www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Festegunetarako irakurraldiak
Sebastian Mendiburu
1740-1767, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Mendibururen idazlan argitaragabeak, Sebastian Mendiburu (Patxi Altunaren edizioa). Euskaltzaindia, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

XV.
Jesusen Bihotzaren
Festako irakur-aldia

 

Unus militum lanceâ latus ejus aperuit,
et continuó exivit sanguis et aqua. Joan. 19.

 

Gaia: Norañokoa den Aldareko Sakramentuan
Jesusek digun bere Bihotzeko amorea
ta zer den onen alde eskatzen diguna.

 

        Jangoiko-gizon Jesus maitagarriak utzi zien bere etsai judatar gogorrei anitz gauza makurki egiten, baña azkenean guziak zuzendu zituen bere honrara ta gure On aldera, ta orietatik bat da egungo Ebanjeli santuak dakarrena ta orain gu ekustera goazena.

        Ostiral santuz ill-erazi zuten judatar gogorrak Jesus maitagarria, ta ill-erazi, zezakeen eriorik gogorrenaren ta ez-honra-garrenaren atzapar gaistoan ta gurutz latzgarri batean ilzez josirik; baña beren naigabenz miñarekin ekusi zuten ango bere neke ta tormentu guzien artean ere len zena zela Jesus maitagarria ta berak zutena bezalako bekaitzik bage bere gurutzera begiratzen zioten anitzen bihotzak milagroz bazterrak betetzen zituenean bezain ongi beretzen zituela, ta damuz ta urrikaltzez beteak Jangoikoaren Semetzat ezagutzen ta aitortzen zutela, ta Jesusen on ta honra hau ezin ekusiz ta zuen eriotz gogorra baño gogorragoa Jesusi eman naiez (berena beren baitan gordetzen zutela) joaten dira Pilatos juezagana ta esaten diote: «Jauna, bigarko eguna egun andia da ta gaur bertan beren gurutzetatik kendu ta ortzi beharrak dira arako mendi artan iltzen daudenak, eta lenbaitlen ill ditezen, gaztiga zazu auts dakiztela zankoak, odola ta bizia lasterrago ken dakien».

        «Ongi da, bada», erantzuten die Pilatosek, «egin dedilla zuek esaten dezutena». Artarako zeuden soldadu zenbait aizkorak artu ta badijoaz lan hau egitera; austen diezte berenenak Jesusen bi aldeetan gurutzaturik zeuden bi lapurrei; badoaz hau bera Jesusi egitera; arkitzen dute illa ta uzten dute ukitu ere bage, ta zer egiten zuten etzekitela egiten dute Eskritura santak ziona: Jesusen ezurrak geldirik uztea: Os non comminuetis ex eo (Joan. 19,36). Baña an bertan arkitzen zen soldadu batek hau ekusi bezain laster lantza artu ta ote zen edo ez ekusteko edo ez-honra hau Jesusen gorputz illari egin naiez, sartu zion bularretik bihotzaren erdiraño ta atera zion an gelditu zen odol zatia ta ur piska. Eta hau ere Jesusek nai zuen gauzarako ta gure on andirako egin zen lana da; bada nai zuen Jesusek zuen odol guzia gure onerako eman ta ixuri, ta nai zuen hau isurtzeko soldaduaren lantzak egin ziona bezalako bide bat.

        Lantz onen bide bera gure on andirako bidea da, dio San Bernardok; bada Jesusen Bihotzeko amore andia guri agertzen klient bidea da: vulneratum est (latus Christi), ut per vulnus visihile, vulnus amoris invisibile videamus (Ser. 3 de Pass.); ta bidenabar da bide Jesusen Bihotz maitari beraren debozi andi bat guri ar-erazteko; bada Jesusen Bihotz maitariaren debozi hau (Bihotz beraren festa egiteko eskua eman duen Aita Santuak dionaz) Jesusen Bihotzeko amore andia ta amore bere Pasioko neke ta tormentu guziak gure onerako ar-erazi ziozkana ta gero ill ondoan gure on bererako Aldareko Sakramentuan Jesus bera geldirazi zuena guk ongi geren gogoan sartzea da, ta Jesus maitariaren neke ta Sakramentu beretik anitz on guk esker onez ta Jesus bera maitatuz ateratzeko gogoan sartzea: ut charitatem Christi patientis... atque in suae mortis commemorationem instituentis Sacramentum Corporis, et Sanguinis sui... devotiùs ac ferventiùs recolant, ejusdemque fructus uberius percipiant.

