www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Festegunetarako irakurraldiak
Sebastian Mendiburu
1740-1767, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Mendibururen idazlan argitaragabeak, Sebastian Mendiburu (Patxi Altunaren edizioa). Euskaltzaindia, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

XXVIII.
Errosario igandeko irakur-aldia

 

Beatus venter qui te portavit. Luc. 11,27.

 

Gaia: Zer den, zergatik eta nola esan behar den
errosarioa eta onen alde Jangoikoak egiña.

 

        Bere prediku aldi batean agertu zuen Jesusek Aita gure-ko otoitza, ta aditzen zeuden bere dizipulo ta beste guziei erakutsi zien otoitz on nekatzen ez denaren indarra, esaten ziela, Jangoikoari otoitz egin ta eskatzen bazioten, utzi ta artu ta nagiro ez, baizik behar den adinetan ta beti biziro ta erdits uste onean, erditsiko zutela zegoten guzia; ta egia zela esaten ziena adirazteko, milagroz bertan sendatu zuen gizon mutu deabrutu bat eta gelditu zen mutu deabrutua deabrurik bage ta hitzketa lasaia bere ezpañetan zuela. Hau ekusi ta, kendu zion Jesusi aotik hitza ta asi zitzaion ojuka esaten an arkitzen ziran andreetatik bat: «Zori oneko Amaren Semea!».

        Hau bera esaten dugu guk ere «Bedeikatua zu andre guzien artean ta bedeikatua zure sabeleko frutu Jesus» esaten dugun guzian, ta errosarioa esaten dugun aldian esaten dugu guk hau bein edo berriz ez ezik, askotan ta askotan ere; bada errosario osoa esaten badugu, esaten dugu eun ta berrogei -La amar aldiz ere, zeren orrenbat diran errosario osoko Abe Mariak eta Abe Mari bakoitzean esaten dugun bein ori guk.

        Bai, eun ta berrogei ta amar dira errosario osoko Abe Mariak, Dabiden salmoak bezala; bada eun ta berrogei ta amar dira Dabiden salmo edo misteri andiz beteak arkitzen diran zeruko kantak. Eun ta berrogei ta amar salmoen artean badira pausuen amabost kantatxo ta bere pausuekin edo bere atsedantzekin esan dedin Jesusen Amaren errosarioa ere, errosarioan sartzen dira beste amabost kanta edo Aita gure, amar Abe Mariren ondotik bakoitza; ta orrenbat dira eun ta berrogei ta amar Abe Mariri dagoztenak; bada amabostetan amar, eun ta berrogei ta amar dira; ta pausuz pausu bezala birtutez birtute bere Semearen eskoi alderaño igan zen Andre Mari Birjinari ederki dagozkan kantak dira amabostetan amar Abe Marikoak beren Aita gurerekin batean.

        Hastia duten munduko anitzek esaten dute egun oro eun ta berrogei ta amar Abe Mariko ta amabost Aita gureko errosario hau, bai ta zenbaitek bat baño geiago ere; baña beste geienak egiteko geiegi dute hau bezain debozio luzea egiteko, ta egunean esan oi dute errosarioaren iru zatietatik bat edo berrogei ta amar Abe Mari ta bost Aita gurekoa; ta zenbaitek Jesusen Amaren urteen izenekoa edo irurogei ta irur Abe Marikoa ta sei Aita gurekoa; zeren jakintsu onak uste duten irurogei ta irur urtez bizitu zela Jesusen Ama. Esazu zuk al dezuna, ta jai-igandeetan ta egiteko andirik ez dezunean ta kargarik bage bidez zabiltzan aldian edo arazo andirik ez dakarren lanen bat egiten dezunean eun ta berrogei ta amarrekoa, ta aldian irabaziko dezu aldi artakoagatik Aita Santuak berezia dadukan ondasuna ta induljenzia ta animako zorren barkanza.

        Jangoikoaren grazian zaudela hau zuk egun oro egiten badezu, zerurako irabanz andiak eginen dituzu; noizbait zu zere lazeriz bekaturatzen bazara, Jesusen Amak bekatu guzien damua erditsiko dizu,. bai ta ontzeko ta ongi bizitzeko uste andi bat ere; eta errosarioko Abe Mari bakoitza esatean zeruko guziei atsegin eginen diezu, infernu guzia ikara utziko dezu ta deabrua igesi bidalduko dezu, dio Beato Alanok: cum dicitur Ave Maria, coelum gaudet, Sathan fugit, infernus contremiscit, crescit devotio, oritur compunctio, spes proficit; ta badio geiago ere; bada zerurako siñua dela dio egun oro Jesusen Amaren errosarioa esatea: signum... aeternae salutis, si perseveranter in dies Beatam Virginen ejus psalterio salutaveris (P. 44 de pralt. c. 24). Orra bada zer ta gauza zein ondasunduna Jesusen Amaren egun oroko errosarioa. Goazen ekustera zergatik Jangoikoak nai duen guk hau esatea, bai ta nola esan behar den ta esaten dutenen alde Jangoikoak egiten duena ere.

