www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Festegunetarako irakurraldiak
Sebastian Mendiburu
1740-1767, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Mendibururen idazlan argitaragabeak, Sebastian Mendiburu (Patxi Altunaren edizioa). Euskaltzaindia, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

VII.
Jangoikoaren Gizontz
eguneko irakur-aldia

 

Dixit autem Maria: ecce ancilla Domini,
fiat mihi secundum verbum tuum. Luc. 2,38.

 

Gaia: Jangoikoaren Gizontza Jangoiko beraren
ta Jesusen Amaren hondragarria da.

 

        Zeru lurrak egin ta bereala egin zituen Jangoikoak bere aintzurako bi gauza: aingerua bata ta bestea gizona, baña bertatik ez toki baterako biak, bada zerurako egin zuen aingerua ta lurreko paradisurako gizona, ta al-ere biak egin zituen langai ta egiteko baterako; egin zituen alabaña bere serbitzurako ta berak nai zuena biei eragiteko. Bakarra zen Jangoikoak egin zuen gizona ta lagunduna aingerua ta anitz eta asko lagun zituena, bada milletan millaka dira egun ere Jangoikoak bere zeruan dituen aingeru onak eta orain an dituenak baño geiago ta geiago ziran golpe batez egin zituen aingeru guziak.

        Aingeru eginetatik anitzek egin ta bereala ukatu zioten Jangoikoari zor zioten serbitzua ta, Jangoikoaren naia baztertzen zutela, asi ziran egiten beren gogo gaistoak nai zuena. Hau bera egin zuen gizonak paradisuan, baña ez aingeruak berena egin zutenagatik; bada beren lan gaistoa egin zuten zeruko aingeru galduak arrotanzez ta gizonak egin zuen paradisuan, Jangoikoak eman zion bizikideari atsegin egin naiez. Bai, aingeru galduak egin zuten arrotuz beren gaizki-bekatua, bada Jangoikoaren eskutik atera ziran guztiz ongi egiñak eta graziz ta birtutez agitz ederki apainduak eta Luzbelek eta galdu ziran beste aingeru gaistoak beren buruak ala ekusi ta, etzuten egin egin behar zutena ta beren gogo arroan artu zuten Jangoikoaren pareraño igateko asmoa: ascendam super altitudinem nubium, similis ero Altissimo (Isai. 19,14) ta gizonak berea bere bizikide emazteari atsegin egin naizik, bada debekatu zion Jangoikoak Adani paradisuko arbol batetik jatea. Deabruak tentatu ta jan zuen andik Ebak eta Ebari atsegin egiteagatik Adanek eta Adanek artan egin zuen bekatu izugarria.

        Aingeru arrotuak arrotu horduko ondatu zituen Jangoikoak suleze-infernu bizian, baña gizon bekataria ez, izatez ta edertasunez gizona aingeruak diñakoa ez izan arren. Zergatik uste dezu? Zeren aingeru gaistoak gaistatu ziran berak berez ta tentalerik bage ta gizona gizonaren andrea deabruak tentatuz ta bere andrez gizon bera tentatzen zuela, ta tentatzen zuela Jangoikoari atsekabe hau egin naiez. Bestela ere aingeru zerukoak etzuten ondorengorik beren buruak baizik galduak uzteko, baña bai gizon Adanek eta anitz al-ere; bada bazituen geroztik izandu diran ta etortzeko dauden guziak eta bere bekatuz beren obenik bage, guziak utzi zituen Adanek betiko galduak. Urrikaldu zen bada jangoiko maitagarria artaz ta oriez, aingeru gaistoez urrikaldu ezpazen ere ta agertu zien senda-bide, aingeru gaistoentzat agertu etzuena. Zer bide uste dezu? Gizon bekatari gaisoen zorrak ateratzeko ta gizon berak Jangoikoarekin bat egiñak eta bake osoan sartuak uzteko aski zen bat.

