www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Festegunetarako irakurraldiak
Sebastian Mendiburu
1740-1767, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Mendibururen idazlan argitaragabeak, Sebastian Mendiburu (Patxi Altunaren edizioa). Euskaltzaindia, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

III.
Apostol Santo Tomasen
eguneko irakur-aldia

 

Noli esse incredulus, sed fidelis. Joan, 22,27.

 

Gaia: Andian ta txikian bere hitzekoa da ona.

 

        Zutik dagona bego kontuz, erori nai ezpadu, dio San Pablok; edo bekatura nai ezpadu Jangoikoaren grazian arkitzen denak, bebil erne ta Jangoiko beraren Legeko bidez ta utsegin bage. Zein egokia den San Pabloren oarmen ta hitz hau, ederki adirazten digute gizon andi ongi bizi ziranen zenbait erortzak. Birtutezko pillare sendoak ziruditen zenbait ekusi ditugu, dio Elizako Doktore Santu batek, zur-adar igartu autsien gisan lurrera erori ta bekatuz lertu galduak. Orietatik bat da Apostolu San Pedro ta bestea egungo gure Apostolu Santo Tomas. San Pedro bekatura zen judatarren beldurrez ta Santo Tomas Apostolu lagunak esan zioten egia ez sinistu naiez. Fite ta laster jaiki zen San Pedro bere bekatupetik eta jaiki zen erori zelako damu ta urrikimentu agitz andiarekin; bai ta egungo gure Apostolu Santo Tomas ere. Jaiki zen San Pedro Jesusek urrikarizko begiz ta graziz laguntzen ziola; ta Santo Tomas Jesus berak agertu ta eskua ematen ziola. Santo Tomasen erortza illun ta zori oneko jaikitze hau da egungo Ebanjeli Santuak agertzen diguna ta gaur guk ekusi beharra.

        Jesus maitagarria ill ta biztu ondoan sartu zen illun-nabar batez ertsiak arkitzen ziran ateak idiki bage Judatarren beldurrez gordeak zeuden Apostolu beren gelan ta an sarzean guziei gau on baketsu esan ta agertu ziezten bere esku ta bular, lanz-ilzez urratu biztuak. An arkitzen ziran Apostol guziak poz atseginzez beteak eta konfesor egiñak uzteko izandu zen Jesus biztuaren ager-aldi hau. Aldi artan etzen besteekin an Apostol S. Tomas. Jesus gorde ta joan ezkero, bere lagunetara zen Santua ta aldirik galdu bage asi ziran izandu zuten zori onaren berria ari ematen ta esan zioten ekusi zutela Jesus biztua, agertu zieztela bere esku, iltzez gurutzean josirik egonak eta bular, soldadu batek lanzaz urratu ziona ta adirazi zioten aldi artan Jesusek an esan ta egin guzia.

        Baña gogorregi arkitzen zen Santo Tomas esaten zioten gauza bertan siñisteko, beste Apostol guziak hau ari esan ta ere; ta zioten guzia aditu ta esan zien guziei: «Ez da zeren buruak zer nekatu, berdin nik ez dut siñetsiko zuek diozutena nere eskuz Jesusen eskuak ekusi-erabilli ta nere heri-behatz hau beraren bular zulatuan sartu arte guzian». Eta bere itsumen gogor artan egondu zen zortzi egun osoz ta etzen noski gero ere bere artatik aterako, Jesus berak artaz urrikaldurik billatu ta atera ezpalu.

        Zorzi egunen buruan berriro billatu zituen Jesusek Apostol berak eta billatu, gorde-gilzatuak zeuden leneko beren gelan. Aldi artan an zen Santo Tomas ere. Sartu zen Jesus lenbiziko gisan gelako gilz-aterik ukitu bage ta arkitu zituen guziei gau eta bake ona eman ta begiratu ta esan zion Santo Tomasi: «Ona, Tomas, nere bular zulatua; atoz ta sar zazu emen zere behatz-heria; atoz, ekus zatzu nere eskuak eta izan zaitez siñeskor ta langille eskerdun osoa»: et noli esse incredulus, sed fidelis.

        Joan zen lasterka Santo Tomas Jesusen oñetara ta leneko bere utsaren damuz beterik eta humilki belaunikaturik eskatu zion bere Jaunari ta Jangoikoari bezala aren barkanza ta eman zion zuzenki ta uts egin bage zegokan guzia egiteko hitza. Hau bera da guk guziok egin beharra ta ark egiña, aldi onetan ekusiko dugun bezala.

