www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Festegunetarako irakurraldiak
Sebastian Mendiburu
1740-1767, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Mendibururen idazlan argitaragabeak, Sebastian Mendiburu (Patxi Altunaren edizioa). Euskaltzaindia, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

IV.
Kandelar eguneko
Irakur-aldia

 

Postquam impleti sunt dies octo purgationis eius...,
tulerunt ilium in Jerusalem, ut sisterent eum Domino. Luc. 2.

 

Gaia: Jesusen Amaren izenean egiten dutenak
onek gaur egiña, emen ta gero
izanen dute bera beren alde.

 

        Israeldarren artean baziran anitz Lege ta zeremoni gizonentzat egiñak batzuek, andreei zegoztenak besteak eta beste zenbait biekin hitz egiten zutenak. Azkenekoetatik bi agertzen ditu San Lukasek gaurko bere Ebanjeli santuan; Jesusi dagokana da bata ta Jesusen Amarentzat egiña dirudiena bestea. Jesusi zegokan Legeak zegokan eran utzi zuen Jesusen honra. Legeak ziona zen amaren lenbiziko semea Jangoikoarena zela ta eraman zekiola berari apaizen eskuz present egitera ta eraman zekiola amaren erditzetik berrogei egunen buruan. Ama Birjinaren lenbiziko ta azkeneko Semea zen Jesus ta denbor berean zen Ait-Eternoaren Seme bakarra, ta honra zen Jesus maitagarriarentzat Jangoiko gizon bezala Ait-Eternoaren present izatea, ta orra, bere honra guziarekin utzi zuen gaur Jesus bere presentantzako edo presentazioko legeak. Era ta gisa bestekoa zen Jesusen Amari zegokan egungo legea, bada zen lege aren honra ukitzen zuela zirudiena. Ara zergatik.

        Semez erditzen ziran andreak, baña andre gizonagandik zuten semez erditzen ziranak eta andre erdi ta birjiñ gelditzen etziranak, erdi ondoan erdi ondoko odolketak gatik egon behar zuten berrogei egunez elizara bage ta egun orien buruan eraman behar zuten elizara semeagatik al bazuten urtebeteko bildots-humerri bat, ezperen tortol edo usakume bat eta bidenabar eraman behar zuten beren alde beste tortol edo usakume bana, apaizak otoitz egin ta utz zitzan guztiz garbiak eta elizarako ta beste gauz onetarako erditzerik izan ezpalute bezain prestatu egokiak.

        Orra, etzen andre semez erdituen lege hau Jesusen Amaren hondragarria, bada Jesusen Ama legeak ziona egiten ekusten zutenak usteko zuten beste andre erdi berrien gisako andrea zela ta ez Jangoiko gizonaren Ama, ta Ama, jaio zenean bezain oso ta Birjiña, zen bezala, ta birjinza zen Jesusen Amak naien zuen gauza, bada aingeru San Gabrielek agertu ta esan zion aldean Jangoiko-gizonaren Ama izan behar zuela, «baña nola hau agi ta gerta», erantzun zion Birjiñ Andre Mariak, «bada nerekin ez du gizonek ekustekorik», ez eta izan behar ere, ta aingeruak seguratu zion artean etzuela perillik eta gizonen egitekorik bage ta Espiritu Santuaren bidez izan behar zuela Jangoikoaren Ama, etzuen artako bere baimena eman nai izandu ta adirazi zuen birjinza bage Jangoikoaren Ama izan baño naiago zuela bere birjinz utsarekin gelditzea; ta munduaren begietan kentzen dio gaur egungo legeak onenbat ark nai zuen gauza, bada Jesusen Ama gaur berrogei eguneko bere semetxoa besoan ta usakume bi eskutan zituela elizan ekusten zutenak usteko zuten birjinzik bage arkitzen ziran era bereko beste andre ezkondu erdituak bezala zela ta Jangoiko gizonaren Ama Birjina ez, baizik beste andre ezkonduen semeen gisako semetxo baten ama ta bere birjinza galdurik arkitzen zen andrea.

