www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Festegunetarako irakurraldiak
Sebastian Mendiburu
1740-1767, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Mendibururen idazlan argitaragabeak, Sebastian Mendiburu (Patxi Altunaren edizioa). Euskaltzaindia, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

XIV.
Apostol San Pedro
eguneko irakur-aldia

 

Tu es Petrus et super banc petram
aedificabo Ecclesiam meam. Matth. 16.

 

Gaia: Andia da Jangoikoak San Pedrori eman zion eskua;
baña esku S. Pedrori bere bihotz andiagatik
besteei ez bezala zegokana.

 

        Ez dira gizonak Jangoikoak bezala gauza guziak dakiztenak eta askotan uts egiten dute beren berezteetan, ta berezten dituzte beren egiteko zenbaiterako gizon egokiak utzirik, ez egokiak edo uzten dituztenak bezain egokiak ez diranak; eta beren berezte utsdunak gatik ekusten dituzte gaizki egiñak, artarako ziran gizonen eskuetan utzi balituzte, ongi egiñak gelditu behar zuten gauzak. Errege batek egiten badu artako diranak utzirik gerran ez dakien gizon bat bere gerrari guzien nagusi, gauz onik ez du zer itxedan gerran dakiten etsaien bidera hau igortzen duen aldian; ez eta ontzi jabeak ere itsasoz dakiten mariñelak utzi ta, Indira bidaltzen duen ontzian sartzen baditu ontzi-lemaren ta itsas oial egoen berririk ez duten ta lemaz ontzia nola zuzendu ta aizez ta oial-belaz nola erabilli ez dakiten gizonak. Era berean ibilliko da beste gauzetan ere besteak utzi ta artako ez diranez baliatzen dena. Besterik egin ustean askotan hau egiten dute gizonak, eta egiten dute jakin bagez aldi artan ta bestetan jakin behar lukeena. Jangoikoa da gauza guziak diran eran dakizkiena ta berez ta besteren eskuz guzia zuzenki egiten duena, ta beste gauzen artean bere Apostol onen eskuz ta berak laguntzen ziela bere lege berrira munduko lau bazterrak ekarri zituen gisan ekartzea; ta bere legera bazter oriek ekartzea, Apostol beretatik bat gañerakoen ta lege berriratzen ziran beste guzien Buru ta Nagusi egiten zuela. Beste guzien Buru ta Nagusi hau da egungo Santu andi ta Apostol San Pedro, egungo Ebanjelioan ekusten dugun bezala.

        Apostol bereekin bakarrik arkitzen zen batez galdetu zien Jesusek guziei andiz ta berri onak aditzeagatik ez, baizik Apostol berei ta orien mihiz mundu guziari bere aldian erakusteko jakin behar zutena. Onetarako, bada, ta beren ta gure guzien onerako galdetu zien Jesusek Apostol bereei: «Zer da or bazter orietan aditzen dezutena? Ni nor nazala diote batak eta besteak?». «Jauna», erantzun zioten; «zenbaitek bat eta besteak bestea; bada», esan zioten, «Elias zarala diote zenbaitek; besteak diotena da San Joan Baptista zarala ta badira Jeremias profeta edo beste profetetatik bat edo beste zarala diotenak ere».

        Besteak zioten hau aditu ta beren barrenean zutena idarokitzeko, galdetu zien gero berei: «Baña zer da zuek diozuena? Nor nazala ni zuek uste dezute?». «Jauna», erantzuten dio bereala ta bat ere trikatu bage Apostol San Pedrok: «Zu Jangoiko bizi betikoaren Seme Kristo Jauna zara». Jiratzen da horduan Kristo Jauna San Pedrogana ta esaten dio: «Zori oneko gizona zu, Pedro; bada diozun egia ez da, ez, emen bizi diranetatik ikasi dezun berria; betiko nere Aitak zerutik zuri adirazia da. Sinetsi ta aitortu dezu fededun onak bezala dakizun egia. Bere aldirako gelditzen da zure aitormenari dagokan saria; nik orain eman nai dizudana da hau baño agitz andiagoak egiteko bidea agertuko dizun egitekoa; orretarako nik ematen dizudan egitekoa da fededun guzien Buru ta nere Bikario emen zu izatea. Zu, bada, Pedro, zu zara nere Eliz berriaren lenbiziko arri ta zimendua. Zu zimendu-Burutzat edo nere Bikariotako izaten zaituen Eliz hau urratu ta bota naiko dute sulezeko gaistoak, baña uts eta ustel aterako dira orien alegiñak. Nik zuri emanen dizut bekatari gogorrak beren bekatuz lotuak uzteko ta humill urrikimentuz beteak askatzeko eskua ta ontzat emanen dut onetan zuk egiten dezuna». Orra zein andia Jangoikoak San Pedrori ematen dion eskua, baña San Pedroren siñistantz eta amore andiari zegokana, aldi onetan guk ekusi behar dugun bezala.

