www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Festegunetarako irakurraldiak
Sebastian Mendiburu
1740-1767, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Mendibururen idazlan argitaragabeak, Sebastian Mendiburu (Patxi Altunaren edizioa). Euskaltzaindia, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

I.
San Franzisko Xabier-en
eguneko Irakur-aldia

 

Euntes in mundum universum,
praedicate Evangelium omni creaturae. Mc. 16.

 

Gaia: Jangoikoak nai duena egiteko bidea
da nekez ta hilduraz bere burua eskuratzea.

 

        Bi mill urtez ta geiagoz Aingeruz adirazi zien Jangoikoak gizonei egin behar zutena, baña ez guzia, ez eta gizon guziei hitz eginez ere; bada gutitan ta bakan agertzen ziran Jangoikoaren Aingeru onak, eta horduan ere agertzen ziran bati edo besteri zegokan edo berak edo bestek utzi edo egin behar zuen zerbait adiraztera. Oriei berei ta munduko beste guziei sartu zigun Jangoiko berak geren bihotzean egin edo utzi behar dugunaren berri ta Lege, guzioi dagokiguna.

        Denborak joan ta Jangoiko berak ezar-erazi zion Moisesi guzien bihotzetako Lege hau Legeko bi arritan; begiz ekusiz gogo garbiak barrendik adirazten ziena, Israeldarrak egin zezaten oriek berak eta munduko beste guziok egin behar duguna. Obeki hau Israeldarrei eragiteko, igorri zien Jangoikoak bere Aingeru bat, eta igorri zien odei beltz izugarri batean sartua, suz ta garrez ingurutua ta bazter guziak urratu nai zituela zirudien tronpet-soñu bat berekin zekarrela. Era onetan, bada, banatu zuen Jangoikoaren Legea, bai ta Lege hau urratzen zutenei zegoten zeantza ta kastigua ere.

        Lege onekin batean eman ziezten Jangoikoak Israeldar berei Legeari aldi artan ta Jangoikoa gizon eginik mundura arte guzian zegozkan ofrenda, Zeremonia eta beste gauzak; eta horduko Zeremoni berak eskatzen zuten gisan Legeko gauzak egiten zituzten guziei egiten zien Jangoikoak anitz on, ta makur zebiltzanei zeantz eta kastigu izugarri andiak.

        Mill ta zortzi eun urteren ingurua da etorri zela gizon eginik Jangoikoaren Seme Jangoikoa; ta etorri zen bere Legeari Israeldarren denboran izandu zituen Zeremoni gaitz latzak eta beste gogortzak kentzera, ta orien ordez graziaren iturri eder zazpi Sakramentu uztera; ta utzi ere zituen, batzuek bere Pasioko neke tormentu andian sartu baño len, ta beste guziak illen artetik biztu ondoan ta Ait eternoaren eskoi aldera igan baña len.

        Jangoiko gizon Jesusek mundu guziarentzat agertu zuen Sakramentuz ta Sakramentu berak eskatzen dituzten Zeremoni leun errazez jauntzia gure Lege santa. Ill baño lenagoko iru urteak egin zituen lege hau hitzez ta milagroz banatzen, baña Israeldarren Probinzi edo Erreinu txikitik atera bage. Denbor orretan bildu zituen amabi Apostolu ta orien zenbait lagun, ta Zerura igan baño len esan zien igorriko ziela Espiritu Santua, ta hura artu ondoan egin behar zutela ekusi ta aditu zutena mundu guziari adirazteko bearko zena, ta orien hitzak aditzen zituzten guziak siñis zezaten esanen ziena, eman ere zien behar adiña milagro ta gauz andi egiteko eskua.

        Eta zeren Apostol berak eta orien lagunak ere zenbait urteren buruan ill beharrak ziran, oriei berei ta orien ondorengo Ait Santu ta Obispo jaunei utzi zien Predikari ta Erakusle berriak egiteko eskua, orien ondotik munduan eman zetzaten Jangoikoaren Lege beraren ta Legeko Sakramentu ta Zeremoni guzien berria.

        Gerozko Ait Santu bakoitzak, Apostol jaunen lan bererako berezi ditu anitz Predikari andi, ta orietatik bat izandu da San Franzisko Xabier, egungo gure Santu agitz milagraria, ta Santu, munduko goiztarren erri, isl, probinzi, ta erreinu andietan egin zituen erakuste, prediku ta gauz andiak gatik goiztar beren Apostol berriaren izena duena. Jakitekoak dira Santuak an ta beste bazterretan egin zituen gauzak, bai ta Santu berak gauz oriek baño len egin zuen beste bat ere, ta hau da gure onerako guk gaur ekusi behar dugun gauza.

 

 

§ I.

