www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Festegunetarako irakurraldiak
Sebastian Mendiburu
1740-1767, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Mendibururen idazlan argitaragabeak, Sebastian Mendiburu (Patxi Altunaren edizioa). Euskaltzaindia, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

X.
Santa Krutz eguneko
bigarren irakur-aldia

 

Sicut Moyses exaltavit serpentem in deserto,
ita exaltari oportet Filius Hominis. Joan. 3.

 

Gaia: Andia da Jesus gurutzatuari
ongi begiratzetik datorren ona.

 

        Besteen gisan Judatar andi Nikodemusek ekusten zituen Jesusen gauz andi ta milagro txarmagarriak, eta Israeldarrak uste zuten Mesias zela ezaguturik bazen ere, beretarren isilka ta gauaz joan zen hura ekustera ta agur ta humilz zegozkanak egin ta ekusten duguna ekusi ta «Ezin uka diteke», esaten dio, «gure Maisu Mesias zarala zu, bada bestek ezin dagizken gauzak dira zuk egiten dituzunak (eta orregatik nator ongi-etorri zuri ta nere buruari ta Israeldar guziei zori on esatera)».

        Onzat artu zuen Jesusek Nikodemoren etor-aldi ta hizket hau ta guziaren alde egin zion zegozkan bi gauzen agerza, bada agertu ziozkan gure Bataioa ta gurutzeko bere eriotza, baña agertu lañopean bezala ta erdi-estali erdi-agerian. Bigarren oni zegokana zen leneko gure irakur-aldia; oni berari dagokana izanen da orain ekusiko duguna ere, baña gai berriz ta beste bidez egiña.

 

 

§ I.

 

        Jangoikoak ala nai ta, Ejipton luzaro bizitu ziran Israeldarrak artu zuten Moisesen denboran Kanango bidea. Andik onerako bide hau etzen bide luzea, baña beren gaistaginzen alde ta Jangoikoak nai zuenerako Kanana baño len zearka ta ingurka egin zituzten berrogei urte. Beren ingurk batean agitz mindu ta bidari guziak asi ziran gis artan zerabilzan Jangoiko ta Moisesgatik gaizki ta gaizki esaten; ta Jangoikoak bertan oriek zenzarazteko, igor-bidaldu zituen anitz suge. Sugeen ozkatik ill ziran nork daki zenbat Israeldar murmulle. Beste guziak beren oñazearekin ta ilzeko beldurrez joan ziran Moisesen billa ta Jangoikoaren barkanz eske. Oriena ekusi ta urrikaldu zen Jangoikoa. Eragin zion Moisesi bronzezko suge bat eta aizarazi mindun beren erdian ta sendatu ziran mindun, begia jaso ta ekusi zutenak: quem cum aspicerent, sanabantur (Num. 21,9).

        «Gis onetan jas-alzatuko dute», esaten dio Jesusek Nikodemusi, «gizaseme Jangoiko gizona» ta aizatu ere zuten Sant Elenak billatu ta arkitu zuen gurutz berean, ta alzatu, uste etzutela onez ekusten duten guzien onerako. Horduraño gurutzea gaistagin andien hurka zen ta gauz izugarria, baña artan Jesus il zen ezkero da gauz guztiz hondragarria, artan il zen Jesusek bere oin-esku-gorputzez ukitu ta odolez bustia bezala, ta gerrari andien banderak eta Errege ta Enperadore jaunen urrezko koroiak ere ederzen dituena, Eliz santak agur ta adoranz andiak egiten diozkan ta zeruko ondasun andien meatz-iturria.

        Baña zer ondasunen meatz-iturri? Bekatuz egin diran zorrak kenzeko, zor berrien bidea galerazteko, neke-pen ta tristur guziak arinzeko ta glori zati andiak eros-irabazteko diran ondasun zori onekoena. Gis onetako ondasunen iturri-meatzea da bear den ta dagokan eran begiratzen dionarenzat gurutze santa. Hau zuk egia dela ekusiko dezu, batetan esan diran gauzak berez ta banaka ekusi ta.

