www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Festegunetarako irakurraldiak
Sebastian Mendiburu
1740-1767, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Mendibururen idazlan argitaragabeak, Sebastian Mendiburu (Patxi Altunaren edizioa). Euskaltzaindia, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

XXIX.
S. Simon ta Judas eguneko irakur-aldia

 

Haec mando vobis, ut diligatis invicèm. Joan. 15,17.

 

Gaia: Jangoiko ongille-maitariaren erakoak
ziran Apostol S. Simon ta Judas.

 

        Ostegun Santu arratsez Apostol bereei komunio santa eman ta esan ziezten Jesusek anitz gauz eder ta andi, ta orietatik bat egungo biak egin zutena guri adirazteko Eliz Ama santak Mezako Ebanjelioan dakarrena; eta Elizak gaur dakarren gauza ta aldi artan Jesusek Apostolu guziei esana da: «Nik (Jesusek) agin-manatzen ta esaten dudana da elkar zuek maitatzea ta beste guziei ongi egitea, bai ta besteak gaisto-galduak diran aldian ere. Mundutarrak begitan artuko zaituzte, bada nazana izanik ere, ala ni artua nadukate. Mundutarrak ezin ekusi dute berak ez bezalakorik eta beren gaistaginzekin begitan ematen dienik, eta zeren orretako nik artuak zarazten, ekusi naiko etzaituzte. Len ere nik zuei esana gogoan ongi artu, zeren Maisua baño geiagokoak etzaraztela zuek eta ni nabillen bidez ibilli behar dezutela, ta zeren bide batez dabiltzan zuen esanak eta nereak, nereak egiten badituzte, egiñen dituztela zuenak ere.

        Nigatik da mundutar gaistoak egiten dizuten gaitza, ta egiten ta eginen ere dizute ezagutu nai gabez nor den nere Aita ta ni Ait-eterno betikoaren Seme Jangoiko-gizona nazala. Etorri ezpanintz, etziran sartuko sartu diran gisan nere Jainkonz hau ez sinistu nai onetan ta bizia niri kentzeko asmoan; baña aditu didaten guzia aditu ta, itsument andi ta asmo makur gogor onetan oriek sarturik arkitzea beren obenezko ta gaistakerizko gauz eta bekatua da ta bekatu aitzakirik bagekoa; bada nik esan diedan guzia ekusi dute nere milagroz ondua, ta egi garbia baizik milagroz ezin ondu diteke, ta beren gaistakeriz eta artako nik biderik eman bage artu naute begitan mundutar gaistoak, aspaldian Dabidek esana dadukan bezala: quia odio habuerunt me gratis (Ps. 24,19) ta bidenabar begitan artu dute nere Ait eternoa ere.

        Egia dela hau ta beste nigandik aditu dezutena egun garbiko argia bezain ongi ekusiko dezue, nik zerutik bere aldian igorriko dizuedan Espiritu Santua artu horduko. Esan dizuet nik hau ta nigandik len ta orain aditu dezuten beste guzia, guzia ongi ezagutu ta sinistu ta balia dezazuen mundu guzian; ta bana, munduko gaisoez ongi urrikiturik gal ez ditezen jakin bagez (jakin) behar dutena. Baña begira, bizi ongi oharturik; bada zuen esanak aditu ta onduko diranen artean arkituko dira zenbait gaisto, zeren erakust onagatik zuekin egiñen dutenak judatar gogorrak nerekin orain egin nai dutena, izan zaitezten zuek guziei onginai eta erakuste zuzenean bezala eriotzan ere zeren Maisu beraren erakoak».

        Hau da aldi artan Jesusek esan ta adirazia, ta Apostol jaunak eta besteen artean egungo biak egiña ta Eliz Ama santak bien egungo mezan agertzen diguna. Hau aditu ta egin zuten egungo Apostol biak dira S. Simon ta Judas, bigarren Apostol Santiagoren illobak edo aren arreba Maria Kleoferen semeak eta Jesusen Amaren alde urbillak; bada lengusuak ziran Jesusen Ama ta Maria Kleofe. S. Simon Kana deritzan Gallileko erri batean jaioa da ta orregatik ematen diote kanatarraren edo Kananeoren izena, bai ta Zelotes-ena ere; zeren Kana beste hitzkuntz batean Zelo den, ta ematen zaio bigarren izen hau S. Simoni Apostol S. Pedrogandik berezteko; bada bere izenez Simon da S. Pedro ere. S. Simon kanatar onen anai ta egungo festako bigarren Apostolu S. Judasek ere badu bigarren izena ta Tadeo da onen bigarren izen hau ta oni ere ematen zaio bigarren izen hau, zeren Judas zen bere Maisu Jesus saldu zuen Apostolu gaistoa ere. Ekusi dugu, `bada, S. Simon ta Judas on oni besteekin batean Ostegun Santu arratsez Jesusek esana, ta orain ekusi behar duguna da oriek aren esana egiteko egin zutena.