        Orra, Aita Santuak dion bezala, Jesusen Bihotzaren debozioa da Aldareko bere Sakramentuan Jesusek agertzen digun amore andia ta amore berak ar-erazi zion Pasio ta eriotz gogorra gogoan artzea, ta bataren ta bestearen gogorantzak eskatzen dituen gauz onak egitea. Gogoan hau guk artzeko ta gogoan artzeak eskatzen dituen gauz onak egiteko egin behar duguna da norañokoa den Sakramentu berean Jesusek agertzen digun amorea ta zer gauzak diran Jesusen amore onek eskatzen dituenak kontuz ekustea. Goazen artara.

 

 

§ I.

 

        Norañokoa den Jesusek bere Bihotzean duen ta Aldareko Sakramentuan agertzen digun amorea ongi ekusteko ekusi behar dugu nor den emen arkitzen den Jauna ta zertara datorren onara datorren Jaun andi hau. Aldareko Sakramentura datorren ta Sakramentu berean milla ta zazpi eun urte ta geiago dela gau ta egun beti arkitzen den Jauna da betiko Aitaren Seme bakar Jangoiko Jesus, Aita bera bezain betikoa, bazter bagekoa ta altsua ta gauza guziak egiteko Aitak arturikako eskua. Sakramentu onetan arkitzen den Jesus bera da gauza guzien gobernaria, animen santifikaria, glori emallea ta gizon ta aingeru guzien Jaun ta Jabea. Sakramentu onetan arkitzen den Jaun hau bera da zeruari ta lurrari ta bazter guziei gariez egiten diena ta al-ere gure amorez gizon egiña ta gure amore beragatik nekez ta tormentuz betea, gurutz batean josia ta illa ta azkenean Sakramentu onetan ogi piska bat baliz bezala bildua.

        Aldareko Sakramentu onetan arkitzen da, bada, gure Jaun ta Jabe Jangoiko ezin andiago hau jan bokadu egiña, ta egin da jan bokadu gure bihotz alderaño sartu naiez, guri geren nekeetan alderagotik eskua emateko ta bere eskuz atsegintzez, pozez ta graziz betetzeko; ta arkitzen da emen komunioz artzen ez dugunean ere behar dugun guziaren eske erdits-uste osoan goazkion naiez betea: adeamus ergo cum fiducia ad tronum gratiae, ut misericordiam consequamur, et gratiam inveniamus in auxilio opportuno (Hebr. 4,26).

        Orra, bada, bere Jainkonzaren aldetik norañokoa Aldareko Sakramentuan Jesus Jangoikoak agertzen digun amorea. Hau obeki ezagutzeko ekusi behar dugu bere Gizonzaren aldetik agertzen diguna ere. Zeruan ta lurrean ta beste bazter guzietan arkitzen den gauza da Jesusen Jainkonza, baña ez Aldareko Sakramentu onetan bezala; bada bestetan arkitzen ezpaliz ere, Sakramentu onetan arkituko lizake; zeren emen bere gauz guziekin arkitzen den Jesus maitagarria ta Jesusen gauza ta gauzarik andiena den duen Jainkonza. Baña konsagrantzako hitzekin lenbizikorik Sakramentu onetan sartzen den gauza Jesus beraren gorputza ta odola ta gizonza da ta Jesusen Gizonzaren emengo egoerak eta egontzak ere ederki agertzen digu Jesus beraren Bihotzeko onginai, amore ta maitantz andia.

        Alde onetatik ongi ekusteko Jesusen Bihotzeko amore andia ekusi behar ditugu Jesus beraren leneko zenbait egontz eta ibiller, bere Bihotzeko amore berak berari eragiñak; bada bere egontz eta ibiller orietan egiten zuena Jesusi eragiteko da Aldareko Sakramentiko Jesusen egontza. Bederatz illez egondu zen Jesus bere Amaren baitan ta sabelean. Oraindik an arkitzen zela joan zen bere bidagille San Joan Baptista horduraño ez jaioa bere itxean ekustera, ta amaren baitako Jesusen egonz eta San Joanen itxera joatea izandu ziran grazi zati berriak eta birtuteen apaintz ederrak bere Ama Birjinari emateko ta San Joan Baptistari bere bekatu etorkia kendu ta jaio baño len graziz Santu egiñik uzteko, edi bere Ama ta San Joan Espiritu Santuz betetzeko; ta komulgatzen garan aldian grazia ta birtutez ta Espiritu Santuaren doaiez gu betetzeko da Jesusen bere Sakramentuko egintza.

