www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Festegunetarako irakurraldiak
Sebastian Mendiburu
1740-1767, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Mendibururen idazlan argitaragabeak, Sebastian Mendiburu (Patxi Altunaren edizioa). Euskaltzaindia, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

XIII.
San Joan Baptistaren
eguneko irakur-aldia

 

Joannes est nomen ejus. Luc. 1,63.

 

Gaia: Galdu nai ez duenak egin behar du
Jangoikoak igortzen dituenen esana.

 

        Parerik bageko jaiotza Jesus maitagarriaren jaiotza da; da ala-baña Jangoiko-gizon Birjin baten Semearen ta Seme gizonen egitekorik bage egin zenaren jaiotza ta orregatik da jaiotz guztiz txarmagarria. Orrenbateko jaiotza ezpad-ere, jaiotz beste gizonen jaiotzak agitz garaitzen dituena da egungo gure Santu andi San Joan Baptistaren jaiotza; da alabaña ama agor ta aita zar baten semearen, ta seme, jaio baño len bataitu, bekatu etorkiaren kutsurik bage ta Jangoikoaren graziz apaindurik arkitzen zenaren ta santu ta profet egiñaren jaiotza: et Spiritu Sancto replebitur adhùc ex utero matris suae (Luc. 1,15); orregatik da gizonen jaiotz guzien artean Kristo Jaunaren jaiotzari geienik urbiltzen zaiona, ta jaiotz, Kristo Jaunarena bezala, profetez adirazia ta Jangoikoak bere aingeruz agitz lenagotik agertua. Kristo Jaunarena gauza jakiña da; adi zazu San Joan Baptistarena.

        «Bai», dio San Maximok, «San Joan Baptista da gero bere denboran etortzeko zegola Isaias profetak adirazia ta adirazi zuen ark hau Jangoiko berak agertzen ta idarokitzen ziola»: hic est ille, quem inspirante Deo, praescius annuntiat Isaias (Hom. 3 in Nativ. S. J. B.). Eta hau bera da Jangoiko beraren aingeru batek ,ere Santu beraren aitari, gertatu baño len, agertu zion gauza. Lege zarreko Eliz-egitekotan arkitzen zen batez aingeru batek agertu ta esan zion Zakariasi: «Aditu ditu Jangoikoak zure otoitzak; izanen dezu zere andre Isabelgandik seme bat eta Joan da seme oni ezarriko diozun izena». «Zer diozu zuk, aingeru ona?», esaten dio Zakariasek aingeruari; «zartu gara nere andrea ta ni len izandu ez ta orain seme bat izateko, ta diozunaren señale on bat ekusten ezpadut, ez dut hau nik siñistuko». «Orra, bada», erantzuten dio aingeruak, «Jangoikoaren aldean nabillen aingerua eta izenez Gabriel naz ni, ta nazanak bezala esaten dizut mutu geldituko zarala, hau agi ta gerta dedin arte guzian».

        Guzia gertatu zen aingeru San Gabrielek Zakariasi esan bezala; bada Sant Isabel aurdun egin ta erdi arte guzian etzuen hitzik atera; baña aurra jaio ta zortzigarren egunean Zirkunzisioko izena ari ematerakoan artu zuen bere pluma ta plumaz adirazi zuen Joan zela ezarri behar zioten izena ta hau egin horduko asi zen mutua hitz egiten ta profetak bezala agertu zuen anitz etorkizun andi ta besteen artean bere seme jaio berriaren egiteko andia, ta hau oni agertu zion beragana jiraturik esaten ziola: «Bai, nere semea, bai; zuk izanen dezu gain guziak baño geiago goratzen den Jaunaren profet izena ta aren aitzinetik ibilliko zara dagozkan bideak moldatzen ta beraren legeko izan behar dutenei beren bekatu guzien barkamenturako jakin behar dutena erakusten ta Jangoikoaren guganako urrikaltz andia agertzen».

