www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Festegunetarako irakurraldiak
Sebastian Mendiburu
1740-1767, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Mendibururen idazlan argitaragabeak, Sebastian Mendiburu (Patxi Altunaren edizioa). Euskaltzaindia, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

XX.
S. Lorenzo eguneko irakur-aldia

 

Si autem (granum frumenti) mortuum fuerit,
multum fructum affert. Joan. 12.

 

Gaia: Andia zen S. Lorenzok bere buruari,
beste guziei ta Jangoikoari zion ongi naia.

 

        Espaindarrak ongi ekusirik artu zuten gure lege santa, bada Apostol Santiagoren sermoiak aditu ta ere, etziran lenbizian zazpi baizik bataiatu; baña bein artu ezkero, ez dute utzi beste anitz bazter ta erreinutan bezala, ez eta mairupean sei eun urtez ta geiagoz bizitu ta ere, ta mairu belzak Españira baño len, mairu belzen Españiko denboran ta gerozko denboretan izandu dira Españian fededun anitz eta anitz ez ezik, munduko beste bazter ta erreinu edozeiñetan adiña santu ta santa edo geiago, ta orien artean Jesusen izenean bizia eman zuen egungo S. Lorenzo.

        Santu hau, S. Agustiñek dionaz, Jangoikoaren izeneko bere eriotzarekin mundu guzia honratu duen santua da, ta honratu du gorputz guzia erre zion suarekin argi egiten diola: illuminavit mundum Laurentius eo lumine, quo ipse accensus est. Eta honratu du S. Lorenzok mundua, dio Aita Santu S. Leonek, len San Estebanek bezala, ta Jesusen izeneko bere eriotzarekin San Estebanek Jerusalenen bezala S. Lorenzok honraz beterik utzi du berearekin mundu guziko errien erregin Erroma: quàm clarificata est Hierosolyma Stephano, tàm illustris jacta est Roma Laurentio (In ejus natal.).

        Munduak ere egin du bere aldetik San Lorenzo bere honraria honratzeko al duena; bada Konstantino andi enperadoreak egin zion Erroman zegokan Eliz eder bat, an bertan egin zion Aita Santu S. Damasok beste bat eta badira Santu beraren izeneko besteak ere, ta Itali berean ta beste zenbait aldetan Obispo jaunen errietako zenbait Eliz nagusi ere S. Lorenzo beraren izeneko Elizak dira. Enperatriz Andre Santa Pulkeriak egin zion Konstantinoplan S. Lorenzo berari Eliz. Erromako andiena baño andi ederragoa, eta ederragoa gelditu zen hau. Erromatik eraman ta an bertan ezar-erazi zituen Santu beraren relikiekin ta Eliz berean gero Justiniano enperadoreak egin zuenarekin. Españiko errege Felipe bigarrenak egin zion S. Lorenzori Eskorial deritzan toki batean bere Eliz eta S. Jeronimoren fraideen konbentu mundu guzian arkitzen diran andienetatik, ederrenetatik eta. ondasundunetatik bat. Eta Espani berean, Franziko erreinuan ta fededunen beste bazter askotan baditu S. Lorenzok anitz eta anitz Eliz eta debot; guzia da zor zaionaren alde ederki dagokan gauza.

        Bai, ederki dagokana; bada ekusi ditugun S. Agustinek eta Aita Santu San Leonek ez ezik, S. Joan Krisostomok, S. Anbrosiok, San Pedro Krisologok eta beste Doktore ta gizon andiak eliztar guzien ta Jangoikoaren alde egin zuenagatik agitz honratzen dute San Lorenzo, ta orien artean esaten du San Maximok San Lorenzo kasi Apostolu jaun beren parekoa dela: nèc immeritó eum Apostolorum supparem praedicamus (Hom. 1 de S. Laur.), eta gure legeko santugatik ezin geiago esan diteke; bada Apostolu jaunak Espiritu Santuz bete ziranetik ez dute izandu parerik.