 

 

§ I.

 

        Munduko guziei ongi nai izatea ta munduko berei erakustea Jesusi aditu ziotena ta berarekin ibilli ziran denboran ekusi zutena da gaurko Apostolu biei Jesusek eman zien egitekoa, ta egiteko Apostol biak orain guk ekusiko dugun bezain ederki egin zutena.

        Batek beste bat maitatuko badu, lenik maitatu behar du Jangoikoa, bada Jangoikoaganako maitantzaren garra bezala da besteganako gure maitantza ta Jangoikoaren maitantzaren surik bage ez da maitantz onen garrik arkitzen, ta hau da Espiritu Santuak adirazten diguna anima santaren ezpañez esaten digun aldian: introduxit me in cellam vinariam, ordinavit in me charitatem (Cant. 2,4): «sartu ninduen Jangoikoak bere bihotzeko amorearen ardotegi goxoan ta utzi zuen nerea besteganako amorez eztitua». Eta bihotzik gelditu bada Jangoikoaren amorez zoratua ta mundu guziaganako amorez eztitua izandu zen Espiritu Santu egunean Apostol guziena, gero berak egin zutenak adirazten duen bezala. Eta aldi artan Apostolu onak artu zuten karidadea ta Jangoikoaganako amorea etzen aitu bein ere; bada artu zuten hordutik gelditu zen betiko seguratua ta aitu edo txikitu lekuan egun oro anditzen ta biziagotzen zena, zeren egun oro ta egunean askotan egiten zituzten Apostol guziak gauz onak ta gauz oriek ziran egur egoki berriak, Jangoikoaren graziaren ta karidadearen sua orien bihotzean anditzeko ta su hau anditzen zen gisan anditzen ziran suaren garrak ere, ta orregatik egun oro zen andiagoa Apostolu berak munduko gaisoei zien ongi-naia ta amorea.

        Egungo gure Apostol biak agertu ziena izandu zen Jangoiko berak munduko berei dien amorearen erakoa. Jangoikoak mundukoei dien amorea ta ongi-nai andia betikoa da, bada askuntzik eta asierarik ez duena da Jangoikoa ta beti ta beti izandua, ta izatez Jangoiko bera bezain luzea da Jangoikoak digun amorea; bada Jangoikoak Jangoiko denetik maitatu gaitu ta egia da Jeremias profetaren ezpañez Jangoikoak esaten diguna esaten digun aldian: «Beti beti maitatu zaitut nik zu»: in charitáte perpetua dilexi te (Jer. 31,3); ta era berekoa da S. Simon ta Judasek Jangoikoaren Apostolu egin ta Espiritu Santua artu ta ill arte guzian munduko gaisoei izandu zien ongi-naia ta amorea, bien arte orretako ibillerak eta lanak adirazten duten bezala; bada arte orretan ibilli ziran munduko gaisoei ai zuten ona egiten ta Jangoikoaren lege berria ta zeruko bidea erakusten.

        Egin zuten besterik ere, bada egin zuten Jangoiko beti gu maitatzen gaituenak egiten duenetik ikasi zutena; ta Jangoikoak egiten duena da guk aren alde deus egin bage ta beraz gu oroitu baño ere len berak gu maitatzea: quoniam Deus prior dilexit nos (1 Joan. 1, 13); ta hau bera da egungo gure Apostolu biak egin zutena, bada maitatu ta beren onerako billatu zituzten bietatik batez ere oroitzen etziran Jerusalendarrak, Israeldarrak, Ejiptarrak eta Mesopotamiko ta Persiko probinzi andietako jendeak, eta doairik eta saririk bage ta Jangoikoaren izenean egin zien beren egitekoan zegikien on guzia.