 

        Anitz eta andiak dira Ait San Ignazioren lagun egin zen alditik San Franzisko Xabierrek egin zituen gauzak. Mez-ematen asi baño len asi zen San Franzisko Xabier gauz oriek egiten, ta egin zituen esku tartetik utzi bage bere bizi guzian ta azken asnaseraño, ta egin zituen bein Venezian, Bolonian, Erroma berean ta Italiko beste erri askotan; urrengo aldian Portugalko erreinuan; urrengoan itsaso berean, Indietarako bidean, ta Afrikako zenbait isletan; gero Ganges ibai andiaren bi aldeetako Erreinu Inditarretan ta orien itsasoko isletan; gero Japongo Isl-Erreinu andietan; ta azkenean horduraño egin zituenak baño gauz andiago anitz egin naiez, Txinako Inperi arrigarrian sartzera zijoan aldian artu zuen zori oneko bere eriotzak eta eraman zuen Jangoikoak Zeruko bere Erreinu zori onekora, an ari, beraren honran ta munduko guzien onerako egin zituen gauz andien saria ematera ta eternidade guzian atsegin ta kontentuz beterik idukitzera.

        Apostol berriaren bere lan andi onetan haritu zen San Franzisko Xabier amar urtez Indi urrutikoan. Indi berean ta arako bide luzean egin zituen, geiago ezpada, ogei ta amar mill legua, oñez anitz, eta guziak bere neke andiarekin, ta itsasoan, idorrean, bidean, etxean ta bazter guzietan haritu zen beti bere egiteko andian ta egin zuen nonnai ta aldi oro ezin ederkiago ta guztiz ongi. Hau ala dela siñisteko aski da jakitea Bosio deritzan gizon jakintsu batek diona, bada hereji makurren bizle guziak galdu dituzten animak baño geiago dirala, dio, San Franzisko Xabierrek irabazi zituenak, eta ezin kont-al adiña dira herejien bizle nagusi gaistoak galdu dituzten animak.

        Orrenbat anima irabazteko San Franzisko Xabierrek egiña adirazten dute zenbaitek beren libru andiz ta al-ere agertzen ez dute guzia, bada oriek agertzen dute urrutitik aditu zutena eta etzuten noski aditu San Franzisko Xabierrek egin zuenaren erdia edo laurdena ere. Baña oriek agertzen dutena ta gañerako guzia ikastea baño beharrago dugun gauza da Santu berak berekin egin zuen ta guk ere gerekin egin behar dugun beste bat ikastea; ta hau da bakoitzak bere burua eskura ekarzea ta Jangoikoaren eskuan uztea. Gerenarekin guk hau egiteko, ekus dezagun artako San Franzisko Xabierrek berekin egiña.

        Soldadu izandu ta beste bide bat artu zuen aldian agertu zion Jangoikoak Ait San Ignaziori berezi zuela egin zuen Jesusen Konpañia egiteko. Orretako sartu zen estudioan ta joan zen Parisa, Filosofia ta Teolojia ikastera. Horduko an arkitzen zen estudio berean San Franzisko Xabier. Egin zen onen lagun ta adiskide Ait San Ignazio. Berekin eraman zuen ara baño len egin zuen ejerzizioetako librutxoa. Biekin bizi zen Pedro Fabro zeritzan beste estudiante saboitar bat. Ekusi zuen onek Ait San Ignazioren librua ta artaz baliatzen zela ta Santuak lagunduz egin zituen ejerzizioak guztiz ederki, ta esan zion Santu berari lagunduko ziola artzen zuen edozein bidetan.

        Bide bererako nai zuen laguntzat San Ignaziok San Franzisko Xabier ere, baña bestearenak baño andiagoak ziran San Franzisko Xabierren ust-esperanz-asmoak, bada errege nafartarren odolekoa ta horduko Erregeren Konsejari andiaren semea zen San Franzisko Xabier, ta Konsejari, Xabierko erria ta gaztelua ta beste bazterrak eta ondasunak zituenaren semea, ta seme, munduan Elizako edo Tribunaletako bidez noranai igan zitekena.

        Bestela ere gazte galant ederki egiña zen San Franzisko Xabier, ta gazte, zañen biguñzan ta orri darraizkon lasterkan, saltoan, ta beste gauz askotan parerik bagekoa, ta denbor berean estudiorako buru agitz egokizkoa ta ikaste andiak egiten zituena.

        Batagatik, bada, ta besteagatik ez aditu egiten zion San Ignaziori ejerzizioak egiteko edo munduko gauzak uzteko jolasa artzen zuen aldian. Jangoikoak eman zion buruarekin bazekien San Ignaziok animako gauzak ere bai dituztela beren aldarte onak eta arkitu ziozkan San Franzisko Xabierri bereak, eta orietatik batean bere bi besoen artean aren burua artu ta esan zion belarrira, Kristo Jaunak guzientzat bein esana: «Francisco, quid prodest homini, si mundum universum lucretur, animae vero suae detrimentum patiatur?» (Matth. 16, 26). Franzisko, ta zertako du batek mundu guzia, bere anima galdu ezkero?