        S. Lorenzoren onenbat honratarako anitz lagundu dute berak egin dituen milagroak; anbat eta alakoak dira oriek. Ara bat Turongo S. Gregoriok dakarrena. Italiko Eliz jaun batek eraman zuen S. Lorenzoren eliz bat osatzeko zur andi bat; baña behar zena baño laburragoa. Itzuli zen Santuagana ta eskatu zion luza zezala, zeren etzuen ark beste bat erosteko dirurik. Luzatu zuen Santuak behar zen diña ta geiago. Behar zena artu ta gelditu zen zatia ezpal egin ta eraman zuten erritarrak relikitzat eta ezpalak artu zituzten itsuak, mainguak eta eriak bertan gelditu ziran sendatu oso zuzen osasundunak (Lib. 1 mirac. c. 42).

        Zergatik uste dezu eman diola Jangoikoak S. Lorenzori onenbat honra ta milagro anitz andiak egiteko esku hau? Zeren izandu zen egungo Ebanjelioko ale usteldu anitz ale dakartzena bezala edo zeren bere buruari, beste guziei ta Jangoiko maitagarriari ongi naiez anitz gauz onen ta neke tormentu arrigarriren artean utzi zuen bizia ta odola, aldi onetan ekusiko dugun bezala.

 

 

§ I.

 

        Maite zuen San Lorenzok bere anima ta artu zituen bere kontura ta gain egin zituen gauz onak eta Jesusen etsaien neke ta tormentu guziak, eta bere gauz onak egiteko ta neke ta tormentu oriek bere gañ artzeko deabruaren merkantzatik etzuen pits bat artu nai izandu.

        Deabru merkatari madarikatuak bere merkantzan darabiltzan gauzak dira, diote Rufinok eta S. Agustinek (apud Leblanc, t. A, p. 574) aragiaren atsegintz loiak, dirukuntz galgarri lausengariak eta buru ariñen arroketak: diabolus pessimus foenerator alüs luxuriam, alüs avaritiam, alüs superbiam commodat. Gerorako fiatuz edo gero pagatzeko ematen dio batari bata ta besteari bestea; baña bati ere ez berak nai diña. Ematen dio deabru merkatariak emazteki arin bere burua agertu ta estim-arazi naiez dabillenari zerbait itxura ta apaingarri; baña ez berak nai adin edertasun ta apaingai. Beren burua besteen artean agertu nai lukeenei ematen die deabru merkatariak, anitz eskantzen ta joan-etorriren buruan ba-dere, karguren bat edo beste edo artako den eskua ta egitekoa; baña ez berak nai bezain andia edo nai bezalakoa, eta batak eta besteak egiten duten irabazia egin nai lukeenaren aldean deus gutiko irabazia da; bada gizonak beren egiteko, esku ta karguarekin ta emazteki arroak beren orraztatze ta apainket guziekin egiten duten irabaziak uzten ditu beren buruen agertu ta onets-eraz nai andiagoaren gose-egarriz beteak.

        Hau bera agitzen zaio diru-zaleari deabruak ematen dion ebats-bide, saldu erosi nasgarri ta aberats-kuntz galgarri guziarekin; bada zenbat geiago irabazten duen, anbat irabaz-bide berrien ta lenak baño obeen izan nai andiagoarekin gelditzen da. Hau bera gertatzen zaio gazte atsegin zaleari deabruak ematen diozkan edo deabruaren bidez artzen dituen atsegintz txar zikinekin: gosetuagoa ta gosetuagoa gelditzea, ta azkenean deabruarekin tratu agitz gaisto bat egin dutelako atsekabez lertzen egon beharra; bada onek eta beste guziak deabruarekin egin duten tratua da artu duten gauza txar galgarriaren alde deabruari beren animak betiko ematea: animam pro usura diabolus exigit; eta artu dutenak eta mundu guziak baño mill-milloietan geiago balio dit animak.