        Gure urrikarizko ongi-naia da Jangoikoak digun sekulako ongi-naia ta amorea, ta Jangoikoaren aldetik eta guk eragozten ezpadiogu, salmari onak dionaz, betikoa izanen da datorren eternidadean ere oraindañokoan beti izandu digun ongi-nai ta amore andia: misericordia autem Domini ab aeterno, et usque in aeternum super timentes eum (Ps. 102, 17); ta S. Simon ta S. Judas Tadeoren aldetik era berekoa zen munduko gaisoei zien urrikaltz, ongi-nai ta amorea; bada Persiko zenbait gaistok kendu ezpalie berei on andiak egiten zeramaten bizia, Persitar guziak fededun egin ta sartuko ziran Kandarko erreinuan, Mogolko inperioan, Ganges ibai andi luzearen bi bazterretako probinzi arrigarrietan, andik gero Sian, Txina, Tartari andiko erreinuetan, alde artako beste bazter guzietan, orietan ere len berak ibilli ziran besteetan egin zutena egitera.

        Eta bazter orietako guziak fededun egin ta ondu ondoan, bizirik utzi balituzte ta behar zen indarrarekin arkitu balira, sartuko ziran Moskobian, Suezian, Dinamarkan, Inglaterran, Espanian, Franzian, Italian, Alemanian, Polonian, Krimean, Trazian, Moldabian, Hungrian ta Peloponeson, ta bazter orietan len Asikoetan egin zutena egin ondoan, arkitu balira bizitz osoarekin ta behar bezalako indarrekin, itsasoz joanen ziran Marruekora, Feza ta mairutarren beste erreinuetara; andik Nigrizira, Kongora, Monopotapara, Abisinara ta Afrikako beste bazterretara ta or ere beren egitekoa bukatu ondoan, ibilliko ziran itsasoz itsaso, itsasoko isla guzietan hau bera egiten; sartuko ziran gero Amerikako edo Indi berriko erreinu ta bazter izugarrietan ta etziran geldituko bazter guzietan al zuten on guzia egin ta beren egitekoa bukatu arte guzian; ta geiago iraundu balute arien bien bizitz-indarrak, ibilliko ziran beren lan onak eta amorezko egitekoak berritzen, len ibilli ziran mundu guziko bazter beretan; ta ibilli ezpaziran ibilli ziranetan baño geiagotan, izandu zen amore bagez ta naigabez ez, baizik zeren kendu zien bizia ta eraman zituen Jangoiko maiteak bere zerura.

        Jangoikoaren amorea betikoa bezala guzien amorea da, edo Jangoikoak ongi nai die onei ez ezik, gaizki bizi diranei ere; maite ditu alabaña, dio Espiritu Santuak, egin dituen guziak: diligis enim omnia, quae sunt, et nihil odisti eorum, quae fecisti (Sap. 11,25); baña ez die Jangoikoak onei adina on egiten gaistoei ta hau adirazten digu Eskritura santak esaten digun aldian, begitan artuak daduzkala Jangoikoak gaistoa ta gaistakeria, ta zerbait naigabe ere noizbait ematen die Jangoikoak gaistoei; baña izaten da gaizki naiez ez, baizik ekus dezaten makur dabiltzala ta zuzen-erazi naiez ta bitarte guzian ez-ekusi egiten die orien bekatu gaistoei: et dissimulas peccata hominum propter poenitentiam (ibid. v. 21); ta azkenean ematen badie dagoten sari gogorra ta sekulako nekea, izaten da beren gaizkian gogorturik ekusi ezkero.

 

 

§ II.

 

        Onetan ere Jangoikoarenaren erakoa izandu zen egungo Apostolu biak mundukoei izandu zien ongi-naia ta amorea; bada izandu zen guzien ona billatzen zuena. Persira ziran artean berez ibilli ziran gaurko gure Apostol biak; bada S. Simon ibilli zen Ejipton ta S. Judas Tadeo Mesopotamian. Elkar artu ta Persian biak sartu ziraneko, mututu ziran an Jangoikotzat zeuden deabru guziak. Babiloniko erregeren gerrako nagusi Baradak, inditarrak bere nagusiaren eskupera naiez, biltzen hari zen gizonak eta prestatzen gerrako gauzak, eta bere gerraren bukantza jakin naiez, bazebillen idoloz idolo ta deabruz deabru; baña batek ere mill aldetara ark galdetuagatik, etzion hitzik erantzuten ta azkenean esan zioten Kristoren Apostolu Simon ta Judas etor-berriak ango bazterretatik atera artean mututuak egon behar zutela.