        Al ere bere honrari begiratu bage egiten du gaur Jesusen Amak legeak ziona ta beste andre humedunak egiten zutena. Zergatik uste dezu? Jangoikoari atsegin ori egiteagatik edo zeren zekien ori zela aldi artan argandik Jangoikoak nai zuena ta bidenabar guri erakusteko geren aldian guk egin beharra, gure egin-behar hau izanagatik ez honrazkoa. Eta guk hau Jangoiko berari atsegin egiteagatik eta Jesusen Amak gaur erakusten digunaren izenean egiten badugu, Jesusen Ama bera izanen dugu geren alde emen ta beti, aldi onetan ekusiko dugun bezala.

 

 

§ I.

 

        Jangoikoak nai zuena egiteagatik aldebat uzten du Jesusen Amak bere honra ta Jangoikoaren nai beragatik egiten du gaur besterik ere, bada gaur berean utzi dit bere seme Jesus maitagarria milla neke-pen-tormenturen arterako ta gurutzeko eriotz gogorrerako, ta utzi du ark hau artarako, zeren ezagutu duen hau dela Jangoikoak gure onerako Jesus maitagarriagandik nai duena. Jesusen Amak bere bi gauz oriek egite berean erakusten digu geren aldian guk egin beharra. Zer, uste dezu? Geren honrari ta nekeari ez begiratzea, Jangoikoak besterik nai duela etzagutzen dugun aldian.

        Hau guk errazkiago egiteko sinistu behar dugu gure neke, naigabenz eta lan guziak Jangoikoaren eskutik datozkigula ta Jangoikoak gure alde ta onerako zuzentzen dituen gauzak dirala. Bai, dio San Agustinek, ekusten badugu makur dabillela deritzagun gauzaren bat edo beste, siñetsi behar dugu ezin zuzenagoa dela Jangoikoaren gobernua, ta gobernu onek hura gure onerako zuzentzen duela, nola den hau guk ekusten ezpadugu ere: si non intelligimus quare quid fiat, demus hoc providentiae ipsius, quia non est sine causa (sup. ps. 118).

        Ekusten dezu noizbait zere burua kezkaz ta naigabez, zorrez, beharrez, eritasunez edo etsaiez betea ta aldi berean ekusten dituzu beste anitz osasun onarekin, atsegintz andian sartuak, eta diruz ta honraz beteak eta «hau zer da», diozu «edo zergatik hau onela? Bada zori oneko oriek» diozu «ekusten dugunaz ez dira gu baño agitz obeak». «Zaude isillik», erantzuten dizu San Agustiñek, «badaki zergatik den hau Jangoikoak eta bestela legikela era orretan egiten du; utzazu bada beraren kontura egiteko hau; nori berea ematen dakien Jauna da Jangoikoa ta sekulan bide makurrik artzen ez duena ta aldi onetan ta beti egiten du zuri ta mundu guziari dagokiguna»: Demus hoc providentiae ipsius. Ez da anitz, ez, hau zuk egitea. Atoz ekustera.

        Itxeko guziak egiten dute jan-edanean, loan, lanean ta beste gauza guzietan orien aitak edo nagusiak nai duena, bere gauzetan utsegin dezaken gizona izanagatik itxeko aita, jaun edo nagusia; guzia dagikena, utsik ezin dagikena ta ontasunez beterik arkitzen den etxajaun ta aita da bakarrik gure Jangoikoa; Jangoikoaren etxeko ta hume gara mundu guzian arkitzen garanok; zergatik utziko ez diogu bada geren buruen ta gauzen gobernua, bada bestetan ezin arki diteke Jangoikoarena bezalakorik eta Jangoiko beraren gobernua bezain ongi dagokigunik?