        Bai, egin diran bekatu guzien zorrak kenzeko ondasun andiak dakarzen meatz-iturria da gurutze santa, dagokan begiz ekusi ta artan josirik eta anitz neke-tormenturen ta gure amor andien erdian il zen Jangoiko-gizon Jesus gogoan erabilzen bada; ta erabilzen, bein edo berriz ta lasterka ez, baizik usu, ardura, maiz ta erneki, kontuz ta hastiz; bada er onetako gogoranzak egin dituenari agertuko dio bere bekatuaren itsustasun ta zor andia ta hau ari kenzeko bere gurutzean Jesusek egin ta eraman zuena; bai ta mugaz ta garaiez kenzen ezpada, dagokan betiko neka-giro ta tormentu izugarria ere ta beldur ikaraz arritu ta asiko da biotzez esaten, libruz len S. Bernardok esana: «orra gauz zein belz-itsusi arrigarria nere bekatu gaistoa»: pecavi peccatum grande, ta Israeldar sugez ozkatuak Moises bezala billatuko du konfesor ona ta bere bekatuaren sendagai-barkanza edo gurutzeko bere nekearekin Jesusek irabazi zigun konfesioko grazia.

        Hau ark errazkiago ta obeki arkituko du bere gurutzera Jesusi begiratuz askotan ta maiz berritzen badu gure amorez an izandu zuen neke ta pen arrigarrien gogoranza; bada bein ta berriz ta berriz hau an ekusiz, ekusiko du Jesusek an egin zuen guzia zela guri ongi naiez ta gure alde, len Israeldar erien alde Moisesi eragin zion suge alzatua bezala, ta len Israeldarrak oni begiratuz bezala, billatuz ta ekusiz atsegin egiñen diogula Jesus bera gurutze santan nekatu-illari.

        Hau guri adirazten digu Santu berak dionak dion aldian: Jesusi begiratu ta, nai ta ez kezkatuko dela bekatar damutua; ekusiko du alabaña agitz andia dela Jesus anbat nekatzen duen bekatuaren gaizkunza, bai ta agitz andiagoa dela ere hura gugandik kendu naiez bere neke-penazko gurutzean ekusten duena ta geldituko da kenduko diolako ustez betea: turbabitur conscientia, sed non perturbabitur, quoniam Domini recordabor, ta bururik badu, asiko da artako den guzia erneki ta kontuz egiten.

        Zuk hau alako aldian obeki egiñen dezu, hitzez ta gogoz S. Agustinen gisan mintzatzen bazara. «Izan bitez», zion S. Agustinek, «diran diña ta anitz geiago nere bekatu gaistoak; gogoan nik ongi artu ezkero nigatik Jesusek bere gurutzean egin ta eraman zuena, ez naute anitz izutuko, bada begitan artuko ditut guziak eta Jesus berari aldi artako bere neke-pen gogorren izenean eskatuko diot, barka ditzala guziak eta didala bere maitanza ta grazia; ta ari nik hau ziriez eskatu ezkero, berak esanik dadukanaz ezin ukatuko dit, dagokidan ta bear dudan gauza da ta: non possum terreri multitudine peccatorum, si mors Domini in mentem venerit.

        Nork ust on oni eskua ematen dio?. Apostol S. Pablok dionak, bada dio Jesusek beraren betiko Aitari genion zorraren papera artu ta josi ziola bere Santa Krutzari ta Santa Krutz berean ta andik datozen Sakramentu andietan utzi digula guziak ateratzeko ta bearko dugun beste guzirako diña ta agitz eta agitz geiago; ta utzi, bear den gisan eskatu ezkero, emanen digulako hitzpe osoan: delens quod adversus nos erat chirographum decreti... affigens illud Cruci (Coloss: 14). Ta artako gu arganatzen garan aldian, esaten digu, dio S. Agustinek: «ona ni zure zorrak ateratzeko prest; ar zazu nere odola ta irabazia ta emaiozu arzeko zaituen betiko nere Aitari zeren zorren alde: accipe me, et da pro te. Badakizu ez dutela zorrak izutzen zorren diña ta atera nai osoa duena. Orra bada bekatu egiñak auts egiñak uzteko ta utzi zituzten zorrak ateratzeko bide ta gauz zein egokia, Santa Krutzen oroipen noizean-beingoa edo Jesus an anitz nekapenatua hordu onean alez maiz-ardura, ta gutitan ta arinki ez, gogoan erabilzea. Bai ta bekatu berrien bide gaistoak galdurik uzteko ere. Hau da orain zuk ekusi bear dezun bigarren gauza.

 

 

§ II.

 

        Fededun ta beste guziekin egin nai luke deabru gaistoak Ejitarren seme lenbizikoekin egin zuenaren gisako gauza edo ango oriek erioz bezala bekatuz illak uztea; ta Jesusek neketan il ezkero guzien alde egiten du, aldi artan Jangoikoak an bizi ziran Israeldarren alde egin zuenaren gisako bat. Israeldarrei beren tokirako bidea egin naiez agitz beldurtu zituen Jangoikoak Ijitar guziak, eta beldurtu, arrats batez Aingeru bati ango lenbiziko seme guziak illak uzteko eskua eman ta; baña Israeldarrenak ukitu bage; ta zein ziran ezagu zezan, bildots-ill odolez Israeldarrei bustirazi ziezten itxeetako ate-pillareak eta orietakorik bat ere ukitu bage il zituen beste guziak: percussit Dominus omne primogenitum in terra Aegypti (Ex. 12,26).

