www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Festegunetarako irakurraldiak
Sebastian Mendiburu
1740-1767, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Mendibururen idazlan argitaragabeak, Sebastian Mendiburu (Patxi Altunaren edizioa). Euskaltzaindia, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

XIX.
Loiolako Aita S. Ignazioren
eguneko irakur-aldia

 

Designavit Dominus et alios... et missit illos binos
in omnem civitatem, et locum. Luc. 10.

 

Gaia: Aita S. Ignaziok Jangoikoagana itzuli zen hordutik
Jangoikoaren honra baizik etzuen billatu.

 

        Alkimistak irabazi andiak egin naizik ibilli dira urre edo zillar ez dena zillar edo urre egin naiez; baña beren lan onetan anitz urtez haritu ta zuten urrea ta zillarra urtu ta gastatu ondoan gelditu dira uts eta bage ta billatzen zuten urre-zillarik ez dute arkitu. Aita S. Ignazio da Apostolu jaun San Pablok agertu zuen bidez munduko zillar ta urre guziak baño geiago balio duen ondasuna mundu guzian billatu ta arkitu zuena ta ondasun andiz aberasturik zerura igana.

        Zer ondasun dela uste dezu Aita S. Ignaziok mundu guzian billatu ta arkitu zuen ondasun andi hau? Jangoikoaren glori, berak billatuak ekarri ziona. Baña zer bide da, diozu, ondasun hau billatzeko San Pablok agertu ziguna? Munduarekiko ta bekaturako illak eta Jangoikoarentzat bakarrik bizitzea: existimate, vos mortuos esse peccato, vi-ventes autem Deo (Rom. 6,11). Bide hau noiz artu zuen San Ignaziok eta nola ibilli zen gerozko bere bizian, ekusiko dugu gaurko irakur-aldian.

        Aldi hau datorkigun artean ekusi behar dugu gaurko Ebanjelio santuak Elizaren asmoz adirazten diguna. Ebanjelio santuak diona da bere egitekorako Kristo Jaunak amabi Apostol ta irurogei ta amabi orien lagun berezi ta bidaldu zituela predikuz ta milagroz honratu nai         zituen erri andi ta txiki guzietara, ta igorri-bidaldu, egin behar zutenaren ta gertatuko zenaren berria munduko guziei ematera.

        Arako abian arkitzen ziran denboran esan zien Jesusek andia zela zeramaten lana ta egitekoa, ta egiteko, anitz langille eskatzen zituena, ta ziran bezain gutiren artean hura bukatzeko, zebiltzala hordurik ere berriket, prestaket eta era bereko beste gauzetan galdu bage. Esan zien sartzen ziran errietan ez ezik, artzen zituzten itxeetan ere, an sartu horduko, asi zitezela beren egitekoan ta ango eriak sendatzen; baña etzutela itxez itxe ta jatez jate zer ibilli (esankizunik ez emateko ta beren egitekoa esku tartetik ez uzteko), ta zematela zebiltzan toki guzietan uste zuten Jainko-gizon Mesias etorri zelako berria. Esan zien bidenabar: «Begira, bildotsentzat otso bat dena izanen dira zuentzat erri orietan arkituko dituzuen gizon zenbait, (baña ez da zer beldurtu)». Orra Ebanjelio santuak diona ta esan nai duena.

        Baña Ebanjeliko esan onekin Elizak esan nai diguna zer ote da? Aita San Ignaziok artu zituela Parisen egin zuen Jesusen Konpañia egiteko bederatz lagun Filosofiko maisu ta Teolojian Doktore egiñak, Espanitik, Portugaltik, Italitik, Alemanitik, Saboitik eta Franzi beretik beren estudioetara gazterik ara joanak, eta Jesusen Konpani hau egin ondoan, bildu zituela beste anitz apaiz eta gazte, ta Jesusek bere Apostol ta irurogei ta amabiei bezala Parisko bederatzei ta beste guziei erakutsi ziela munduko beren predikuan, erakuste guzian ta bekatari gaisoen konfesioetan egin behar zutena, ta bakoitzaren lanak eskatzen zituen konseju onak eta adirazt onak eman ta bidaldu zituela zenbait Europako erreinu, probinzi ta korte andietara; San Franzisko Xabier ta al zituen beste guziak Asiko bazter andiagora; Andres de Oviedo ta gizon andi onen gisako beste zenbait Etiopiko Inperiora; beste zenbait Afrika bereko beste bazterretara; ta besteak munduko zatirik andien Amerik aldera; ta bidaldu zituela geldirik an egotera ez, baizik Jangoikoaren Lege santaren berri ona banatzera ta bere eskuz ezin zezaken on guzia oriei eragitera. Hau guzia zuzenki egiten San Pabloren bidez ibilli zela Aita S. Ignazio ta Jangoikoaren honra billatz berean egiten zituela zerurako ondasun andiak ekusi behar dugu oraingo aldian.

