungo Epistolan elizak dionaz nola egin zen hau.

        Jesus zerura igan ta Judas galdu ezkero, sartu ziran San Pedro ta beste Apostol amarrak Jesusen afaltegiko itxean, Jesusek esan bezala. Oriekin batean sartu ziran an beste anitz ere ta guziak zeuden Jesusek igorri-bidaldu behar zien Espiritu Santuaren begira. Baña etzeuden an geldirik, ez eta berriket alfer galgarrian ere; egiten zutena zen Jesusen Amak laguntzen ziela beren animak Espiritu Santuaren doaietarako otoitzez ta beste gauz onez prestatzea, ta doai oriek artu ta egin behar zutenerako beren neurri onak artzea ta bat beintzat artu zuten San Pedrok guziei hitz egiten ziela.

        Eun ta ogei bezala elkarrekin an arkitzen ziran batez zutitu zen Pedro ta guzien erdian asi zen hitz egiten. Ekarri zien gogora guziak zekitena ta agertu zien egin behar zutena, era onetan minzatzen zela: «Anai gizonak, badakizue ezin uts egin zezakela Eskriturak Dabiden ezpañez esan zuen aldian egiñen zuela Judasek egin duena ta salduko zuela eriotz gogorrerako bere eskuz maian jatera eman zion Jesus Salbatzallea, orretarako bera egin ta loturik Jesus eraman zutenen gidari ta buru. Judas hau gutatik bat eta Kristo jaunaren Apostol eginik gurekin bizitu da. Bere Maisu on Jesus saldu ta artu du eskatu zuen dirua, bai ta beraren salze gaistoari zegokan saria ere, bada amurratu baten gisan hurkatu du bere eskuz bere burua ta hurkabe berean anditu ta lerturik bota du bere barren guzia, Jerusalendar guziak badakite hau, bai ta geiago ere. Onen toki ustuan sartu behar dit beste batek, bere Salmariz Jangoikoak adirazia dadukan bezala, ta sartu behar du egin duenaren berria duen ta Apostol besteen gisan Jesus beraren biziaren ta biztanzaren testiguntza eman dezakena. Orra emen orrelako bi, Justua deritzan Josef Barsabas ta Matias».

        Hau San Pedrok esan ta belaunikaturik eskatu zioten humilki guziak Jangoikoari ager zezala bietatik zein zen Judas galduaren ordez bere Apostolutako nai zuena ta gero suerte egin ta atera zen S. Matias Apostolua ta S. Matiasek egin zuen bere bizi guzian Judasek galdu ezpaliz egin beharra ta igan zen gero Judasek galdu zuen zeruko katadera ta glorira, beraren bizitz onari zegokan bezala. Ara igan nai badezu, izan zaitez arako daudenen aintzurakoa ta atoz zer aintzur den aintzur hau orain ekustera.

 

 

§ I.

 

        Nornai beldurturik uzteko gauza da Judas gaistoarekin ta San Matiasekin Jangoikoak egiten duena. Badakizu zer? Zerura nai etzuen Judas utzi ta San Matias zerurako artzea. Baña zergatik da hau nornai beldurturik uzteko gauza? Zeren nori nai ta edozeini gerta dakikeon, aldi onetan Judasi agitua edo zerura ez igan naiez besteri ango bere katader-silla uztea ta besterik aren ordez ara igatea; ta iganen ere da zu igaten ezpazara, bada zuk zerura igan nai badezu, badu Jangoikoak an zuretzat katader prestatua ta katader, zu ara ez iganagatik jartzalle bage geldituko ez dena. Amabi ziran Apostol jaunen kataderak, etzuen berera Judasek igan nai izandu ta aren ordeko artu zuen Jangoikoak ara nai zuen San Matias. Eta ango beste kataderetara nai ez dutenen alde ta ordez artuko ditu ara igan nai duten beste anbeste. Hau guri siñist-erazteko da Erregeren eztei-kontua edo parabola, bai ta Jangoikoak Filadelfiko Obispoari gaztigatu ziona ere.