        Baña zer bide da zori oneko bide hau? Guk eginik gaurko ebanjeli santuan ekusten duguna, Jangoikoaren Seme-Jangoikoa andre baten seme ta Jangoiko-gizon egiñik gelditzea, Jangoiko-gizon onek gizonen zorrak bere gain artzea, orien aldera gure onerako Jangoiko-gizon berak milla neke ta tormenturen buruan bere bizia ta odola gurutz batean uztea, biztu ta gero zerura igatea, arako bidea bera ara baño len guri erakustea ta bidean ibiltzeko indarra, laguntza ta grazia bere sakramentuz ta beste anitz aldetara guri ematea.

        Hau guzia gero egiteko ta bere gizontzarako artu zuen Jangoikoak San Joakin ta Sant-Anaren alaba bakar Andre Mari Birjiña. Igorri zion Jangoikoak oni bere baimenaren eske aingeru andi San Gabriel, adirazi zion onek Andre Mari Birjiñari aren baitan egiñen zela Jangoikoa gizon gizon-lanik bage ta Espiritu Santuak beraren odolez, hura ohartu bage, egiten zuela gorputz bat eta gairik bage anima berria, ta gorputz-anima berak elkarrekin ta batbatean biak Jangoikoarekin bat egiñak eta Jangoikoa gizon egiñik uzten zuela. Hau guzia ongi aditu ta «Ona ni» esan zuen Andre Mari Birjinak, «Jangoikoaren serbitzari ta egin beza nigan ta nere baitan berak nai duen ta zuk diozun guzia». Eta ark hau esan horduko egin zen hau guzia ta Espiritu Santuaren birtutez ta milagroz gelditu zen an Jangoikoa gizon egiña, ta egiña Jangoiko beraren ta beraren Amaren honra andiarekin, gaur guk ekusiko dugun bezala.

 

 

§ I.

 

        Bai, Jangoiko beraren honr-andirako da egungo Jangoikoaren gizontza ta egin den gisan Jangoikoa egun Ama Birjinaren baitan gizon egiñik gelditzea. Batek beste bat artzeko badu, nai ezpadu ez dio barkatzen bere artzekoa, ez eta aren zatirik txikiena ere, baña bere eskuan du nai duen guzian hura barkatzea edo zatiren bat baizik artzen ez duela edo bat ere artu bage, zeren bakoitzak dagikeen bere gauzaz nai duena. Zor andiekin gelditu zen Adan paradisuan bekatu egin zuenetik eta andiagoan gerozko gerenak gatik, eta bazezakean ere, etzion Jangoikoak bere artzekoaren zatirik barkatu, baña gutzaz urrikaldu ta billatu zigun geren zorren aterbidea, ta billatu, bere neka-bide agitz andiarekin, bada billatu zigun bera gizon egin ta milla nekerekin ta eriotz gogor batekin geren zorren saria irabaziz ta artu nai genuen guzirako bere elizan uzten zigula.

        Jangoikoak bere artzeko andien alde artu duen bide hau Jangoiko berarentzat ekusten dezun bezain nekagarria da, bai ta Jangoiko beraren hondragarria ere, bada guztiz ongi agertzen dit Jangoikoaren bere izanz andi ezin obea, bai ta besterik ere, bada agertzen ditu Jangoiko beraren zazpi gauza agitz ederrak eta agertzen agitz ederki. Badakizu zer gauz diran Jangoikoaren zazpi gauz oriek? Oriek dira Jangoiko beraren Jakintza, Jangoikoaren ahala ta eskua, Jangoikoaren ontasuna, Jangoikoaren ongi naia, Jangoikoaren urrikaltza, Jangoikoaren ibiller zuzena ta justizia ta Jangoiko beraren santutasun-santanza. Eta agertzen dizkigu ara nola.

        Bere gizontz onetan agertzen digu Jangoikoak, eta guztiz ederki, bere Jakintza, bada Jangoikoa gizon egitea da asierarik etzuen ta betiko Jangoikoa izaten noizbait astea ta abiatzea; ezin neka zitekeana nekakor eginik gelditzea ta bere artzekorik galdu bage Jangoikoak guri geren zorrak barkatzea; bada gizon egin zen hordutik egin zen nekakor ta asi zen izaten ta nekatzen betiko izanza duen ta berez ezin neka diteken Jangoikoa ta geroz bere nekez ta tormentuz irabazi zuenarekin barkatzen dizkigu geren zorrak, berak bere artzekotik batere galdu bage. Ekusten dezu zer jakintza bere lan onetan Jangoikoak agertzen diguna?

