www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Festegunetarako irakurraldiak
Sebastian Mendiburu
1740-1767, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Mendibururen idazlan argitaragabeak, Sebastian Mendiburu (Patxi Altunaren edizioa). Euskaltzaindia, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

XII.
San Luis Gonzagaren
eguneko irakur-aldia

 

In Resurrectione... erunt sicut Angeli Dei in coelo. Matth. 22.

 

Gaia: Munduan San Luis Gonzaga bezala bizi diranak
Aingeru beren gisan biziko dira zeruan.

 

        Bi jakintsu elkar artzen etzutenak arkitzen ziran Israeldarren artean, Israeldar beren artean Jesus zebillen denboran, ta bakoitza bere bidez ibilli zen Jesus bera bere hitzez nastu ta azpira naiez; bata Saduzeoen izena zuena zen ta Fariseoen izenekoa bestea. Saduzeoak ill ta noizbait biztu behar dugula etzuen siñisten; Fariseoak bai, ta batak eta besteak ukatzen zuten Jesusen Jainkontza edo Jainkotasuna.

        Beren ukantz hau on egiteko ta bakoitza berearekin atera naiez asten zaizka aldizka Jesusi gaur, ta asten zaizka, bein gure biztu beharra ukatzen zuen Saduzeoa ta galdetzen dio: «Maisu jauna, sei senar bata bestearen ondotik ill ta zazpigarrenarekin bizi dela iltzen da andre bat; andre bera ta beraren zazpi senarrak bizten diran aldian, zeinen bizikide ta emazte izan beharra da?». «Baten ere», erantzuten dio Jesusek, «zeren biztuak, gorputzik bagekoak balira bezala ta Aingeruen beren gisan biziko diran biztu ezkero ta sekula guzian». Eta illen bizkuntzako beren itsumena kendu naiez Saduze-tzar berari ta aren lagunei esaten die Jesusek oni ditxekola: «Egiteko onetan uts egiten dezute zuek, jakin bagez Eskritura Santak diona ta Jangoikoak egin dezakena: illak arkitzen diran, baña animaz bizi diran ta gorputzez ere beren horduan biztuko diranak dira Abran, Isak eta Jakob, ta orien Jauna da Jangoikoa, ta Jangoikoa ez da illen edo deus-ez diranen Jauna ta Jabea». Mututuak eta hitzik bage gelditu ziran Jesusi hau aditu ta Saduze-tzar arroak.

        Pozez aseak gelditu ziran Farise zerbait zekitenak, beren etsai Saduze guziak gisa artan Jesusek garaituak ekusi ta; ta berak Jesus bera garaitu naiez jokatu ziran beste bidez ta elkar arturik argana ta galdetu zioten: «Maisu jauna, ta zein da Legeko mandamentu andia?», ta galdegin zioten hau mandamentuari bere alde zerbait kenduko ziolako ustean ta gero legearen urratzallea zela bazter guzietan banatu naiez ta deshonraturik Jesus uzteko. Baña ustel atera zen orien nai ta asmo guzia ta berak gelditu ziran beste aldietan bezain azpian sartuak eta Jesusek garaitu zituelako miñ gordiñarekin.

        Nola garaitu zituen ekustea ez da aldi onetako gure egitekoa; aldi onetakoa da gaurko Ebanjeli Santak dakarrena ekusi ta San Luisen alde ori zuzentzea. Ebanjeli Santuak dakarrena da Fariseoen galdantzari Jesusek eranzun ziona; ta eranzun ziona da: «Legeko mandamenturik andiena da Jangoikoa gogoz, bihotzez ta lanez alegin guzian onest-maitatzea», ta oni zitxekola esan zien: «Bigarren mandamentua oni dagokana da ta hau da, bere burua bezala batek beste edozein onestea, ta bata ta bestea egiten duenak egiten du lege guziak eta Profetak diotena». Orra Farise galdegiñak isilerazteko Jesusek gaur eranzun ziena.

        Orra bidenabar gaurko Santu gazte gure San Luisi, munduko beste edozeñi bezala, Jangoikoak eman zion egitekoa; ta egiteko, San Luisek mundu berean bizitu zen aldi guzian ederki egiña; ta egiteko, munduko beste edozeñek ere egin dezakeana, zaldun ondasundun eta aisa bizi diran beste askok ezetz badiote ere.