        Errege batek bere semea ezkondu zuen aldian deitu zituen bein ta berriz itxeko bere ezteitara ezkontzaren berria zuten ta artako ziran zaldunak, baña ez aditu egin ta edo aitzaki txarrak billatzen zituztela, gelditu ziran ara bage ziran guziak. Hau ark ekusi ta igorri-bidaldu zituen zenbait mandari erriko karrik eta bide guzietara ta jalez beterazi zituen ezteitako mai guziak. Jesusen ezteiak dira zeruko atsegintz eta gloria ta ara nai ezpadezue zuk eta bestek, billatuko ditu Jangoikoak zuen ardeñak eta beteko ditu ango kataderak, bada Jangoikoa da ango Errege eztei emalle ta Errege, nai duena noiznai dagikena.

        Hau bera adirazten du Filadelfiko Obispoari Jangoiko berak gaztigatuak. «Begira», gaztigatu zion Jangoikoak Obispo oni, «begira, ekusi ditut nik zure ibiller, egiteko ta lan guziak eta ekusi dut txikia dela dezun birtute ta grazia: scio opera tua... modicam birbes virtutem (Apoc. 3,8), ta ori galtzen badezu, orra zu betiko galdua. Gorde bada ta ongi gorde dezun piska, nai ezpadezu daraman bestek, Jangoikoak zuretzat dadukan zeruko gloria: tene quod habes, ut nema accipiat coronam tuam (v. 11). Hau ari Jangoikoak gaztigatzea zuri ta niri adiraztea da bestek artuko duela guk galtzen badugu Jangoikoak guretzat dadukan zeruko koroa ta katadera.

        Alegin anitz egin ezkero ta ezin-bestez bezala utzi zion Jesusek galtzen Judasi bere katadera ta Apostoltegia. Bere lan gaisto hau egiteko abian arkitzen zen arrats berean ta Ostegun santuko azken afarian esan zion Jesusek Judasi, baña bera izendatu bage ta Apostol guziekin hitz egiten zuela: «Siñis nazazue, bada egia diot, beti bezala, ta nik diodana da emen nerekin maian zaudeztenetatik batek saldu behar nauela. Illen naz ni munduko guzien onerako ta nere Aitak nai bezala, baña zori gaistoan jaioa ni saldu ta nere etsaien eskuetan uzten nauen gizona».

        «Jauna, ote naz ni», galdetzen dio ausardi andiarekin Judasek Jesusi? «Zu zara, bai», erantzuten dio isillik Jesusek Judasi ta alere begitan artu etzuela ari adirazteko ematen dio besteri ez bezala bere platereko salsan busti ta zopa bat. Baña hau guzia etzen aski izandu Jesusek Judasi galerazteko bere asmo galgarri gaistoa.

        Andik atera ta joan zen Judas Jesus lotu ta bere etsaien eskuan uzteko behar ziran soldadu ta beste gizonak biltzera ta bildu zituenen buru ta gidari egiñik joan zen Jetsemaniko baratzera, horduko an otoitz egiten hari zen Jesus lotzera. An ere afaltegian zena zen Jesus Judas galgarriarekiko. Atera zitzaion bidera, ontzat artu zion eman zion apa edo muin-musua ta hitz egin zion ongi nai zionari bezala, esaten ziola: «Adiskidea, zer da dakarzun egitekoa»: amice, ad quid venisti?

        Baña gaitzean gogortua arkitzen zen horduko Judas saltzallea ta Ebanjelariak dion bezala, arkitzen zen deabruz lotua ta nolanai ez, baizik barrendik lotua, bada Jesusen eskutik gaizki artu zuen bokadu onaren ondotik sartu zitzaion deabru gaisto amurratua ta artu zion gogoa ta bihotza: post bucellan introivit in eum Satanas (Ioan. 13, 27) ta hura zentzarazteko etzen aski izandu len ta gero Jesusek egin ta esan ziona ta galdu zen Judas ta galdu zuen berak nai zuela Apostol baten bere katadera ta zeruko gloria. Eta onen glori ta katader bererako artu zuen Jangoikoak San Matias Apostol berria.