 

 

§ I.

 

        Jesusen Ama honratzeko da beraren egun oroko errosarioa, ta zeren Jangoikoak nai duen guk Jesusen Ama honratzea, Jangoiko berak nai duen gauza da egun oro guk errosarioa Jesusen Amari esatea. Nai du, bai, Jangoikoak, eta agitz al-ere, guk beraren Ama honratzea; bada nai du guk hau honratzea beraren izate ta birtute andiari dagokan eran; ta duen izanza da zeruko Erregiñarena ta Jangoiko beraren Amarena; ta Jangoikoaren izanza alde bat utzi ta, parerik bagekoa da Jangoikoaren Amarena ta bere izanz ezin andiago oni dagokana da Jesusen Ama beraren birtutea; ta orregatik da zeruko aingeru ta santu guziena baño agitz andiagoa.

        Jesusen Amaren izanz eta birtute oni dagozkan erako honrak Jesusen Amari egiten guri erakusteko egiten diozka Jangoiko berak ere agitz andiak; bada zeruko Erregin eginik eman dio bere esertegia ta tronua bere Seme Jangoiko-gizon Jesusen eskoi aldean ta zeruko guziak begira dagozkala begiratzen dio beste guziei baño begi maitariagoekin, beste guzienak baño obeki aditzen ditu aren eskantzak eta, S. Bernardok dionaz, beste guziak utzi ta aren eskuz egiten dizkigu egiten dizkigun ontarte ta gauz on guziak: omnia nos habere voluit per Mariam.

        Zeruko honr oni dagozkanak dira guk ekusten dugula Jesusen Amari Jangoikoak emen egiten diozkan honrak ere; bada Erromatik asi ta munduko bazterrik urrutieneko fededunen errietan ematen diozka Jangoikoak Jesusen Amari elizak, ermitak edo aldareak, eta erri andietan beintzat zer aldareak eta zer elizak? Arkitzen diran galanten ta ederrenak. Ematen diozka urte oro bost festa jai-egun diranak eta beste amar ta geiago ain ez andia,:; ematen diozka larunbateko meza ta errezoa, eta ematen diozka beste meza guzietan honra andiak, bai ta bere izeneko relijio, kongregazi eta kofradi egokiak ere, ta kofradi beretatik geienak bere errosariokoak. Gauz oriekin batean ematen diozka goiz-arratsetako ta eguerdiko eskil soñuak eta Abe Mariak. Egiten du Jangoikoak Jesusen Amarekin hau guzia guri adirazi naiez zenbat eta zenbat nai duen bera guk, dagokan eran, errosarioz ta dizakegun edozein beste bidez honratzea.

        Bestela ere hau egitera agitz behartuak arkitzen gara gu; bada Jangoikoak beretako egintzat artzen du beraren izenean den errumesenari ere egiten zaion ona. Jesusek bein esan zuen bezala, Quam diufecistis uni ex his fratribus meis minimis, mihi fecistis (Math. 25,40); bada nola artuko dit Jangoiko beraren izenean Jesusen Amari egiten zaion honra? Ezin ederkiago.

        Beste alde Jesusen Ama gure Ama ere da ta Jesus berak gure Am egiña gurutzean iltzen zegola, S. Joan Ebanjelariari begiz ta buruz erakutsi ta esaten ziola: «Orra zure Ama»: ecce Mater tua (Joan. 19, 27), ta Jangoikoak agitz nai dit bakoitzak bere ama honratzea, ta agitz eta agitz geiago Jesusen Ama bezalako Ama beraren hume guziak honratzea.

        Onetarako bada geiago ta geiago ere; bada Jesusen Amak Jeremiasek israeldarrak gatik baño askotan obeki otoitz egiten dio gure alde Jangoikoari ta gure gabenza ta beharra ekusi horduko egiten du gurekin Kanako ezkondu berriekin egiña: behar dugunaren eske gu beragana baño len guretzat Jangoikoari eskatzea; bada S. Agustinek dion bezala, santu guziak baño geiagokoa da Jesusen Ama, bai ta geiago begiratzen diguna ere: sicut omnibus sanctis est potior, ità pro nabis, omnibus sanctis est sollicitior (Ser. de Nativ.).