        Ez du oraindik Jangoikoak egin, ez eta eginen ere, Jangoikoaren gizontzak diña ahal ta esku eskatzen duen gauzarik; ezin egin diteke alabaña Jangoiko-gizona baño gauz andiagorik eta orra Jangoikoak hau egitea da ezin geiagorañoko bere ahala ta eskua erakustea.

        Batek besteri on bat egitea ark oni bere ontasuna erakustea da, ta egin diteken onik andiena Jangoikoak munduari egitea zer izanen da? Jangoiko berak bere ontasun bazter bagekoa mundu berari agertzea ta erakustea, ta hau da Jangoikoak bere gizontzan egiten duena, bada bere gizontzako egun onetan Jangoikoak ematen dio munduari Jainko-gizona ta eman dezoken ta izan diteken gauzarik andiena.

        Zor ez dionari batek on bat egitea ari onek ongi nai diola adiraztea da ta onen etsaia den aldian ark oni hau egitea ongi nai andia diola adiraztea ta zenbat ere andiagoa den egiten dion ona, anbat andiagoa dela dion onginaia adiraztea. Hau onela den ezkero, den bezala, ezin andiagoa da Jangoikoak gaur bere gizontzan agertzen digun onginaia, bada guk Adanen bekatu ondotik egin ditugunak gatik agitz aserretua genedukan geren Jangoikoa; Jangoikoak etzigun guri pits bat ere zor, ez ginduen deusetarako ere behar ta al-ere bere gizontzan egin zigun egin diteken onik andiena ta eman zigun eman zezaken geiena, bada eman zigun Jangoiko-gizon guzia ta eman zigun ark guri hau, hau guk ongi artzen dugula, bekatu guzien nekepe izugarritik geren buruak ateratzeko ta zeruko zori ona irabazteko. «Bai», dio San Joanek, «orra zein maite zuen Jangoikoak mundua, bada eman dio bere Seme-bakar Jainko-gizona, nai dutenak bera ta beraren bidea artu ta igan ditezen sekulako bizi zori onekora»: sic enim Deus dilexit mundum, ut Filium suum unigenitum daret, ut omnis qui credit in eum non pereat, sed habeat vitam aeternam (Joan. 3,16).

        Bere ongi nai andi onekin batean agertzen dit Jangoikoak gaur bazter bageko bere urrikaltza ere, bada guri ongi naiez ta gure urrikariz da beraren gaurko gizontza; gizontz hau alabaña da neketan gu ez ekusi naiez gure gisako egiñik Jangoiko bera guri laguntzera zerutik etortzea ta bere neke andiarekin gure zorrak ateratzeko irabanz andiak egitea. Orra bada zer urrikaltza Jangoikoak gaur bere gizontzan agertzen diguna!

        Gure zorrari bezala begiratu dio Jangoikoak gaur bere artzekoari ere ta gure zorrak ateratzeko artu duen bide bera da bere artzekoen alde artu duena. Ezin andiagoa zen gure bekatu gaistoen zorra ta Jangoikoaren artzekoa ta eskatzen zuen sari ezin andiago bat eta bakar bakarrik Jainko-gizona da sari hau irabazteko dina indar ta esku duena eta Jangoiko Semeak artu dit gaur bere gizontza gure zorrak ateratzeko ez ezik, Jangoikoari zor geniona irabazirik guri emateko ere; orregatik Jangoikoaren gaurko gizontza Jangoiko beraren zuzentza ta justizia ere ederki agertzen duen bidea da, ta bide gure onari bezala Jangoikoaren deretx-honrari zuzenki begiratzen diona.