        Jesusen Konpañian santuki bizitu zen ta an bertan ill zen santuki San Luis Gonzaga, egia da; baña Jesusen Konpañira zeneko, bazituen San Luis Gonzagak amazazpi urte ta urte orietan izandu bazituen ere munduko honra, egiteko, ondasun ta sartu-ater andiak, guzien artean egin zuen beti Jesusek agertu dizkigun mandamentu batak eta besteak esaten dutena; bada ez bata autsi zuen ta ez bestea bere bizi guzian, ta mandamentu oriek ez autsi ez ezik, egin ere zuen munduan San Luisek gero Jesusen Konpañian bezala geiago ta geiago ere; bada egin zuen aldareetara Santutzat igateko egin behar den guzia. Eta horduan ta gero egin zuenagatik orain zeruan badu Aingeruenaren gisako zori ona ta bizia. Hau bezalakoa erditsi nai duten mundutar ondasundun ta beste guziak egin behar dute San Luisek munduan egin zuenaren erako bizia. Zer bizimodu zen San Luisek munduan egin zuen bizi hau da orain nik agertu uste dizudana.

 

 

§ I.

 

        Munduan bizi diranentzat egiña da egungo irakur-aldia ta mundutarrei munduan bizimodu on baña ar-erazteko aski da San Luis Gonzagak munduan egin zuen bizitza agertzea; hau da alabaña mundutarrei beren bidez ibiltzen erakustea ta erakusterik egokiena. Oraingo mundutarrak bezala munduan bizitu zen San Luis Gonzaga, ta bizitu zen nekazari, langille ta lurreko egitekoetan haste guzian sartuak dabiltzanak bezala ez, baizik honren ta ondasunen ta aiskuntzen artean, ta gis onetan bizi diranak dituzten perillen artean; ta bizitu zen erri txiki ta bekaturako bide guti duten bazterretan ez, baizik erri eder ta korte andietan; ta erri ta korte, jende andiz ta anitz perillez ta gaitzbidez beteetan; bada Jesusen Konpañian sartu zen arte guzian bizitu zen bere aitaren korte Castillonen, Toskanako Dukearen korte Florenzian, Españiko Erregeren korte Madrillen ta beren izeneko Dukeen korte Milanen ta Mantuan, ta al-ere bizitu zen ongi ta garbiro, Jangoikoa ziñen ta beste guziak behar zen bidez onesten zituela ta Jangoikoaren legeak diona ederki egiten zuela; bada bere bizian egin zituen utsegiterik andienak izandu ziran txiki bi, damu andiarekin beti begitan ekarri zituenak eta bein beintzat ar-erazi zioten damuarekin illa bezala ta akordurik bage utzi zutenak.

        San Luisek egin zituen bi uts txiki orietatik bat zen, zer egiten zuen etzekiela ta laur edo bost urteko aurra zen denboran, soldadu zenbaiti aditu ziezten hitz ez-behar bezalako zenbait, oar-erazi zuten artean, esatea; ta bestea, jostatzeko egin zioten piez edo sutunba txiki baterako soldadu berei balbor piska bat artzea. Azkartu ta egin zuen Florenziko erri andian Konfesi jeneral bizi guziko bat eta zeraman damuarekin bata ta bestea konfesoreari esan horduko, erori zen akordurik bage ta illa zirudiela ta oriek diñako utsik ere etzuen geroz egin bere bizi guzian ta len ta gero bizitu zen bere bataioko grazia bein ere galdu bage ta munduko guziei agertzen ziela mundu berean bekatura bage ta garbiro bizitzeko bidea; ta agertu zuen San Luisek zori oneko bide hau mundu berean berak egin zituen iru gauzekin.