        Uzten bagaitu Jangoikoak zu ta ni len Judas bezala, utziko gaitu, gal ez gaitezen, alegin andiak egin ezkero ta ez dira noski txikiak oraingotz ere egin dituenak, bada guk gaizkiren bat egin dugun aldi guzietan galdu dugu zerurako eskua ta deretxa, len berea Judasek bezala; ta zer egin ez dit Jangoikoak berez, bere Predikariz, konfesorez, gure adiskidez, libru onez ta anitz beste bidez esku ta deretx bera berriro guri ar-erazteko edo gu bekaturik bage ta bere graziarekin ekusi naiez? Eta ez dira noski Jangoikoaren oraindañoko alegiñak izanen guganako aren azken lan onak, berriz ere gu geren galtze berera ta leneko geren gaistagintzera edo besteren bat-eratzen bagara.

        Baña zori tristekoak gu, bekatuz ta gaistaginzez betetzen baditugu geren neurri guziak eta gariez egiten badiogu Jangoikoaren pazienziari, bada hordu beretik utziko gaitu geren bide galgarrian ta billatuko ditu guretzat zedukan tokia pozik artuko dutenak eta gure ordez sekulan ta beti zori onekoak izan behar dutenak, San Matias orain Judasen ordez den bezala ta billatuko ditu len San Matias bezala artako diran beste onak, ta billatuko Predikari, Konfesore ta beste gizonak artuz, Apostol ta Jesusen afaltegiko beste guziak len S. Matiasentzat artu zituen bezala edo berak berez ta beren barrenetan adirazten diela egin behar dutena ta bidenabar egin nai on bat ematen diela.

        Zer ote da zori on hau nai dutenak onetako egin behar dutena? San Matiasek aldi onetan egiña edo Jangoikoak berez, bere legez edo beste bidez adirazten diguna zuzenki egitea, zori on hau galtzeko beldurrarekin humilki bizitzea, geren lagunekin ta beste mundu guziarekin ongi etortzea ta Jangoikoari, ez gaitzala bere eskutik utzi askotan ta kontuz eskatzea, bada hau da San Matiasek Jesusen afaltegian egin zuena.

 

 

§ II.

 

        San Matiasek laster aski ikasi zuen emengo bere zori onaren berria, bada San Pedrok hitz egin ta laster gelditu zen Judas galduaren ordeko Apostol egiña ta beste Apostol amaiken artean sartua ta hau ark ikaste berean, ikasi zuen Jangoikoak artu zuela Judasek bekatuz galdu zuen zeruko katader egoki ederrerako ta bidenabar ikasi zuen gero bere aldian ara igateko egin behar zuena zela emen ongi bizitzea ta Apostol on baten lanak berezten zioten bazterrean zuzenki egitea. Egin zuen ark hau beti ta egin zuen artako ziran anitz milagro ta gauz andi egiten zituela ta hau egite berean ezagutzen zuen bere zori onerako bidez ta alde batera edo bestera makurtu bage zebillela.

        Zerurako dauden guziei ez die Jangoikoak oni ta Apostol besteei bezala ematen milagro txarmagarri ta gisa bereko beste gauza andiak egiteko eskua, baña ematen die beren gauzak zuzenki egiteko laguntza ta grazia ta Jangoikoaren grazi ta laguntz onekin egiten badute berak dagikeena ta Jangoiko berak nai duena, badute beren zori onaren bidez dabiltzalako barrunt-bidea.

        Jangoikoak agertzen diola baizik, ez daki batek ere zerurako den edo ez, baña arako daudenak barruntatzen dute arako bidetan arkitzen dirala ta barruntatzen dute, dio San Bernardok, ametsez ta gogo ariñak emanez ez, baizik bide onez ta gauzak diran eran ta ongi ekusten dituztela: data sunt signa quaedam et indicia manifesta salutis, ut indubitabile sit eum esse de numero electorum, in quo ea signa permanserint, ta señale orietatik bat da orain guk diogun hau edo beren artzai on Jangoikoaren txistuak deitzen dituen aldera joatea ta besterenari ez aditu egitea edo Jangoikoak adirazten diena bai ta besterik ez egitea: oves vocem eius audiunt (Ioan. 10,3) ...alienum autem non sequuntur (v. 5).

        Obea izanen da señale hau besteren hitza aditzean ta Jangoikoak diona ez egiteko bideren bat ekusten dutenean gelditzen badira Ostegun santu arratsez San Pedro ta Judas bezala ez, baizik beste Apostol onen gisan beldurrez ta ikaraz beteak, bada oriek ala gelditu ziran, len esan duguna Jesusi aditu zioten aldian edo Jesusek esan zienean: «Nerekin emen afaltzen dezutenetatik batek salduko nau ni» ta beren tristura beldurtiarekin ezin burutuz asi ziran galdeka ta Jesusi esaten: «Jauna, ta ote naz ni gizaki gaisto hau?»: et contristati valdè, coeperunt singuli dicere: numquid ego sum, Domine. Matth. 26,22.