        Era berean begiratzen dio ta agertzen dit Jangoikoaren egungo gizontzak Jangoiko beraren Santanz edo Santutasun, birtute bazter bagekoa, bada egin da gaur Jangoikoa gizon bere hitzez, nekez, ibilliz, egiñez ta beste alde guzietara guri erakusteko; ta erakusteko bera aitzin dabillela errazkiago guri eragiteagatik onak izateko ta zerua irabazteko egin behar duguna; bada bururik badegu, askiko da Jangoikoa izanik den diñakoa, gizon egiña ta bere oñak Judasi garbitzen ekustea, besteekin guri behar den aldian edozein gauz eragiteko; askiko da Jangoiko-gizon Jesus nekez beterik ekustea, geren legeko neke laburrak guri ar-erazteko; bai ta Jesus gurutzean iltzez josirik ill-erazten dadukatenen alde otoitz egiten ekustea, geren etsaien txarkeri ta gaistaginz guziak guri barkarazteko; ta Jangoiko-gizon Jesus Ait-eternoak nai duen guzirako beti prest ekustea, guri geren buruak Jangoiko berak nai duen guzirako prestarazteko ta birtuteko edozeiñ gauza guri eragiteko ere.

        Orra berez ta gurekiko nor ta nolakoa den Jangoikoa guri agertzeko zein egokia Jangoikoaren egungo gizontza edo egin den gisan egun Jangoikoa gizon egiñik gelditzea ta orra bidenabar Jangoikoaren zein hondragarria egungo gizontza hau bera, bai ta Jesusen Amaren ere, orain ekusiko dugun bezala.

 

 

§ II.

 

        Lenbiziko gizon Adanek etzuen amarik izandu ta nai izan balu bazegiken Jangoikoak amarik bage bere gizontza ere, bada ar zezaken Adani eman ziona bezalako lur garbizko gorputza, baña artu zuen odolezkoa, artu zuen gizontz Ama Birjinagandik jaioa ta artu zuen gizontz amaduna. Zergatik uste dezu? Iru gauzetarako: Eba-andrez galdu ginduen deabru gaistoa bere Am-andrez galtzeko; bere gizontzaz bere Ama honratzeko ta bere Amari egin ziozkan serbitzu onekin hume guziei adirazteko beren amekin ta orien ordeko beste guziekin oriek egin beharra ta beste guziei erakusteko elkarrekiko humiltanz eta bizitz bakezkoa. Iru gauz orietarako, bada, artu zuen Jangoikoak amagandik bere gizontza.

        Baña artu zuen bere gizonza gizon egitekorik bage ta Espiritu Santuaren birtutez ta milagroz, eta gizonz, besterik ez bezalako Ama-gandik zetorrena, bada beste ama guziak ez-Birjiñak dira ta gutienean Adanen bekatuz kutsatuak; eta Jesusen Ama Jesusez erdi ta ere, birjin da ta birjin munduko guzien artean eguzkia zeruko izar artean bezala (electa ut sol) parerik bagekoa ta Jangoikoak egin horduko, eguzkia argiz bezala, graziz ta edertasunez betea ta ez len ta ez gero bekaturen illunbetan sartua, bada hau da munduko guzien artean bere Amatako Jangoikoak artua ta zezakenak bezala Jangoiko berak grazitan egiña ta grazitan gordea, izar guzien artean eguzkia argidun egin ta argidun dadukan bezala.

        Bai, Andre Mari Birjina Jangoikoak egin baño lenagotik eta eternidade guzian ere artua zedukan bere Amatako ta egin zueneko eman zion, San Epifaniok dion bezala, señaletzat eta esposotako Espiritu Santua ta dotetan grazia, zerua ta mundu guzia: Maria bonorum ante-nuptialium nomine Spiritum Sanctum accepit, in dote verd gratiam, coelum et terram, ta eman ziozkan bertatik Espiritu Santu, grazi, zeru ta mundu guzia bere Seme Jangoiko-gizon Jesusek irabazten ziozkaneko edo beraren baitan gizon egiten zeneko; bada gizon egin zen puntu berean irabazi zuen Jesusek, San Bernardinok dionaz, gauza guzien jauntza: Filius eius in primo instanti suae Conceptionis Monarchiam totius mundi promeruit (Ser. 70) ta puntu berean eman zion Jesusek bere Amari jauntz hau, dio San Joan Damaskotarrak: verè jacta es domina omnium rerum, cum Conditoris effecta es Mater (Apud Auriem. p. 1 de Annunc.).