        San Luisek munduan garbiro ta santuki bizitzeko ta mundutarrei era berean bizitzen erakusteko egin zuen lenbiziko gauza zen mundu beretik edo munduko perill ta bide galgarri guzietatik iges egitea. San Luis bizitu zen bezalako errietan, San Luis bezalako zaldun ta ondasundunentzat badira amiltegi ta bide galgarri anitz, kontuz ta erne ez dabiltzanentzat; badira alabaña aldi batean zezenketak eta beste batean komediak; badira itxeetan gizon ongi jauntzien ta andreki apainduen festak, dantzak, jokoak eta jolasketak; badira orien beren elkarrekiko ibillerak eta paseantzak eta badira Elizan, karrikan ta nonnai elkar ekusteko, soñezko ta begiz elkar berotzeko ta batak besteari hitz egiteko aldiak eta bideak; bai ta oriek guziak baño perill geiagozkoak eta agitz galgarriagoak ere.

        Bide orietan dabiltzan zaldun ta ondasundunak eta beste guziak eta noiz edo berriz baizik, eta horduan ere ezinbestez bezala, elizaratzen diranak, bide aldapadun izoztuz dabiltzanak bezala dira eta era onetan dabiltzan mundutarrentzat mundua amiltegi ta malkor agitz izugarria da ta anitz eta anitzentzat bekaturako bidea; baña ez-ekusi egin ta iges egiten dienentzat ez; eta hau da bekatura bage munduan bizi nai dutenak egin behar dutena, dio Kardenal Ugok: qui vult servari à peccatis, debet tumultum mundi evitare; bada bekatu sail guziak garaitzen ditu, dio, ta bat ere nekatu bage, bekatuaren bideetatik iges egiten duenak: nimia turba vitiorum, sine certamine, vincitur, quando solitudo, gratis solidatur.

        Hau bera da munduko bekatutan ez sartzeko San Luis Gonzagak egiña: bekatu bide guzietatik iges egitea ta bein edo berriz ez ezik, beti-beti iges egitea, ta ongi baño obeki iges egiteagatik bide orietatik begiak ere urrun-eraztea; bada itxean bizitu zen denboran etzion gelan sartzen utzi itxeko donzell edo emaztekiri ere, ta bera an zela aratzen baziran, gelako atarira atera ta aditzen zuen zekarten mandatua ta begiratu ere bage igortzen zituen bereala. Eta ez begiratze hau egiten zuen San Luisek itxean bere amarekin ere.

        Itxean zena izandu zen San Luis Madrillen ta munduko beste erri ta bazter guzietan ta guziei toki guzietan agitzen zitzaien San Luisekin Madrillen Españiko Erreginari agitua. Españian izandu zen San Luis Españiko Prinziperen Menino edo Paje ta nai ta ez agertzen zen askotan Erregiñaren begietan. Erregiñak begiratzen zion San Luisi zuriak, beltzak, urdiñak edo nolakoak ziran aren begiak ekusi naiez, baña etzuen nai zuenik ekusi, zeren San Luisek goititzen etzituen bere begiak.

        Begiz zena zen San Luis oñez ere munduko bide galgarri guzietatik iges egiteko. Piamonteko alaba zen San Luisen ama ta Españitik itxera itzuli zen aldian Piamonteko korte Turinen egin zioten zegokan ongi-torria ta festa. Festan argana zen dama bat berekin dantz-eraztera Santua, baña Santuak egin zuena zen zegon tokitik jaiki, buruz agur bat damari egin ta beste gelara joan ta belaunikaturik otoitz ta otoitz an haritzea.

        Oñez ta begiz zena zen San Luis mihiz ere bekaturako bideak galerazteko. Turingo aldi berean asi zen ango zaldun adiñezko bat arinki ta etzegokan eran mintzatzen, bada asi horduko isilerazi zuen San Luisek esaten ziola: «Ez nuen uste zu bezalako zalduntzar batek egiñen zuela egiten dezuna bezain ereintz gaistoa. Emen gaudenok bezalako gazteen artean ez dira esatekoak esaten dituzun gauzak, bada aditzen dituztenak zikintzeko baizik ez dira, San Pablok dionaz, zure oriek bezalako hitzak: corrumpunt mores bonos colloquia prava» (Cor. 15, v. 33). Era berekoa zen beste aldietan ez bekaturatzeko San Luis eta egiten zuen lenbiziko gauza zen iges egitea bekaturako perille bat ekusi horduko.

 

 

§ II.

