www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Festegunetarako irakurraldiak
Sebastian Mendiburu
1740-1767, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Mendibururen idazlan argitaragabeak, Sebastian Mendiburu (Patxi Altunaren edizioa). Euskaltzaindia, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

XXIV.
S. Agustin eguneko irakur-aldia

 

Videant opera vestra bona, et glorificent
Patrem vestrum, qui in coelis est. Matth. 5.

 

Gaia: S. Agustinek agertzen die
bekatari guziei ontzeko bidea.

 

        Apostol bereak etzituen emen beti bizitzeko Jesus maitagarriak artu; bein bata, bein bestea zenbait urteren buruan eraman zituen bere aldera ta zeruko atsegindi agitz andira; baña ez erakuslerik bage bere Eliza utzi ta; bada oriek bere aldera eraman baño len utzi zituen Elizan orien beren eskalan azi ziran gizon andiak, eta oriek ere zerurako beren aldia etorri baño len egin zituzten Eliz bereko maisu beste anitz eta beste oriek ezin kont-al adiña beste ta beste ta orain arte guzian izandu diranak, eta oraindañokoan egin duena egiñen du Jangoikoak mundu beraren bukantzaraño ta on guziak bere zerura eraman arte guzian.

        Apostol jaunen ondorengo ta geroztik Elizak izandu dituen erakusle ta maisu guziak ez dira izandu berdiñak; andiak izandu dira batzuek, besteak agitz andiagoak eta andienetatik zenbait izandu dira izar artean eguzkia bezala, beste eun ta milla maisuk baño erakuste ta argi geiago Elizari eman diotenak, eguzki bakarrak munduari izar guziak baño geiago ematen dioten eran, ta maisu andietatik da egungo Doktor santu S. Agustin; bada Doktorek edo Maisuk erakusterik egin badu, egin du S. Agustinek; onek alabaña kendu zituen goizean agertzen den eguzki ederrak gaueko illunbe belzak bezala, bere denborako hereje gaistoen lañoak eta bere libru egokietan utzi zituen ondorengo gaistoenak kentzeko behar diran argiak.

        Bai, kendu zituen S. Agustinek bere denborako herejeen lañoak eta laño andiak; bada S. Agustinen egunetan anitz infernuko laño ta gezur banatu zuten Afrikan Manes-en eskolako gizon gaistoak eta orien artean Fortunato zeritzan Obispo batek eta era bereko beste buru andizko zenbait jakintsuk. Orien lañoak eta gezurrak aienatu ta utzi zuen Afrika hitzez ta libruz gure lege santako argidun egiña ta mututuak utzi zituen Fortunato ta Feliz ta beste hereje hitz-onzi guziak.

        S. Agustin beraren egunetan gezurrez ta herejiz ta beste gisako lañoz bete zituzten Afrika bereko bazterrak eta erriak Donatisten izena zuten beste jakintsu gezurti zenbaitek ere. Orietatik laur eun beintzat Obispoak ziran. Laur eunetatik anitz banaka hitz egin ta beren bide makurrak utz-erazirik ekarri zituen gure lege santako bide zuzenera. Obispo hereje beretatik eun ta berrogei ta emeratzi bildu ziran bein Kartagon S. Agustin ta beste Obispo fededunekin hitz egitera, hitz egin zuten nai adiña beren hereji ta gezurren alde, baña besteekin batean S. Agustinek erantzun zienarekin gelditu ziran hitzik bage ta zer esan etzekitela ta guziak ezpazen ere, anitzek artu zuten S. Agustinen ta Jangoikoaren bidea ta mundu guziak ezagutu zuen beste itsuen lañoa ta gezurra.