        Eta egiten du hau Jesusen Amak gure alde esku agitz andiarekin, ta askotan, S. Anselmok dionaz, Jesus berari eskatu ta baño Jesusen Amari eskatu ta, errazkiago erdisten dugu nai duguna; zeren Jesus beraren Ama baño urrikaltiagoa izanagatik, gure jueza den ta bere justiziak noizbait eragozten dion beraren urrikaltzak eskatzen duena; baña Jesusen Ama urrikaltz utsa da ta bere otoitz beroekin, Jangoiko aserretua palakatu ta, erdisten duena nai duena (Ans. 1. de Virg. c. 6), eta orregatik da, dio, zeruko siñua ta señale andia Jesusen Amarekiko debozioa.

        Esan dugun guziagatik, bada, agitz nai du Jangoikoak guk guziok eta guzien artean geienik nekazari onak eta eskol anitz ez duten beste guziak egun oroko errosarioko debozioa Jesusen Amarekin izatea; bada debotki hau esaten dutela, luzaro ta ederki honratzen dute Jesusen Ama ta irabazten dute beraren artekontz indartsua, ta beste bidez nekez hau oriek erditsiko lukee; zeren gogozko ta isilkako otoitzetara ez dauden oituak eta Jesusen Bihotzaren kongregazioko otoitzetan bezala, laguntzen ezpazaie, bereala edo laster nekatzen ta gelditzen diran gogozko beren otoitzan.

 

 

§ II.

 

        Baña nekazar ta guti dakiten beste guziak eta gañerako errosarioa esaten dutenak debotki hau esateko, Jangoikoari atsegin egiteko ta Jesusen Ama beren arteko egiñik uzteko, ez dituzte errosarioko Aita gure, Abe Mariak txori loroak bezala esan behar; zertan dauden edo zer egiten hari diran dakitenak bezala esan behar dituzte; bada Jangoiko maiteak, bai ta Jesusen Amak ere, errosarioko hitzetara ez, baizik hitzak idarokitzen dituen gogora begiratzen du: Deus intuetur cor (1 Reg. 16,7); ta bihotzak idarokitzen ez dituen hitzak aizearentzat ezpañak esaten dituzten hitzak dira, edo hitz ametsetan batek esan oi dituenen ta deus esan nai ez dutenen erakoak eta batek ere berentzat artzen ez dituenak. Berentzat ar ditzaten, bada, Jangoikoak eta Jesusen Amak errosarioko zure hitzak, esaten asi baño len ekusi behar dezu zertara zoazen ta norekin hitz egitera, ta asi behar dezu ongi esateko Jangoikoari laguntza eskatu ezkero ta poliki ziñatzen zarala.

        Oarturik eta zer esaten dezun dakizula Aita gureko ta Abe Mariko hitzak esateko, bi bidetatik bat ar dezakezu: bata da Aita gureko ta Abe Mariko hitzak esan nai dutena gogoan erabiltzea, esaten dituzun hitzei gogoz ta bihotzez jarraitzea ta hitzez eskatzen dezuna ziñezko naiez eskatzea. Hau guri adirazteko da Jesusek bein bere Amarekin egiña. Ongi bizi zen andre batek askotan eskatu zion Andre Mari Birjinari ager ziezagola bere sabeleko frutu Jesus ta egun batez agertu zitzaion Jesusen Ama bere Semea besoan zuela; Jesusek agertu horduko esan zian andre ekusleari: «Esazu Abe Maria»; asi zen bertan esaten andre ekuslea eta ark lenbiziko bi hitz Abe Maria esatean, egin zion Jesusek buruz bere Amari agur polit humil bat, hitz berak esatean guk zer egin erakusten zigula. Bide hau artzen dezunean, bada, esazu zere errosarioa Jangoikoaren Ama ta Jesus ekusten dituzula bazeunde ta biekin hitz egiten bazenu bezala.

        Errosarioa ongi esateko beste bidea da Aita gure, Abe Mariak esaten dituzun denboran, amarreko bakoitzean Jesusen Amaren misterioren bat gogoan erabiltzea. Jesusen Amaren misterioen artean badira pozezko bost, nekezko bost eta glorizko beste bost; eta errosario osoa esaten dezunean, aldizka ar ditzakezu gogoan guziak, eta egunean errosarioko iru zatietatik bat baizik esaten ezpadezu, misterio beretatik bein batak, bein besteak eta gero irugarrenak.

