www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Festegunetarako irakurraldiak
Sebastian Mendiburu
1740-1767, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Mendibururen idazlan argitaragabeak, Sebastian Mendiburu (Patxi Altunaren edizioa). Euskaltzaindia, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

XXVII.
San Migel eguneko irakur-aldia

 

Quicumque humiliaverit se... hic est major
in regno coelorum. Matth. 18.

 

Gaia: Anitz zor diogu Jangoiko aingeru onak
laguntzat eman dizkigunari, bai ta laguntz ona
egiten diguten aingeru berei ere.

 

        «Gutitan arkitzen den birtutea da», dio S. Bernardok, «honren arteko humilza: rara virtus humilitas honorata. Itxe txar bateko zokoan jaio zen gizona ibilli bada, aurdanik asi ta beti, tresna zar urratuz jauntzia ta jan-edan meak eta zakar arteko lanak egiten dituela, arrotanz andirik bage agertuko da zaldun artean ta gizon sedaz ta urrez ta zillarrez jauntziz beterik arkitzen den Elizan, plazan edo karrikan; baña jauregi andi guztiz apaindu batean jaio zen ta ezin ederkiago jauntzirik dabillen zalduna, ta zaldun, bera bezain andiar edo andiagoak laguntzat daduzkana, bere buruari begiratu ezkero errazki arrotzen da. Eta hau da zeru berean ere len aingeru Luzbeli ta onekin batean gaistatu ziran beste anitzi agitua: beren izate ederrari ta Jangoikoaren eskutik zuten grazizko ta birtutezko ta Espiritu Santuaren doaiezko apainketari berenezkoari bezala begiratu ta arroturik gelditzea ta odeiei gañez egin ta Jangoiko beraren pareraño igan asmoa artzea: ascendam super altitudinem nubium, similis era altissimo (Isai. 14,14).

        Gerez gu errumes ezer-ezak eta bekatuz galduak gara; baña bataioz Jangoikoaren itxatiarrak eta beraren graziz, birtutez ta Espiritu Santuaren doai-doakuntzez ederki apainduak eta gu gerok baño agitz geiagoko aingeru bana geren jait-hordutik gu zaitzeko Jangoikoak emanik dugunak; ala da, dio S. Jeronimok, bada dio: «Honraren izugarria anima bakoitzak duena; bada Jangoikoak emanik badu bere zaitzan zeruko aingeru bat»: magna dignitas animarum ut unaquaeque habeat ab ortu nativitatis in custodiam sui angelum delegatum (L. 3, hic). Al-ere eroegiak giñake arrotasunari buruan tokirik egiten bagenio; bada giñake urrikariz eman dioten soñekoarekin lagun artean sartu ta zaldun aberats bat baliz bezala arroturik dabillen behartsu errumesaren erakoak eta ari bere soñekotik eldu ta bezala esan legikegunak: «Atoztea, ta norena da soñean dakartzuna ta zeri dagokala zure arronz eroa?»: quid ergo gloriaris, quasi non acceperis? (1 Cor. 4,7).

        Bere tribunalean hau gero Jangoikoak esan ta onda ez gaitzan sulezeko putzu izugarrian ta Luzbel arroaren ta aren lagun deabru gaistoen bazterrean, agertzen digu Jesusek egungo bere Ebanjelio santuan geren humilz txar ezer-eza, ta bidenabar sekulan ta beti andiak izateko bidea. Bide hau agertu zigun Jesusek bere eskolakoak egin zioten galdetz bati eranzuten ziola. Beraren eskolakoak galdetu zioten bein Jesusi: «Jauna, zeruko erreinuan zein da andiena?», eta Jesusek eranzun ziena da: «Geienik emen txikitzen dena». Eta hau esan baño len aur bat eskutik artu ta bere eskolarrei erakutsi ta esan zien Jesusek: «Orie, aur hau bezala txikitu ta begiz ta bihotzez aurren erakoak izaten ezpazarazte, etzarazte zuek zeruan sartuko ere».