        Sakramentu onetan arkitzen den Jesus bera da len jaio ta laster bein artzai on zenbaitek eta gero goiztar irur erregek Belenen ekusi zutena, ta batak eta besteak pozez, sinistantzez ta zeruko ondasunez beteak beren bazterretara bidaldu zituena; ta hau bera gurekin egiteko gure begira ta bere aldean gu ekusi naiez Sakramentu onetan arkitzen da Jesus maitagarria.

        Len irur urtez lege berri bat ezartzen ta jakin behar zutena bere Apostol ta israeldar guziei erakusten ibilli zen Jesus Maisua; ta Jesus Maisu bere erakuste onen alde anitz milagro ta gauz andi egin oi zituen bera da Sakramentu onetan gau ta egun arkitzen dena, ta emen arkitzen da gure onerako den dotrin argi ta beste guzia komunio santan ta geren ekusaldietan guri eman nai andiarekin.

        Sakramentu onetan arkitzen da geren bekatupetik gu ateratzeko bere etsaien eskuan bere burua utzi zuen Jainko-gizona, ta Jainko-gizon, bere etsai berak bein sokaz lotu ta arrastan, bein oñ-puntaka ta zapladaka, bein ille-tiraka, tuka ta listuka ta anitz beste bide itsusiz ezin gaizkiago erabilli zutena, ta gero anitz mill azot-ukaldiz ta golpez urratu ondoan arantzezko koroa buruan ta gurutz andi astun bat bizkarrean zuela kalez-kale Jerusalenen erabilli zutena ta gisa berean Kalbarioko mendira igan-erazi, an bere gurutze berean iltzez josi ta nekez ta tormentuz ta agoniz illik utzi zutena; ta zuen odol ta bizia nai duten guzien onerako an utzi zuena; ta Sakrament onetan arkitzen da aldi artan an irabazi zuen guzia berekin duela ta zuk artu ala eskeintzen dizula.

        Sakramentu berean arkitzen da len bere aldeko lapurrari ontzeko grazia ta paradisua eman ziozkana, linboko on guziak andik atera ta berekin zerura eraman zituena ta nai duten guzien alde betiko bere Aitari hitz egiteko Ait beraren eskoi aldean jarri zen Jangoiko-gizona; ta emen arkitzen da behar den gisan gu beraganatzen bagara hau bera gurekin egiteko edo bere Aitari guk nai dugun guzian gure alde hitz egiteko, ongi bizitzeko behar den grazia guri emateko ta gero gu bere aldian ta prestatu bezain laster zerura eramateko.

        Onenbat on guri egiteko ta azkenean gu bere zerura eramateko aski zen Jesusek egin dituen milla gauzetatik baten laurdena ere; bada aski zen edozein bere suspiriorekin ere irabazi zuena; baña zigun bazter bageko amoreak eragin zion orain guk adirazi dugun guzia, ta eragiten dio Aldareko bere Sakramentu onetan guk ekusten duguna ta bere Sakramentu berean agertzen dizkigu leneko bere amore bazter bagekoa ta oraingo bere amore lenekoa bezain andia, ta leneko ta oraingo bere amore ezin andiago onek gure onerako eragiten diona. Eta ez ote da askiko Jesus Sakramentatuaren Bihotz gure amorez ezin geiagoraño nekatu onen guganako amore andi oni noizean bein begiratzea, guri eskerdun onei bezala, Jesus anbat len gure onerako nekatuaren ta len ta beti ta orain ere gure guztiz maitariaren izenean zenbait gauz on eragiteko? Bai, baldin bere. Baña zer? Besteen artean orain guk ekusi behar ditugunak.

 

 

§ II.