 

 

§ I.

 

        Andia da, bai, Jangoikoak gaur San Pedrori ematen dion eskua; bada mundu guzira luzatzen dena ta bazter guzietan behar den guzia dagikena da San Pedroren esku hau. Egiñik ekusten ezpagenu San Pedrok egiña, gutik sinistuko zuten egin ere zitekela; bada ekusten dugu San Pedrok eta San Pedroren eskuarekin gelditu diranak eskura dituztela Erromako inperio izugarria ta munduko lau bazterretan arkitzen diran anitz errege ta erreinu, ta egun oro eskuratzen dituztela emen jentillak, an turkoak, eta an ta emen judatar, hereje ta zismari errebelatuak, eta zenbait aldetan izandu dituztela beren oñari muñ egitera etorri ziran bazterrik urrutieneko prinzipe andiak ere.

        San Pedro Jangoikoak aldi onetan eman zion eskuarekin predikatzen asi zen aldian ez da erraz adiraztea zein arroak, zein andiak eta zein indardunak arkitzen ziran Erroma, Erromako erreinu ta lur-bazter andiak. Erroma zen aldi artan arraiez aserik arkitzen den itsas bale izugarri bat bezala. Gosetzen den aldian baleak aoa zabaldu ta eunka ta berreunka jaten ditu arrai txiki ta andi aren ortzetaratzen diranak, eta itsas-onzia dirudien bere sabel-tzarra bete ondoan badabill batetik bestera aizez dabillen ontzia dirudiela, ta bere buztanka batez urratzen, aienatzen edo ondatzen dituela urrantzen ta urbiltzen zaizkan giza-sallak eta txalupak; eta badabill gero batetik bestera sudurretatik darion urez aizea bustitzen ta illuntzen duela ta ekusten duten arraiak izutzen dituela.

        Eratsu onetan arkitzen zen Erroma Kartagindar Anibal mundura zeneko ere. Kartagindar Anibal izandu zen munduko gerrari agitz andi anitz bazter, erri murratu ta probinzi beretu zituena, ta Erroma ere beretu naiez bere gerrari guziak artu ta ara joan zen; baña Erromak gerrako ostiko batekin bota zuen bere Afrikara ta Anibalen ondotik ara joan ta jan zituen Anibalen erri Kartago ta Afrikako bazter andiak, bai ta Espaniko ta Franziko ta Inglaterrako erreinu eder indartsuak ere; eta andik Grezira, Peloponesora, Trazira ta Ejiptora ta Asira bere armak eraman ta jabetu zen arkitu zituen erreinu ta ondasun guziez, ta etzen mundu guzian arkitzen Erromaren beldur etzen erreinurik edo gerraririk. Hau ekusi ta agitz arrotu zen Erroma guzia, ta Erromako Buruak Erroma beretik eragiten zien eun erreinutako jendeei nai zutena, ta len Alejandro andiak bezala mututurik zedukan Erromak mundua, ta norbaitek bazterren batean burua goratu horduko an ziran erromatar soldaduak, oiñpean hura bere guziekin sartzera joanak eta sartzen ere zituzten besterik egiteko biderik uzten etziela, ta beste guziak beldurturik uzteko gerrako bandera zabaldua zedukaten erriko dorrerik agerienean ta banderan ezarria Senatus Populusque Romanus: esan nai zuen Erromako kargudunak eta gizonak zirala munduaren jaun ta jabe bakarrak. Eta Klaudio enperadorearen denboran ta San Pedro ara zen aldian baziran Erromako erri berean zazpi milloi erromatar ta geiago.