        Kristo Jaunaren hitz oiek San Ignazioren aotik aditu ta agitu zitzaion San Franzisko Xabierri illunbe andian dabillen ta amiltegi izugarri baten ertzean bere oñak ekusten dituenari agi-gertatzen zaiona. Zelai berdiñean dabillelako ustean gau illun batez badabill bat toki gaistoan ta element aserre bat aren gañean agertu ta odei beltzetik ateratzen den tximist edo argi bizi, laster aitzen denak, erakusten badio azpiko aldean aterbiderik ez duen leze izugarri bat, eta ekusten badu bein edo berriz aitzineko aldera oñak igitu ezkero an erortzen dela, erortze berean lerturik edo gero an usteldu ta txisari zikinen bazk egiñik gelditzeko, arriturik gelditzen da den guzia, ta nondik artu edo zer egin ez dakiela. Hau bera da Kristo jaunaren hitz onen argiak agertu zionarekin ekustean San Franzisko Xabierri agi-gertatua, ta egin zuen ekusi dugun bidezkoak bere aldian egiten duena. Zer da ori? Orain zuk ekusiko dezuna.

 

 

§ II.

 

        Ekusi dugun bidezkoak ekusten duen aldian ekusi dugun lezea, ta hau erakutsi ta joan zaion tximist argiak utzi duela leneko bere illunbe belzean, itzul-jiratzen da beste aldera, ta beste leze zuloren batean erortzeko beldurrez gelditzen da an urrengo egunaren begira edo ots egiten du bazter guzietara, emendik edo andik etor dakion artzaien bat edo beste edozein bidea erakustera, ta badago geldirik baten edo bestearen begira, ta dago, bidea len ongi ikasi bagez alako bidetan oñak erabilli dituelako damu ta atsekabe guztiz andiarekin; ta urbiltzen bazaio gizon prestutzat dadukan bidari bere adiskide bat, pozik ematen dio eskua ta darraiko behar den bidera aterako duelako uste osoan ta eguna argitu ta bide ona ekusten duenean berritzen da aren poza, ematen diozka mil ta mill esker ara atera duen bere adiskideari ta lagundu nai badio egin behar duen bere bidean atsegintz andi ta sosegantz osoarekin dabill bide guzian.

        Kristo jaunaren hitz, San Ignazioren aotik aditu zuenak, argi egiten ziola ekusi zuen San Franzisko Xabierrek munduko ondasunen, honren ta atsegintzen azpiko aldean arkitzen den suleze izugarria ta orien bidez dabiltzanetatik anitz azkenean an amiltzen dirala ango neke-tormentu ta deabru amurratu gogorren atzapar ortzez beti ta beti urraturik egotera, ta orietatik bat izateko beldurrez gelditu zen bat batean ta asi zen gogoz ta biotzez esaten: «orain arte guzian nere gogoan ibilli zarazten Tribunaletako togak, Elizako muzetak, mitrak eta hondr-usaiezko gauzak, adio; bazoazkee beste hostaturen baten billa, bada nere gogoan ez da zuentzat toki piskarik gelditu; nere itxe onetan sartu zait animaren egitekoa, ta egiteko onek artu ditu itxeko edo nere gogoko gela guziak eta ez da emen zuentzat bat ere gelditu».

        Hau esan ta ots egin zion bere lagun on ezagun San Ignaziori; agertu zion zegokan bidera naia ta eskatu zion hura arkitzeko argia ta eskua. Eskutik artu ta eraman zuen San Ignaziok bere ejerzizioetako gelara ta erakutsiz an ari bein zertara etorri garan mundura gatozenok, gero bekatuaren itsustasuna ta oni darraizkon kontu izugarria ta sekulako neke-tormentua ta azkenean ongi bizi den eskerdunarentzat Jangoikoak dadukan atsegintza ta gloria, agertu ziozkan ongi bizitzeko zenbait bide ta orien artean berak egin uste zuen Jesusen Konpañikoa ta agertu zion zer bide zen bide berri hau edo zertako zen Jesusen Konpañia. Eta ekusi zuenean Jesusen Konpañikoen egitekoa izanen zela bein beren animen ona ta gloria ta bidenabar munduko beste guziena al den bidez billatzea, besteak utzi ta artu zuen hau ta esan zion San Ignaziori beraren lagun ta seme ta Jesusen Konpañiko izan nai zuela bizitzan ta eriotzan ta lurrean ta zeruan, ta bertatik asi zen hau nai zuenari zegokan guzia egiten ta bere burua nekez ta penitenziz eskuratzen.