        Zer dela uste dezu andiak aurrak bezain txiki egitea edo aurren erakoak andiak begiz ta bihotzez izatea? Andiak Jangoikoarekin ta beste guziekin aurrak beren ait-amekin ta beren lagun berdinekin egiten dutena egitea. Badakizu zer den aurrak beren oriekin egiten dutena? Bakoitzak bere aitak esaten diona egitea, bere ama maite izatea, gaitzik besteri ez egitea, ondasun billan ez ibiltzea, arrotasunik bage bizitzeko besteri bekaitzez ez begiratzea, gezurrik ez esatea ta esaten zaien guzia egitzat sinistea. Ala da, dio S. Hilariok; eta era berekoak izan behar dugu guk, dio, zeruan gero sartzeko ta lan andiak izateko: revertendum igitur est ad simplicitatem infantium; bada humiltasunez aur egiten diran fededunen otoitzetan arkitzen dira, dio, zeruko aingeru onak: angeli pusillorum praesunt fidelium orationibus (hic); eta oriek or arkitzen dira geren gauzetarako Jangoikoak eman dizkigun lagun onak bezala, humilki guk eskatzen duguna gero berak Jangoiko beragandik guretzat erdisteko. Baña hau guri oriek erdisteko izan behar dugu humil eskerdunak bein Jangoiko berarekin ta gero laguntzat eman dizkigun aingeru onekin. Zergatik uste dezu? Aldi onetan ekusiko dezunagatik.

 

 

§ I.

 

        S. Migelek baditu, Jangoikoak ala nai ta, urtean bi festa: Maiatzaren zortzigarren egunekoa bata ta egungo egunekoa bestea; baña S. Migel aingeruaren izenekoak izanagatik festa bata ta bestea, aingeru guzienak dira bi egunetako festak. Ala dela adirazi zuen bein S. Migel berak, bada Gargano deritzan Pullako mendi batean bazter artako Obispoari agertu ta eragin zion orain milla ta berreun urte bezala Eliz bat eta esan zion egin zezala an aren Eliz hau beraren ta beste aingeru guzien izenean, honra zezaten Jangoikoa aratzen ziran fededun onak: Michael Archangelus Episcopum monet... velle ibi cultum Deo in sui, et angelorum memoriam adhiberi. Eta hau bera da festa batan ta bestean Eliz Ama santak adirazten duena ere; bada S. Migelen izeneko bi festetako otoitzetan aingeru guziak, bat ere berezi bage, artzen ditu Elizak gure ta Jangoikoaren arteko. Baña aingeru guzienak izanagatik bi festak, bi festetan badu berezki S. Migelek gero nik adiraziko dudana.

        Zeruan gu beren laguntzat uste gaituzte aingeru guziak eta festako gure otoitzak aditzean gure alde pozik otoitz egiten diote Jangoiko maitagarriari. Al-ere besteen artean badira zenbait aingeru gu zaitzera Jangoikoak igortzen dituenak, gutatik bakoitzagatik berezki Jangoiko berari otoitz egiten diotenak, beren festa berezia Elizan dutenak eta gugan ta gure baitan artzeko geiago dutenak. Zer artzeko den orien ta S. Migelen gure baitako artzekoa edo guk oriei diegun zorra, agertuko digu oriek berak gatik Jangoikoari diogun zor andia agertu ta.

        Jangoikoak egiñak gara gu munduko guziok; baña beharrez egiñak ez, baizik bere onez ta ongi gu bere zeruan ekusi naiez. Sekulako bere begiekin ekusi ginduen Jangoikoak egin horduko bekatuz galduak eta sulezeko etsaiez ingurutuak. Geren bekatupetik gu ateratzeko artu zuen gizon egin ta mil neke ta eriotz gogor bat bere gain artzeko asmoa, bai ta bere aingeruz gu geren peleetarako bortizki sendortzekoa ere. Egin zen gizon berak asmatu zuen gisan ta egin zuen gero bere aldian geren bekatu-petik gu ateratzeko behar zen lan nekagarri guzia, ta etsai gaistoak garaitu ta eraman ez gaitzaten geren bekatupera, ematen digu bere aingeru bortitzen laguntza, eta laguntz guztiz egokia ta guk behar bezalakoa.

        Bai, guztiz egokia da bere aingeruz Jangoikoak ematen digun laguntza ta guk behar bezalakoa; bada gure etsaiak gorputzik ez duten aingeru gaistatu deabru galgarriak dira, etsai bortitzak, estalian dabiltzan etsaiak, eta orregatik dira etsai gure agitz galgarriak. Baña oriek bezain gorputz bagekoak, oriek bezain bortitzak eta oriek bezain aingeru ta aingeru bein ere gaistatu bageak, eta Jangoikoa beti beren alde izandu dutenak dira geren etsai oriek guk aisa garaitzeko Jangoiko maitagarriak ematen dizkigun lagunak; eta lagun, askotan ta askotan guk gerok baño esku ta indar ta birtute geiago dutenak, eta orregatik dira lagun agitz guk behar bezalakoak.