        Billatu ta galdetu zien Baradak-ek zer egiteko zen ara zeramatena ta esan zien ango Jangoiko txarrak erantzun zutena: «Jangoikoaren berri onak ematera etorriak gara», erantzun zioten Apostol biak Babiloniko gerrari nagusiari, «ta Jangoikoak dirala zuk uste dezun oriek deabru gezurtiak dira; erantzun dezatela ezperen ta ekusiko dezu zein egia den orain gugandik aditu dezuna». Joan zen berriz Badarak bere idoloetara, galdetu zien len galdetu bera ta erantzun zioten deabru sutu galduak edo orien apaiz gezurti gaistoak: «Ger luzea ta odolez isurz eta anitz eta asko ill izanen dituen gerra da aldi onetako zure gerra».

        Hau aditu ta, irri ta far egin zuten Apostol biak. «Zer?», esaten die Baradak-ek, «onen estu ta kezkatua ni aditzen dudanarekin ta irriz ta farraz zuek?». «Bai egiazki, bai, Baradak jauna», esan zioten Apostolu biak, «guk bezain aisa badagikezu zuk ere irri ta farra; bada gezurra da hitzonzi oriei aditu diezuna. Emen dituzu bigar inditar orien mandatari enbajador andiak eta etorriko dira erregek nai duena egiteko inditar berak prest daudelako mandatu humillarekin». «Ekusiko dugu, bada», esaten die Baradak jeneralak Apostol biei, «ta gezurra esaten badidazue, emanen zaitzue zeren irabazia, ta bestela gure Jangoiko txarren apaiz gezurtiak izanen dute dagoten saria»; ta hau esan ta batak eta besteak sar-erazten ditu katezko bere presondegi andian.

        Idolo txarren apaizak kezkarik bage an sartu baziran ere, ongi kezkaturik gelditu ziran urrengo egunean, Apostol onak esan bezala, bak-eske zetozen inditar erregeren mandatari egokiak an ekusi ta. Erregeren mandatua aditu ta, bere presondegitik atera zituen Baradakek Apostol biak eta eman zuen idoloen apaiz gezurti txarrak an bertan illak uzteko sentenzia. Baña etzirala bati ere bizia gal-eraztera, zori oneko bizi baterako bidea guziei erakustera joan zirala Persiko erreinura Apostolu jaunak esan ta eskatu ta, barkatu ta utzi zituen libre oriek ere. Orra nolakoak eta Jangoikoaren gisan beren etsai gaistoen ere zein maitari onak egungo Apostol santu biak.

        Guzien maitari en Jangoikoak gaistoak on-erazteko zeatzen ditu noizbait, adirazi dugun bezala, beharrez, eritasunez edo beste bide nekagarrizkoren batez, ta ongi-naiezko zeantza da hau, dakusazun bezala; eta hau bera egin zuten bein egungo Apostol munduko gaisoen maitari biak ere. (S. Mateok) Etiopitik, an zebillen aldian, aienatu zituen Zaroes ta Arfajad zerizten sorginak, Babilonian arkitzen ziran biak egungo gure Apostol biak ara ziranean. Sorgiñak, Apostol biak an ekusi ta, asi ziran biak gatik asm-al adiña gezur ta gaizki esaten, ta babilondarrak beren galgarritzat begitan ar zitzaten, deabru gaistoen eskuz erakarri zituzten Babiloniko errira anitz suge ta sierpe beltz izugarri ta bazter guzietan banatzen zuten Apostol biei zerraizten lagunak zirala guziak. Hau ekusi ta, Apostol onak zerbait zeatu ta bazen ere, bestela ezin zuten ezkero, sorgin biak ere besteekin batean Jangoikoarentzat irabazi naiez, esan zien an zebiltzan suge-sierpeei joan ta gaitz andirik egin bage ozkatu ta mindu zitzatela erakarri zituzten bi sorgiñak. Suge-sierpeak egin zuten Apostol onen esana ta hau egin ta itzuli ziran beren sasira ta gelditu ziran sorgiñak nai izan balute ontzeko aski zen gaitzarekin, besterik bage.