 

        Gugatik anbat neke ta tormentu bere Pasio santan izandu zituen Jesusek egin zezaken Aldareko Sakramentu andi hau komunioz guk bera artzeko ez, baizik Tabernakulo ta Sagrario Aldarekoan len Testamentuko kutxan mana bezala gorderik idukitzeko edo noizean bein (orain ere egin oi den bezala) Aldare gañera ateratzeko ta humilki ta behar bezala ekusten zutenei behar zutena emateko, Jangoikoak len sugeen ozketatik iltzeko zeudenei berak eragin zuen bronzezko suge bati begiratu horduko osasun osoa ematen zien bezala. Bai zegikela Jesusek hau guri adirazteko egokia da Jesus berak beraren Sakramentu Aldarekoa ekustean lenbiziko Maximiliano Enperadorearekin bein egiña.

        Aldareko Sakramentuagana debozi guztiz andi bat izandu zuen Austritar beste anitz enperadorek bezala Maximiliano onek: Egun batez eizean zebillela ta mendi-auntz bati zaldiz zerraikola igan zen aitz-punt itzul-biderik etzuen batera. Zerraizkon bere zaldunak arriturik gelditu ziran hura an ekusi ta, ta andik nola atera etzekitela. Bi gau ta egun egin zituzten negarrez urtuak ari begira ta orien buruan ots egin zien Enperadoreak: «Ezin komulga banaiteke ere, ill baño len ekusi nai nuke Jesus Sakramentatua, ari nik nere agurzak egiteko ta beraren bedikantza ta grazia emen artzeko».

        Ekarri zioten urrengo Elizatik Jesus Sakramentatua ta ark oni bere agur, adorantz, otoitzak egin horduko agertu zen beraren aldean gizona zirudien bat, eta «Atoz nerekin» Enperadoreari esan ta asi zen arriak kentzen ta bidea egiten, ta eskutik artu ta eraman zuen beraren itxeko negardunak ari begira zeuden tokira ta hura an utzi ta gorde zen bera (P. Nieremberg, t. 3, virtud coron.).

        Baña ekusteko baño geiagorako eragin zion Jesusi bere Bihotzeko amore andiak Aldareko Sakramentu hau; bada eragin zion geren bizitzan ta ill hordu berean ere gure animen janari izateko ta dakarren graziaren indarrez guzirako gu sendorturik eta bortitzak uzteko. Eta jan genezan beldurrik bage ta aldi oro den guzia gizon egiña badere ta gizon edertasunez agitz betea, biltzen da Jesus emen Sakramentu onetan bokadu batera ta estaltzen da ogiaren zuritasun meez ta komunio santan sartzen da beste edozein janariren gisan gure barrenera ta sartzen da bein salbatzalle andiaren, bein mediku jakinsuaren, bein artzai onaren, bein apaiz nagusiaren ta bitarteko alsuaren lanak gurekin egitera.

        Orra bidenabar agertua bere Bihotzeko amore andiaren alde Sakramentu onetan Jesusek eskatzen duena: gure bihotzeko amorea, ta amore Sakramentu beraren oñetan bein alde batera ta bein bestera ziñez agertua. Ara nola.

        Geren amore eskerdun ona Sakramentu onetan Jesus maitagarriari guk agertuko badiogu, egin behar dugu Sakramentu berarekin Jesus berak nai duena. Eta Jesus maitariak nai duen lenbiziko gauza da Sakramentu bera ongi ta maiz guk komunio santan artzea. Komunio santan guk Jesus ongi artzea da lenbiziko fededunen, Apostol jaunen ta Jesusen Amaren eran ta gisan gu komulgatzea. Ongi komulgatzeko biltzen ziran lenbiziko fededunak egun oro (edo alik maizena) Elizan ta hitz onak an adituz ta otoitz luze humillak egiñez prestatzen ziran debotki komulgatzeko, ta komulgatu ta esker onak Jangoikoari eman ondoan, zutenetik bihotz osoz ematen zien besteei behar zutena ta beren bizitz eta hizkunz onarekin arintzen zuten erri guzia (Act. 1, à v. 42). Apostol jaunak ostegun santu arratsez ta lenbiziko beren komulgaldian izandu zuten zeruko argintz besteetan ez bezalako bat. Beren argintz eta gogargi onekin ezagutu zuten zer zen komunio santan artu behar zutena ta arriturik bezala ta humilz andi batekin komulgatu ziran lenbiziko beren aldi artan.