        Deabru gaistoak guziei bekatuz ill ta galeraz nai die zeruko beren bidea, ta bere lan gaisto hau orri galerazteko luzatzen die Jesusek Krutzeko bere odola, artako Ejipton Israeldarren humerri-bildotsarena baño mil-milloiez indar geiago duena; bada angoak ere onen izenean egin zuen, esaten du S. Joan Krisostomok, egin zuena: agni sanguis salvos faciebat, non quia sanguis erat, sed quia sanguinem Christi referebàt, eta Jesusen odol hau eskuan artu ta, San Pablok adirazten duenaz (induite vos armaturam fidei, ut possitis stare adversus insidias diaboli (Eph. 6,10); edo S. Buenaventurak klaratzen duenaz, «Jesusen Pasi Sant eta Krutzeko gogoranzez jaunzi ta (istà armatura est memoria Passionis Domini) deabru gaistoa billatzen duenak errazki ta aisa aienatzen du, nik aldi guzietan ta beti ekusi dudanaz», dio Doktore Santuak: si affectuosè ad memoriam reducitur Passio Dominica, omnes daemones cum tremore effugantur, secundum quod experientia me docuit pluries.

        Hau bera bere baitan ekusi zuen Konde Santu Eleazarok ere. Agitz ongi bizitu zen Konde jaun hau bere azken ill-horduraño. Hordu artan egin zion ger-aldia ekusi ta, erdi arrituaren gisan asi zen esaten: «A, ta zein izugarria deabru nasle gerrarien indarra! Nork arekin buru lezake, bere Pasioko neke gogorrekin garaitu ezpalu Jesus maitagarriak! An irabazi zidan grazi ta lagunz andi txarmagarriak atera nau aren atzapar gogor arrigarritik».

        Kond onen gisan minzatu zen S. Agustin esan zuen aldian, Jesusek bere Krutze ta Pasioko neke andiekin garaitu ezpalu deabru amurratuaren azpian zetzan mundu gaisoa, (ta) bere gañetik hura kenzeko indar ta asmo guti zuela: quis enim contra diabolum pugna-re poterat, antequam Christus Dominus genus humanum de potestate diaboli liberaret? Arte guzian mundua zen, Dabidek Filisteo tzar izugarria ill artean Saulen exerzitu guziaren gisakoa, pelean sarzeko beldur-ikaraz betea. Gerozkoak dira, zeruko bideratzen bazaitu, ditugun Jesusen lagunz-indarzak eta hura garaitu ta aitzinat arinki ibilzeko esku-oin ta ego guziak, eta zenbat geiagotan ta kontuzago gogoratzen duen fededunak Jesusen Krutzeko neke eriotza ta zinkiago ta obeki eskatzen an irabazirik dadukan grazi-lagunza, anbat errazkiago aienatuko du bere etsai deabrua ta urratuko egiten zion bekatu berrirako bide galgarria. Eta orra bekatu zarren karg-zorrak zuzenzeko ta berrirako bideak galerazteko diran ondasun-lagunzen meatz-iturri zein on egokia Jesusen Pasio santa ta Krutzearen gogoranz debozioa. Bada era ta gis berekoa da gorputz-animako neke guziak arinzeko ta gerorako irabanz andiak egiteko ere.

 

 

§ III.

 

        Bai, naiz gorputzeko naiz animako kezk eta neke guziak arinzeko bide zuzen egokia da askotan, egun oro ta nekaldi guzietan Jesus Krutzeko Pasio gogorrez nekatuari begiratzea ta ark an egin ta ekusi zuena geren gogoan ta biotz erdian erabilzea. Ala da, dio Interpret andi Ait Alapidek, bada Krutz Santa eta Jesus artan penatu-illaren hastizko gogoranz-oroitzak egiten du, dio, kezkat-nekatuaren biotz-animan Marako ur gazian Moisesen zur-puskak egina; bada ark artan Moisesek sartu ta kendu zion bere gozanza ta gezatu ta utzi zuen Israeldar egardun goxoenzat edari on egoki egiña ta Jesusen neke-penen ta Santa Krutzen gogoranz-oroitzak kenzen die dituen gaitz-tristur-nekeai zuten min ta laztasun garratza ta uzten ditu animako edari on egiñak eta orregatik zur hura Jesusen Krutz eta Pasio santaren ainzur artakoa da: hoc lignum significat lignum Crucis, cuius virtute, memoria et meditatione omnis labor et dolor dulcescit.