        Hau ongi zekienak bezala esaten zion Dabidek Jangoikoari: «Ezin makur zaitezken ta gauza guziak, naiz latzak izan ta naiz leunak, zuzenki ta behar den gisan egiten dituzun Jauna zara zu»: omnia in sapientia fecisti (Ps. 103, 20), ta datorrela nere gain ondasuna edo beharra, datorrela osasuna edo eritasuna, datorrela atsegintza edo kezka ta naigabea, berdiñ da neretzat guzia, bada badakit aldian niganatzen dena dela aldi artan nigandik zuk nai dezuna ta niri dagokidana, ta nik nai ez nukena izanagatik, aldi artan zugandik dudana, mututurik gelditzen naz ni ta zer esan ez dakidala: Obmutui et non aperui os meum, quoniam tu fecisti (Ps. 38.10), ta zuk nai dezuna isil isillik egitea ta besterik nai ez dudala hau egitea da nik egiten dudana, nere Jangoiko maitagarria».

        Bestela ere, beraren honrak eskatzen duen eran egiten ditu Jangoikoak gauza guziak: universa propter semetipsum operatus est Deus (Prov. 16, v.) ta San Agustinek dion bezala, onez ta guri ongi naiez egiten du Jangoikoak egiten duen guzia: bonitate facit, bada zer erakeria Jangoikoaren eskuan geren buruak eta gauzak ez uztea? Ez dakigu gure onerako izanen den edo gure gaitzerako Barberak eta Medikuak gurekin egiten dutena ta al-ere geren eritasunetan uzten diegu dagitela zañetako gure odolaz, gorputzeko ezurrez ta sabelean dugunaz berak nai dutena ta azkenean oriek gu ez sendatuagatik ematen dugu senda-saria; ta dakigula, dakigun bezala, uzten badiogu Jangoikoari egiten berak nai duena ta guk artu ezkero ematen dizkigun sendagai guziak, sendatuko garala geren bekatuaren eritasunetik eta emanen digula graziaren osasuna ta sekulako bizitz zori onekoa, ez diogu utziko guri dagokiguna ta berak ongi dakiena egiten? Gaurgero bai, eroak ezpagara. Bai, demus hoc providentiae ipsius, ta otzean, beroan, aldarte txarrean, gaizkian ta beti esan behar dugu: hau da aldi onetan Jangoikoak nigandik nai duena, egin dedilla bada, Jangoiko berak besterik egin arte guzian ta hau bera egin dedilla era bereko gauzetan ta beste aldi guzietan ere, bada beti egiñen du Jangoikoak, guk eragozten ezpadiogu, beraren honrari ta gure onari ederki dagokana ta emen bertan ere zori onekoak gu egiteko den guzia, Aragoko ta Napolesko Errege andi Alfonsok zion bezala.

        «Jauna, zein ote da» galdetu zioten bein Errege oni, «munduan zori obea duena, Errege ondasunduna, gizon jakintsua edo gerrari andia?». «Zori on baten zalea naz ni», erantzun zuen Erregek, «eta askotan ibilli naz an edo emen hura arkitu naiez edo non arki nezaken asmatzen ta azkenean ikasi dudana da hau nai duenak utzi behar diola Jangoikoari berak nai duena egiten» (Panormit. in eius vita).

        Bai, dio Salbianok, hau egiten duena behar bezalako gizon ona da ta onak ezin duke ezin aisa garai dezaken kezkarik, dio Espiritu Santuak: non contristabit iustum quidquid accident ei (Proverb. 12, 21), zeren ona humilla den ta on humillak nai duen Jangoikoak nai duena, bai ta zeren ona lurreko naikuntzik bageko gizona den ere ta lurreko naikuntzik bage bizi diranak diran gabeak pozez betetzen dituenak: humiles sunt, hoc volunt; pauperes sunt, paupertate delectantur.

        Hau ederki adirazten du Dabid Errege berak bere hitz birekin: Jauna, ni zure itxean nekazari batenean astotxo bat bezala naz, dio Dabidek: ut iumentum factus sum apud te (Ps. 72,23). Astoak jaten du ematen diotena ta hitzik atera bage egiten du itxean, mendian, bidean ta bazter guzietan bere jabeak edo beste edozeiñek nai duena ta da, dio Dabidek, Jangoikoaren itxean gau ta egun ta beti nik egin nai dudana. Eta hau bera da egungo egunean ta beti Jesusen Amak egiña ta guk guziok egin beharra ere ta egiten badugu, geren alde izanen dugu emen ta beti Jesusen Ama bera, orain ekusiko dugun bezala.