        Orra horduan zer erria Erroma, Espani guziak diña jende edo ez anitz gutiago zituena; erri bere inperio andiko bazterrak ejerzitu arrigarriz beteak zeduzkana ta erri indarduna ta bazterduna ta ondasunduna bezain arroa ta antustez betea; bai ta erakeriz ta animen itsumen galgarriz ere; bada etzuen Jangoikoaren berri zati on bat ere ta Jangoikotzat artuak zeduzkan berak eragin zituen ta artzen zituen errietan arkitzen zituen idolo txarrak eta deabruaren aintzur itsusi itsuak.

        Erromatarrak zituzten usantz eta lege zenbait beinzat ziran relijio ustel galdu bati zegozkanak eta gure relijio ta fede santak dituenak ez bezalakoak, eta erromatar beren arronzari ta aragiaren naikuntz makurrei agitz laguntzen zienak. Orra bale zein ase-izugarria Erroma, animen arranzale San Pedro Erroma atzitu ta eskura naiez ara zen aldian.

        Arako bidean ekusi ta galdetu balio norbaitek S. Pedrori: «Zertara zoaz zu Erromara, Apostol santua?», eta eranzun balio S. Pedrok: «Erromatarren relijio ta idolo guziak gal-eraztera, arrotasunari ta aragiari atsegin egiten dien ango lege guziak urratzera, Kapitolio dorreko Senatus Populusque Romanus edo erromatarrak munduaren jabeak bezala an ezarri duten bandera andik kentzera ta erromatar berei ta orien inperiko ta mundu guziko beste gizonei nere oñari apa ta muñ eragitera ta erromatar berei ta beste oriei Jesus gurutzean illa beren Jainkotzat ar-eraztera, oriei berei Jesus beraren lege bat, eta lege, buruko arrotasunak eta aragiaren naikuntz zikiñak eskuratzeko dena ta hildurak, nekanzak eta gurutze guziak ontzat daduzkana ar-eraztera ta erromatarrentzat hurkabe bera bezain izugarria den gurutzea erromatar beren gerrako banderan ta Kapitoli gañean ezar-eraztera»; hau S. Pedrok eranzun balio erromatar arroen berria zuen bideko galdegiñari, galdegiñak egiñen zuena zen San Pedro eroren bat zelakoan an utzi ta irrika asi ta aitzina joatea.

        Baña etzen eroen lana San Pedrok Erromara zeramana; Jangoiko berak emanik zeraman lan-egitekoa zen; ta egiteko ta lan, berak berez bere lagun Apostol ta ondorengo Aita Santuz egiña ta behar bezain ederki egiña; bada bere-bereala ezpazen ere, utzi zituen Erromak bere idolo txar guziak eta artu zuen Jainkotzat den bera edo Jangoiko-gizon Jesus gurutzatua, bere makurrak utzi ta artu zuen Jesusen lege zuzena, ta lege, antuste arro, ondasun-nai galgarri ta aragiaren naikuntz loiak debekatzen dituena ta animen onari dagozkan neke ta pena guziak ontzat daduzkana. Erromak, bada, edo erromatar berak kendu zuten beren Kapitoliotik leneko bander arroa ta ezarri zuten an bertan ez ezik, gerrako beren banderetan ta enperadoreen buruko koro gañean ere Jesus maitagarriaren gurutzea, ta erromatar berak ez ezik, munduko lau bazterretako beste anitz ere joan oi dira Erromako nagusi ta munduko fededun guzien Buru egiñik arkitzen den San Pedroren ondorengo Aita Santuaren oñari apa ta muñ egitera, ta eun urte bezala da munduaren urrutienetik edo Japongo isletatik ango erregeen izenean hau egitera etorri zirala an bertako iru zaldun andi ta prinzipe. Eta S. Silbestre Aita Santu zela egin zen fededun ta bataitu zen Konstantino Magno edo Erroman izandu den enperadorerik andiena, ta Erroma beraren jaunz-jabentza Aita Santuari an utzi ta joan zen bera bein Bizanziora ta gero berak egin zuen bere izeneko erri andi Konstantinoplara. Orra zein egia len guk geniona ta orra bidenabar zein andi txarmagarria San Pedrok bere ta bere ondorengoen eskuz Errom arro, indartsu, ondasundun, galduan ta munduko beste bazterretan egina!

