www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Festegunetarako irakurraldiak
Sebastian Mendiburu
1740-1767, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Mendibururen idazlan argitaragabeak, Sebastian Mendiburu (Patxi Altunaren edizioa). Euskaltzaindia, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

XXI.
Ama Birjinaren zerura igan
eguneko irakur-aldia

 

Maria optimam partem elegit. Luc. 10.

 

Gaia: On andia da Zerura igan den Jesusen
Amagandik bizitzan ta eriotzan datorkiguna.

 

        Iru dira egungo festan sartzen diran gauzak: Jesusen Amaren eriotza, Jesusen Amaren zeruratza ta Jesusen Amak an artzen duen erregintza. Jesusen Amari etzegokan eriotza, etzuen alabaña bekaturik izandu ta eriotza bekatuaren saria da: stipendium peccati mors (Rom. 6,23); baña ill behar dugulako egia guri sinist-erazi naiez sartu zuen Jangoikoak Jesusen Ama ere bekatudunen eriotzeko legean. Beti ere bai, baña bere Semea zerura igan ezkero agitz nai zuen Jesusen Amak zeru berera igatea ta egun oro esanen zuen len salmari onak ziona: «Ai ene, ta emengo nere erbestantzaren ta bizitzaren luzea! ; egarriz dagon basauntzak iturriko ura bezala nai nuke nik ekusi nere Jangoikoa».

        Baña Jesus zerura igan ta emazurtz eta aurtasunean bezala gelditu zen Eliza ta bazuen Jesusen Ama bezalako Amaren beharra, ta Semea zerura igan ta ogei urtez beintzat bizitu zen emen Jesusen Ama. Amaren zerura igan aldia urbildu zenean, berri hau aingeruz eman zion Jesusek bere Amari, ta berri hau aditu ta esanen zuen Jesusen Amak: «A, ta zer poza Jangoikoaren itxera igan behar dudalako berriak ekarri didana!: laetatus sum in bis, quae dicta sunt mihi: in domum Domini ibimus (Ps. 121, 1). Amaren ill hordua etorri zeneko bildu zituen Jesusek munduko anitz bazterretan predikatzen hari ziran Apostol onak, eta S. Tomas ez ta beste guziak begira zegozkala sosegu onezko lo batek artzen balu bezala gelditu zen amorez illa.

        Hura ill horduko an zen beraren Seme Jesus maitagarria ta zori oneko aren animari «Atoz, atoz artzera zeruko ta lurreko zure erregintzari dagokan koroa»: veni, veni, coronaberis (Gant. 4,8) esan ta luzatu zion bere besoa ta Jesusen besoan atsedeten zuela igan zen zerura. Anitz milla aingeru izanen ziran aldi artan Jesusek berekin ekarri zituenak eta guziak ekusi horduko, mill agur humill egin ta asi ziran Jesusen Amari esaten: «Zu zara, zu, gure Jerusalengo edertasuna, zu ango ta lurreko israeldarren atsegintza, ta zu, besteen ere bai ta aingeru guzien honra: Tu gloria Hyerusalem, tu laetitia Israel, tu honorificentia populi nostri (Judith 15,10). Era berean mintzatuko ziran berari lagun egitera Jesusekin jaitsi ziran Patriarkak, Profetak eta beste zerutiar guziak.

        Guziekin zerura urbildu zenean, andik begira zeuden aingeru onak asi ziran elkarri esaten: «Zein da munduko eremu idor galdutik datorren arako hura? Beste zeru batetik baletor bezain atsegintzez, edertasunez ta birtutez betea dator hura, ta dator (ez dezue ekusten?) maite duen bere Seme maitearen ta gure errege Jangoiko-gizonaren besoan bere okalondoa dakarrela»: Quae est ista, quae ascendit de deserto, deliciis affluens, innixa super dilectum suum? (Gant. 8,5). Eta beren ta beste guzien Erregiña zela ezagutu ta zeruan bera sartzean, zer agurrak, zer ongi-etorriak, zer bedeikantzak eta zer zori onak guzien ezpañetatik aldi artan atera ziranak! Aingeru oriek egin zutena egin zuten zerutar beste guziak, eta guziak alde guzietatik ingurutu ta milla musik eta laudantz ederren artean eraman zuten Jangoikoaren tronu aldera.