        Jesusen Amaren pozezko bost misterioak dira, lenbizikoa beraren baitako Jesusen gizontza, bigarrena Sant Isabelen ekustea, irugarrena Jesusen jaiotza, laugarrena Jesusen Elizako presenta ta bostgarrena Jesus beraren Elizako Doktoren arteko arkinza. Amarreko bakoitza, bada, esan bitartean, orietatik bat gogoan artu ta egiten dena da aldi artan Jangoikoak Jesusen Amari eman zion poz eta atsegintz andiaren izenean Jangoiko berari milla ta milla esker ematea, ta bidenabar Jesusen Amari horduko bere poz andiagatik zori on anitz esatea ta zeruan gero berari agitz obeki emateko emen beharko dugun laguntza ta grazia eskatzea.

        Jesusen Amaren nekezko misterioak beste anitzen artean dira, lenbizikoa begiz edo gogoz ta animaz Jesus Jetsemaniko baratzan odolez izerditurik ekustea, bigarrena era berean Jesus azotez urraturik ekustea, irugarrena aranzazko koroz burua urraturik, laugarrena gurutz andia ezin eramanez jaiki-erori zebillela ta bostgarrena gurutze berean iltzez josirik Jesus bera ekustea. Lenekoetan bezala aldi onetako amarrekoetan ere artuko dugu Jesusen Amaren misterio edo ekuste gogor oietatik bat, eta gure bekatu gaistoak gogortu zituztela ekusi ta, damuz beteko dugu geren bihotza ta eskatuko diogu Jesusen Amari eman diozkagun naigabenzen barkanza, ematen diogula naigabenz berrietarako biderik ez emateko hitza.

        Glorizkoak dira bein Jesus biztua, gero zeruko bidean ta gero Ait eternoaren eskoi aldean ekustea, laurgarrena Espiritu Santuaren etortza ta gero Jesusen Ama beraren zerura igatea. Oriekin ere egiten da lenekoekin esan duguna. Nai badezu, hau guzia ongi egiteko diran otoitzak arkituko dituzu nere otoitz-gaietako zenbait zatitan, bai ta artarako ta Bederatz-urrunetarako egin nuen librutxoan ere.

 

 

§ III.

 

        Agertu ditugun bideetatik batez edo bestez errosarioa esaten zutenen alde egin ditu Jangoikoak anitz gauz andi ta milagro, ta esaten zutenen senar gaistoei ere luzatu die noizbait, on ditezen, beren bizia. Asuenzako konde Teodorikok egin zituen bere bizitzan anitz gaizki ta bekatu, ta aldi batez erre zituen sororen edo monjen bi konbentu. Andik ez urruti bizi zen eremutar bat. Jangoikoak erakutsi ta, ekusi zuen onek Santa Baldetrudak eta Aldegundak bein ta askotan eskatzen ziotela Jesusen Amari bere izeneko konbentuak erre ziozkan gizatzar aren zeantza ta kastigua, ta Jesusen Amak «Orain ez» biei erantzuten ziela. «Zergatik ez?» bi santak galdetu zioten Jesusen Amari. «Zeren gizon gaisto orren emazte Adak egiten dizkidan egun oro ogei agur ta esaten didan irurogei Abe Mariko errosarioa bat», erantzun zien Jesusen Amak. Al-ere beren eskantz bera egiten zioten Jesusen Amari santak eta noizbait esan zien Jesusen Amak: «Bere aldian».

        Zori gaistoan Teodoriko kondearentzat etorri zen beraren aldi gaisto hau, baña ez bere andre on Adarekin bizi zela. Hordu gaistoan hau itxetik bota ta gelditu zen bakarrik bera, baña andik laster izandu zuten ezbaida bat Teodoriko onek eta Isak Barlemontek, eta Isak-ek utzi zuen illa ta anitz zati egiña Teodoriko hau. Hau ill ta sartu zen itxe berean Gosbino zeritzan Ada beraren osaba bat. Ikasi zuen onek agitu guzia. Artu zuen egun oro errosarioa esateko illobaren debozioa, ar-erazi zien debozio bera bere soldadu guziei ta gero bera relijioso egin ta bizitu ta ill zen agitz santuki (Mund. Mar. p. 2, d. 30, n. 40).