 

 

§ I.

 

        Jangoikoa ziñez maitatu ta Jangoiko beraren honra garbiro billatu nai duenak mundu galgarri onetan bizi bear du ill bat bailiz bezala ta bekaturako bide guziak urratzen dituela, aldi onetarako San Pablok esaten digunaz: existimate, vos mortuos esse peccato; ta hau da Aita S. Ignaziok Jangoikoagana jiratu zen egunetik egin zuena, ta Jangoikoagana jiratu zen bere anaiaren itxean milagroz S. Pedrok sendatu zuen hordu beretik.

        Azkeneko aldian Franzesak Iruñeko erri sendoa ingurutu ta artu zutenean barrendik arkitzen zen erri bereko gazteluan S. Ignazio, ta an sar etzitezen murall gañera igan zen batez su-tunbazko tiroz autsi zioten zankoko ezurra. Senda zedin, Franzes berak artu ta eraman edo bidaldu zuten Loiolako bere itxera. Bizitzaz etsirik bezala arkitzen zen an S. Pedro bezperan. Bazion Apostolu santuari zerbait debozio ta eskatu zion bere laguntza ta agertu ta utzi zuen S. Pedrok kasi sendatua. Alfer ez egoteagatik eskatu zuen munduko berriak zituen libruren bat. Etzen an alakorik eta ekarri zioten Santuen berri onezko bat. Santu batak eta besteak egin zutena ekusi ta artu zuen orien gisan bizitzeko asmoa, ta aragi sutuak eta mundu gaistoak galeraz etzetzaten horduko aren asmo ta naikunz ona, eskatu zion Jesusen Amari bere laguntza.

        Aren asmo ta otoitz onak urrarazi naiez sulezeko gaistoak gainbera bezala erabilli zuen Loiolako itxea ta eskanbill andi bat egin ta leio bateko bidriera autsirik utzi ta jaitsi zen zori gaistoko bere tokira. Andik laster agertu zen Jesusen Ama Jesus bera bere besoan zuela ta Ama Semeak ontzat artu zioten artu zuen ontzeko ta santu izateko asmoa, ta eman zioten beti, bizitu zen bezala, aingeru baten eran ta garbi-garbiro bizitzeko grazia ta bizitu zen geroztik beti gorputzik ezpalu bezala ta bekatu zikinerako illa zirudiela.

        Bekatu orretarako zena izandu zen geroztik Aita S. Ignazio beste bekatu-giro guzietarako ere ta bizitu zen beti munduko gauz ero makurretarako ezpaliz bezala ta illa zirudiela. Ekusi ditugun gorputzaren osasuna ta zeruko indartzak artu ta joan zen Monserrateko fraide edo monje santu batekin bizi guziko konfesio bat egitera. Hastiz hau an ta damu andiarekin egin ta komunio santa artu ta billatu zuen Manresan mendi zulo egoki bat, eta an sartu ta bizitu zen urte bateko denbora geienean arrigarrizko penitenziak egiten zituela. Lur otza zen an aren oatzea; eskean biltzen zuen egunoroko bere ogi zatia jateko guzia ta ur utsa aren edaria. Barutzen zen igandeetan ez ta beste egun guzietan. Gutienean zazpi horduz egoten zen egun oro Jangoikoari otoitz egiten ta joaten zen elizara al zituen mezak enzutera ta beste debozi onak egitera. Katez ta zilizioz lotua ta agitz nekatua zerabillen bere gorputza ta katezko diziplinez egun oro erdi urratzen zuen bere gorputz bera, ta andik atera ta ere ta bere bizi guzian eman ziozkan bere gorputzari era bereko tundak edo aldian ark eraman alak, eta artu zituen guztiz meki bestek emanak.