        Aren tronura zenean esan zion Jangoikoak Jesusen Amari: «Atoz, guztiz ederki ta nik nai bezala egin dezu zuk guzia; jar zaitez dagokizun ta prestatu dizudan tronuan ta bizi zaitez poz eta atsegintz andiarekin ta ar zazu ta edan ematen dizudan emengo Erregiñaren glori guzia»: bibe nunc, et accumbe in jucunditate, quoniam invenisti gratiam coram me (Judith 12,17). Eta jarri zen bere Seme Jesusen eskoi aldeko tronuan zeruko Erregin egiña ta urrezko ta emengo beste edergarrizko soñekoz baño agitz obeki apaindua: astitit Regina à dextris tuis in vestitu deaurato, circumdata varietate (Ps. 44,10). Belaunikatu ziran hura an ala ekusi ta zeruko aingeru guziak eta beren Erregiñari bezala esan ziozkaten milla biba ta zori on. Hau bera egin zuten beren izenean ta beren ondorengo guzien ordez an bertan arkitzen ziran Patriark, Profet, Apostol, errege eta Santu ta Santa guziak. Eta ango guziak eta gu etzagutu ginduen Jesusen Amak bere erreinutartzat eta gelditu zen emengo nai dugunoi bizitzan ta eriotzan laguntzeko, ta egiten ere du. Zein ederki? Aldi onetan ekusiko dugu berak laguntzen digula.

 

 

§ I.

 

        Ekusi ditugun iru gauzak adirazten dizkigu egungo Ebanjeli santuak eta sartzen dira egun bereko festan; baña ez dira bakarrik sartzen fest onetan; sartzen da alabaña Jesusen Amaren gorputzez zeruan sartzea ere. Jangoikoak Jesusen Amaren animarekin ekusi duguna zeruan egiten zuen denboran, Apostolu jaunak zegokan honra ta errespetu guziarekin eraman ta ortzi zuten Jetsemaniko obi batean beraren gorputza. Hau zaitzen ta honratzen egondu ziran an, S. Tomas, lenago agertu etzena, irur egunen buruan ara artean. Agitzen zena ikasi zuenean, eskatu zien Santo Tomasek beste Apostol bere lagunei ken zezatela obi gañeko arria, ark ere, Jesusen Amaren gorputz illa bazen ere, ekusi ta bere eskuan ari apa ta muñ egiteko.

        Apostolu jaunak kendu zuten obiko arria, baña etzuten obian arkitu Jesusen Amaren gorputza; zeren horduko millaka hura zaitzen egondu ziran aingeru onak eskatu zioten Jesusi biz zezala testamentu berriko kutxa edo arka ta bera bere baitan iduki zuen zori oneko gorputz hura ta eraman zezala sekulako bere atsegintegira: surge, Do-mine, in requiem tuam tu, et arca sanctificationis tuae (Ps. 131,8); ta egin zuen Jesusek berari ta beraren Amaren gorputzari zegokan bezala; bada ill ta irugarren egunean eraman zuen, len anima bezala, anima ta gorputz bere Ama maitagarria bere zerura, ta bere biztu-aldi, zerura igate, Jangoikoaren tronuan agertz eta berriro zeruko Erregiñaren bere tronuan jartze onetan egin ziozkaten Jesusen Ama maitagarriari bere Seme Jesus berak, Jangoikoaren aingeru ederrak eta zori oneko beste zerutar guziak lenbiziko bere igan aldian adiña ta agitz honra ta agur geiago.

        Zegokan ta ere; bada Jesusen Amari bezala zegokan hau guzia ta andre Mari Birjiña anima bakarrik ez, baizik gorputz ta anima zen Jesusen Ama, ta Jesusen Amaren bigarren igate ta Erregintz hau ere sartzen da beraren egungo festa andian, eta bigarren bere Erregintz osoarekin arkitzen da geroztik Jesusen Ama Jesus beraren eskoi aldeko tronuan, ta era onetan an arkitzen da gure bitarteko egiña ta gure alde Jangoikoari hastiz ta nai bezain ederki hitz egiteko jarria, ta behar den aldian hitz egiten ere dio beraren Semeari, len aurra zenean eman zion bularra agertuz, Seme berak beste aldietan Ait eternoari bere eskuetako ta bularreko zulo-tokiak agertu oi diozkan bezala: Christus Patri ostendit latus, et vulnera; Maria Christo, pectus, et ubera.