        Orain diogunen ta leneko herejeen lañoak eta gezurrak kentzearekin etziran bukatu S. Agustinen bide bereko lanak eta neke guziak; izandu zituen berriak eta agitz andiak Pelajio zeritzan Inglaterrako monje herejearekin. Hereje hau ibilli zen Inglaterratik Ejiptora, Ejiptotik Jerusalena, Jerusalendik Erromara, Erromatik Sizilira, Sizilitik Afrikara ta beste bazterretara ta bazter guziak betetzen zituen bere hereji galgarriaren lañoz ta gezurrez. Hereje hau Inglaterran jaio zen egun berean jaio zen Afrikan S. Agustin ta jaio zen onen gezurrak agertzeko ta lañoak urratzeko ta anitz neke ta librurekin bazen ere, egin zuen bata ta bestea, ta egin zuen guziaren berna dutenak dakiten bezain ederki, ta orregatik da S. Agustin egungo Ebanjeli santuak dion bezala Eliz bereko gatza, zeren horduko bere libruetan dakarrenarekin erakusten duen hereji berrietan ez usteltzeko jakin behar dena, bai ta bekatuaren bide ustelean ez gelditzeko ta birtutez birtute ibiltzeko den ta aldi onetan guk ekusiko duguna ere.

 

 

§ I.

 

        Santu guziak bizi-bide batez batzuek, besteak bestez agertzen digute zeruko bidea, baña egungo Doktore andi S. Agustinek bezala gutxik edo batek ere ez; bada besteak agertzen digute Elizak esanez edo santu beren berrilari onak hitzez edo plumaz agertuz santu berak zeruko beren bidean egin zutena ta oriek hau egin oi dute agertu bage noizbait len santu berak egin zuten utsa ta gaizkia; baña S. Agustinek agerzen digu zeruko bide bera berak bere eskuz ta plumaz agertuz bein aurdanik asi ta ogei ta amairu urtetaraño egin zituen bideko utsak eta bekatu guziak, eta gero uts oriek urratzeko ta zeruko bidean oñak sartzeko egin zuena, ta erakusten digu ark guri hau berak egin zituenen erako utsak guri eragiteko ez, baizik orietarako bidea guri galerazi ta gero berak artu zuen bide Kalera bertatik zuzen-erazi naiez.

        Badira zeruan santu ta santak bekatu larririk beintzat sekulan egin etzutenak eta gisa berekoak balira zeru berera igan diran beste guziak, arako ustea errazki gal genezake noizbait bekatu egin dugunok; eta gal ez dezagun ematen digu Jangoikoak santu orien berna ez ezik, len bekatari ta bekatari andi izandu ziran zenbaiten ta santu andi egiñak orain an bertan arkitzen diranena ere; ta orietatik dira Santa Mari Madalena, zazpi deabru edo anitz bekaturen atzapar gaistotik Jesusek atera ta ondua, Apostol San Pablo Jesusen Elizak lenbizian izandu zituen etsai amurratuenetatik bat eta al-ere Jesus berak bere Apostolutako ta Apostolu agitz anditako artua, ta egungo gure Doktore andi S. Agustin, Jesusek bere Elizaren maisu egokitako artua, ta Jesusek artu zuenean, santu berak dionaz, ara nolakoa.

        «Aurra nintzan oraindik urtez ni», dio Sant humillak, «ta al-ere zar gaisto bat bezain galdua ta bekatuduna»: eram tantillus puer, et tantus peccator. San Agustinen horduko bekatu berriak geroko bekatu anitzen sustraiak ziran, ta sustrai izurdun gaistoak; eta horduko bere bekatu berriak gatik arkitzen zen S. Agustin mintegitik atera ta izurri gaistoz sustraiak beteak daduzkan ta sagardi batean aldatzen edo lurtatzen den udare landarea bezala. Landare hau arbol egiten denean bere zur ta adar guzietan arkitzen da izurriz, pozoiez ta benenoz betea ta ematen dituen udare guziak beraren zuku izurdatuarekin egin ta aziak bezala izurdunak dira ta agitz gaistoak. Era berekoak eta agitz gaistoagoak izandu ziran aurdanik gaistatu zen S. Agustinen geroko lanak edo anditu ta bataioz bekatuaren izurri ta pozoi guzia beregandik kendu zuen artekoak. Bataioko bere garbintz hau etzuen S. Agustinek egin ogei ta amar urte ta geiago zituen aldiraño ta bitart artan egin zituen berak aitortzen ta plumaz banatzen dituen gaistaginz guziak.