 

        Munduan batek bekaturako bidetan oñik ez sartzeko mundu berean erne ta kontuz ibilli behar du; bada mundu berean dabiltza onak gaistatzen anitz gaisto, bai ta sulezeko gure etsai deabru amurratu galduak ere, ta bekatura bage bizitzeko egin beharko du lapur artean dabillenak orien eskuan bere bizia edo duena ez galtzeko egiten duena; ta artako lapur artean dabillenak egiten duena da non dabiltzan lapurrak kontuz ekustea edo galdegiñez ikastea ta, zer gerta ere, armaz beterik ibiltzea, lapur berak izutzeko edo agertzen badira pelean haritzeko, eta hau da munduan bekatura bage bizitzeko San Luisek egiten zuen bigarren gauza.

        Aragiari su emanez edo beraren burua arrotuz galdu oi dute munduan bizi dena munduko gaistaak eta sulezeko deabru galgarriak. Burua San Luisi arrotzeko bazuten munduan beraren etsaiak anitz egur ta gai; bada gaztea bazen ere, bazuen San Luisek Castillongo Markes izateko behar zuena ta Markesantz berari zegozkan estadu bazterretarako eskua, bai ta Erromatarren inperioko prinzipearen tituloa ere; ta gauz arrogarri oriekin batean bazuen zebillen korteetako prinzipeen ta zaldunen estimantza ta onginaia. Eta San Luis beraren aragia sutzeko ere bazuten beraren etsai berak nai adiña gai ta deretx; bada bazuten bera zebillen korte beretako ta beste errietako ekusgai eder, jolasgai arin ta apainket arro guzia. Baña beren gai egoki guziekin munduko ero galduak eta sulezeko deabru guziak egin bazuten ere beren alegiña, ez sutu zuten santua aragiaren atsegintz txar txikiena ere ar-erazteko ta ez arrotu zuten honra piskaren bat billarazteko, ta oriek santuari bata edo bestea eragin lekuan santuak oriek ostiko birekin azpira zituen bein ere jaikitzen ez uzteko.

        Ostiko bietatik bata eman zien San Luisek munduari ta mundutar arroei ta bestea deabruari edo deabruak sutu nai zion bere aragiari. Eman zien, bai, ostiko San Luisek munduari ta mundutar arroei oiñpean artuz oiñpe berean beti idukitzeko mundutar arroak geienik nai dutena edo munduko ondasuna ta honra; bada amazazpi urtetara zeneko bere poz andiarekin utzi zituen Inperioko bere Prinzipantza ta Castellongo Markesantz edo Markesia ta biei zerraiten ondasunketa ta honra guzia ta egin zen bereala Jesusen Konpañiko relijiotar behartsu (lenago ta lenago ere egiñen zuen ark hau beraren Markes aitak ez eragoztera), ta egin zuen ark hau lenbaitlen, lenbaitlen munduko arrotasun-gai guziak oiñperatzeko ta agi edo gerta etzekion honradun aberats anitzi, berak zionaz, agitzen zaiena, edo ill horduko, eskeko behartsu berak bezain bage gelditzea ta bitarte guzian egiten dituzten gaistaginzak gatik behartsu berak baño ezur agitz zikiñagoak obira eramatea.

        Aragiz jauntzia bazen ere, aragirik ez duten aingeru beren gisan ta guztiz garbiro bizitu zen San Luis munduko ta korteetako zikin-gai guzien artean ere; bada, Eliz Ama santak dion bezala, bere bizian etzuen San Luisek izandu gogorantz lizunik, ez eta aragiaren beronzik eta asaldanzik ere, Jangoikoak artako emanik besteei eman oi dien lagunz eta grazia baño lagunz eta grazi agitz andiagoa: virginitatem insigni Dei beneficio nulla mentis aut corporis pugna tentatam servavit, ta al-ere deabru gaistoa lenbizitik ostikoz bere oinperatu ta ere, eragin etziezagon beste anitzi aragiz eragin diena, geroz etzion burua jasotzen utzi, ta aurdanik asi ta bere bizi guzian ostiko ta ostiko erabilli zuen bere aragi gorputza ta kendu ziozkan begiz, eskuz edo beste bidez ar zitzaken atseginzak eta eman ziozkan anitz nekagiro ta tund gogor.

