www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Festegunetarako irakurraldiak
Sebastian Mendiburu
1740-1767, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Mendibururen idazlan argitaragabeak, Sebastian Mendiburu (Patxi Altunaren edizioa). Euskaltzaindia, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

XVII.
Apostol Santiagoren
eguneko irakur-aldia

 

Potestis bibere calicem, quem ego bibitùrus sum?
Dicunt ei: possumus. Matth. 20.

 

Gaia: Geroko zori onaren ustean pozik artu zituen
Santiagok beraren egitekoari zegozkan neke guziak.

 

        Egungo gure Santu ta espaindar guzien Patroi Santiago, Ebanjelari S. Joanen anaia, Jesusen Amaren lengusu Salomeren semea ta Kristo Jaunaren alde ta Apostol andia da, ta Apostol, arranzako bere sareak prestatzen hari ziran toki berera joanik deitu ta artua.

        Bere Apostoltako ez ezik, artu zuen Jesusek Santiago egin zituen zenbait gauz andiren testigu berezitako ere; bada beste guziak utzi ta hau, bere anai S. Joan ta S. Pedrorekin eraman zuen bein sinagogako nagusiaren alab illa bizteko milagrora, gero Taborko mendian Jesus bera gloriz jaunzirik eta Moisesi ta Eliasi hitz egiten ekustera, ta azkenik il zen bezper arratsean Jetsemanin izerd-odolezko bere otoitzera.

        Azken aldi hau baño len aditu zioten Apostol guziak Jesusi munduaren juzganz egunean artuko zituela ta bere bi aldeetako amabi kataderetan Israelgo amabi tribu-probinzien juez egiñik idukiko. Ekusten zuten, dio S. Joan Krisostomok, Apostol onek eta onen anai S. Joanek beste guziei baño geiago nai ziela Jesusek, baña S. Pedro aitzina zekien beldur zirala ta aren ere aitziñean ta Jesusen alderago egon naiez eskatu zioten toki hau, dio egungo Ebanjeli santuak, eta eskatu, beren amaren ezpañez; bai ta, San Markosek dionaz, berak berez ere; bada esan don amak Jesusi: «Jauna, zure erreinu andian jar dedilla zure eskoi-aldetik nere seme bata ta ezkerraldetik bestea, an zure esku bi bezala ta lenbiziko gizonak izateko»; ta berak biak esan ziotena da: «Jauna, egizu arren guk eskatzen dizuguna, ta eskatzen dizugu, zere glorian ar gaitzatzula zere eskoi-aldera bata ta bestea beste aldera»: dà nobis, ut unus ad dexteram tuam, et alius ad sinistram tuam sedeamus in gloria tua (Marc. 10,37).

        «Ez dakizue zer eskatzen dezuten», erantzun zien bertan Jesusek biei. «Ez da anitz», esaten du S. Joan Krisostomok; «etzuten alabaña bukaturik ekusi gurutzeko misterio andia edo etzuten gugatik gurutzean illa ekusi bere Pasio santako neke ta tormento guzien buruan beren Maisu Jesus maitagarria, ez eta artu ere misteri andi hau bukatu ta Jesus illa biztu ta zerura igan artean jaitsi etzen Espiritu Santua; ta arte orretan edo beintzat arteko zenbait aldiz erdi itsuak bezala ibilli ziran egungo gure Santua, onen anai San Joan ta beste Apostol guziak, eta egin ere zituzten beren igeskak eta beste utsak. Ziran gisan gauzak ikastea ta egin behar ziran eran egitea egin zuten misteri andi hau ekusi ezkero ta Espiritu Santua artu ondoan; bada hordutik asi ziran Apostolu Jaunak utsik bage ta zuzenki gauzak egiten».

        Beren illunbeko ta usket denboran eskatu ziozkaten Jesusi egungo gure Apostol bi anaiak eta bien amak beraren urrengontzak eta urrengo kataderak, eta eskatzalle berei erantzun zien Jesusek: «Nere Aitak ematen dio bakoitzari irabazten duen ta dagokan egontza ta tokia; ta zuei aldi onetan ta zeren bizi guzian dagozuena da nik nerea bezala zeren egitekoa, nekez ta naigabez betea arkitzen denean ere, zuzenki egitea. Egin uste dezue?», galdetu zien gero bi anai berei Jesusek. Baietz eranzun zioten biak: possumus; eta egin ere zuten. Zein ederki Santiagok, gaur ekusiko dugu (S. Joanena beste eguneko egitekoa da). Eta ekusiko dugu bien eskanzen utsak bein ekusi ta.

 

 

§ I.