        Jerusalengo bazter santuak ekustera ta Jesusek non bere pasio santako neke bakoitza izandu zuen ikastera joan zen aldian, arako bere ontzi-aldia ez galtzeagatik, eri ta gaizki arkitzen zela ta purga bat artu berrian, sartu zen ontzian ta itsaso bizian. Gero Jerusalengo bazter berak eta toki santu guziak ekusten zebillela, zeren zerbait luzatu zuen Kalbario santuko mendian edo Jesusek gure amorez azkeneko bere odola ta bizi guzia eman zituen lekuan, ala zebiltzanak biltzeko kontua zuen gizatzar batek garrote batekin burutik bera eman ziozkan nork daki zenbat ukaldi gogor, ta al-ere aren gorputza ta burua zurez egiñak edo burdiñezko gauzak izandu balira baño geiago etzen asaldatu Santua.

        Andik itzuli ta Italira zeneko gerran zebiltzan Franzesak eta Espaindarrak ta Espaindar zenbaitek bidean arkitu ta berriak ikasten zebillen salatzalleren bat zelakoan, bere gorputz ongi nekatua ostikoz zapladaz ta anitz aldetara agitz geiago nekatu bazioten ere, illa baliz baño geiago etzen igitu edo asaldatu. Italitik Barzelonara joan ta asi zituen an gramatikako bere estudioak. Batetik bestera zebillen aldian, bere estudioetako denboran ta beste denbora ta aldi guzietan egiten zuen al zuena, al zuen guziei zeruko bidean eskua eman naiez. An Barzelonan ikasi zuen gazte zenbait geiegitan urbiltzen zirala seroreen konbentu batera. Joaten zen zenbait aldiz ango seroreei hitz onak eta zegozten gauzak esatera ta bere hitz egokiekin itsi ta ertsi zien gazteei arako sar-bidea, eta gazteak hau ekusi ta aserratu ta bein bidera atera ta garroteka ta makil-ukaldika utzi zuten erdi illa. Al-ere etzien hitzik esan Santuak eta bestek itxera eraman ta sendatu zeneko, alakorik ezpaliz bezala asi zen serore beretara joaten ta zegozten gauz onak esaten ta esaten. Barzelonan izandu zena zen S. Ignazio Alcalan ta Salamancan ere bere estudioak egiten an zebillen denbor guzian, ta estuditegi andi orietan animen alde egiten zuenagatik bere gain izandu zituen anitz presondegi, anitz neke ta kate, ta guzien artean esaten zuena zen etzela Salamancan ta mundu guzian ere Jangoikoaren amoreagatik eta animen onerako ark nai adiña girgillu ta kate. Eta etzen hau S. Ignazio gorputzez illa bezala munduan bizitzea?

        Bada gorputzez zena zen S. Ignazio beste alde guzietara ere. Eskean biltzen zuenetik ogi zati bat artu ta beste guzia ematen zien behartsu gaisoei. Jerusaleneko ontziratzean nai ta ez ar-erazi zioten zerbait diru Venezian; baña ontzira zeneko partitu zien guzia ontzi bereko behardun gaisoei. Flandesen ta Inglaterran bildu zuen uda batez neguko estudioetarako diru zati bat; ostu ta ebatsi zion estudio beretako ta itxeko lagun batek, eta iges egin zuen aren itxetik. Iru jornada egin ta gaizkitu ta aitu zitzaion zeraman diru ebatsia ta arkitzen zen zer egin etzekiela. Bazekien nolakoa zen S. Ignazio ta gaztigatu zion joan zekiola arren laguntzera. Ara zen bereala S. Ignazio bokadu bat ere bide guzian artu bage. Lagundu zion munduko adiskiderik onenak bezala ta sendatu zenean barkatu zion diru ebatsia ta eman zion bere biderako limosnaz an bildu zuen guzia. Eta ondasunetarako bere bizitzan orra zein illa S. Ignazio.

        Eta honretarako? Adi zazu. Jesusen bere Konpaniko beste batekin bidez zebillen batez ekusi zituen biak txarki jaunziak artzai mutil batek eta asi zen farra ta irri, ta irri ta far. Oartu zen Santua ta aren aurkesean gelditu ta esan zion bere lagunari: «Gauden emen guti bat bere atsegin aldia mutiltxoari ematen». Eta esan oi zuen bere barreneko deshondra naiari baizik ez begiratzera, larru gorrian ta lumaz ta lumeraz betea ibilliko zela kalez kale, Erromatar guzien histak eta burlak hastiro aditzen. Eta ez da hau Apostol S. Pablok dion eran ta mundurako ta bekaturako guztiz illa bizitzea? Ala da, bai segurki.

 

 

§ II.