        Eratsu bereko hitzak idaroki ziozkan Jangoikoak bere aingeru San Gabrieli ere San Joanen etorrera ta egitekoa ager-erazi ziozkan aldian; bada esan-erazi zion: «Israeldarretatik anitz eta asko erakarriko ditu Jangoikoaren eskura ta orretarako Jangoiko-gizon Kristo Jauna baño len asiko da Elias baten bular, indar ta birtutearekin predikatzen, bekatari aditzen dutenen bihotz gogorrak beratzen ta Kristo Jaun beraren predikurako gauzak prestatzen». Eta batari ta besteari idaroki ziena lagunduz eragin zion Jangoiko berak San Joani; bada, gaurko Ebanjelio santuak dion bezala, asi hordua etorri aldiraño eremu batean sartu ta bizitu zen San Joan Baptista otoitz ta baru zeruko indarrez, zelo santuz ta birtutez prestatzen penitenziko bere prediku ta sermoi andietarako; ta orietarako hordua etorri zenean, jaitsi zen eremutik Jordan deritzan ibai bazterretara kamel illezko soñeko latzez jauntzia ta larruzko gerrikoz lotua, ta jale nekezkoak egiten bazituen ere, asi zen bortitzki predikatzen ta bekatua guziei begitan ar-erazten, bai ta Jangoiko-gizon beraren ondotik zetorrenaren berria ematen ere ta bere lan onetan haritu zen Herodes gaistoak bizia kendu arte guzian. Arte onetan egin zuten, aren hitzak aditu ta, Jerusalendar, judatar ta bazter aietako beste anitz askok adirazten zien penitenzia ta konfesioa, ta ez egiteko gogortzen ziranei egiten zien betiko surako mehatxu izugarria. Ara nai ezpadugu, orra guk ere egin beharra; predikari jaunen ta konfesor guzien hitz onak aditzea ta orien esanak osoki egitea.

 

 

§ I.

 

        Aldian aldiak eskatzen dituen gizonak igortzen ditu Jangoikoak mundura. Jangoikoaren gizon egin ta mundurako etor-aldiak eskatzen zuen gizon ta profet-predikaririk andiena, zeren Jangoiko-gizonaren horduko etor-aldia zen mundu guzian izandu den ta izan ere diteken egitekorik andiena; zen alabaña mundutar guziak beren bekatupetik eta deabruaren atzapar gaistotik ateratzeko Jangoiko bera gizon egitea, lege berri bat munduan ezartzea ta nekezko bizi baten buruan, tormentuzko erio baten atzapar gogorrean illik gelditzea ta aldi onetan Jangoikoak bidaldu zuen profet-predikaria da egungo santu andi San Juan Baptista; ta San Maximok dionaz, San Joan Baptista da profet ez ezik, profet guzien profeta; profet, bere hitz zerukoz profet guzien esanak seguratu zituena ta Jangoikoak aldi onetan orretarako berariz igorri-bidaldua: qui idcircó in hoc saeculum divina dispensatione directus est, ut non solùm ipse profetali sublimaretur gloria, sed ut et omnium etiam per eum profetarum praeconia firmarentur; ta Kristo Jaunak dionaz (ta San Maximok eta munduko beste guziak diotenak baño mill-milloietan geiago balio du Kristo Jaunak dionak), San Joan Baptista da berez ere jaio diran guzien artean gizonik andiena: inter natos mulierum non surrexit major Joanne Baptista.

        Aldi guzietan du munduak profet, predikari ta konfesor onen beharra, zeren aldi guzietan ta beti den mundutarren artean anitz jakin behar ta bekatuaren zakar, ta zakar oriek kentzeko ta jakin behar den guzia erakusteko Jangoikoak beti bidaltzen ditu behar bezain onak eta egokiak, eta mundutarrak Jangoiko-gizon Jesusen eskupekoak izan nai badute, egin behar dutena da ekusi dugun aldian Jerusalendar, judatar ta Jordanen bazterretakoak egiten zutena edo Jangoikoak igortzen diezten predikara onen hitzak aditzea ta konfesioz ta damuz beren animak batai-garbitzeko konfesoreen oñetara askotan joatea.

        Illunbetan dabiltzan bidari gaisoak gara munduan arkitzen garan geienak; bada geienok ez dakigu zeruko bidez gabiltzan edo sulezekoz, edo ez dakigu barkatu diran gure bekatu gaistoak edo ez, ez eta oriek guk ongi konfesatu ditugun ere; bada ez dakigu konfesatu ditugun osoki, konfesatu ditugun behar den damu ta urriki guziarekin ta konfesatu ditugun bekatu berrien bideak urratzeko ta geren buruak ontzeko asmo osoan, ta hau guzia guk ikasi arte guzian ez dakigu zer bide den daramagun bidea ta guk Dabidek bereari bezala nai badiogu geren animari, egin behar duguna da berea seguratzeko ark egiten zuena.