        Aingeru bakar bana baizik ematen ezpaligu ere, anitz eta asko zorko genioke geren Jangoiko maitagarriari; bada izar guziak dituen zerua gau ta egun inguruan, ta anitz eta anitz milloi legua dituen inguruan erabiltzeko behar diran indarrak, eta indar, aitzen edo nekatzen ez diranak dituena, ta ejerzitu andiko eun ta larogei ta bost milla gizon iñor oartu bage ill ditzakena eta Senakereb-en ejerzituan ill ere zituena da aingerua; baña bat baño geiagoren behartzen garaneko guk behar adiña prestatu dizkigun ongillea da gure Jangoikoa ta bere salmariari esan-erazi diona: «Gaitza (edo bekatu gaistoa, zuk nai ezpadezu) ez da zugana urbilduko, ez eta (zure etsai amurratu deabruaren tentantz galgarrizko) kalterik ere; zeren Jangoikoak esan dien bere aingeru bortitzei zere bide guzietan zu estal-gordetzeko jar dakizkitzula aitzinetik, saietsetik edo beharko dezun beste edozein aldetik: non accedet ad te malum, et flagellum non appropinquabit tabernaculo tuo; quoniam angelis suis mandàvit de te, ut custodiant te in omnibus viis tuis (Ps. 90-10).

        Bear den aldian egiten du Jangoikoak gurekin hau guzia baño geiago ere; bada anitz aingeru ez ezik, aingeru guzien Jeneral S. Migel bera ere behar izaten den aldian igortzen du, guri geren etsai gogorrak garaitzen laguntzera. Ala da, dio Aita Santu andi S. Gregoriok, bada dio: «Guk dakiguna da egiteko andiren bat agitzen den aldian Jangoikoak S. Migel igorri ta bidaldu oi duela»: quoties mirae virtutis aliquid agitur, Michael mitti perhibetur; eta mundu onen bukantzan sulezeko deabru amurratua bere indar guziekin emen agertzen deneko, emen bertan agertuko da, dio Aita Santu Doktore andi berak, S. Migel aingerua ere pele andiak arekin egitera etorria: in fine mundi... cum Michaele Archangelo praeliaturus esse perhibetur; ta azkenean garaitu ta bere sulezean betiko loturik ta erretzen ta erretzen uztera etorria. Orra zergatik aingeru guzien egungo festari ematen zaion S. Migel fest egunaren izena, zeren S. Migel sulezeko guziekin pelean haritzen diran aingeru guzien Jeneral den, Eliz Ama santak gaur esaten duen bezala: Princeps gloriosissi,me, Michael, etc.; ta zeren soldadu guziak errege baten etsaiak garaituagatik, orien kapitan jeneralak edo buruak garaitu dituela esan oi den.

        Anitz zor diogu, bada, guk Jangoikoari eman zigun geren izanzagatik, bai ta geren izanz eta bizitz hau zutik guk idukitzeko ematen digunagatik ere; bada ematen digu Jangoikoak geren lan onetarako itsaso guzia bere arraiekin, munduko bazterrak bere jan ta edan-gai ta ondasun guziekin ta gañeko zerua gure gauzak gozatzeko dituen bere eguzki, illargi ta izar guziekin; bada oriek guziak eta gañerako gauzak Jangoikoak guretzat egiñak eta guri emanak dira; ta dira ekusten dezun bezain gauz andiak; baña zeru-lurrak eta itsas bazterrak beren gauza guziekin balio dutena baño geiago ta geiago balio duena da aingeru bakoitza; da alabaña Jangoiko bera bezala espiritu eder garbia; ta espiritu, Jangoiko berak graziz ta birtutez agitz edertua ta gu gerok baño agitz eta agitz andiagoa; bada beste gauza guzien gain aingeru bat beti gu zaitzeko ta behartzen garan aldian bere beste aingeru guziak beren buru ta Jeneral S. Migelekin ematen dizkigun Jangoikoari zer ez diogu zor? Guk al duguna; bada al dugun serbitzu ta maitantz eta beraren honran dagikegun guzia zor diogu, ta zori onekoak gu geren zor andi hau ateratzen ta ateratzen haritzen bagara bizi garaño.