 

 

§ I.

 

        Jesusen eskolako egin zen alditik sinistu behar zuen Santo Tomasek Jesusek erakusten zuena. Beste anitz gauzen artean erakutsi zion Jesusek Santo Tomasi ta beste Apostol guziei judatar gogorren artean ta jentillen eskuz ill ondoan biztuko zela bera berez ta bein beintzat adirazi zien biztuko zela ill ta irur egunen buruan ta adirazi zien hau esanez irur egunez lurpean egonen zela Jonas Profeta bale baten sabelean bezala. Jesus ill ta irur egunak joan ezkero, esan zioten Jesusen gauzen testigu on beste Apostol lagunak bizturik ekusi zutela Jesus, hitz egin zutela Jesus biztuarekin, bai ta Jesusek aldi artan Apostolu berekin egin zuena ere, ta al-ere alakorik aditu ta ikasi ezpalu bezain gogor egondu zen ez sinisteko siñetsi behar zuena ta onetan etzen izandu bere hitzeko gizona ta egin zuen gizon prestuak eta orien artean Atilo zeritzan jentil batek eta Lege zarra baño lenagoko Josefek gauz itsusitzat iduki zutena ta sekulan egin etzutena, jakinik ere egiten ezpazuten, izanen zutela neke-tzar gogor bana.

        Gaztea zela saldu zuten Josef bere anaiak eta Putifax zeritzan Ejiptoko gizon andi batek erosi ta egin zuen bere itxeko kont-artzalle ta maiordomo ta utzi zuen aren eskuan zuen guzia. Putifaxen andreak eragin nai zion senarrak naiko etzuen gauza zikin bat eta «Ori ez, andrea», esan zion Josefek emazteki gaistoari, ta esan zion hau Josefek ari zekiela bere ukoagatik neke gogorren batean sar-eraziko zuela, sar-erazi zuen bezala; bada gezurrez ta gogo gaistoak eman ziona senarrari esanez sar-erazi zuen presondegi batean ta an iduki zuen urtez ta urtez ta Jangoikoak milagroz bezala andik atera arte guzian.

        Mairu arteko Kartagotarrak Erromatarrekin gerran zebiltzan batez arrapatu ta berekin eraman zuten Atilo. Erromatarrak era berean artu ta eraman zituzten anitz Kartagotar soldadu. Gerra bukatu ta oi den bezala egin nai zuten arrapatu guzien trukada, baña etzuten elkar artzen, zeren Kartagotarrak Atilo bakarraren alde eskatzen zituzten Kartagotar preso guziak, Kartagotarrak anitz baziran ere, ta Erromatarrak baten alde, bat ori beste anitz baño geiagoko gizona izanagatik, etzituzten anbat gizon eman nai. Berenarekin atera naiez egin zuten Kartagotarrak gauz on egoki bat: eta egin zutena zen Atilo bera trukadaren zuzentzalle egitea ta Erromara igortzea ta bera bidaldu zuten, zeren zekiten Erromatarrekin nai zuena zegiken gizona zela ta bidenabar zekiena beraren alde zela Kartagotarren egitekoa ongi egitea ta bidaldu zuten bere lekuan besterik utzi bage ta egiten ezpazuen iguala bere presondegira itzuliko zelako juramenturik eragin bage; ain fio ziran gizonaren prestutantzan.

        Joan zen Atilo Kartagotik Erromara ta egin zuen Erroman Kartagotarrak nai zutena ta berari ongi zegokana ez, baizik Jangoikoaren begietan ta munduarekiko ere ongi zirudiena. Erromatarrak bildu ziranean Atilok zekarren mandatua aditzera, esan zien Atilok: «Nere erromatar maiteak, agitz eta agitz geiegi da Kartagotarrak nai dutena, bada nai dute ni emen utzi ta emengo beren soldadu guziak ara eramatea. Erakeria! Zartu naz ni ta emen geldituagatik deus guti nekike zuen alde. Gazteak edo sasoi onekoak dira emen zuek dituzuen Kartagotarrak eta bidaltzen bazenituzte bigar edo etzi beren beste gerrarien artean zuen kalterako ekarriko lituzkee ta orrelakorik agi ta gerta ez dakizuen, beude bertan oriek, igual on batera Kartagotarrak datozen artean ta agur, banoa ni nere hitza osatzera ta Kartagoko presondegira», ta eman zuen hitza ez urratzeagatik joan zen bera bere oñez etsaien eskura ta horduko bere jentilei, gerozko fededunei ta munduko beste guziei erakutsirik utzi zigun batek besteari ez egitea bestek berari egitea naiko ez luena ta gauza guzietako leialtasuna dela gure guzien egitekoa, beste guzietan guk arkitu nai duguna ta besteak ere gure baitan billatzen dutena.