        Aragi gaistoak eragin oi dituen zikiñak ziran aurtasunetik San Agustinek egiten zituen gaistaginzak. Berez ere gauz orietarako grin andizkoa zen Santuaren aragia; bere grin hau bizitzen zion bera bizi zen Afrikako beroak eta onek baño ere agitz geiago berak bere bekatu berekin ematen zion suak eta olioak. Urteetan bezala bekatutan sartuz ta sartuz joan zen S. Agustin, berak dionaz, ta amasei urte zitueneko agitz azpiratua zedukan gaistakerietarako bere aizturak eta bekaturako oikuntzak eta berak ere horduko galdu zuen bekaturako alkea ta munduaren beldurra ta amarenik etzuen, berak dionaz, izandu bein ere.

        Bizi zen horduraño S. Agustinen aita, baña aitaren ezpaliz bezain beldur gutirekin bizi zen S. Agustin, zeren zegiela semeak nai zuena hitz bat etzion aitak esaten. Ama gaiso Santa Monikak egiten zuen bere alegiña zeraman bide gaistoa galerazi ta artu behar zuken ona ar-erazi naiez. Esaten zion onetarako ama on batek maite duen semeari esan dezoken on guzia, baña aditzen duenik ez den eremu batean esana bezala zen ark oni esaten ziona, ta ez aditu egin ta, edo andre kontuak zirala zerautsan gauzak esan ta, joaten zen beste aldera gogoak ematen zion tokira ta lenekoen erako beste gauz eta gaistaginzak egitera.

        Gero kontura zen aldian adin artako bere erakeria ekusi ta, arritu zen zen guzia ta asi zen esaten: «Jauna, ta non nuen nik burua amasei urtetan sartu nintzaneko? Bada hordurako neronek nai nuela azpira ninduten aragiaren naikuntz zikiñak eta sokaz loturikako zakur bat bezala nenkarten batetik bestera ta berak nai aldera». Baña besterik zion adin artan ta urrengo ta urrengo urteetan ere; bada hordurako azpira zuten atsegintz loiak eta aragiaren zikintzak beren azpian ta eskutik iduki zuten beraren poz andiarekin ogei ta amairu urtetaraño.

        Arte onetan ibilli zen aurtasuneko bere urteetan baño agitz gaizkiago; bada gerozko urteetan lenagokoetan baño agitz obeki ekusten zuen bere ibilleren makurza ta zeraman biziaren gaistanza, bai ta zerura nai bazuen bere ondu beharra ere, ta al-ere etzen ontzen ta aitzina ta aitzina zebillen bere bide makurretan ta egiteko zikin galgarri guzietan. Denbor onetan bazituen lagun gaistoak eta oriekin orrek eta orrekin oriek egiten zuten ardi ezkabidunak ezkabidun ardiekin egiten dutena: dauden baño geiago elkar galtzea, ta orretarako ark egiten zuena zen egin zituenak baño gaistaginz geiago egin zituela galaz oriei esatea ta berak egiten zituzten gaistaginzak baño gaistaginz ta bekatu geiagorako bidea oriei ematea.

        Eta bere ta besteren onenbat bekatu zikinetik atera zuen guzia zen gauz onetarako bere burua illunbetan sartzea, bai ta Manikeo berak gero azpira ta garaitu zituenen hereji eta gezurrak zeruko egitzat artzea ere; ta alakotzat artu zituen, zeren bere amaren ta beste fededunen ezpanetatik aditzen zituenak baño beraren bizitz gaistoari obeki zegozkionak ziran ta aren gogo galduarentzat janari goxoagoak. Zori gaistoko gizona gizon hau garai onean ta mugaz utzi ezpalu, artu zuen ona artzeko, bere bide zikin illun galgarri hau; bada zeraman bidez sulezera zeramaten egunoroko bere bekatu gaistoak eta deabru lepotik ongi lotua zedukatenak ta bein an oña sartu ezkero sartua ta galdua zen sekula guziko; baña utzi zuen Jangoikoari eskerrak eta behar zen bidez egin zen santu ta adirazi dugun diñako santu. Ekus dezagun orain gaizki bizi diranen onerako bekatuaren bideak uzteko S. Agustiñek egiña.

