www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Festegunetarako irakurraldiak
Sebastian Mendiburu
1740-1767, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Mendibururen idazlan argitaragabeak, Sebastian Mendiburu (Patxi Altunaren edizioa). Euskaltzaindia, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

II.
Ama Birjinaren Konzepzi
eguneko Irakur-aldia

 

Maria, de qua natus est Jesus. Matth. 1.

 

Gaia: Jangoikoak agitz nai duen gauza da
Jesusen Amaren Konzepzi garbiaren Debozioa.

 

        Ama Birjinaren askuntz-asier garbiari egiten dio gaur Elizak festa ta askuntz garbirik izandu ez duen gizonez ta andrez betea ekusten dugu festako ebanjelioa, bada or ekusten ditugu laur andre, jentil artekoa bata ta bekatari lizun izandu ziranak beste irurak. Ebanjeli berean arkitzen dira ogei ta amasei gizon, guziak bekatutan egin ta jaioak eta guzien ondotik ekusten ditugu Jesusen Ama bere Seme Jangoiko gizonarekin; hau zer da? Zer, baizik Elizak guri adiraztea orrenbat bekatudunen ta munduko beste guzien artean Jesusen Ama dela bekatuaren arantzik bageko lilio zuri ederra: sicut lilium inter spinas, sic arnica mea inter filias (Gant. 2,2), edo hau dela bekatudunen artean bekatu bagea.

        Mill ta zazpi eun urte da hau bera hitzez ta plumaz adirazten digutela Elizan izandu diran Doktore ta gizonik jakintsu andienak eta orien artean Areopagoko San Dionisiok, Antiokiako Martir San Ignaziok, Martir San Justinok eta San Ireneok, Martir ta Obispo San Hipolitok, Neozesareko San Gregoriok eta San Ziprianok, San Atanasiok, San Efrenek, San Basiliok, San Epifaniok, San Joan Krisostomok, San Maximok, Aita Santu San Leonek, San Pedro Krisologok, Teodoretok, San Fuljenziok, Sinako Atanasiok, Andres Kretarrak, Jerusalendar Esikiok eta Toledoko Arzobispo andi San Ildefonsok; oriek guziak gure Fede Santaren edo Elizaren lenbiziko zazpi eun urteetan adirazi digute egi hau.

        Gerozko Eliz beraren mill urteetan ez da erraz kontatzea plumaz ta libruz agertu dutenak Jesusen Amaren Konzepzi garbi bekaturik bagekoa. Azkeneko berreun urteetan badira Jesusen gure Konpañiko berak, laur eun beintzat. Relijiotarren ta beste jakintsuen plumak eta libruak ez ezik, Santiagoko, Calatravako ta Alcantarako Relijioetako zaldunen ezpatak ere Konzepzi garbi beraren alde dabiltz. Alemaniko zenbait erritan Jesusen Amaren Konzepzi garbi beraren alde egiten dute zerbait geiago, bada biltzen dira beren Elizan ango Baron, Markes, Duke ta beste gizon andiak eta biltzen dira gerrako soñuarekin, ezpañak ongi zabaldurik, Konzepzi onen alde boto egitera ta hau egin ta peleara baloaz bezala eskuak saietsera eraman ta ateratzen dituzte magitik beren ezpatak eta adirazten dute hitzez egiten duten botoaren alde prest daudela behar baliz beren bizia ta odola emateko.

        Hitzez, plumaz, libruz ta ezpatez ez ezik beste anitz aldetara ere Jesusen Amaren Konzepzi garbiaren alde da mundu guzia. Fededunen errietako Eliz guti arkitzen dira Jesusen Amaren Konzepzi garbiko aldare, pintur edo imajen bage ta Jesusen Konpañiko guzietan izan oi dira Konzepzi beraren izeneko Kongregazioak ere.

        Fededunen munduko Buru, irugarren Ferdinando Enperadoreak, 1617garren urtean eragin ta Vienako plazan ezarri zuen Piramide ta pillare andi, luze, eder bat eta artan Jesusen Ama, bekaturik bage egiñari, egin don bere buruaren ta zituen Erreinu ta estadu guzien presenta.