        Badakizu zenbat nai zion Dabidek bere animari? Berak dionaz ezin geiago, bada dio: «Bat da Jangoikoari nik eskatu diodana ta beti eskatu uste diodan gauza, ta eskatu diodan ta beti nik eskatu behar diodan gauz hau da bide zuzenez ibilli ta zori oneko glorira nere anima hau eramateko grazia»: unam Petii à Domino, banc requiram, ut inhabitem in domo Domini (Ps. 26, v. 4). Orra bere animari zenbat nai zion errege Dabidek. Orrenbat nai badiozu zuk zereari, egiñen dezu zerea seguratzeko berearen alde ark egiña. Badakizu zer? Nondik artu ta nola ibilli ekusteko argi-modu bi billatzea: lucerna pedibus meis verbum tuum, et lumen semitis meis (Ps. 118. 105). Oñik bidean sartu baño len zeruko argia arturik ekusten zuen Dabidek zein zen zerura zijoan bidea ta behatz-toparik ez emateko ta bekatura bage ibilli naiez, eskuan eramaten zuen zeruko beste argi bat, oña non ezarri beti ekusteko. Eta orra guk ere geren animak ongi seguratzeko egin behar duguna.

        Gorputzak baditu bi argi-modu: biderako bata ta itxerako bestea. Gorputzak biderako duen argia da egunaz eguzkia ta gabaz illargia. Eta gorputz berak itxerako duen argia da zuzia edo kis-txispoia, krisellua ta argizagizko edo sebozko kandela. Animak ere baditu beste bi argi-modu: guzientzat Jangoikoak egin duen bidea edo Jangoiko beraren legea ta legeari dagozkan gauzak agertzen dituena bata ta bakoitzari bere bihotzeko zokoak agertzen diezkana bestea. Animaren eguzk-argia da lenbizikoa ta anima beraren esku-argia bezala bigarren hau.

        Animaren eguzk-argia da beren sermoi ta kongregazioan predikari ta kargudunak guzientzat egiten duten erakunstza ta anima beraren esku-argia da konfesore bakoitzak bakoitzari egiten diona; bada eguzkiak agertzen zaizkan bazter guziak argiz bezala, predikari onak aren hitzak aditzera urbilzen dena betetzen du erakustez ta jakin behar dituen berriz, ta bidezkoak eguzkiarekin dabillen aldian bere bidea bezala, hitz oriek aditzen dituenak ekusten du Jangoikoaren legeko ta zerurako bidea.

        Animaren krisell esku-argia da batek bekatuaren loiak kentzeko ta barreneko bere gauzak zuzentzeko konfesore bategandik ikasten duena. Zeruko bidez zuzenki ibilli nai duenak artu behar du libru ta erakusle onen argi-dotrina -La nioiz ere baño kontuzago garizuman ta misioko denboran, zeren aldi orietan besteetan baño erakuste argidunagoak eta bekatuaren damua ta Jangoikoaren amorea adileen bihotzei ar-erazteko obeak egin oi diran. Onetarako aldi orietan baño ere Aita San Ignazioren ejerzizio batzuetan adituz, ekusiz ta gogorantz kontuzkoz ikaste obeak egiten dira ta egin nai dituenak ar beza al badu bein edo berriz beintzat arako bide hau ere.

        Gauaz gordetzen da eguzkiaren argia ta bidez dabillenak oñak non ezarri ekusteko eraman behar du emen bertako argiren bat eta ez daramana erorz gaistoak egiteko bidetan arkitzen da. Ibilli behar duen aldi guzietan ezin izan ditzake animak sermoien, ejerzizioen ta libru onen argiak edo erakusteak, eta aldi orietan zeruko bidean erorz ta galtzerik ez egiteko artu behar du konfesoriaren edo beste gidari jakintsu onaren argia, ta artu behar erakuste ta argi edozeiñena ez, baizik erakusle jakintsu onarena; bada ez-onaren erakustea aizetan gelditzen den erakustea izan oi da ta deus guti balio du ez dakien edo guti dakien erakuslearen argiak ere, dio San Joan Krisostomok: lucêre tantùm est vanum: ardêre tantùm est parum: lucêre et ardêre perfectum (Ser. de Nativit.); ta gabaz edo izaten dituen illunbeetan ongi ibilliko den animak behar duen jakintza ta argia da konfesor edo erakusle on bero jakintsu batek ematen duena; hau da alabaña dabillenaren bihotza berotzen duen ta daraman bidea agertzen dion argia: lucerna ardens et lucens; ta argi hau bage dabillen anima illunbetan luzaro dabillen gizona bezala da ta illunbetan luzaro dabillen gizonak ez du bidean gauz onik arkitzen, ta len edo gero austen du oña, ezurra, muturra edo burua.