        Zergatik uste dezu dirala onen beldurti zeruko bidez dabiltzan animak? Zeren onak diran ta guztiz maite duten Jangoikoa ta Jangoikoa bekatuz galtzeko beldurrak ikaratzen dituen ta urrutitik ekusten duten bekatu bideak edo itzalak ere beldurtzen dituen. Orregatik bada bekaturatzeko beldur ta ikar hau da bekatutik urrun ta zeruko bidez bat dabillelako siñu ta señale ageria.

        Era bereko señalea da bein bekatura zena damuz ta konfesioz bekatupetik atera ondoan Jangoikoa len galdu duelako damu andiarekin gelditzea ta leneko bere bekatuaren latz-tasuna ta miña gogoan erabiltzea ta bere hitzak Jeremiasi artu ta bihotz negarti batekin esatea: «A, ta gauza zein gazi-gaistoa den Jangoikoa utzirik beste gauzetan gogoa ezartzea edo ezartu izandua: malum et amarum est reliquisse te Dominum Deum tuum (Jer. 2,19).

        Hau da Apostol guzien buru San Pedrok egiña. Ostegun sant arratsez ollarrak bere kantak egin horduko utzi zuen Apostolu onek bere Maisu Jesus ta utzi ez ezik, anitzek aditzen zutela, egin zuen juramentu ezagutzen ere etzuela. Hau ekusi ta urrikaldu zen San Pedroz Jesus ta onezko begiz begiratu ta begitan eman zion bere bekatu itsusiarekin: et conversus Dominus, respexit Petrum (Luc. 22,61) ta San Pedrok bere bekatuaren itsustasunak izuturik eta bere Maisu ona utzi zuelako damuz erdi bi egiñik, iges egin zuen bere bekat-bidetik eta asi zen gaizki egiña negarrez urratzen: et egressus foras Petrus, flevit amarè (v. 62), negar berriak egiten zituen ollarraren kanta aditzen zuen aldi guzietan ta etzituen negarrak utzi gurutz batean bere bizia ta odola Jesusi zion amorez utzi arte guzian.

        Bere bekatua begitan artu ezkero, etzen biurt-itzuli San Pedro leneko bere galbidera ta ibilli zen beti Jesusen ondotik eta Jesusen bidea bein ere uzten etzuela. Hau len bekatura zenak egitea ta bere bekatuaren urriki-damua askotan berritzea, Jangoikoaren amoretik datorren egitekoa da ta zeruko zori onaren barruntantz guztiz egokia ta Jangoikoaren amorea. Eta orra zergatik barruntatzen duen zeruko bere zori ona edo zergatik erdi ekusten duen geroko bere zori on hau, bekatuz Jangoikoa galtzeko beldurrarekin edo noizbait len galdu zuelako damuarekin arkitzen den onak, zeren or bertan ageri den hau egiten duenak maite duela bere Jangoikoa ta prest arkitzen dela Jangoiko berak nai duena noiznai egiteko ta zeren zerurako dagona baizik ez den orretako prest arkitzen.

        Nai badezu, bada, zerurako zaudelako ezaguntz edo barruntantz atsegingarri hau, bizi behar dezu Jangoikoa noizbait aserretu zenuelako damuarekin, Jangoiko bera berriz bekatuz aserretzeko beldur andiarekin ta zere gauza guziak Jangoiko beraren izenean ta berak nai bezala egiteko asmoan ta asmoak dion eran gauzak egiten dituzula. Hau da San Matiasek eta San Pedrok egiña ta hau bera da zerura igan nai duten guziak egin behar dutena. Egizu, bada, zuk ere arako nai osoarekin arkitzen bazara ta egiten badezu, izanen dezu betiko zori onerako zaudelako siñu, señale edo barruntantz andia. Jangoikoak dizula hau ta hura San Matiasen gisan irabazteko grazia. Bai arren, bai.

 

aurrekoa hurrengoa