 

 

§ II.

 

        Zer bidez eskura zituela uste dezu San Pedrok munduko ejerzitu guziak garaitzen zituzten erromatarrak eta munduko beste bazterrak? Hitz utsez ta armarik bage. Era onetan asi zuen S. Pedrok Jerusalenen bere egiteko hau. Era berean egin zuen ibilli zen beste bazter guzietan, bai ta bazter guzien buru Erroma berean ere. Beste Apostol ta munduko fededun guzien Buruari ta Elizako Aita Santuari bezala eman zion Jangoikoak bere lan hau era ontan egiteko behar zen indarza ta laguntza, ta Jangoikoaren indarz-laguntz onekin asi zen San Pedro bere lan hau agitz ederki ta era txarmagarrian egiten; bada Jerusalengo bere lenbiziko hitz egin aldian arriturik utzi zituen aditu zuten guziak eta aditu zutenetatik iru milla bezala aditu zuten egun berean gelditu ziran bataiatu ta fededun egiñak: circitèr tria millia (Act. 2,41).

        Hau baño ere arrigarriagoa da beste aldi batez San Pedroren hitzak egin zutena. Zesareko errian arkitzen zen Erromatar eun soldaduren nagusi Kornelio zeritzan bat. Gizon limosnari on bat zen Kornelio hau ta artaz urrikaldurik igorri ta bidaldu zion Jangoikoak aingeru bat zeruko bidea edo biderako gidari on bat ari agertzera ta esatera: «Ori, Kornelio, aditu du Jangoikoak zure otoitz ona; Jopen arkitzen da Simon Pedro deritzan bat eta erakarri behar dezu adirazi diezazun zeruan sartzeko zuk egin beharra». Bidaltzen ditu Korneliok bere itxeko bi ta soldadu bat Apostol S. Pedroren eske ta San Pedro Jopeko zenbait fededunekin ara zeneko, bildu zituen anitz jentil Korneliok: et invenit multos, qui convenerant, Act. 10,27, eta guziak bildu ziran ikasi naiez jakin behar zutena.

        Ara ta laster asi zen San Pedro guziei agertzen Espiritu Santuak berari adirazia ta guziak jakin behar zutena, ta lenbiziko bere erakuste ta sermoia San Pedrok bukatu baño len, jaitsi zen Espiritu Santua aditzen zeudenen bihotzera, len Apostol beretara bezala. Hau ekusi ta arritu ziran San Pedrorekin ara joan ziran fededunak, eta bere adile Espiritu Santudun guziak utzi zituen San Pedrok bataituak eta gure relijio santako gauzetan ongi erakutsi-ohartuak (v. 48). Orra zein arrigarria San Pedroren hitzak aldi onetan egin zutena.

        Nondik zutela uste dezu San Pedroren hitzak onenbat indar ta birtute? San Pedrok berekin zuen Espiritu Santu jaunagandik eta behar zen aldietan Espiritu Santu berak ematen ziozkan bero aldietatik. Zein andiak ziran Espiritu Santuak ematen ziozkan beroaldi oriek guri adirazteko da agertu ditugun bi aldietan San Pedrok egiña ta San Pedro berari ta beste Apostol guziei bein agitua. Israeldar Eliz gizon Jerusalenen arkitzen ziran guziak beren Buru Anasekin egin zuten bein bilkuntz eta Konzilio bat; deitu zituzten ara San Pedro ta beste Apostol guziak eta galdegin zioten San Pedrori zer eskuz ta nola egin zuen Salomonen eliz-atarian egin zuen milagro bat. «Zuek gaizki ill-erazi zenuzten ta illen artetik biztu den Nazaretko Jesus Kristoren izenean», erantzuten die San Pedrok bat ere beldurrik bage ta Espiritu Santuak ongi berotuak bezala, ta estudiorik egin etzuen gizona bazen ere, arriturik eta zer erantzun etzutela utzi zituen Konzilioko jakintsu guziak.