 

 

§ II.

 

        «Bai», dio Espiritu Santuak: «zori gaistokoa da berez ta lagunik bage dabillen gizona; bada ez du nork eskua eman (osin gaistoan, leze izugarrian edo beste edozein toki galgarritan) erortzen den aldiko (edo ezurrak ausirik eta ezin dabilkeen eran gelditzen deneko): vaè soli, quoniam si ceciderit, non habet sublevantem se (Eccl. 4,2). Bai ta, dio San Joan Krisostomok, edozein gidariren argiarekin dabillen anima ere; bada bein gidari edo konfesore batagana, bein besteagana dabillen anima, batetik bestera dabillen ta edozein tokitan oña ezartzen duen txoria bezala da, ta era onetako txoriak ais-aski eskuratzen ditu sarea edo lakioa ezartzen dien eisteriak.

        Anim hau baño ere zori gaistoagoko anima da, dio Doktore santu berak (Hom. 13 in Mat-th.), bere buruz dabillen anima; hau alabaña da, dio Santuak, Adan bere senarragandik baztertu zen Eba bezala. Ebari baztertu arte guzian etzion hitzik egin sulezeko tentari gaistoak, baña bakarrik hura ekusi horduko argana zen sierp egiñik eta agertu zion Jangoikoak debekatu zien sagar ederra ta siñist-erazi don nai zuena; bada siñist-erazi zion gaizki naiez, enbidiz ta bera bezala Jangoiko egiñak geldi etzitezen, debekatu ta eragotzi ziela sagar artatik jatea ta azkenean artatik jan-erazi ta utzi zuen bekatuz galdua. Hau da, dio gero Santu doktoreak, bere buruz edo bururik bage batetik bestera ta konfesategiz konfesategi ta konfesor on jakintsu bat ar lezakela artu bage dabillen animarekin egiten duena: galdurik eta bekatuaren kate ta presondegian loturik uztea.

        Zori oneko anima illunbetan ta bakarrik zebillela deabruak ezarri ziozkan bekatuaren kate-girgilluak konfesioz urratu dituena ta aren eskutik eta presondegitik iges egin ezkero konfesor on jakintsu baten argirik bage oña itxetik ateratzen ez duena edo zer egin dezaken argandik ikasi arte guzian dudazko gauzarik egiten ez duena, ta orain ekusiko dezun eremutar bat bezain zenzatua gelditzen dena.

        Alargundu zen zenbait urteren buruan bere buruzko gizon bat. Ongi bizi zen gizona zen gizon alargundua ta bere burua ezkontzako trabarik bage ekusi zuenean, artu zuen leneko bere bizia baño bizi obe bat egiteko ta eremutarren artean eremutar izateko asmoa ta zuen seme txiki bat berekin artu ta joan zen ara.

        Ara zeneko eremutarren soñekoa jauntzi ta asi zen eremutarren lan onak egiten, bai ta bere semearen maisu bere burua egin ta teoloji andiko gizon bat baliz bezala Eskritur Santako gauzak ari erakusten edo nasten ere. Asi zen bein Abrahanek bere seme Isakekin eta batarekin ta bestearekin aldi artan Jangoikoak egiña semeari agertzen, eta hau bera berarekin ta beraren semearekin Jangoikoak egin behar zuelako uste ero bat buruan artu ta, hitz bat bati ere galdetu bage, artu zuen Abranek Isak bere semearekin Jangoikoak esanik egin nai zuena ark bere buruz berearekin egiteko asmoa ta bere asmo hau semeari agertu bage asi zen artarako gauzak prestatzen, ta prestatu ta esaten dio bere semeari: «Ona, nere semea, bere aitarekin eta Jangoikoagatik Isak mutil gazteak egiña. Esan zion bein Jangoikoak Abrani», esaten dio eremutarrak bere semeari, «ar zazu zere seme maite Isak eta zoaz nik erakutsiko dizudan mendi gañ batera, zere seme bera zere eskuz an ill ta sakrifizi on bat neri egitera. Eraman zuen Abranek Isak an bera erretzeko behar zen egurra bizkarrean zeramala. Ara zein humilki ta hitzik atera bage dijoan Isak. Igaten da mendi gañera ta surako egurra prestatu ta belaunikaturik agertzen du lepoa, beititzen du burua ta ill golpea artu uste duenean agertzen da Jangoikoaren aingerua ta geldirazten du aitaren ezpata. Orra, nere semea, orra hume on esaten zaiena humilki egiten dutenendako zein ongillea Jangoikoa! Aski da aldi onetako aditu dezuna. Zoaz orain zerbait artzera ta atoz gero onara», esan ta bidaltzen du eremutarrak semea.