 

 

§ II.

 

        Bai, bere alde izanen du emen Jesusen Ama beraren izenean ta Jangoikoari atsegin egiteagatik egiten duenak, naiz latz gogorra izan ta naiz ez, Jangoikoak aldian nai duena, egiten badu beintzat egungo bere lan andia Jesusen Amak bezala ta egungo festa bihotz garbi Jangoikoaren amorez ta zeruko argiz betearekin, hau era onetan egiten duten zenbaitekin Jesusen Amak egiñak adirazten duenaz.

        Espaindar anak len barutzen ziran Kandelari bezperan ta orain ere egiten dute hau bera edo zerbait orrelako Espaindar nai dutenak eta beste bazter askotako anitzek ere. Hau ere bai ta artako ziran beste anitz gauz egin zituen Mari Enkarnazi zeritzan San Franziskoko soror edo monjak, bada Kandeler eguna baño agitz lenagotik asi ta baruz, ilduraz ta penitenziz erdi urratu zuen bere osasuna ta gorputza. Gaizkitu zen agitz, ta flakiz ta odolik bagez iltzera zijoala zirudienean, agertu zitzaion Jesusen Ama ta esan zion: «Etzara zu aldi onetan ill beharra. Jaiki zaitez sendatua ta zoaz konbentuko beste soror ta monjekin korura ta Kandelariko nere festara», ta jaiki zen odol tantarik isuri ezpalu ta barutu ezpaliz bezain bizkor ta osasun onean ta hura gis artan ekusi ta arriturik eta pozez beteak gelditu ziran serore guziak eta nondik zen aren osasuna ikasi zutenean, Jesusen Amarekiko len baño ere eskerdun ta onesle obe egiñak.

        Agitz ederki prestatzen zen Kandelariko festa bererako Santo Domingoko serore Santa Katalina de Ricci ta beraren prestantzaren erakoak izaten ziran Jesusen Amagandik artzen zituen atsegintz-ondasunak eta beingoak beintzat izandu ziran agitz andiak. Kandelari egun batez arkitzen zen hau bere zeldan Jesusen Amaren egun artako humiltanza ta beste birtute andiak ekusten ta hordu berean sartu zen an Jesusen Ama, len Jerusalengo elizan bezala, bere Semekoa besoan zuela, ta eman zion santari bereetara, len Jerusalengo elizan apaiz santu Simeoni bezala, ta hordu betez iduki zuen Jesusek santa zeruko bere hitzekin atsegintzez urtua ta liluratua ta denbor berean erakutsi ziozkan bere Amaren mantupean sartuak Kandelariko misterio berarekin debozi zerbait zuten beste serore ta monja guziak.

        Argizagi kandelak eskuan dituztela egiten dute, dakizun bezala, fededunak egungo festako prozesioa ta ibiller onek ere Jesusen Amari atsegin egiten diola adirazteko da orain adituko dezun hau. Beren argiak eskuan zituztela elizan arkitzen ziran San Dunstanoren ama ta erriko beste guziak. Aizerik bage ta nola etzekitela itzal-emendatu txan argi guziak. Elizako guziak gelditu ziran bein arrituak eta laster pozez beteak, bada fit eta laster jaitsi zen zerutik argi eder bat, joan zen San Dunstanoren amaren argizagira ta andik artu zuten elizako beste guziak beren argia.

        Egun ontan eskuetako argiak baño komuni on batek atsegin geiago egiten diola adirazia daduka, Jesusen Amak Josef Karleon zeritzan San Franziskoko fraide batekin bein egiñak. Eri ta jaikitzeko indarrik bage arkitzen zen fraide hau Kandelari bezperan ta arkitzen zen egun onetan komulgatu nai andiarekin. Eskatu zion Jangoikoari artako behar zen indarra ta osasuna. Bezper arratsean jaitsi zen zerutik Jesusen Ama, eman zion taza batean zekarren edari goxo bat eta utzi zuen guziz sendatua ta urrengo egunean jaiki ta artu zuen bere poz andiarekin komunio santa.