        Bai, leialtasuna ta bakoitzak bere gauzak zuzenki egitea da beste guzietan guk arkitu nai duguna ta orretako seme-alabak egin behar dutena da Ait-amen ta orien ondoko edozeñen esanak beren horduan gogo onez ta ongi egitea, Ait-ama berei ta beste oriei begi on humil maitariz begiratzea, orien beren nekanzak arintzea, orien eskupetik berak nai ez dutela bein ere ez ateratzea, orien beren alde al duten ona egitea ta hau bera da orien Ait-amak, Ait-orde ta beste eskusle guziak orien eskutik uste dutena.

        Besteren ogiko guziak egin behar dutena ta orien nagusi jaunak nai dutena da beren humeetatik Ait-amak nai duten guzia ta itxean ta ez itxean berezten diezten lan guziak alik lenen ta zuzenkien oriek egitea. Leialtasuna ta laguntz ona da senarrak emazteagandik eta senarragandik emazteak eskatzen duena. Begitart ona, behar duen eskua ta aldiak eskatzen duen sartu-atera ta prestantza da auzoko guziak elkarri dioten zorra edo zor dioten gauza.

        Hau, bada, ta dagokan beste guzia egin behar dio fededun bakoitzak beste edozeñi, Jangoikoaren Legeak eskatzen duena zuzenki ta Jangoiko berari atsegin egiteko, bada hau orregatik egiten duenak egiten du Lege bera bere gain artzean eman zuen hitzak diona ta hitz onek diona egiten dutenak dira. Jangoikoaren hume leialak, Jangoikoari atsegin egiten diotenak, Jangoikoaren begi onak zaitzen dituztenak eta Jangoikoarekin gero ta Jangoiko beraren bazterrean atsedeten dutenak: oculi mei ad fideles terrae, ut sedeant mecum (Ps. 100,6). Hau da Apostol Santo Tomasek, bere utsa bein begitan artu ezkero, beti ta beti egin zuena ta orregatik da zori oneko atsedentzarekin Jesusen aldean arkitzen dena.

 

 

§ II.

 

        Bai, betiko zori on onetan Santo Tomas gaur arkitzen da, zeren lenko bere utsak urratzeko ta Apostol onaren bere hitza osatzeagatik egin izandu zuen Jesus biztua ekusi ezkero bere denbor guzian Apostolu leial on batek egin zezaken guzia. Egin zuela Santo Tomasek hau guk ekusteko, aski da beraren oñen arrastoz arrasto ibiltzea ta aditzen ditugun berriak ekustea.

        «Zoazte, bildu zinduztedanetik egundaño ekusi ta aditu dezuten guzia munduan banatzera ta erakustera», esan zien Jesusek Santo Tomasi ta beste bere Apostolu guziei ill ta biztu ondoan egin ziezten ager-aldietatik batean ta joan zen artarako berezi zion denboran bakoitza bere aldera ta tokira ta joan zen Santo Tomas anitzetara ta aren oñen arrastoak adirazten dutenaz munduaren lau bazterretara; arkitzen dira alabaña Santo Tomasen oin arrasto ezagunak Europa deritzan munduaren bazter ta zati andi gurean; bai ta Afrikan, Amerikan ta Asian edo mundu beraren beste iru bazter ta zati andietan ere.

        Arkitzen dira, bai, Apostol Santo Tomasen oñ-arrasto ezagunak munduaren zati andi Europan, bada gizon jakintsu ta Obispo Gillelmo Lindanok dionaz, Alemaniko probinzi andietan ta orien gañeko beste askotan lenbiziko beren predikaritzat eta Apostolutzat dadukate Santo Tomas ango jendeak eta orien aitzinekoak eskerdun anak bezala egin ziozkaten an Apostolu oni bere izeneko Elizak eta Alemaniko probinziak eta orien gañeko ta Nortepeko besteak ere Europaren bazterrak, zatiak eta erreinuak dira.