 

 

§ II.

 

        Eta Jangoikoak emanik laguntzen diguten aingeru berei zer zor ote diegu? Anitz eta asko; bada on andiak dira orien ezkuz artzen ditugunak. Lenbizikoa da zeruko bideko trabak guri kentzea edo aldian guk egin behar ez duguna utz dezagula geren barrendik adiraztea, ta gezurpean bide makurretara eraman nai gaituen etsaiaren lañoak urratzeko den gog-argia guri agertzea.

        Bein Ebarekin agerian egin zuena estalpean ta gorderik askotan egiten du gurekin etsai amurratu deabru gaistoak. Esan zien Jangoikoak Adani ta Ebari, galdu nai ezpazuten, etzutela zer jan debekatu zien sagar batetik. Sagar-aldean ekusi horduko sugearen itxuran agertu ta esaten dio deabru gaistoak Ebari: «Ori, sagar orretatik jaten badezute, Jangoiko bera bezalakoak izanen zarazte»: eritis sicut dii; ez da, bada, zer beldurtu ta jan ezazue». Bere ondoan zedukan aingeru gordeak esan zion barrendik Eba berari egin zezala Jangoikoaren esana ta ez suge gezurtiarena; baña Ebak bere burua ta gu galtzeko aingeruari ez aditu egin ta egin zuen suge gezurtiak esan ziona.

        Deabru berak berez edo lagun gaistoren batez esaten digun aldian Jangoikoaren legeari ez dagokan zer edo zer, egiten du gerekin dugun aingeruak, len Ebarekin berarenak egiña; ta guk egiten badugu onen hitz onak barrendik adirazten diguna, ez gara Jangoikoaren legeko bidetik aterako, Eba bezala, ta gure aingeru lagunak garaituko du suge gezurti, deabru amurratua; baña guk ere Ebak bezala aingeruari ez aditu egin ta egiten badugu deabru gaistoak nai duena, garaituko gaitu len Eba bezala; baña geren naiez ta obenez, ta ez aingeru anak behar bezala guri lagundu bagez, ta sartzen bagara zeruko bidea utzirik bekatuaren trabetan, sartuko gara non arkitzen diran ark ongi agertu ezkero ta aren esanik ez egin naiez.

        Geren aingeru onagandik datorkigun bigarren ona da nondik den artu behar dugun zeruko bidea ta zer den aldian guk egin beharra barrendik guri adiraztea ta geren biderako behar dugun itzala guri egitea. Jangoikoak hau guri adirazten digu bidezko israeldarrekin anitz urtez aingeru bati eragin zionarekin.

        Jangoikoak esan ta, israeldarrak artu zuten Ejiptotik beren bazter onetarako bidea ta igorri zien bide bera erakustera ta bideko beren neke lanak arintzera aingeru bat. Ejiptotik atera ziranean, agertu zen odeiezko pillare luze zabal bat eskuan zuela Jangoikoaren aingeru hau, ta asi zen ibiltzen israeldarren aitzinean; ta zeren israeldarren artean arkitzen ziran anitz milla emazteki ta aur, geiegi neka etzitzan eguzkiaren beraak, gordetzen zituen egunaz bere odeipean; ta gauaz azkenekoak ere ekus zezaten non zebiltzan, egiten zen odei guzia su ta gar; ta aldiak eskatzen zuen aldian israeldarrei zerraizten etsaiak geldirazteko, sartzen zen aingerua israeldar beren ta israeldarren etsaien artean, ta israeldarren aldetik su ta gar egiña arkitzen zen zeraman pillarea, ibilli zitezen israeldarrak hordurik galdu bage; ta ekus etzetzaten etsaiak israeldarrak non zebiltzan, etsaien aldetik odei beltz izugarria zen aingeruaren eskuko pillarea. Eta bidenabar orra zer indarra edozein aingerurena, emendik odeietarañoko pillare bat, eta pillare, luze bezain zabala dena, burdinezkoa edo bronzezkoa baliz ere, batetik bestera zuk luma bezain aisa darabilkena.