 

        Bada bekaturako illa bezain Jangoikoarentzat edo Jangoikoaren honra billatzeko bizia bizitu zen denbor berean S. Ignazio: viventes autem Deo. Len esan duguna bezain egi ageria da egi hau, orain zuk ekusiko dezun bezala. Zer dela uste dezu bat beti bere Jangoikoarena izatea edo Jangoiko berarentzat bizitzea? Bizitz hau agertu digun San Pablo berak diona egitea edo geren jate-edateak eta geren beste gauzak Jangoikoaren izenean ta honran egitea: sivè manducatis, sivè bibitis, sivè aliud quid facitis, omnia in gloriam Dei tacite. Eta hau da bere Jangoikoagana Loiolan itzuli ta jiratu zen hordutik S. Ignaziok egiña; bada hordutik Jangoikoaren amorez urtua bezala gelditu zen aren bihotza ta geroz oztuz ez, baizik berotuz ta berotuz joan zen amore beraz beraren bihotz bera, ta Jangoikoaren amore berak eragiten ziozkan gauzak ziran artzen zituen asmoak, esaten zituen hitzak eta egiten zituen gauzak, eta orregatik ziran, dio Sacra Rota deritzan Erromako tribunal andi batek, Jangoiko beraren honran ta izenean S. Ignaziok egiten zituen gauzak: omnes suas cogitationes, et verba, et opera ad Dei gloriam, honoremque destinabat; edo tribunal berari bere hitzak artu ta S. Ignazioren egungo Matutian Eliz Ama santak dion bezala, Jangoikoaren gloria zen, ta glori billa zezaken andiena, S. Ignaziok bere hitzetan ta egiteko ta gauza guzietan billatzen zuena: cuius majorem gloriam semper in ore habuerat, semper in omnibus quaesierat.

        Hau zuk ekusteko ekusi behar dezu S. Ignaziok egiña, bai ta nola egiten zuen ere. Jangoikoaren honra mundu guzian banatzeko S. Ignaziok egin zuen lenbiziko gauza zen Jesusen Konpañia, ta egin zuena bezalako Konpañia, edo Konpañi Filosofiko maisuz ta Teolojiko Doktorez egiña ta bere egitekorako behar bezalako soldadu gizonak zituena; bada Jesusen Konpañiaren egitekoa da, Eliz Ama santak dion bezala, gure relijio santaren aide herejen gezurrei ta jentillen itsumen zikinei gerra bizi bat beti egitea; ta gerra, S. Ignaziok Jesusen Konpañia egin horduko hereje berei ta jentilei beren itxeetan sarturik egiña; bada hordu beretik igorri ta bidaldu zituen S. Ignaziok Aita Fabro ta Jaio ta beste bere lagunak Franzira ta Inglaterrara ta Alemanira ango herejeekin gerran ta pelean haritzera ta andik laster egiteko berera Aita Salmeron ta Lainez Trentoko Konziliora.

        Denbor berean asi zen S. Ignazio S. Franzisko Xabier-en ta bere Konpañiko beste anitz semeren eskuz Afrikako ta Indiko ta Amerikako probinzi luze zabal ta erreinu andietan jentil itsuei gerra bera egiten: Ignatius, misso ad praedicandum Indis evangelium S. Francisco Xaverio, aliisque in alias mundi plagas ad religionem propagandam disseminatis, ethnicae superstitioni, haeresique bellum indixit; ta egiteko ta ger hau bezain andi gogor bat egiteko behar ziran S. Ignaziok artu ta bidaldu zituenak bezain gizon jakintsu ta andi egokiak.

        Aldi artan Alemania zen hereje gaistoz agitz sendorturik arkitzen zen bazterra ta ara igorri zituen seme soldadu zitzaken guziak, eta oriei lagun on anitz eman naiez, egin zuen S. Ignaziok Erroman alemandar gazteentzat itxe andi ta kollejio bat, ara ekarri ta maisu andiz jakin behar zutena erakutsi ta beren bazterretara gizon egiñak bidaltzeko, an gero sar zitezen Jesusen Konpañikoekin batean herejeekiko pelean, ta herejeen gezurrak urratuz ta gure legeko egi garbia agertuz lagun zezaten herejeak eskuratzen ta fededunak beren sinistantz onean ederki sendor-erazten.