        Baña lenbiziko fededunak eta Apostolu jaunak baño humilz milletan andiagoarekin ta agitz eta agitz obeki prestaturik komulgatzen zen Jesusen Ama, ta komulgatzen zen egun oro (juxta V.P. Ludov. a Pont., P.S. medit. 33, punct. 2, n. 5). Eta orien gisan zu komulgatzeko egin behar dezuna da komulgategira baño len ongi ekustea zure bekatu gaistoak gatik zenbat neke ta odol isurtze izandu zituen Jesusek Sakramentu hau zuri uzteko ta zere bekatu beren damu andi bat komulgatu baño len artzea, ta gero ekusirik zein andia den ta denbor berean zein maitari ongillea Sakramentu onetan datorkizun Jangoiko-gizona, joan behar dezu humilzez ta ondu-nai andiz betea ta komulgatu horduko asi behar dezu Jesusi dizun amore bazter bagekoagatik eta egin dizun ontart den bezain andiaren alde millaka ta eun millaka eskerrak ematen ta beti ta ziñez maitatzeko laguntz andiak eskatzen. Egin behar dezu zuk hau komulgatzen zaran aldi oro ta komulga zaitez alik maiz-usuena ta egiñen dezu bere Sakramentu onetan Jesusek agertzen digun amore bazter bagekoaren alde Jesus berak eskatzen duen lenbiziko gauza.

        Bigarrena da zere komulgaldi berean ta Jesus Sakramentatua ekustera joaten zaran guzian Jesusi eskatzea bein gauza bat, bein bestea. Zoazkio, bada, bein zere Salbatzalleari bezala ta esaiozu humilzez ta erdits ustez beterik: «Eskerrak eta eskerrak nik zuri, Jangoiko-gizon Jesus nere Salbatzallea, nere bekatu gaistoak ni sulezean onda ez nintzaten, egin dezunagatik eta indazu zere Bihotzeko amore andiaren izenean zere neke-tormentu guziekin irabazi dezun ondasun anditik nere bekatu beren zorrak ateratzeko ta bekatu berririk ez egiteko behar dudana».

        Zoaz berriz zere bekatu berak egin dizkitzuten zauri ta aztur gaistoak agertzera ta Jesus Sakramentatuari an esatera: «Ona, Jauna, zein eri, zein lazeridun ta zein txarki arkitzen nazan lenko nere ibiller makur ta langite gaistoak gatik; sendagai egokiak dituzun animen medizina zara zu or zere Sakramentu orretan; badakizu zein diran nere gaitzari dagozkanak. Indazkidatzu, bada, eman naiez zauden ezkero, nere Jesus maitagarria».

        «Nere Jesus Sakramentatua, zu artzai ona bezain ardi txarra naz ni», esan dezokezu zere beste joan aldian, «askotan errebelatua ta galdu-ezkabidun egiña ibilli naz ni nere bekatu guzien sasi gaistoan ta orain ere ez ote naz an arkitzen? Eraman nazazu zere Bihotzeko amore andiagatik zere aldera; molda nazazu or, dezakezunak bezala ta zere aldetik ez ni berriz zuk utzi, ez».

        «Apaizen apaiz zara zu, Jesus Sakramentatua», esan behar diozu beste zere joan aldian; «gurutzean eman zenuen odolezko ta nekezko zere mezarekin irabazi zenuen aserre zegon zure Aita palakatzeko ta gure bekatu guzien zorrak kentzeko behar den guzia, bai ta agitz eta agitz geiago ere; present egiozu ta dagokizunak bezala eska zagozu ar dezala nere zorren alde ta didala bekatu gaistoen zor berririk ez egiteko grazi ta laguntza.

        Eta urrengo aldian zoaz Jesus Sakramentatua ekustera ta eska zagozu zere griñ makur, pasione sutu ta etsai gaistoen atzaparretan gal etzaitezen dizula bere eskua ta grazia. Eta ekuste ta eskatze hau ta beste guziak egiten badituzu Jesus Sakramentatuaren Bihotzeko amorearen ta bere amore berak len ar-erazi ziozkan pena ta neke ta tormentu guzien izenean, egiñen dezu Jesusek bere Bihotzaren maitari onetatik uste duena. Egizu, bada, len dakizun beste guziarekin batean ta zu izanen zara emen ta beti Jesus beraren Bihotzekoa ta eternidade guzian Jesus maitariaren maitari zorionekoa. Izan zaitezela, bada; bai arren, bai.

 

aurrekoa hurrengoa