        Jangoikoak munduko guzioi digun amorea amore agitz ongillea da, bada guri ongi-naiez bere Semea gizon egiñik igorri ta bidaldu zuen mundura bere milla nekerekin zori oneko humeak gu egiteko behar zen guzia irabaztera, ta orra zer amorea ta onginaia, dio Ebanjelari S. Joanek, bere lan onetan Jangoikoak guri agertzen diguna: sic enim Deus dilexit mundum, ut Filium suum unigenitum daret, ut omnis, qui credit in eum... habeat vitam ateternam (Joan. 3,16). Jesusek irabazitik ematen dio Jangoikoak nai duenari bere grazia ta eman horduko uzten du bere seme ta zeruko heredero egiña; orra hau ere zer emana, esaten du Ebanjelari berak: videte, qualem charitatem de-dit nobis Pater, ut filii Dei nominemur, et simas (2 Joan, 3,1). Eta ematen digun grazi hau galdu bage iltzen bagara, emanen digu Jangoiko berak zeruko gloria ta egiñen gaitu, bera den gisan, zori oneko doatsu. Ala da, dio Ebanjelari santu berak; scimus, quoniam cum apparuerit, similes ei erimus, quia videbimus eum, sicuti est (v. 2).

        Berez etzuten Apostol jaunak onenbat zer eman, baña agertzen. zien munduko guziei irabazteko bidea; bada ematen zien gure onerako Jangoiko-gizonak egin duen guziaren, beraren lege berriaren ta zeruko graziaren ta gloriaren iturri Sakramentuen berria; ta bide on hau eman ez ezik, zeruko glori bera irabazten ere bataioz, konfirmazioko sakramentuz, konfesioz ta komunioz ta aldiak eskatzen zuen gisan gañerakoz laguntzen zien nai zuten guziei ta bide beraz irabazten zuten graziz gelditzen ziran Jangoikoaren Seme ta zeruko heredero egiñak. Aldi berean agerzen zien zer bidez ta nolako biziz gorde ta seguratu hau guzia ta zeruko glori ta doakunz-gaia. Orra zein ongillea ta zein Jangoiko berarena bezalakoa egungo Apostol biak munduko gaisoei zien ongi-naia ta amorea.

        Bere amore andia guri agertzeagatik eta alderagotik guri lagundu naiez, bazter guziak betetzen dituen ta neurri guziei gañez egiten dien Jangoikoa eztu bezala ta gure gisan egin zen gizon: exinanivit semetipsum, in similitudinem hominum factus, et habitu inventus ut homo (Philip. 2,7); ta gauza guzien jaun ta jabe zela, gu aberatsturik utzi naiez egin zen behartsu ta ill zen borrero gogorren eskuz ta larru gorrian. Eta Jangoikoari zioten amore andiagatik eta munduko gaisoei ongi egin naiez, S. Simonek eta S. Judas Tadeok ere utzi zuten beren itxean zutena, irur urtez Jesusen eskolan ibilli ziran ikasten mundu guziari en geiago egiteko ta jakin behar zuena erakusteko ta Espiritu Santua artu zuten hordutik ill arte guzian ibilli ziran en hau egiten, bein beren odoltarren artean, bein banaka erreinu antxetan ta gero biak elkar artu ta Persian, eta ibilli ziran Baradak-ek eta bestek eman nai ziezten ondasunik ukitu bage ta urrikariz ematen zien ogi zatia jaten zutela ta ezin kont-al adinari, Elizak dion bezala, gure lege santa ta Jangoikoaren grazia ar-erazi ondoan, zeren beren otoitzarekin aienatu zituzten beren idolo zirzilletatik deabru gaistoak eta auts egiñak utzi idolo berak, idolo deabrutuen apezak borrero egin ta ill ta zatikatu zituzten Apostolu santuak eta igan ziran zerura ta Jangoiko beraren aldera. Eta orra oriek erakusten diguten zeruko bidea. Al dugun guziei Jangoikoaren izenean ongi egitea, garbiro ta besteren gauzetan kutsatu bage bizitzea ta Jangoikoari otoitz eta otoitz egitea. Jangoikoak digula hau egiteko grazia. Bai arren, bai.

 

aurrekoa hurrengoa