        Bere bularra, bada, edo Jesusekin egin zuena agertuz zenbait aldiz ta beste zenbaitez gure alde hitz egiten diola eskatzen dio Jesusen Amak Ait eternoari (guk artara hura geren otoitz humillekin behartu ezkero) bizitz on baterako behar duguna, ta eskatzen dio digun urrikaltzari ta beraren guganako amoreari dagokan bezala ezin ziñkiago ta bortitzkiago; bada ezin andiagoa ta parerik bagekoa da Jesusen Amak digun urrikaltz-amorea, dio San Pedro Damianok: benignissima est, et omnes amat amore invincibili (Ser. 1 de Nativ.). Zoaz, bada, zere tentantz-aldian ta estutasunetan edo zere estutasunetarako ta tentaldirako beharko dezunaren eske zeruko Erregin Jesusen Amagana ta eska zagozu Jangoiko maitagarriagandik erdits diezazula hau guzia, ta zoazkio erditsiko dizulako uste osoan. Bazoazke, bai, baldin ongi bazabiltza edo ondu-nai on batekin arkitzen bazara; bada maite zaitu bestek ez bezala ta maiteen maiteen zaituenak baña ere agitz eta agitz gueiago; zeren parerik bagekoa den, ekusi dugun bezala, Jesusen Amak digun amorea: amat amore invincibili.

        Esazu ezperen. Baldin zuk bazenu ezin geiago nai dizun aita, ama edo adiskide bat, eta adiskide, ama edo aita zuk nai dezun guzia hitz birekin erditsi ta eman dezakena ta zuri eman naiez dagona, ta den guziaren berria zuk bazenu, zere behar aldietan etzinake eskatzen diozun guzia erdits uste osoarekin arganako? Ala da, diozu, ta egia. Bada oriek irurak eta era bereko iru milla baño geiago ta geiago nai badizu Jesusen Amak, nai dizun bezala, (bada nai dizu ezin garai diteken naikuntz-amorearekin) ta arkitzen bada, arkitzen den gisan, eskatzen dion guzia egiteko dagon Jangoikoaren bazterrean, ta bidenabar arkitzen bada, San Jermanek dion bezala, ezin esan adiña on ta ongi bere eskatzalleei egin ta ere, bakar-bakar bat egin ezpalie bezain egin nai andiarekin, ta egin nai bein ere asetzen ez denarekin: non est ulla satietas tuae defensionis, non est numerus tuorum beneficiorum (Or. de V.), hau guzia onela den ezkero, den bezala, eskatzen dioguna erditsiko digulako zenbat usterekin eska dezokegu Jesusen Amari dagokigun ta behar dugun guzia? Nai badugu, ekusi ditugun aitari, amari edo adiskideari eskatzeko artuko genuena baño gerok nai adiñetan andiagoarekin; eta zenbat ere andiagoa Jesusen Amari eskatzen diogunaren erdits ustea, eskatzen badiogu humilki ta behar bezala, anbat segurkiago erditsia eskatzen duguna.

        Norañokoa den Jesusen Amaren guri lagundu nai edo bizitz on bana guri eragin ta betiko gu zori onekoak egin nai hau, askotan ta anitz aldetara agertu du berari zerbait debozio izandu diotenekin. Adi zazu orietatik zenbaitekin berak bein egiña ta Beata Kristina deritzan S. Bernardoko soror edo monjak ekusia. Ama Birjinaren egungo festako matutiak kantatzen hari ziran bein S. Bernardoko konbentu bateko fraide-monjeak eta matuti beren bukanzan Te Deum kantatzen asi ziranean, ekusi zuen Beata Kristinak Jesusen Ama zerutik orien korura jaitsia, ta jaitsia urrezko kate eder bat bere eskuan zuela. Katearen lenbiziko mallan zekarren bere izena ta zekarren zeruko argiz agitz edertua. Urrengo malletan arkitzen ziran koruko monje kantari guzien izenak eta oriek beren bukanzan esan horduko, «Uste dut, Jauna, sekulako galduko ez nazula» edo In Te, Domine, speravi, non confundar in aeternum, esan zuen Jesusen Amak: «Ni gaur bezala nerekin sekula guzian emengo guziak zeruko glorian egon beharrak dira» (Menol. Cist. 15 Apr.).

        Eta orien beren Aita S. Bernardok dion bezala, bere bizitz ezin obearekin Jesusen Amak erakutsi digu arako bidea: «Goazen, bada», dio Santuak, «berari garraizkola ta eskatzen diogula bere lagunzez eskutik artu ta birtutez birtute eraman gaitzala bere aldera»: praecessit nos Regina nostra... ut fiducialiter sequantur Dominam servuli, clamantes: Trabe nos post te, in odorem unguentorum tuorum curremus (Ser. 1 de Assump.). Eta askotan guk hau ari eskatuagatik guri lagunzez ez da hura aspertuko bein ere, len guk ekusi dugunaz: non est ulla satietas tuae defensionis. Eta orra zein andia Jesusen Amak ongi bizitzeko eman nai digun laguntza ta Jangoikoaren grazi anitz erdits naia.