        Andia da, bai, bere Amari Jesusek gaur eman dion gauza guzien jauntz eta jabenz hau, baña gauz agitz andiagoa da gaur berean eman dion bere Amantza eta Amatasuna, bada ostodun adarra arbolatik bezala, beraren Amantzatik datorren gauza da Jauntz-Jabenz hau, dio San Bernardinok (T. 1, § 61, c. 3). Eta orregatik zor zaio Jangoikoan dagokana diñakoa ez, baña santu guziei ematen zaien honra baño hyperdulia deritzan honra-modu andiago bat, bai.

        Bestela ere Andre Mari Birjina Jesusen Ama egite berean beretu zuen Jangoikoak bere Amaren aragi edo odol-zati bat eta etzuen Jangoikoak utzi aldi artan artu zuen gauzarik eta berekin du egun ere aldareko Sakramentuan ta zeruko bere tronuan ta an bertan idukiko du beti bere Amaren odol edo aragi bera; ta orra zein hondragaia ortik ere Jesusen Amari datorkiona.

        Jesusen Amaren Amantz onez arriturik esaten du San Buenaventurak: «Jangoikoak badagizke oraingo mundua ta zerua baño zeru ta lur andiagoak, baña bere Ama baño am andiagorik ez, zeren ezin dagiken seme andiagoren amatik»: majorem mundum potest facere Deus et majus coelum; majorer Matrem Dei facere non potest, nempè quae majoris Filii mater sit (In Spec. v. c. 8).

        Jesusen Amaren Amantz beretik datorren gauza da Espiritu Santuak bere Esposan bezala dotetan lendabizitik eta beraren egite berean eman zion grazia ta birtutea; ta, Kretako Andres gizon andiak dionaz, badu Jesusen Amak santu guzien birtute ta grazi guzia garaitzen duen grazi ta birtutea, bai ta birtuteen ondasundi guzia ere: O Sancta! sanctis sanctior! d omnis sanctitatis sanctissime thesaure! (De dormit. V.). Hau guzia ekuste berean ekusten dezu gauza zein hondragarria den Jesusen Amarentzat Jesusen Amanza. Ekusten dezun bezala ezin hondragarriagoa.

        Hau zekitenak bezala bere Jesusen Amantz onegatik agitz honratzen zuten len santu guziak, eta honratzen dute gaur berak eta munduko beste onak, Jesusen Ama. Egun hau zetorreneko ta Jesusen Amaren Amantz hau obeki honratu naiez prestatzen ziran zenbait baruz, penitenziz ta beste gauz anitz on egiñez. Lenagoko gau guzian mundua utzi ta Jesusen Konpañia egiteko bidez zebillen aldian egondu zen Aita S. Ignazio otoitz ta otoitz Jesusen Amaren Manresako aldar-aitziñean. Era bereko aldar aitziñean bera bederatz urtekoa zela egin zuen San Luis Gonzagak Florenzian beti birjin izateko boto. Austriko alaba ta Espaniko Erregin andi Dona Margaritak egun onetan bere eskuz ematen zien jatera zenbait andre pobreri ta egun berean egiten zuten San Brunok eta beste anitzek Jesusen Ama ongi honratzeko eta al zuten beste guziei honrarazteko anitz gauza on. Eta hau obeki eragiteagatik egin zuen Beata Joana deritzan Luis amaikagarren Franziko Erregeren alabak Jesusen Amak gaur artu zuen izeneko relijio bat.

        Oriek eta gañerako Jesusen Amaren honrari guziak onen honran egiten dutena baño agitz geiagoko artzen dute Jesusen Ama beragandik eta Jesusen Ama bera egiten dute emen ongi bizitzeko ta obeki gero iltzeko beren arteko ta laguntzalle. Dagizun zuk ere zeretzat, egizu egun ta urteko egun guzietan Jesusen Ama beraren honran al dezuna: bai arren, bai.

 

aurrekoa hurrengoa