 

        Predikari on bat joaten zen al zituen predikari onak eta ez onak aditzera, ta esan oi zuen guziak erakusten ziotela ongi predikatzen: ez onak zein diran predikarien utsak, eta onak zein ongi predikatzeko bideak, predikari ez onen utsak utzi ta onen bideak artzeko; ta hau bera da guk gaur egin behar duguna: zein diran egungo Santu biak len eginikako utsak eta zein gero Jesusen eran bizitzeko artu zituzten bide ta neurri onak, uts berak utzi ta neurri ta bide onak artzen ditugula gu ere ibiltzeko Santu beren ta Jesusen eran. Ekus ditzagun onetarako bein bien utsak eta gero bide ta neurri onak.

        Egungo Ebanjeli santuan ekusten dugun eskanz Apostol bien amak Jesusi egiña utsduna da, ta utsdunagoa Apostol berak berez egin zutena; bada zerbait baizik etzion eskatu amak bere semeentzat Jesusi: accessit... petens aliquid ab eo: ta seme berak berentzat eskatu zioten eskala ta esan zioten Jesusi: «Jauna, eman behar diguzu eskatzen dizugun guzia»: Magister, volumus, ut quodcumque petierimus, facias nobis (Marc. 10,35).

        Orra zein makur eroa orien otoitz-eskantza. Eskatzen zioten Jangoikoari beren gogo arroak agertzen ziena, naiz eskalleei zegotena izan ta naiz ez, ta naiz ona ta naiz gaistoa aldi artan Jesusi eskatu nai zioten gauza: quodcumque petierimus. Era bereko eskantz eroak egiten diozte Jangoikoari eskatzen diozkatenak onelako toki ta egiteko arroa, alako itxe, ezkontz eta irabaz-bidea edo gisa bereko beste zerbait, baldin eskatzen badiote, egungo Ebanjelioko bi anaiak bezala, beren buruak ongi ekusi naiez edo beren arronzari ta aragiaren naikunz sutuari atsegin egiteagatik eta eskatzen dutena ukatu bear ez dienari bezala; zeren esana dadukan «Eska zazue ta emanen zaitzue», aldi artan hitzak dioten guzia Jangoikoak esan nai izandu balu bezala, ta ez «bear den bidez eskatzen dezutena emanen zaitzue»: ta ez da bear den eska-bidea, nai ta ez erdits uste dena bezala ta ekusi bage eskaleari dagokan gauza den edo ez Jangoikoari osoki eskatzea. Hau da egungo Apostol biak egin zuten uts, zere otoitzan zuk utzi bearra.

        Bigarren uts eskale berak egiña da beren eskanz makurrerako elkar artu ta lurreko bitarteko bat billatzea; bada bi anaiak aldi batez ta beren ama Jesusen alde urbilla beren egiteko berean sartzen zutela egin zioten Jesusi beren eskantz utsduna, nai ta ez erdits nai zutenak bezala. Eska-bide hau len ekusi duguna baño makurragoa da ta galgarriagoa, ta Dabidek utzi zuen gisan utz bearra. Bide galgarri hau uzteko Dabidek egiña da Jangoikoari argia ta laguntza eskatzea ta eskantz makurren illunbean utziko etzuelako uste osoan bere otoitz-eskantzak egitea: quoniam ipse liberabit me... à negotio perambulante in tenebris (Ps. 90,3).

        Irugarren uts egungo eskale biak egin zutena da gauz onak gaizki eskatzea; bada Jesusi eskatu ziotena zen beraren glorian berarekin egotea ta an egote hau gauz ona ta agitz ona da; baña ez nolanai ta irabaz bage ara igatea; hau alabaña urrutiko gauzen ta etorkizunen berriak, errebelanzak eta gis bereko beste gauz berak nai duenei baizik ematen ez dieztenak, Jangoikoari eskatzea bezala eta eskanz arro makurra da.

        Jangoikoagandik erditsi nai diran gauzak eskatu behar dira erdisteko diran beste guziak egiteko asmoan; ez da alabaña Jangoikoa gizonak bezala aidekuntzari ta hitz onei begiratzen diena; egiten diran gauz onen ta naikuntz beroen pagatzallea ta egille bakoitzari beraren lanei dagokan saria ematen diona da: reddet unicuique secundum opera ejus (Rom. 2,6).