        Deabru merkatari galgarriak egin zuen bere alegiña S. Lorenzori ere bere merkatantzatik zer edo zer ar-erazi naiez; baña etzion S. Lorenzok ari-zuntz albin bat ere artu nai izandu, ta gaztea zen aldian ere bizitu zen aragiz jauntzia ezpaliz bezala ta aingeru baten eran; orregatik egin zuen Aita Santu Sistok Erromako Arzediano ta anima garbien artean bizi nai duen Jesus Sakramentatuaren emalle edo fededunen komulgari.

        Animaz ta gorputzez bezain garbia izandu zen eskuz S. Lorenzo; bada bere eskuetan erabilli bazuen ere Aita Santuak beretzat eta beste guzirako zuen guzia, etzuen beretzako gelditu korradu bat ere, ta Aita Santuari Jangoikoaren etsaiak bizia kendu ta gelditu zen diru ta ondasun piska, banatu zuen Erromako behardun gaisoen artean, ta enperadoreak esan zionean zekazkiola zituen diru ta Elizako beste ondasunak, bildu ta eraman ziozkan Erromako behardun berak, esaten ziola: «Orra non dituzun Elizako ondasunak; bada orien beharrak estaltzen aitu dira beste guziak eta nere gilzape-eskuan ez da deus ere gelditu».

        Aragiaren atsegintz loiekin ta lurreko ondasunekin egiña egin zuen San Lorenzok antuste-gai guziekin ta lurreko honrekin ere; bada oriek ere besteen gisan utzi ziozkan ez artu naiez deabru galgarriari ta Aita Santuari etzion eskatu egin zezala Obispo, Kardenal edo Eliz-gizon andi; eskatu ziona zen eraman zezala, len Mezan laguntzera ta Elizako bere egitekoetara bezala, artzera zijoan martirio gogorrera, an aren gisan nekez ta tormentuz urratua ta mundu arroaren begietan deshonraturik gelditzera.

        Egin zuen hau ta len adirazi duguna S. Lorenzok bere animari ongi naiez ta zeruko gloria ez galtzeagatik; bazekien alabaña zerura nai duenak garaitu behar dituela bere naikuntz makur guziak eta Kristo Jaunak dion bezala artarako behar den aldian bere bizia ere utzi behar duela: qui odit animam suam, in vitam aeternam custodit eam; ta egin behar duela ark hau, zeren zeruko atsegintzen aldean pits bat baño gutiago diran emengo atsegintz, ondasun ta gauza guziak; oblectamenta praesentis vitae, quid sunt, nisi furta oblectationis aeternae? Orra Jangoikoak gero eman diozkan honra eta milagroetako eskua izateko S. Lorenzok egin zuen lenbiziko gauza: bere buruari behar den bidez ongi nai izatea.

 

 

§ II.

 

        Jangoikoaren eskuko honra ta eman zien milagro andiak egiteko eskurako S. Lorenzok egin zuen bigarren gauza da al zuen guziei ongi egitea. Guzien egitekoa da, dio San Joan Krisostomok, batak besteei, S. Lorenzoren gisan, al duten bidez laguntzea, ta hau da, dio Santuak, munduko berak ere lurreko beren gauzetan egiten dutena; bada emen besterik ezin duenak bere besoz ta bizkarrez laguntzen dio aberatsari, diruz aberatsak beardunari, maisu onak erakutsiz gazte ez dakitenari ta gazte berak bere egitekoetan bere maisu berari ta zarrari; medikuak ikasi duen senda-bidez ateratzen ditu eriak beren eritanzetik eta dutenarekin laguntzen diote eriak medikuari; soldaduak armaz ta eskuz ta askotan odol zati onak isurtzen dituela estaltzen ditu erregeen erriak eta bazterrak, eta erregek ematen dio soldaduari bein eskerra, bein honra ta beti dagokan saria, eta zerbait dakarten bazter-probinziak ematen die beste bazterrei behar dutena, ta bidenabar artzen dute balio duen dirua edo berak ez duten ta beste bazterrak dakarten zer edo zer. Bada batak besteari laguntzen badio lurreko gauz edozeinetan, obeki lagundu behar dio animako andian, esaten du Santuak: si in saecularibus rebus sibi vivit nemo... quant() magis in spiritualibus rebus oportet hoc facere?; bada beretzat baizik ez den gizona deusetako ez den gizona da: qui sibi soli vivit, superfluus homo est.