        Andik laster itzultzen da mutilla bere aitagana ta arkitzen du_ kanibet zar erdi erdoitu bat zorrozten ta zorrozten, ta ekusten du an bazterrean egur zama andiskote bat ongi lotua ta ara horduko aditzen dit bere aitagandik: «Eta oroitzen zara, nere semea, Abranez ta Isakez?». «Bai, aita», erantzuten dio bere zorrozketan beti hari zen aitari semeak. «Bada jakin behar dezu, semea», esaten dio aitak, «oriek egin zutena bezalako gauzak anitz urtetako emengo penitenzi andiak baña agitz geiago balio duela»; ta bere kanibeta behar diña zorroztu zuela zeritzanean, «Nai dezu», esaten dio mutillari, «igan gaitezen arako mendi artara?. «Zertara?», eranzun zion mutillak aitari. «Etzion orrelakorik esan Isazek Abrani aditu dezun aldian», esan zion aitak mutillari; «beren egurrarekin mendi gañera igan behar zutela Abranek ari esan horduko, egurra bizkarrean artu ta asi zen Isak igaten, ta igan zen ezer aitari galdetu bage. Ar zazu, bada, zuk ere zam hau ta ots emazu, goazen zu ta ni ere geren mendira». Ezin bestez bezala artu zuen mutillak bizkarrean bere egur zama ta asi ziran biak mendira igaten, baña kezkatuak zebiltzan biak eta hitzik ere atera bage ta bakoitzak berea bere gogoan zerabillela. Beldur zen mutilla mendi gañeratzen baziran, aitak bere kanibetarekin ill ta berak zeraman egurrarekin errea ta auts egiña an bertan utz zezan, ta aitaren oharkabentz batean zeraman zama bota ta joan zen laster ta laster igesi, ta bere igeskarekin galerazi zion aitari deabruak buruan ar-erazi zion erakeria (Casian. 1. 2 Collat. c. 7).

        Eremutar onek izandu zuen denbora bere erakerizko bekatua damuz ta konfesioz urratzeko, baña berenak urratu bage ta gaizki ill ziran Kasiano berak dakartzien beste bi: bata Jangoikoak bere eskuz edo milagroz jatera eman behar ziolako ustean besteren eskutik jatekorik artu nai gabez illa; ta bestea Jangoiko berak aingerua bidaldu ta geldituko zuela eritzian bere burua putzura bota ta itotzen zela.

        Beste anitzen artean galdu ziran oriek artu bagez jakintsu onen baten argia. Hau behar izan oi dute zerbait dakitenak ere, beintzat beren gauzetan, ur gazian jaio ta azitzen diran arraiak jaki ona izateko gatza bezala (etiam pisces egent sale); zeren gaitz den batek bere makurkuntzen artean bere gauzei zuzenki begiratzea: in unaquaque re difficile est medium rationis tenere (Arist. Eth. 2, c. 9).

        Zere saldu-erosirako, bada, zere trukantzetarako, zere ezkontzarako, zere ibillerako, zere joan-etorrirako, zere ezdabaidetarako ta uts egin diteken zere beste edozein gauzarako billa zazu Jerusalendarrak eta ekusi ditugun beste guziak San Joan Baptista bezala konfesore behar bezalako edo beste jakintsu onen bat eta ark ematen dizun argiarekin egizu guzia San Joan Baptistarenarekin Jerusalendarrak ta arganatzen ziran beste onak bereak bezala ta Jangoikoak laguntzen dizula aiek bereak bezain ongi edo obeki egiñen dituzu zuk zere gauzak. Jangoiko berak dizula argi hura ta laguntz hau erdisteko grazia. Bai arren, bai.

 

aurrekoa hurrengoa