        Etsai gaistoak garaitzen agitz laguntzen die Jesusen Amak bera billatzen duten guziei. Adi zazu birekin bi alditan onek egina. Kalbinoren hereji gaistoan sarturik arkitzen zen Poloniko andre gaiso bat. Herejiak ez ezik, deabru gaistoak ere artua zedukan andre gaiso hau. Bein atzaparretatik atera naiez, joan zen Jesusen Amagana ta Jesusen Amak atera zuen Kandelariko bere fest-egunean.

        Hau baño tranze gogorragoan arkitzen zen Teofilo zeritzan gizon arro bat. Gogo gaistoak eman zion gauza bat egin naiez bere firmaz saldu zion deabruari bere anima. Bere saltze gaistoaz damuturik eta hau nola urratu ikasi naiez bazebillen batetik bestera. Erakusle onen esanak aditurik billatu zuen artako Jesusen Ama. Barutu zen Kandelari beraren festa baño lenagoko berrogei egunez ta bidenabar egin ziozkan Jesusen Ama berari bere otoitz humillak eta artaz urrikaldurik erditsi zion bere seme Jesusen barkanza; erditsi zion deabruari emana zedukan firma ta papera ta munduko perill guzietatik beingoan hura atera naiez, Kandelariko bere egunez eraman zuen beste mundura. Eta orra, dio hau agertu ondoan San Bernardok, orra bekatarien alde Jesusen Amak dagikenaren señale andi Teofilo: famosum huius benignitatis prodigium est Theo filus per Mariam restauratus gratiae.

        Bizitzan ez ezik eriotzan ere laguntzen die Jesusen Amak egungo egunean bera ibilli zen gisan dabiltzan fededunei. Ongi bizi dena ere bere eriotzan ingurutzen dute deabru gaistoak eta oriek garaituz baizik ezin zerura diteke, dio San Bernardok: exeuntibus sanctis adest diabolus, et nullus nisi per medios hostium cuneos patet accessus. Kandelari egunez iltzen zegon ta deabru gaistoen beldur andiarekin Zistelko monje santu Beato Ignazio. Zen egunagatik eskatu don Jesusen Amari lagun egin zezola mundutik zerurako bere bidean. Agertu zitzaion Jesusen Ama ta esan zion: zegola kezk eta beldurrik bage, an zuela bera, eskatu ziona egitera etorria. Ill zen eria sosegantz andian ta Jesusen Amak eraman zuen bere Semeagana, zeruko glorira.

        Emen ez ezik beste munduan ere laguntzen die Jesusen Amak anima gaisoei. «Ni naz», esan zion bein Jesusen Amak Santa Brijidari, «purgatorioko guzien Ama ta nik eskatuz hordu oro arintzen ditu Jangoikoak orien neke-penak». Hau bera, agerturik, esan zion Jesusen Konpañiko Aita Jeronimo Carvallori Jesusen Ama berak. Eta Maria Prudenziana Zañoniri esan zion beste aldi batez: «purgatoriotik animaren bat badere zerura eraman bage joaten etzait Kandelari egunik» (Omn. apud P. Th. Auriema off. scambiev. p. 1, c. 25).

        Nai duenak, bada, emen ta gero bere alde Jesusen Ama maite urrikaltia, ark egun bezala, eraman bitza beraren izenean humilki ta behar den gisan emengo ezhonr-bide ta Jangoikoaren legeko neke guziak, joan bedi Kandelari egunez ongi konfesaturik komunio santara, egin bezo Ait-Eternoari bere Seme sakramentatuaren presenta, bai ta bere bihotz Jangoiko beraren amorez ta ziñezko ondu naiez betearena ere. Jangoiko berak dizula urte anitzez hau ta urte oro obeki egiteko grazia. Bai arren, bai.

 

aurrekoa hurrengoa