        S. Lorenzo guzientzat egiña zen ta guziei laguntzen zien gizona; bada aldiak zekarren aldian laguntzen zion Aita Santuari, aldiak zekarren aldian ongi arkitzen zenari ta beste aldian edozein beste beharduni. Bai, aldiak zekarren aldian ta behar zen guzian laguntzen zion S. Lorenzok Aita Santuari, berak bein esan zionak adirazten duenaz; bada Kristo Jaunaren martirari bezala bizia enperadore gaisto baten manuz kentzeko presondegira zeramaten aldian bidera atera ta negarra zeriola esan zien San Lorenzok: «Aita Santu, Eliz guziko apaiz nagusia, meza ematen zenuen guzian zere aldean zere diakonoa bezala izan oi ninduzun ni; nola zoaz, bada, ni emen utzi ta, Jangoikoaren izenean zere odola isurtzera ta bizia uztera?» Eta joanen ere zen beraren presondegira ta martirio-tegira Aita Santu berak geldiraz ezpalu utzi ziozkan bere gauzak behartsu gaisoei emateko.

        Aita Santuarekin zena zen S. Lorenzo mundutar beste guziekin ere. Aita Santu San Sisto bezala, San Lorenzo ere artu zuten preso ta eman zioten Hipolito zeritzan zaldun bati zaitzeko, ta bera ill baño len zaldun hau Jangoikoarentzat irabazi naiez asi zen ongi zekiena ta Santua bezala ari hitz egiten; agertu zion zer lege den gure lege santa ta eman zion lege hau ekarri zigun ta gure ongi naiez gizon egin ta gurutze batean ill zen Jangoikoaren berria, ta bere hitz on meekin ta esaten zionaren alde an bertan egin zituen milagro zenbaitekin ar-erazi zien Hipolitori gure lege santa ta bataiatu ta laster egin zen zeruko martir.

        Zaldun ta zezakeen gizonekin zena zen beste guziekin S. Lorenzo. San Sistok esan ziona egiteagatik eta zeren berez ere agitz urrikaltia zen, ibilli zen S. Lorenzo bazterrez bazter behartsu gaisoen ta presondegian arkitzen ziran fededunen billan ta zenbaiti diruz, besteei hitzez ta besteei milagroz laguntzen. Sartu zen azken aldean Ziriaka zeritzan ta anitz fededun ta Eliz-gizon gordeak zeduzkan andre buruko miñ andiekin arkitzen zen baten itxean; fededun ta Eliz-gizonei bere eskuz garbitu ziezten oñak eta esku bereak bere buruan ezarri ta kendu zion Ziriakari min guzia, ta behar zituzten gauzak eta konseju onak eman ta joan zen Narziso zeritzan baten itxera, ta gordeak arkitu zituen fededun behartsu guziekin egin zuen hau bera, ta besteen artean an arkitzen zen Kreszenzio itsuari bere bedeinkantz batekin eman zion begien argia ta bista. Joan zen bereala Nepozianoren aitz zulo batera ta an zeuden beste irurogei ta irurekin egin zuen lenekoekin egiña ta an arkitzen zen apaiz bati belaunikaturik apatu ta muiñ egin ere zion bere oñetan.