        Baña nola uste dezu? Era guztiz arrigarrian, bada bein barutu zen laur egunez, jatekorik edo edatekorik artu bage ta neketan beti ibilli naiez lotu zituen beso-izterrak korapilluz beterikako lokarriz ta urteak joan ta ere, bere lagunekin Venezian arkitzen zen San Ignazioganako bidea Paristik artu zuenean, berekin zituen bere lokarri gogorrak; baña zein estutuak? Orain ekusiko dezu.

        Egun bateko ta besteko ta urrengoetako ibilliarekin anditu zen lokarri estutuen bazterreko aragi guzia ta ezin ibilliz gelditu zen bidean Santua. Zer zuen ekusi zutenean, erakarri zuten lagunak Barber bat eta esan zioten ekus zezala zer zegiken eria sendatzeko. Arritu zen Barbera Santuaren penitenzia ta era txarra ekusi ta, ta esan zien aren lagunei hura sendatzea denbor luzeko ta oñaze gogorrezko lana zela ta bazterretako aragia ebaki ta urratu bage, aren lokarririk ezin atera zitekela. Etzuten lagunak ala hura an utzi ta bidera nai; jarri ziran guziak otoitz egiten ta eskatu zioten Jangoikoari, zezakenak bezala, bat batean ta milagroz senda zezala eria. Eta sendatu ere zuen ta urrengo arratsean urratu ta erori ziran lokarri guziak eta gelditu zen gaitzik ekusi ezpalu bezain sendo Santua ta urrengo egunean artu zuten guziak Ait San Ignazio ganako bidea.

        Penitenziaren erakoak izandu ziran San Xabierren gañerako prestantzak. Hospitaletan zebillen aldian zaitzen zituen eririk nasgarrienak. Bere zaurietatik ustelz andia zeriola zetzan batek izatu zuen zerbait bein ta bere burua eskuratzeko belaunikatu zen an bereala ta bere ezpañak aren zaurietara eraman ta aurrak amari bularreko esnea bezala, kendu zion me-meki zuen materi ta ustelz guzia. Eta Jangoikoak eta Jangoikoaren ordekoak nai zutena egin aldi guzietan ta beti egiten zuen nekezkoa ta ezin gogorragoa izanagatik oriek nai zutena, ta egiten zuen ark hau Jangoiko berari atsegin egiteagatik eta bere burua betiko ez galdu naiez. Eta onetarako egin zuenagatik, eman zion Jangoikoak nai adiña milagro ta gauz andi egiteko eskua; eman zion Inditar Apostol berriaren izena, bai ta beraren neke ta egiteko andiei zegoten betiko gloria ere.

        Hau bera egiten du Jangoikoak Jangoikoaren izenean ta beren animak ez galdu naiez Jangoiko beraren bidez beren egitekoak egiten dituzten guziekin eta betiko galduak dira hau bera egiten ez dutenak eta munduaren serbitzuan edo behar ez diran beste gauzetan dabiltzanak, orain ekusiko degun gizona bezala.

        Erregeren gerran ta Markes baten serbitzuan bizitu zen anitz urtez soldadu bat. Iltzeko tranzera zen noizbait hau ere ta aren gaitzaren berria aditu zuenean, joan zen Markesa hura ekustera ta esaten ziona aditzera. Hau an ekusi ta «A jauna», esaten dio eriak, «zure esanak egiten gerran isuri dudan odolaren ta artu ditudan tunda gaistoen alde arintzen bazenit burua erdi bi egiten didan oñaze ta sukar-kalentur hau!». «Ai adiskidea», erantzuten dio Markesak, «ori nik ezin dagikedana ta Jangoikoaren egitekoa da». «Bada iltzeko ta beste mundurako abian arkitzen nazan ezkero, indazu arako kartaren bat badere», esaten dio eriak, eta «A, nere semea» erantzuten dio Markesak, «emengo korteetan baditut nik ezagunak, baña angorako laguntzalleen behar andian arkitzen naz nerau ere». «Eta etzeniket emain, Markes jauna, nere konzientzi nastu loi hau garbitzeko behar den hastia ta denbora?». «Jangoikoaren eskuan daude egunak eta hordu guziak», erantzuten dio Markesak. «Beraz galdua da zure serbitzuan nik egin dudan guzia ta galdua naz ni eternidade guzirako» esan ta iltzen da eria.

        Era berean ill etzaitezen ta San Franzisko Xabierren lagun Zeruan izateko galbide guziak utzirik, asi zaitez mugaz ta lenbaitlen animako zere gauzak zuzentzen ta gure Jangoiko ona maitatzen. Ar zazu orretako San Franzisko Xabierren laguntza, bada munduko guziei eman naiez dago ta Afrikako beltzei -La Inditar urrutiko gaisoei bezain poz osoz emanen dizu eskatu ezkero. Eska zagozu bada ta ekusiko dezu.

 

aurrekoa hurrengoa