 

 

§ II.

 

        Santa Monikak etzion hitzez eragin nai zuena bere seme S. Agustini, baña otoitzez erditsi zion Jangoikoagandik hau egiteko behar zuen argia ta laguntza. Igaro zen S. Agustin Afrikako Kartagotik Erromara an bezala emen ere latinez hitz egiten ta ederki hitz egiten gazteei erakustera. Etzen Erroman arkitzen gizon andi hau eskuratzeko Jangoikoak berezi zuen gizona; gizon berezi hau Milango Obispo S. Anbrosio zen. Erroman baño beharrago zen Milanen S. Agustin bezalako maisu bat eta Erroman ta Milanen eskua zutenak Erromatik zuzendu zuten Milana.

        Milana ta laster joan zen S. Agustin S. Anbrosio ekustera. Begitart agitz on bat egin zion Obispo santuak S. Agustini. Ezin obeak iduritu zitzazkan S. Agustini Obispo jaunaren gauza guziak eta guzien artean oberena beraren hitzkuntza ta aren hitzkuntza aditzeagatik besterik bage joaten zen Elizara, Elizan S. Anbrosiok predikatzen zuen aldi guzietan, ta maiz aski predikatzen zuen santuak, denbor artako Obispo jaunak egin oi zuten bezala. Eta S. Agustin San Anbrosioren eztizko hitzketa leun goxoak aditzeagatik aratzen bazen ere, egin zuen Jangoikoak S. Agustinekin eiziko soñua aditzeagatik sasitik ateratzen den eiziarekin eiztari jakiñak egin oi dutena. Badakizu zer? Adi zazu.

        Beren sasi gaistotik basauntzak, otsoak eta beste eizi andiak ateratzeko eiztari zaldunak egiten dutena da artako diran toki egokietan soñari zenbaiti eiziko tronpen soñu eder bat bein ta berriz ta askotan eragitea. Aditzen duten soñua alderagotik aditu naiez uzten dute basauntzak eta beste eizi andiak beren sasia. Sasiko ater-tokietan gordeak daude eiztari zaldunak eta sasitik eizia ater-irten horduko uzten dute tiroz illa edo balez josia. Eta orra Jangoikoak S. Agustinekin egiña hura S. Anbrosioren hitzak aditzeagatik elizaratzen zen aldian: S. Anbrosio beraren egi eder latzen batekin S. Agustinen bihotza josia ta galtzeko beldurrez ta ondu-naiez beterik uztea.

        Tiro batekin ez dira iltzen zenbait basauntz edo eizi andi, ta eiztariak aldi orietan egiten dutena da beste saiesetik edo al duten aldetik tiro berri bat bakoitzari egitea. Etzen Jangoikoaren eskura S. Agustin S. Anbrosioren sermoietako tiroarekin ta Jangoikoak egin zuena zen beste tiro modu bat berari egitea. S. Anbrosiori aditzen zionarekin ezagutu zuen gezur salsa zela Manikeoetatik aditu ta ikasi zuena ta artu zuen orien eskola ta bidea uzteko asmoa: ex illa hora Manichaeos relinquendos esse decrevit; baña aragiaren atsegintz zikiñak ere utzi beharrak zirala ezagutu bazuen ere, etzuen horduan oriek uzteko asmorik artu. Hau ere oni ar-erazi naiez bere adiskide baten ta bi jauregitarren eskuz egin zion Jangoikoak bigarren tiroa.

        S. Agustinen adiskide hau hitzkuntz zuzen leunak eta latin erakusten zuena zen, S. Agustin bera bezala, ta bidenabar jakintz andiko gizona. Bere jakintz andiagatik eta egin zituen erakuste ederrak gatik egin duten Erroman estatu bat eta anitz honra. Zarturik eta bataiatu bage arkitzen zen ta Bitorino zeritzan gizona zen gizon andi hau; baña azkenean gauzak ziran gisan ta ongi ezaguturik utzi zituen jentillen bide txarrak eta bataiatu ta artu zuen gure lege santako ta zeruko bidea, ta ots andiak zerabiltzan Itali guzian Bitorino onek Erroman egiñak. Aren egin hau aditu ta, dardar andi batek eman zion S. Agustini bere bihotzean ta izandu zuen Bitorinok egina egin nai andi bat; bada bataiatu bagea zen S. Agustin ere aldi artaraño, len Bitorino bezala.