 

 

§ II.

 

        Bai? Bada ez da bat ere laburragoa Jesusen Ama berak eriotz en banatarako eskeintzen digun laguntza ta Jangoiko beraren grazia. Ongi bizi nai dutenak ez ezik, ongi ill nai duten guziak ere agitz maite ditu Jesusen Ama maitagarriak, dio ekusi dugun S. Pedrok: omnes amat amore invencibili; ta batek bat maitatzea, San Gregoriok dionaz, ark oni ongi egitea da: probatio dilectionis exhibitio est operis; eta batek bestea agitz eta bestek baño geiago maitatzea ark oni on anitz eta bestek egin detzokeenak baño andiagoak egitea da, ta behar dituen aldian aldikoak egitea, ta hau Jesusen Amak ongi ill nai dutenekin egiten duena. Iru bidez datozenak izan oi dira erien beharrak eta premiak; bada izan oi dira beren eritasunetik, etsai gaistoaren atzaparretik eta eri beren bekatuaren aldetik datozenak; eta beren iru behar orietatik eriak ateratzeko agitz andia da Jesusen Amaren laguntza ta aldian behar dutena behar den horduz eman naia.

        Eritasunaren aldetik datozen beharrak eta neke guziak izan oi dira buruko, sabeleko, erraietako edo gorputz guziko gaitz eta miñak, harreneko kezkak, tristurak, ezin egonak eta oriek dakazten nai-gabenzak, eta Jesusen Amaren laguntzak badu oriek garaitzeko egokia den esku eta indarza, eta garaitzen ere du bi aldetatik batez: edo txoilki ta guztiz kenduz edo eri beren onerako graziz leunduz ta arinduz.

        Kenduz garaitu zituen orain adituko dituzun ta Jesusen Amari ongi nai zioten erienak. Oñaz arrigarriz betea arkitzen zen bere azken aldean Aldegunda deritzan Santa Barberen sendagaiak etzioten onik egiten. Bereetatik baten eske zuzendu zuen bere bihotza Jesusen Amagana. Aren otoitzak aditu ta, jaitsi zen Jesusen Ama eria ekustera, esan ziozkan bi hitz eztitsu ta utzi zuen oñaze ta gaitzik bage ta osoki sendatua. Agoniz ta nekez izerditan arkitzen zen S. Joan de Dios eritasuneko bere azken aldean ta zerutik jaitsi ta esku-oial zuri mee batekin izerdia kenduz utzi zion Jesusen Amak anima agitz eztitua ta lurreko paradisu bat egiña. Eratsu bereko zerbait egin du Jesusen Amak beste anitz eta anitz erirekin ere. Baña ez da hau billatzen duten eririk geienekin egiten duena; geienetan ark orien gaitzak garaitzeko egiten duena da erdisten dien laguntzaz ta Jangoikoaren graziz orien gaitzak leunduz arintzea, beren zorren alde ta Jangoikoaren izenean artuz irabaz dezaten ez purgategiratzea edo ango neke arrigarri gogorrak arintzea ta zeruko glori-zati andiak irabaztea.

        Ekusi ditugunak baño neke galgarriagoak dira eri gaisoak beren etsai amurratu deabru gaistoaren aldetik izaten dituztenak; bada suleze aldera bultzatzen dituztenak dira ta eri beren sekulako gaitza billatzen dutenak deabruaren gaitz-era oriek, eta oriek ere errazki ta aisa garaituko ditu Jesusen Amari zerbait debozi dion eriak.

        «Bai», esan zion bein berak Santa Matilderi, «nik nai bezala bizi diranen aldean naz ni orien ill aldean»: adsum in morte eorum, qui mihi piè, sanctèque servierunt. An da orien aldean, eri beren aldetik aienatzeko deabru tentari gaistoa, ta an da deabru tentari gaistoentzat ejerzitu andi, behar bezala jarri bat, bere etsaiarentzat bezain izugarria: terribilis ut castrorum acies ordinata (Gant. 6,3). Bai ta izugarriagoa ere, bada etsaiak ejerzitu izugarriarentzat badaramake beste izugarriago bat hura garaitzeko, ta badaki deabruak nai duena berak egiñagatik Jesusen Amak beti garaituko duela, bai ta aren orporatzen denean buru guzia urratuko diola ere: ipsa conteret caput tuum (Gen. 3,15).