        Orietatik bat zen siliziorik etzuen denboran zaldien esproñak edo espuel zorrotzak artu ta bere gorputzari barrendik lotu ta berekin min andia ematen ziotela luzaro erabiltzea. Bere gorputzaren nekagiro beretatik zen barutzen zen gisan hastean iru ta laur egunez barutzea ta denbor luzean egun guzian ontza bat janari baizik ez artzea. Nekagiro beretatik zen estaltzeko diña soñeko baizik etzuela, oatzetik negu erdiko gau otzetan ere jaiki ta hordu osoz otoitz egiten egotea, bai ta egunaz bi ta irur horduz era berean ta belaunak lurrean ezarri ta egon oi zen bezala otoitz eta otoitz egotea ta gorputzaren beste gauza nekagarri anitz egiten zituen gisan egitea ere.

        Orra San Luisek munduan mundutarrak egin oi dituzten bekatutara bage ta garbiro bizitzeko egin zuen bigarren gauza: gogoaren arinketen ta aragiaren naikuntz lizunen bideak urratzea, ta urratzea ostiko bortitzez edo bere gogo bera ta aragia ekusi dugun gisan nekatuz ta oinpera erakarriz.

        Orretarako ta garbiro munduan bizitzeko egin zuen San Luisek beste anitz gauza ere ta orien artean bat artako agitz egokia, ta hau zen otoitza, ta otoitz askotan ta luzaro egiña. Mundutar munduan bekaturatzen diranak bekaturatzen dira edo behar denera oartu bagez edo zeren billatzen ez duten ez bekaturatzeko behar duten indartza, ta ez dira oriek artara oartzen ta billatzen ez dute hau, zeren egiten duten otoitz guti edo bat ere ez; bada kontuzko ta askotako otoitza ta otoitz luzea egiten duenak gogoan daduka guztiz maitagarria dela Jangoikoa ta Jangoikoagana daraman birtutea, ta agitz itsusi zikiña dela bekatua ta agitz arrigarria bekatuari darraikon infernua, ta bidenabar bere gogoan dakar mundu guziagatik ere ez dela bekatura behar ta beste guzia galduko bad-ere, Jangoikoari zor zaionagatik eta betiko zori on bat erdisteko, onesti ta maitatu behar dela Jangoikoa, ta otoitzez hau gogoratzen duenak eskatzen dio Jangoiko berari ta erdisten du hau egiteko behar den laguntza ta grazia.

        Hau zen San Luis Gonzagak aurdanik asi ta relijiora zen arte guzian (ta geroz ez gutiago) egiten zuena; bada bost urte zitueneko itxe bazterretara joan ta jartzen zen belauniko ta egoten zen an luzaro otoitz eta otoitz egiten. Geroago ta luzeagoa izandu zen San Luisen otoitza, hordu osoak egiten zituen gero bere otoitzean ta aldiren batez bost ere bai arreo; otoitz hordu osoak joaten zitzaizkan gogoa bestetara barraiatu bage ta negarrezko iturri bi bere begiak egiñak zeduzkala ta itxekoak aren gelan edo otoitztegian sartu ta ibilliagatik, an zebiltzan edo ez oartu bage ta orien ots-eskanbillak edo deiak aditzen etzituela, ta egiten zituen bere animako atsegintz eta poz andiarekin ta mundu galgarrian galdu bage ta santuki bizitzeko Jangoikoaren laguntz eta grazi anitz erdisten zuela.

        Orra, bada, mundu berean ongi bizitzeko San Luis Gonzagak mundutarrei erakusten diena: munduaren erakeri ta perillezko ibilleretatik begiak ere kentzea, nekez, penitenziz ta otoitzez gogoa ta ,aragi galgarria mugaz ta garai onean eskuratzea ta deabruaren ta mundu eroaren lan gaistoak utzi ta garbiro ta santuki bizitzea, gero ill ondoan San Luis beraren lagun zeruan izateko ta aingeru berak bezala an bertan bizitzeko. Jangoiko maitagarriak dizula hau zuk emen egiteko behar den grazia ta gerorako adirazi dugun zori ona, bai ta hau guzia zuk erdisteko San Luis Gonzaga beraren debozio ta lagunza ere: bai arren, bai.

 

aurrekoa hurrengoa