        Apostolu beraren oiñ-arrasto ezagunak edo erakuste ta prediku andien señale onak arkitzen dira mundu beraren bigarren zati Afrikan. Beltzez beterik arkitzen den mundu zatia da Afrika. Mundu zati onen inperio ta bazter andia da Etiopia. Gorputzez baño animaz beltzagoak ziran Etiopiko jendeak Apostol Santo Tomas Etiopira zenean, baña gure Lege santaren ta Jesusen bizitzaren, eriotzaren ta biztearen berria beltz oriei eman ta bataiatu zituenean, graziz zurituak (eta birtutez ongi jauntziak) utzi zituen, esaten dit San Joan Krisostomok (Orat. de 12 Apost.). Eta an bertako Abisindarrak orain azkenean ere len ta beti bezala debozi andi bat diote Santu oni, lenbiziko beren Apostolu maisuari bezala.

        Jangoikoaren Lege bera erakusten ta Apostolu leialaren egiteko andian ibilli zen Santo Tomas munduaren beste zati Amerikan ere, bada Brasil Amerika da ta Brasiltarrak erakusten dituzte oraingo beren aitzinekoei Santo Tomasek an ibilli zen aldian utzi ziezten señale onak edo gauzak, eta gauza, Jesusen Konpañiko Probinzial an izandu batek dionaz bere begiz berak ekusi zituenak eta ara joan bage ezin utz zitzakeen an Santo Tomasek bere gauz eta señal oriek.

        Bere lan hau bera egin zuen Santo Tomasek munduaren laugarren bazter ta zati andi Asian ere ta emen noski besteetan baño hastizago ta leku, bazter ta toki geiagotan, bada egin zuen emengo anitz erreinu ta probinzi anditan ta besteen artean Partoenean, Hirkanian, Persian ta goiztarren aldeetako Indian ta emen beintzat luzaro ta ill arte guzian.

        Indi berean dabiltzan Jesusen Konpañiko Misionistak diote ara baño len ibilli zela Apostol Santua predikatzen bein Zokotora deritzan islan, gero Karanangorko ta Kolongo erreinu Malabarkoetan, gero Indiko mendi andiak igaro ta Narsingakoetan ta azkenik Kalaminan edo Malipurko errian.

        Uts egin zuen bai Santo Tomasek bein ostegun santu arratsean Apostol besteen gisan Jesus bere etsaien eskuan utzi ta iges joan zenean ta berriz Jesus bera biztu zela ez siñistu naiez egondu zen denboran, baña ezagutu zituen hordutik begitan artu zituen bere utsak eta orien ateratzen ta Jesusen esana egiten ibilli zen mundu guzian besterik ez bezala edo beste Apostolu geien ibilli zena baño agitz eta agitz geiago ta ibilliko zen geiago ta geiago ere, idoloen apaiz gaistoak, deabruak su ta gar ematen ziela, ill ta martir egin ezpalute, egin zuten aldian.

        Ill baño len eraman zuen milagroz zegokan tokira zur agitz andi, gizonak berez ta beren idiekin ezin igitu zuten bat. Egin zuen an eliz eder bat. Ezarri zuen elizan pillare bat, esaten ziela bere fededun bataiatu berriei: «Itsasoa onaratzen den denboran urrutitik etorriko dira gizon zuri, nigandik ikasi dezuten dotriñaren berria berriro ekarriko dizutenak; bitarte guzian bizi zuek ta zuen ondoren jaioko diranak leialki bataioko zeren hitzean ta ikasi dezuten legean». Eta mil ta laur eun ta urte geiagoren buruan Portugal-tarrak joan ziran alde aietara ta denbor berean pillare artara zen itsasoa eta andik zenbaiten buruan ara berera zen San Franzisko Xabier, Indi bereko Apostol berri izatera ta alde artako Apostol biak badute gaur beren leialtasunari ta egiteko andi ederki egiñari dagokan atsegintza ta gloria.

        Hau bera izanen dugu guk ere orien eran izaten bagara gauz andi txiki guzietan geren hitzeko gizonak edo egiten badugu besteei dagotena, guri dagokiguna ta gugandik gure Jangoikoak eskatzen duena ta egiten badugu hau guk gaur ta bigar ta beti ta geren bizi guzian. Errazki ta aisa egin dezakegu Jangoiko berak laguntzen digula ta lagunduko digu guk hau ziñez eskatu ezkero.

 

aurrekoa hurrengoa