        Onei obetzen bezala laguntzen die egun ora errosarioak gaistoei ontzen ere. Flandesko lapur andi batek, gaistoa bazen ere, egun oro esaten zion Jesusen Amari bere errosarioa ta eskatzen zion eriotz on bat egiteko grazia. Azkenean justiziak bere lagun bat ill ta artu zuen preso ta eman zion eriotz gogor bateko sentenzia. Berri hau hitz onez leundu ta Jesusen Konpaniko batek eragin zion bizi guziko konfesioa, ta konfesio, damu ta negar andiekin egin zuena. Urrengo gau guzian egondu zen errosarioak eta errosarioak esaten. Bigaramun gaizean komulgatu zen debozio guztiz andiarekin. Iltegirako bidean ibilli zen gurdian belaunikaturik, bere errosarioa ta Santo Kristo bat eskuan zituela, ta Jesusen Amari ta Jesus berari esaten ziezten hitzekin bere burua negarrez urtzen zuela, ta ekusten ta aditzen zuten guziak urt-erazten zituela.

        Hurkabera zenean an arkitzen ziran guziei, belaunak lurrera ta, eskatu zien humilki barkamentua ta juez jaunei ill ondoko zenbait meza ta Elizan obia. Ukatu zioten eliz-obia. «Izan dedilla, bada», esan zuen, «ill ondoko nere deshondra nere animako zorren alde ta onen berria izaten duten gaisto guziak zentzarazteko». Eta lotu ta azken golpea artzera zijoanean, esan zion konfesatu zuen Jesusen Konpañiko aitari: «Zeruratzen banaz, uste dudan bezala, otoitz egiñen diot beti nere Jangoikoari zure ta zure Konpaniaren alde, ta ni ill ondoan zoaz, arren, juez jaunetara nere esker humillak ematera»; ta borreroak mazoz burua urratzean, Jesus Maria esaten zuela gelditu zen illa. Eta juez jaunak ikasi zutenean egin zuen eriotz ona, eman zioten eliz-obia (Ann. Soc. Civit. Silvaducens.).

        Lepoko edo eskuko errosarioak ere agitz izutzen du deabrua ta ez da bage bein ere zer Gaizki bizi zen Mejikoko mutil gazte bati deabrua itxur agitz izugarrizko ta zezen adarrak buruan ta txarrantx-eztenak bezalako atzaparrak eskuan zituela agertu ta esan zion; kentzen ezpazuen lepoko errosarioa, an bertan illen zuela. Baña mutillak egin zuena zen lepoko errosarioari eskuz itsastea, ta hura ala ez ekusteagatik, andik igesi joan zen deabru gaistoa (Ann. Soc. 1593). Txileko neskatx batek gaizki konfesatu ta iltzeko zegola, ekusi zuen beraren eske zetorren deabru izugarria ta amurratu bat bezala asi zen bazterrak orroz urratzen. Lasterka an aren itxeko andrea sartu ta eman zion eskura bere errosarioa. Iges egin zuen horduan deabruak eta gero ongi konfesaturik ill zen sosegantz andian ta pozez betea (Wag. 1.7, c.22). Indietako jentil batek errosarioaren indarrak aditu ta lotu zuen bat bere besoan, ta artan eman ta gelditu zen, bestela besoa ta gorputz guzia igaroko zion tiro bateko bala, ta bataitu ta egin zen gure lege santako fededun.

        Errosarioa ongi esaten dutenen emengo beharrak ere estaltzen ta gaitzak kentzen ditu Jesusen Amak, dio San Amadeok: non solùm animarum saluti, sed etiam corporum sanitati pia diligentia providet, et medetur (Hoc. 8 de Laud. V.); baña geienik behar ditugunak animakoak dira ta geienik oriei begiratzen die Jesusen Amak, eta begiratzen, bizitzan ez ezik eriotzan ere. Asi zen bein Santa Jetrudis eriotz on bat Jangoikoari eskatzen ta Jesusen Amari Abe Mariak esaten. Esaten zituen Abe Mariak urrezko arros egiñak ematen ziozkan Jesusek bere Amari ta guziak bildu ondoan esan zion Jesusen Amak santari: «Emen zenbat errosa edo Abe Mari, zere eriotzan zeruko anbat laguntz izanen dituzu» (L. 4, div. 53). Eta zuk ere izan nai badituzu ongi bizitzeko ta gero obeki iltzeko, ar zazu egun oro itxeko guziekin edo bakarrik zere errosarioa ta anitz Abe Mari esateko debozioa. Bai arren, bai.

 

aurrekoa hurrengoa