        Hau guzia ta era bereko beste gauzak egin ta joan zen S. Sisto bizia kenzeko eraman zuten tokira, ta guziak aditzen zutela esan zion ojuka: «Egin dut, Aita Santua, zuk esana; eman diet behartsu gaisoei utzi zenidan ondasun guzia ta eraman nazazu zerura». Ondasun otsa eta hitza aditu horduko, artu zuten preso ta eraman zuten Hipolitoren presondegira. An arkitu zuen beste itsu bat eta oni ere eman zion begien argia ta utzi zuen fededun egiña. Banatu zen Erroman S. Lorenzok an egiña ta ara bildu ta eskatu zioten erriko itsu guziak senda zitzala, ta bere eskuz egin zuen gurutze batekin guziak utzi zituen sendatu bistadunak. Eta len batetik bestera zebillela ta gero presondegietan ta non-nai bere ill arte guzian haritu zen S. Lorenzo besteei al zuen ona egiten ta bere tormentu guzien artean eskatu zion soldadu bati eman zion bataioko ura ta utzi zuen martir gai egiña. Orra, besteei nai zienagatik ta nai onekin egin ziezten onaren alde ere eman zion Jangoikoak duen honra ta esku milagraria.

 

 

§ III.

 

        Baña bata ta bestea erdisteko bere buruari ta besteei S. Lorenzok zien ongi nai ona baño agitz geiago balio duen gauza da Jangoikoari Santuak izandu zion amore andia. Zein andia zen S. Lorenzok Jangoikoari zion amore hau ezagun da S. Sistori martirien presondegira zijoan aldian bein ta gero martiritegi berean nekezko eriotzan beraren lagun izan naiez negarrez ta oiuka esan ziona; bada er artan ta alako aldian ezin zegiken hau agitz eta agitz Jangoikoa maite etzuenak, zeren eriotza berez gauza latz izugarria den ta martiren eriotza eriotz agitz latz-gogor-izugarriagoa; ta Jangoikoaren amore eriotz hau leunduko ta eztituko duenak, S. Lorenzori berean leundu ta eztitu zion bezala, nai ta ez izan behar du agitz andia.

        Zein andia izandu zen S. Lorenzok Jangoikoari zion amore hau Santu berak ederki agertu zuen bere martiriko neke ta tormentu andien artean; bada guzien artean (ekusiko ditugunak bezain andiak izandu baziran ere) egondu zen S. Lorenzo aragi-ezurrezko gizon bizia bezala ez, baizik bizirik ez duen ta miñik ezin ar dezakeen burdin edo bronze baten gisan ta eran.

        Etzituen ondasunak, zituelakoan, S. Lorenzori ager-erazi naiez ta zuen sinistantz eta fedea gal-erazteagatik egin zituen Baleriano enperadore gaistoak S. Lorenzorekin asmatu zituen gogorket eta nekagiro guziak. Eragin zituen burnizko kako anitz ortz zituzten zenbait eta ortz bakoitza txarrantxarenak bezain zorrotza, eta oriekin bere soñekoak ken-erazi ta borrero gogorrei urr-erazi zien aren gorputza, goldez edo bost ortzezkoz lurra urratzen den bezala. Ekusten dezu zein :andia borrero gogorren lenbiziko lan onek S. Lorenzori eman behar zion miña ta oñazea, ta al-ere Jangoikoari zion amoreagatik gelditu zen Santua eskuz buruko illea leuntzea baizik egin ezpaliote bezain kezkatu bagea.