        Eta zeren onenbat utsket zituen bi anaien egungo eskantzak, biei eranzun zien Jesusek: «Ez dakizue nola ta zer eskatzen dezuten; gaizki ta makur datorrena da zuen eskanza». Hau bera zuri esan ta eskatzen dezuna bage Jangoikoak utz etzaitzan, eskatzen diozuna eskatu behar diozu era bereko edo beste utsik bage ta eskatu humill-humilki; eskatu behar diozu Jesusen Ama edo beste zerutarren bat arteko arturik; eskatu behar diozu zure animaren onerako den gauza ta besterik ez; eskatu behar diozu eskatzen dezunak eskatzen duena egiteko asm osoan ta hau egiteko behar den laguntza ere eskatzen dezula; ta al-ere eskatu behar diozu zure urrikariz Jangoiko berak eman dezaken doaia ta ondasuna bezala; ta azkenean eskatu behar diozu zere utsak, egungo gure Apostol biak bereak bezala, ateraratzeko hitz-pean. Goazen orain oraingo Apostol gureak bere utsak nola atera zituen ekustera.

 

 

§ II.

 

        Beren eskantzako utsak agertu ondoan agertu zien Jesusek egungo gure Santuari ta beraren anai San Joani zeruko ondasun ta toki andiak irabazteko bidea, ta Jesusek agertu zien bidea zen berak zeraman bide bera edo al zuten guziei zeruko bidea agertzea, ta agerz oni darraikon neke guzirako prest egotea, Jesus bera prest arkitzen zen bezala; bada Apostol biak beren eskantz makur hau egin baño lentxeago esan zien Jesusek berei biei ta beste Apostolu guziei: «Ona, Jerusalena goaz ta saldu ta utziko naute ni sazerdoterik andien ta eskurik geiena dutenen ta eskriben ta lenbiziko gizonen eskuan, ta oriek ere kondenatu ta utziko naute Erromako juez emen arkitzen denaren eskuan, ta juez onen-peko soldadu arroak beteko naute histaz, burlaz ta eskarniz, bai ta listuz ta karkaisez ere, ta azotez erdi urratu ta josiko naute gurutze batean, ta ni an illa ekusi arte guzian berak ez dute andik oñik kenduko; baña bukatuko dira aldi artako nere neke guziak, biztuko naz ni ill ta irugarren eguneko, ta biztuko naz Eskriturak dioten ta nere lan oni dagokan zeruko tokira ta betiko nere Aitaren eskoi aldera igateko».

        «Nai dezue, bada, zuek zuen egitekoari dagokan nekezko lana egin, irabazten dezuten tokira gero igateko?». Hau guzia adirazi zien bi anaiei esan zien gaur Jesusek: «Edanen dezue ni edatera noana bezalako edari latz bat?»: potestis bibere calicem, quem ego bibiturus sum? Eta baietz eranzun zioten bat ere trikatu ta gelditu bage: possumus. Eta egin ere zuten. Ekus dezagun orain zein ederki egungo gure Apostolu Santu Santiagok.

        Egungo Ebanjelioko bi Apostolu santuak eta San Pedro izandu ziran, ekusi dugun bezala, Apostolu guzien artean Jesusek berezi oi zituenak eta izen berriz ere berezi zituenak; bada besteetatik bati ere etzion Jesusek izen berririk eman ta Pedrori eman zion izen hau; bada Simon zen len San Pedrok zuen izena. Zertako eman zion ark oni izen berri hau, ekusi genuen San Pedro beraren eguneko irakur-aldian ta egungo Ebanjelioko Apostol biei eman zien izena zen Boanerjes edo trumoi semeen izena, ta izen, Apostol batak eta besteak egin zuenerako agitz egokia. Goazen gaur gaurko gure Apostol santu Santiagok egiña kontuz ekustera.

        Odeietako trumoiak egiten dituzte bi gauz: bat da soñu izugarriz bazterrak ikaratzea ta dakazten tximistekin bazter berak agertzea; ta bestea ozpinarriz aritzak, arriak, paretak eta Elizak erdi bi egitea edo urraturik uztea; eta hau bera zen Jangoikoaren Trumoi-seme Santiagok egiten zuena: aditzen zutenei bere sermoiez argi egitea ta jakin behar zuten lege berria erakustea ta oriei berei beren bekatu guzien damuz bihotzak ardallaturik edo erdi bi bezala egiñak uztea.

        Espiritu Santua artu ta bereala asi zen Santiago Jerusalenen Jesusen ill ondoko bizkuntza predikatzen ta beraren lege berria agertzen ta erakusten. Jerusalendik atera ta joan zen hau bera Judako bazterretan ta Gallileeko errietan egitera ta bazter guzietan egin zuen bere egiteko hau Jangoikoaren Trumoi-semeak bezala, edo anitz eta anitz beren lenko uts-egite ta bekatu guziez ongi urrikituak Jesusen lege berrira zuzentzen zituela.