        Españiko Errege Felipe laugarrena egin zen Konzepzioko Kongregante Madrilgo Santa Klaran ta eman zuen, behar izaten bazen, Konzepzi beraren alde bere odol guzia emateko hitza ta 1621garren urtean eskatu zion Aita Santuari egin zezala festa Konzepzioko eguna. Onen ondorengo III. Karlos Erregek eman zion bere Erreinu ta bazter guzien Patronazgoa ta Konzepzioko izenean egin zuen zaldun-Orden honratu ta dirudun guztiz berezi andi bat. Beste anitz Erregek eta Prinzipek ere egin dute anitz Jesusen Amaren Konzepzi garbi beraren alde. Jakintsuen anitz Unibersidadek, Erri andik eta Kortek egin dute boto Ama Birjiñaren Konzepzi garbi beraren alde, ta Salamancako Unibersidadeak, Alcalakoak eta Españako beste amairuk eta eriekin batean Españ-bereko Eliz nagusi guziak beren Obispo jaunekin eskatu zioten orain eun ta berrogei ta amar urte Aita Santuari sar zezala fededunok sinistu behar ditugun egien artean Jesusen Amaren Konzepzi garbi hau. Zenbait Konzilioren ta azkenik Trentoko andiaren hitzak egi onen alde dira. Fedeko egitzat ez du oraindik klaratu Elizak Jesusen Amaren Konzepzi garbia, baña klaroki adirazi du nai duela siñis dezagun klaratua bezala, bada manatu du fededun guziak honra dezagula Mezaz ta festaz Jesusen Amaren Konzepzioko eguna ta hau da klaratuak dauden egiekin egiten duguna. Hau bera nai duela Jangoiko berak ere ta bere Konzepzio garbi onen izenean zerbait geiago egiteak atsegin egiten diola Jesusen Ama berari ekusi behar dugu oraingo aldian.

 

 

§ I.

 

        Baditu Jesusen Amak, Konzepzioko eguna bezala, festaz ta Mezaz honratzen zaizkan beste misterioetako egunak ere. Oriek dira beraren jait-eguna, Kandel-eguna, Jangoikoaren Am-eguna ta Zerur-eguna ta beste lau misteri oriek Eskritura Santaz klaratuak edo adiraziak eta orregatik sinistu beharrak badira ere, ez dira Konzepziko misterio hau bezain milagroz honratuak, bada besteen alde egin diranak baño agitz geiago dira Fest onen alde Jangoikoak egin dituen milagrozko gauzak. Eta hau ala dela jakitea aski da etzagutzeko Jesusen Amaren beste misterioak sinistean bezala atsegin egiñen diogula Jangoikoari, Jesusen Ama beraren Konzepziko misterio hau sinistean, bada hau guri sinist-erazteko egiten ditu Jangoikoak misteri onen alde egiten dituen milagro guziak.

        Siñes dezazun, bada, Jesusen Amaren Konzepziko misterio hau, beraren beste misteri andiak bezala, edo siñis dezazun Jesusen Amaren beste misterietan sinisten duguna, egia den bezala, egia dela beraren Konzepzi garbikoa, agertu nai dizkitzut Jangoikoak misteri onen alde egin dituen milagro zenbait. Lenbizikoa da misteri onen lenbiziko festari bidea egin ziona ta Inglaterrako Abade batekin Jangoikoak Konzepziko misterioaren alde egiña.

        Mill ta zazpigarren urtean bere Erregeren egitekoz atera zen Inglaterratik eta sartu zen itsasoan Elfino edo Elpino zeritzan Abade bat. An hura sartu ta laster agertu zen itsas-aldi guztiz izugarria ta ondatu behar zutela zirudien bazterrak orroz urratzen zituzten olast, bag eta ur-mendiak, Abade hau zeraman ontzia. Biziz etsirik eriotz on bat nai zuena bezala bere otoitzetan ta animako gauzak prestatzen hari zen bitarte guzian Abadea. Baña ekusiko dugunerako luzatu zion Jangoikoak bizia ta igorri-bidaldu Obispoen soñekoz jauntzia ta errespetu andikoa zirudien beste munduko bat. Zori oneko gizon hau Mirako Obispo izandu San Nikolas zen. Begi on urrikarizkoz begiratu zion Abadeari ta esan zion: «Ematen badezu urte oro Jesusen Amaren Konzepzi garbiaren festa egiteko hitza, palakatuko da itsasoa ta kalterik bage joanen zara zere egitekora ta hau egin ta etorriko zarazte zu ta zure lagunak zeren errira». Abadeak eman zion bertan Santuari esan don festa bere sermoiarekin urtean bein egiteko hitza ta ark hau eman horduko isildu ziran aizeko orroak, palakatu ziran itsas-mendi olast eta bag-aserreak eta joan zen Abadea bere onziarekin nai zuen bazterrera. Egin zuen idorrean bere egitekoa, itsasora zen gero ta itsasoz itxera ta bere Konbentura. Conturbelko bazterrekoa zen Elpinoren Konbentua. Conturbel bereko Obispo zen aldi artan gizon jakintsu ta teologo andi San Anselmo. Adirazi zion oni bere hitza ta itsasoan San Nikolasekin agitua ta onen baimenarekin asi zen Jesusen Amaren Konzepzi bekatu-bagekoaren festa ta sermoia egiten. Eta Doktore Eximiok eta beste zenbaitek diotenaz (apud Aurieman. affect. scambicu. p. 1 c. 20), hau da misteri onen lenbiziko festa.