        Bitorinoren eskuzko Jangoikoaren tiro onek San Anbrosioren hitzezkoak baño aragiaren atsegintzetarako naikuntz gutiagorekin utzi bazuen ere, etziozkan osoki kendu guziak eta oriek bein kentzeko ta lenbaitlen on-erazteko ta bataiatzeko asmo oso bat ar-erazi naiez, egin zion irugarren tiroa Enperadorearen itxeko bi zaldunez. Treverisko erri andian arkitzen ziran zaldun oriek. Orien eskuetara zen S. Antonio abadeak Ejiptoko eremu batean egin zuen zeruko biziaren berria zekarren libru bat. Berri hau ongi ekusi zutenean, arritu ziran bata ta bestea ta esan zion batak besteari: «Ekusten dezu zer bizia gizon onena ta zer bizia gurea? Ark bere bizi garbi ederrarekin billatu zuen bere zerua; zeru bera billatzen dugu guk ere, baña zer bidez ta zenbat ingurkekin! Ta azkenean arako ote gara gabiltzan bidez bagabiltza? Ni beintzat beldur naz», zion batak, «ezetz; beste bat artzera ta relijioso egitera noa». «Egizu nai dezuna; nik nai dudana da», eranzun zion besteak, «zuk artu nai dezun bide bera. Ots emazu, goazen habitu bana eskatzera», ta eskatu ta artu ta egin ziran biak fraide edo relijioso ta monje.

        Bitorinoren bataioko berria aditu ta baño hau aditu ta arrituagoa zen S. Agustin ta asi zen bere lagun bati esaten: «Hau zer da, Alipio? Guti dakiten munduko gizonak irabazten dute zerua ta gu geren jakintz guziarekin itotzear gara aragiaren olastetan ta zikinkeri loietan?». Hau ari esan ta sartu zen bere baitan tiroz betea ta erdi illa dabillen basauntza bere sasian bezala, ta basauntza an eriotzak bezala bere eskura zuen emen Jangoikoak S. Agustin, bakartasun artan bere barrenera hitz bat esan ta; ta esan don hitza zen: Toile, et lege, «artu ta irakur zazu». Artu ta idiki zuen aldean zuen Eskritura santako librua ta arkitu zuen: «Jate ta edate andiak eta aragiaren zikinkeri loiak gauz onik ezin dakarkee bein ere» (Rom. 13, 13); «Jesusen legean ta bataio garbian arkitzen da sosegantz ona ta zeruko bidea» (v. 14).

        Hau ekusi ta Jangoiko berak eman zion argi ta laguntz andiarekin gainbera irauli zen S. Agustinen bihotza ta S. Anbrosiogana joan ta eskatu zion bataioa ta urrengo larunbat santuan bere eskuz bataiatu zuen Obispo santu S. Anbrosiok; eta asi zen aurdanik asi ta hordu artaraño santuki bizitu baliz bezain ederki bizitzen ta Italitik Afrikara itzuli ta bizitu zen an Elizako Doktore ta santu andienetatik bati zegokan eran. Egin zituen an lenbizitik adirazi genituen gauz andiak eta igan zen bere aldian zeruko Doktoren artean duen bere glori andira, ta igan zen beren bekatuak uzteko ta ontzeko egin behar dutena bekatari guziei agertu ezkero, ta oriei ark orretarako ta onei obetzeko agertzen diena da predikurik eta kongregaziorik ez galtzea, lagun gaistoak utzi ta onen aldean ibiltzea ta lagun on berak egiten dutena berak egitea. Iru gauz oriek egiten dituen bekataria aterako da bere bekatupetik eta ona obetuko da ta biziko dira biak garbiro ta santuki, ta iganen dira egungo Doktore andiaren ta zeruko beste guzien lagun izatera. Jangoikoak digula irurak egiteko grazia ta diogun zori ona: bai arren, bai.

 

aurrekoa hurrengoa