        Bere lan hau an bukatu ta etorri zen Italian barrena gure bazterretara ta egin zuen bere lan bera gure Espanian ere. Hau Españian egiten asi ta laster egin zuen Jesusen Amak munduan izandu duen lenbiziko Eliza; ta Eliz, Jesusen Ama bizi zela egiña, ta Eliz hau da Ama Birjina Pillareko Zaragozan arkitzen dena.

        Mairu belzaranen etortza galgarriarekin ta Espaniaren bost eun urte ta geiagoko jabentzarekin galdu ziran adin artako ta geroagoko gauzen berri geienak, guziak ezpa-dere; ta Apostol santuak hitzez ta sermoiez egin zuenaren berri guti dugu gaur guk; Elizak esaten diguna da Espaindar guzietatik zazpi bataiatu zituela. Ereintz txikia, baña Apostol besteak beste bazterretan egin zituzten andiak baño agitz eta agitz fededun geiago ekarri dituena; bada Santiagok bataiatu zituen zazpiak bataiatu zituzten beste Espaindar anitz eta anitz, eta beste oriek gañerakoak, eta orien ondorengo predikar onak Amerikan edo Indi berrian, Afrikan ta Asian ta munduko lau bazterretako itsas-isletan; nork daki zenbat milletan mil milloi; bada espaindar San Xabier batek bataiatu berak eun milla ta amar eun milla ta geiago dira, ta oriek ta adirazi ditugun beste guziak Santiagoren Españiko predikutik datozen fededunak dira. Orra norañokoa Jangoikoaren trumoi-seme onen argi egitea ta beldurtza.

        Hau Espanian ta beste bazterretan eragin ta eraman zuen berriz Jangoikoak Santiago hau bera Jerusalenen berriro egitera, ta egin zuen an hau beste bazterretan bezain ongi, ta ezin ekusiz hau anitz judatar gogorrek, eskatu zien Hermojenes ta Fileto zerizten bi etxizerori hitzez edo deabruz azpira zezatela Santiago. Joan zen Fileto bere alegiñak ari egitera, baña bere hitz onekin ta egin zituen milagro andiekin laster eskura zuen Santuak eta bataitu zuen Fileto. Hermojenesi hau Filetok esan zionean, amurratu bezala zen Hermojenes ta deabruz lotu zuen Fileto, baña bere oial edo mokader zuri bat igor-bidaldu ta askatu zuen Santuak Fileto ta eraman zuen bere aldera.

        Len baño ere amurratuagoa gelditu zen hau aditu ta Hermojenes ta esan zien bere lagun deabru gaistoei zekoztela lotuak Santu bera ta Fileto; baña Santiagok esan ta deabru berak Hermojenes bera eraman zuten lotua Santu beraren oñetara. Eta hau ekusi ta Santuaren hitzak aditu ta egin zen fededun ta bataiatu zen Hermojenes ere ta erre zituen sorgintzako bere libru guziak.

        Bide hau ustel atera zela ekusi zutenean, artu zuten beste bat judatar gogorrak eta erromatar soldadu zenbait isillik ara eramanik, Santiago, besteetan bezala, predikatzen hari zen batez asald-erazi zituzten bazterrak eta Josias zeritzan apaiz batek lepotik lotu ta utzi zuen soldadu gogorren eskuan Santua. Eraman zuten oriek errege Herodesen eskura ta onek judatarrei atsegin egiteagatik ill-erazi zuen Santua. Arako bidean milagroz sendatu zuen Apostol Santuak eri perlesidun bat eta pozik barkatu ta besarkatu zuen egiñaz damuturik barkanza eskatu zion Josias. Orra zein ederki egin zuen Santiagok bere egitekoa ta zein ederki edan zuen Jesusen gisan eman zioten erio gogorreko kaliza, ta orain zeruan badu Jesusen aldetik ez urruti bere bizitz eta eriotz onekin irabazia dadukan toki andi eder zori onekoa.

        Andik etorri ta ere askotan egin du bere kontura artuak daduzkan espaindarren alde trumoiaren semearen egitekoa ta bere zaldi zuriaren oñekin ta eskuko ezpatarekin ill ditu anitz milla mairu ta beste etsai, ta egin ditu anitz on bere espaindar beren alde. Eta noiznai egiñen du animako zure etsaiak azpiratzeko zuk eskatzen diozuna, baldin zuk egiten badezu berak len beretik bezala zuk zere aldetik alegiña. Egizu, bada, ta eska zagozu nai dezun guzia: bai arren, bai.

 

aurrekoa hurrengoa