        Aldiak ekarri zuen guzian hau ekasi zuela zion S. Agustinek, bada bere nekaldi, kezk-hordu ta naigabezko aldart guzietan idiro-arkitu zuen aringarririk andiena izandu zela, don, Jesusen esku-oñetako ta bularreko zulora iges egitea ta aren ango neke-pen guziak gogoz ta naiez biotzeraño sarzea: in omnibus adversis non inveni tam efficax remedium, quam vulnera Christi.

        Hau bera guri eragin naiez dela, dio Doktor Santuak, S. Pablok esaten digun gisan esatea: «sinist onaren emalle (Jesus Krutzatuari) hastiz ta kontu guziarekin begiratuz ekusi bear dezue buruko erpinetik oin-puntaraño daraman neke ta tormentu guzia»: aspicientes in auctorem fidei, recogitate eum (Hebr. 12,2) ta esaten du ark hau, dio S. Agustinek, bere Krutzean ilzez josirik gelditu zen Jesus guzia geldi dedin gure gogoan agitz sartua: ut totus nobis figatur in corde, qui totus pro nobis fixus fuit in Cruce (Lib. de Virg.) ta gugatik ark an daraman oñaz, odol-isurz eta nekagiro guztiz latz-gogorra ekusi ta, saio gaitezen beraren izenean ta geren on andirako gog onez arzera andik edo emendik datorkigun naigabenz guzia ta bidenabar dagigun Jesus berari atsegin egiñen dion ta betiko gure glorirako izanen den on guzia.

        Orra zein ondasun andien iturri ta meatzea den Jesusen Krutze ta Pasio santako debozioa ta bata ta bestea erneki, kontuz ta maiz gogoan erabilzea. Debozi ta erabilz onek Jesusi anitz atseginz egiten diola askotan ta anitz aldiz Jesus berak adirazia da ta bein bakarrik ez, egiten zutenei hitzez, eskuz, zeruko argiz ta beste zenbait aldetara eskerrak emanez ta zeruko mil pozez bete ta.

        Bete zaitzan bada zu ere zerez ta dizun emen lurreko zere zorrak kenzeko, berririk egin bage bizitzeko, zere kezk eta neke guziak arinki eramateko ta gauz on anitz egiteko grazi ta lagunz andia; ta gero betiko zere gloria, ar zazu gog osoz debozi bera ta egunean bost aldiz esazu bere Krutzean Jesusi begiratu ta: «zere Krutzeko neke andiarekin mundua erosi ta zuzendu zenuen Jesus maitagarria, alde guzitara izan zaitez laudatu-bedeikatua» ta aldian Aita gure, Abe Maria ta beraren izenean egizu dezakezun on guzia ta egiten badezu, ar zenezake egiten zuen S. Katalinak artu zuenaren gisako ontart andiren bat.

        Jesus gurutzatuari begira zegon batez ekusi zuen Senako S. Katalinak Krutzean Jesus edertasunez betea ta beraren esku-oñ ilzez ta bular lanzez idikitik ateratzen zirala odolezko bost argi ta gelditzen Santaren esku-oñetan ta bularrean, ta denbor berean bere esku-oñ beretan ta bularrean izandu zuen erdi bi egin behar zuela zirudien oñaze andi bat, ezagu zezan zein andia zen Jesusek an bere gurutzean izandu zuena ta bizi zedin bere gurutzean anbat nekatu zen Jesus maitariaren urrikaltz len baño agitz andiago batekin.

        Egizu zuk ere hau bera ta buruko miñez edo eskuetako, oñetako edo beste edozein zere aldetako oñazerekin arkitzen zaran aldian eramazkitzu zere begiak bere gurutzean burutik oñetaraño ezin geiago nekaturik arkitzen den Jesus maiteagana, ango bere neke-pen guziak gatik eskatzeko behar dezuna ta ekusiko dezu Jesusen gurutzea edo gurutzeko egontz nekatua dela, beste gauzetarako bezala, zure oñaze, min ta neke guzientzat ere aringarri agitz andia. Artako bada ta len esan dugun beste guzirako ar zazu gog osoz ta ziñez Jesusen gurutz santaren ta Jesus gure amorez gurutzatuaren betiko debozioa. Bai arren, bai.

 

aurrekoa hurrengoa