        Onelako aingeru bat, bada, badezu zuk ere Jangoikoak emanik eta zure aingeru onek gordean ta isillik egiten du zurekin, agerian beste ark israeldarrekin egiten zuena baño lan anitz obea; bada ark lurreko bidean ta lurreko etsaiekin zuen bere egiteko guzia; ta zureak zeruko bidean ta sulezeko deabru gaistoekin du berea; eta ark odeiezko argiz ta itzalez israeldarrei bezala, onek zuri zeruko gog-argiz, inspiranzez ta erdisten dizun Jangoikoaren grazi itzaldun indartsuz laguntzen dizu zeruko zere bidean, bai ta behar den aldian bere eskuz ere, beintzat zuk ari eskatu ezkero orain adituko dituzun bi gauzak adirazten dutena; gerrakoa da bata ta deabru berarekin aingeru bat egiña bestea.

        Siriko erregeren gerrari andi Lisias joan zen bein israeldarretara israeldarrei ger egitera, ta joan zen larogei mila oñezko ta erregek zituen zaldizko soldadu guziak eta larogei elefant izugarri berekin artu ta. Baña israeldar guziak jateko ere geiegi zela uste bazuen ere zeraman ejerzitu izugarria, Judas Makabeok zenbait israeldarrekin bidera atera ta pelean asi ta laster ill ziozkan amairu mil, urratu zion bere ejerzitu guzia ta larru gorrian bezala bidaldu zituen igesi Lisias bera ta bizirik gelditu ziran beste guziak; eta ezagutu zuen Lisias-ek ezin garai zitezkenak zirala Jangoikoaren laguntza zuten israeldarrak: intelligens, invictos esse Iudaeos omnipotentis Dei auxilio innitentes (2 Mach. 11,13). Eta Jangoikoak aldi onetan eman zien laguntza izandu zen aingeru zaldizko bat, zuriz ta urrezko armez jauntzia ta lantza bat eskuan zuela israeldarren aitziñean zebillena: Hierosolynais apparuit praecedens eos eques in veste candida, armis aureis, hastam vibrans (v. 8). Orra aingeruaren gerrako laguntza. Ara bestea.

        Tobias gaztea S. Rafael aingeruarekin bidez zebillela, aingeruak esanik ezkondu zen Rakel zeritzan gizon aberats baten alab Sararekin. Zazpi aldiz len ezkondua zen Sara, baña beti ezkondu zen egun berean alargundua; zeren deabru batek ezkondu ta bereala itotzen ziozkan bere senarrak. Tobias ezkondu ondoan asi zen Jangoikoari eskatzen, etzezala etsai beraren eskuan utzi Sararen leneko senarrak bezala, ta ark hau Jangoikoari eskatu horduko, berekin zeraman aingeruak artu ta eraman zuen urruti batera deabru gaistoa ta utzi zuen an lotua (Tob. 8,3), ta eraman zuen Tobias bere emaztearekin ta osasun onean bere ait-amen itxera.

        Orra aingeru onak bekatu gaistoak eragozteko, zeruko bidea zuzenki erakusteko, zerurako behar diran gauzak ongi eragiteko ta zerurako sarrera gal-erazi nai duten deabru gaistoak garaitzeko egiten dutena. Hau zuri eragoztera infernu guzia baletor ere, ez da zer beldurtu; bada S. Migel ta aingeru guziak behar bazenitu ere hura zuk garaitzeko, S. Migel ta aingeru guziak igorriko lizkitzuke Jangoikoak, hau zuk Jangoikoari eskatu ezkero. Hau zuri adirazteko dira euskaldunen artean arkitzen diran S. Migelen ta aingeru guzien Elizak, ermitak eta aldareak.

        Eta zuk zor diezunaren ta uste dezunaren alde ta beren izate ederrari dagokanagatik egin behar dezuna da oriei guziei ta geienik zerekin beti dezunari humilki ta errespetu andiarekin noizean bein agur egitea, goiz arratsetan badere zerbait errezo egitea, begitan eman dezoken gauzarik bein ere ez egitea ta zere gauza guzietarako bere laguntza eskatzea. Hau zuk egiten badezu, egiñen dezu Jangoikoak zugandik nai duena ta izanen zara beti ainguru guzien ta orien Jeneral Buru S. Migelen zori oneko laguna. Izan zaitez, bada: bai arren, bai.

 

aurrekoa hurrengoa