        Andik atera ta Apostol berak San Pedrorekin batean egin zutena zen Jangoikoari otoitz eta otoitz egitea ta Jesusen berria mundu guziari emateko Espiritu Santuaren indartz andi bat eskatzea. Hau oriek eskatu horduko Espiritu Santu egunez bezala ikaratzen da zeuden itxea edo tokia ta betetzen dira berriro Espiritu Santuz ta itxetik atera ta asten dira Jesusen berria ematen ta predikatzen, Espiritu Santuaren egun berean bezala, ta predikatzen dute Konzilioko jakintsuen bat ere beldurrik bage: et loquebantur verbum Dei cum fiducia (Act. 4,31), ta aditzen zituztenen bihotzak uzten dituzte bat egiñak: multitudinis autem credentium erat cor unum (v. 32).

        Guzien artean berez San Pedro zen onetako egokiena ta bihotzik andienekoa, aldiak zekarren guzian agertu oi zuen bezala; bada bere lagunekin itsas arrantzan arkitzen zen batez urrutitik Jesus ekusi horduko, lenbaitlen argana naiez, ur gañera saltatu ta asi zen lasterka. Ostegun Santu arratsez Jesusek maian esan zienean, «Zuetatatik bat ni saldu naiez dabill», Jesusen aldean arkitzen zen San Joani adirazi zion San Pedrok ikas zezala Jesus beragandik zein zen aren saltzalle gaisto hau, ta egin zuen horduan San Pedrok hau, zena an bertan bokaduka, San Joan Krisostomok dionaz, jateko edo bere esku-tartean illik uzteko. Eta gero Judas saltzalle gaistoa anitz soldadu ta jende armaturekin Jesusen eske atera zen arratsean, etsaien eskuetan bere Maisu Jesus ez ekusi naiez, San Pedro bera bakarrik, berekin zuen ezpat edo kanibet andiskote bat atera ta, asi zen pelean, ta eskura zitzaion lenbizikoari tiratu zion golpe bat, bere burua bi erdi egiteko asmoan, ta etzuen utziko bere pelea Jesusek geldirazi zuen bezala ez geldiraztera.

        Jangoiko berak daki San Pedroren bihotz andi Espiritu Santuak agitz berotu onetatik ateratzen ziran hitzak Erroman ta beste bazterretan egin zutena. Eta anitz eta asko baño agitz geiago egin zezan, eman zion Jangoikoak milagro anitz egiteko ta bestek ez bezalako milagroak ere egiteko eskua; bada hitzez ta ukituz besteak bezala ez ezik, bere itzalez ta oharkabean bezala ere, Eskritura Santak dionez, egiten zituen San Pedrok milagro andiak eta egiten zituen behartsu gaisoak nai diña milagro; bada Eskritura Santak dio San Pedroren itzalak sendatzen zituela ukitzen zituen eri guziak eta Jerusalendarrak San Pedro an arkitzen zen aldian beren oi-oatzeetan atera ta uzten zituztela karrikan senda zitzan andik igaroko zen S. Pedroren itzalak, eta aren itzalak bat bazen ere ukitu ezkero sendatzen zirala guziak: ut veniente Petro, saltem umbra illius obumbraret quemquam illorum, et liberarentur ab infirmitatibus suis (Act. 5,15).

        Egokia zen, bai, Jesusek San Pedrori eman zion bere Bikarioaren ta fededunen Aita Santuaren egitekoa; baña bere egiteko andi hau ark ongi egiteko behar zuen izandu zuena bezain Espiritu Santuaren indartz eta esku andia; bada gutiagokorekin ezin eskura zezaken eskura zuen bezala, dio San Joan Krisostomok, erreinu guziak eskura zituen Erroma: O Petre, quali virtute indutum te credendum est, ut tibi ac successoribus tuis subiiceres Romam illam, quae regna omnia suo subiecit imperio (Hom. quod Aptus sit Deus).

        Bere ondorengo Aita Santuei utzi zien San Pedrok Erroma ta mundu guzia, ta igan zen zerura, ara igan nai duten guziei sar-bidea idikitzera. Arako bidea da San Pedro berak len eraman zuena: egin diran bekatu guzien ziñezko damua, Jesus maitagarria osoki maitatzea ta bakoitzak bere egitekoa Espiritu Santuak laguntzen diola gogo osoz ta zuzenki egitea. S. Pedro beraren izenean eskatu behar diogu Jangoikoari hau guk egiteko naikuntz andi bat eta naikuntz oni dagokan laguntz guzia. Eska dezogun edo diezagogun, bada: bai arren, bai.

 

aurrekoa hurrengoa