        Arritu bezala zen enperadorea bere begiz hau ekusi ta, ta izutuz ta beldurtuz berak nai zuenera S. Lorenzo erakarri naiez, ekar-erazi ta erakutsi ziozkan fededunei bizia anitz miñ, oñaze ta nekeren artean kentzeko tirano gaistoak horduraño asmatu ta eragin zituzten burdin ta potro ta instrumentu guziak, esaten ziola: «Ori, Lorenzo, uzten ezpadezu gu jentillak bezala bizitzeko zere Kristoren legea, bein nekagiro bata, bein bestea, orain tormentu hau ta gero hura, ta azkenean beste andiagoak zere gain izanen dituzu; orra or orretako diran instrumentu gogor izugarri zenbait eta ongi begiratu ta lenik ekusi zer bide den artu nai dezuna». «Ongi ekusia ta aurdanik artua dadukat nik, enperadorea», eranzun zion Santuak, «bein ere utziko ez dudana: Kristo Jaunaren lege garbi zuzen onekoa naz ni ta lege berean nolanai ill nazazula ill nai dudana».

        Hau aditu ta aserretu zen agitz enperadorea, ta bere begietatik ken-erazi ta agindu ta manatu zuen, larru gorritu edo billosi ta, zigor lodiz ta baraz zemotela burutik oñeraño bere gorputz burni-kakoz agitz urratu artan azotaldi zukeen gogorren bat. Eman zioten hau kupide bage borrero gogorrak. Bere bi eskuak sokaz lotu ta paratu zute a gero dindilirik eta burdin gorituz estutu ta erre ziozkaten saiets guziak. Baña maite zuen Jangoikoaren izenean guzia zeraman S. Lorenzok poz eta atsegintz andiarekin.

        Ekusten zuenarekin erdi amurratu zen enperadorea, ta ark esan ta, berunezko pillot andiak muturretan zituzten sozekin lertzear zioten S. Lorenzori borrero berak bere gorputza, ta al-ere len zena, beti Santua ta beti pozez betea. Esku oñetatik laur aldeetara tiraturik eta aizean dadukatela burnizko kakoz urratzen diote len bezala berriz ere gorputz guzia, ta «Eskerrak zuri», esaten du horduan Santuak, «nere Jangoiko urrikalti maitea, zeren zere graziaren laguntzarekin arintzen dituzun nere neke ta tormentu guziak; zure laguntz berarekin prest nago ni zure ta nere etsai gogor onek eman nai dizkidan beste guziak zure izenean artzeko ta ala nik oriek artzeko eskatzen dizut zere eskua ta laguntza».

        Hau ark esan ta laster ezarri zuten sok-ordez burdin mez lotu zuten burnizko oatze batean, ta luzaroago neketan an hura iduki naiez, eman zioten azpitik su ez andia, ta su ta su ematen haritu ziran borrero gogorrak eta erretzen ta erretzen, ta ikatz egiten S. Lorenzoren gorputza; ta al-ere arkitzen zen Santua koltxoi bera gañean ta mandire leunen artean bazetzan bezain sosegantz andiarekin ta esaten ziola bein enperadoreari: «Ekusten dezu alde onetatik ongi aski erre dela nere gorputzeko aragia; iraul-eraz zazu bestetik ere ongi erre ta eraman dezaten zure mira»; ta gero ziriez ta bihotz osoz Jangoikoari: «Orra, Jauna, egiten dizut zure izenean erre den nere gorputz onen presenta».

        Nondik zela uste dezu onenbat tormentu eta sutan S. Lorenzoren sosegantz eta ez-kezka hau? Jangoikoari zion amore anditik, eta zeren amore onek itzaltzen ta emendatzen zuen aren azpiko sua, dio S. Agustiñek: et dùm Christi ardet desiderio, persecutoris poenam non sentit (Ser. 30 de SS.). Orra nolakoa S. Lorenzok bere tormentu guzietan ere agertzen duen Jangoikoaren amorea. Amore onegatik, bada, geienik eta bere buruari ta besteei izandu zienagatik eman dio Jangoikoak ekusi dugun honra ta esku andia ta zeruan duen glori andiagoa. Guk ere geren zatia an izateko, ar dezagun S. Lorenzoren bidezko amorea: bai arren, bai.

 

aurrekoa hurrengoa