        Beste aingeru guziena bezala San Migel aingeruaren Erregin da Jesusen Ama. Eliz Ama santak esaten dio S. Migel aingeruari lagun dakigula geren etsai madarikatu gaistoekin dakargun pelean ta. eriotzeko horduan, ta Jesusen Amak, beraren ta gure Erregiñak bezala, agintzen ta manatzen dio hau bera, dio S. Buenaventurak; eta San Migelek Jesusen Amaren esana egiteagatik laguntzen die Jesusen Ama berarekin gau ta egun beren debozio duten animeei: Michaet dux, et princeps militiae coelestis, tuis, Virgo, paret praeceptis in defendendis in corpore, et suscipiendis de corpore animabus fidelium, specialiter tibi. Domina, die ac nocte se commendantium; ta berez ta bere aingeru bortitzen eskuz aisa garaitzen dit Jesusen Amak berari debozioa izandu diotenen etsai, hordu artan tentatzen dituena; ta Rikardo de San Lorenzok dion bezala, geren alde badugu Jesusen Ama, ez dugu zer beldurtu eriotzeko hordu berean ere, horduan guk geren gain izanagatik suleze bereko etsai amurratua: Si Maria pro nobis, quis contra nos?

        Ez eta leneko geren bekatu guziak ekusi ta ere; bada baldin guk debozio on bat izaten badiogu Jesusen Amari, Jesusen Amak palakatuko du gure bekatu gaistoak len aserretu zuten Jangoikoa, dio San Bernardok: ipsa Deum irâ excandescentem pro nostris sceleribus mitigat (Ser. de Assump.). Nola uste dezu? Agintzen ta manatzen duenak bezala, eskatuz bere Seme Jangoikoari, dio San Antoninok, gure bekatu guzien barkanza: Orationes Mariae habent rationean jussionis, et imperii (In 4 p. tr. 15, c. 17, § 4); edo San Pedro Damianok dion bezala: «Eskatuz ez, baizik aginduz ta manatuz»: non rogans, sed imperans (Ser. 2 de Nativ. V.).

        Eta orra berari ongi nai diotenentzat zein laguntzalle ona bizitzan ta eriotzan zerura gaur igan ta gure ta Jangoikoaren arteko egiñik eta bere Seme Jangoiko-gizonaren eskoi aldean jarririk arkitzen den Jesusen Ama. Eta geren onagatik baizik ezpa-dere, ongi-nai ta debozi andi bat izan behar diogu gaurgero Jesusen Amari; bada Rikardoren ezpañez berak dion bezala, bere eskuan ditu zeruko ondasun guziak eta graziz ta gloriz betetzen ditu bera maite dutenak: mecum sunt divitiae, et gloriae, et his ego dito diligentes me, et thesauros eorum repleo (L. A).

        Eta betetzen ditu alik lasterrena ta egungo egunarekin eramaten ditu anitz, dio Jersonek (Tr. 4 sup. Magn.) purgatoriotik zerura: solet Beatissima Virgo in festo suae Assumptionis multos omnino e purgatorio eruere. Zenbatsu uste dezu? Bein beintzat egun artan atera zituenetatik batek, egun berean Erromako Kapitolioko beraren Elizan otoitz egiten hari zen bati esan zionaz, Errom berean bizi ziranak adiña (P. Theoph. Raynaud. Hetev. Spir. p. 2, sec. 3, p. 2 ) eta Erroman bizi dira eun ta berrogei ta amar mill bezala.

        Orrenbat ondasun erdisteko, bada, ta bizitz on ta eriotz obe bat egiten ta purgatorioko su izugarritik laster ateratzen lagun diezagun, maitatu behar dugu ume onak bezala Jesusen Ama, beraren izenean gau ta egun egiten dugula al dugun on guzia, ta egungoa bezalako beraren egun andiak datozenean bezperatik baru bat eta egun berean kontuzko konfesio ta komunioa, ta behartsu gaisoei, anima purgatoriokoei ta beraren ta Jesusen Bihotzaren edo aldareko Sakramentuaren argiari zerbait ematea, ta berari atsegin emateagatik bigarren meza entzutea, beste errosario bat erretzatzea ta zenbait ekusaldi Jesus Sakramentatuari Elizan egitea. Jangoikoak dizula bere Amaren hau guzia eragiten duen debozioa: bai arren, bai.

 

aurrekoa hurrengoa