        Jentil arteko gerrara igorri zituenentzat ere eragin ziozkan S. Franzisko Xabierri Indian era bereko itxe andiak eta ara ziranen laguntegi egokiak, eta lagun oriek ez ezik, bere Jesusen Konpañiko zitzaken guziak ere igortzen ziezten egun oro edo al zuen guzian herejeen ta jentillen artean zebiltzan bere semeei, ta bera ere bein edo berriz arkitu zen herejeekin ta jentilekin ziardukaten bere semeei lagun egiten; bada herejeekin ziardukan ta Kolonian arkitzen zen San Ignazioren seme batek izandu zuen hau ekusi nai andi bat eta eskatu zion bere lana utzi ta Erromara joateko baimen-lizenzia. Eranzun zion Santuak zegola geldirik, bidera bage, arkitzen zen tokian ta esku-tarteko lanik galdu bage ekusiko zuela nai zuena. Eta ekusi ere zuen, bada guti uste zuen arrats batez sartu zen S. Ignazio beraren gelan ta ekusi zuen nai bezala ta gelditu zen pozez ta atsegin utsez betea. Eta Indiko jentil Badagekin izandu zuen aldi gogor batean, bere bazterrean izandu zuen S. Franzisko Xabierrek bere Aita S. Ignazio ta onek laguntzen ziola eragin zien Badagei berak nai zuena.

        Herejeen gezurrak urratzeko ta jentil itsuei argi egiteko ez ezik, bekatari guziei ta fededun onei laguntzeko ere S. Ignaziok egiña da Jesusen Konpañia, ta Jangoiko berak daki S. Ignaziok berak berez ta Konpani onetako bere semeen eskuz batekin ta besteekin egiña. Bazter askotan berritu zuen lenbiziko fededun onen bizkuntza, ta besteetan ta kasi guzietan sartu zuen Kristau Dotrina, ta misioz ta ejerzizioz ta predikuz gaistoen ontza, konfesio santaz ta komunioz onen obentza ta bide berez ta beste zenbaitez onen ta gaistoen bihotzetan Jangoikoaren beldurkunz ona; ta bere seme berei beren egiteko beretako lagun geiago eman naiez, eman ziezten beren itxeetan bizi diran gazteei maisu egoki artako behar den guzia erakutsiko zienak, eta hau guzia ta egiten zituen beste gauzak ziran Jangoikoaren berri ona munduan geiago ta geiago banatzeko, geiagori ta geiagori ta aldian bakoitzari obeki Jangoikoa maitarazteko ta Jangoiko berari andia baño honra andiagoa ta andiagoa eman naiez.

        Hau ala dela osoki ekusteko jakin behar dituzu Santu berak bi alditan esan zituen gauzak. Esan zuen bein S. Ignaziok: «Ekusten banu nik nere eskuz ta besterenez egiten ditudan gauzetatik txikienean ere billatzen ez dudala Jangoikoaren honra dezakedan andiena, damuz bertan illen nintzake». Eta beste batez: «Nere eskuan uzten balu Jangoikoak bertan ill ta ber-bereala zerura igatea edo Jangoiko berari zerbait honra emateagatik zenbait denboraz nere burua galtzeko perillean emen gelditzea, emen bertan geldituko nintzake». Eta hau, ekusten dezun bezala, Jangoikoarentzat baizik bizi ez den Santu andi batek baizik ez dagien hitzkuntza da.

        Eta hau zion ta ekusi ditugun gauzak Jangoikoaren izenean ta honran egin zituen S. Ignaziok, zeruko zer urre-zillarrak edo grazi-birtute, Espiritu Santuaren doai ta ondasunak egin edo bildu ote zituen bere azkeneko ogei ta amabost urteetan? Egunen batez jakinen ditugunak. Orain guk dakiguna da Santu berak bein esana, ta esan zuena da: Santu guzietatik batekin ere etzuela trukatuko Jangoikoak bere ongi naiez ta egin ziozkan serbitzuen alde eman ziona, Jangoiko beragandik artu ezpazuten orien bizitz historian ekusten duguna baizik. Eta ekusten dezu zein andia den or guk ekusten duguna.

        Orra, bada, zein ondasunduna zeruan ta bidenabar Jangoikoarekiko zein eskuduna guri laguntzeko S. Ignazio Loiolakoa. Eska zagozu, bada, erdits diezazula berak bere ibilliz agertu digun bidez mundurako illak eta Jangoikoarentzat biziak bizitzeko ta zeruko irabaz andiak egiteko beharko dezun laguntza ta grazia: bai arren, bai.

 

aurrekoa hurrengoa