        Misteri beraren urrengo festa egin zen Franzian, Leongo Eliz nagusian, ta egin zen Ait Santuk artan eskurik sartu bage, bai ta gero beste bazterretan ere. Mill ta laur eun ta irur ogei ta amaikagarren urtean Aita Santu Sixto laugarrenak eman zien nai zuten guziei Ama Birjinaren Konzepzi garbiko festa hau egiteko eskua, bai ta egiten zutenentzat induljenzia ere ta azkenean egin dit Aita Santuak fest-egun Konzepzi bereko eguna.

        Egun hau Elizak edo Aita Santuak fest-egun egin baño len Franziko erri batean ekusi zuen emazteki batek festa egiten ziotela fededunak Jesusen Amaren Konzepzi garbiari ta irriz ta histaz edo burl-eskarniz asi zen ta haritu bere lanean ta azkenean erakutsi edo agertu zien bere auzokoei egun artan egin zuena, baña bere zori gaistorako egin zuen bata ta bestea, bada egin zuen lana agertu horduko, gelditu zen hitzik bage, okertu zitzaion aho guzia, era izugarrian irauli ziran aren bi begiak eta an bertan gelditu zen illa ta galdua, bada herejeetatik zen ta bere herejiagatik eta Ama Birjinaren Konzepzi garbiari egin zion irri ta deshondra zikinagatik jaitsi zen sulezera, erretzen ta lertzen beti an egotera (An. Soc. an. 1613). Leneko milagroan ez ezik, oraingo kastigu onetan ere ezagun da zenbat atsegin duen Jangoikoak Ama Birjinaren Konzepzi garbiaren fest eta honran.

        Hau bera ezagun ta ageri da Konzepzi beraren alde Jangoikoak egin zituen beste bi milagrotan ere. Genov-tarren alde da bata ta Espaindarren onerako egiña bestea. Sei eun urteren ingurua da Genovako erri anditarrak eritasunez ta pestilenziz hiltzen ta hiltzen hari zirala. Bernardino Chierico zeritzan San Franziskoko fraide batek eskatu zion Jangoikoari urrikal zekiela erritar gaisoei ta atera zitzala beren nekepe izugarritik. «Dagitela, bada», erantzun zion Jangoikoak, «urte oro Konzepziko festa egiteko boto». Joan ta adirazi zien Fraide onak Genovako zaldunei Jangoikoagandik ikasi zuena. Elkargana bildu ta egin zuten oriek beren botoa ta erriko eri arkitzen etziranekin karrikaz karrika prozesio bat eta bertan sendatu ziran eriak eta aldi artan etzen eritu besterik (Apud eundem Auriem. ubi supra). Era bereko ontarteak artu zituzten gisa bereko nekeetan Milango ta Napolesko erri andiak ere.

        Españiko Errege Don Fernando bostgarrenak ezin eskura zuen mairuz beterik arkitzen zen Granadako erria. Denbor luzeak aren inguruan bere soldadu guziekin egin ta Jangoikoak eman zion boto bat egiteko gogoa ta lenbaitlen mairuak andik kendu ta erria beretzeagatik egin ere zuen. (Errian arkitzen zuen lenbiziko Elizari Konzepziko izena emateko botoa zen egin zuen botoa). Bota hau egin ondoan artu zuen erria. Kendu zituen andik ango mairu guziak. An egin zuen Eliz nagusiari eman don Konzepzioko izena ta Ama Birjinaren Konzepzi garbiaren alde botoak ziona baña geiago egiteagatik eman zion Konzepzi garbi beraren izen bera San Jeronimoren Konbentuko Elizari ere (Ibid.).

 

 

§ II.

 

        Ekusi ditugun aldietan ez ezik beste askotan ere milagroz adirazi du Jangoikoak atsegin andi bat egiten diotela beraren Amaren Konzepzi bekatu-bagekoa honratzen dutenak eta hau zekitenak bezala anitzek hitz egin dute debozi ondasundun onen alde. Orien artean San Anselmok esaten die berepeko Obispo ta Abade guziei kontuz ta utzi bage egin dezatela Ama Birjinaren Konzepziko beren festa: quisquis Praesul aut Abbas es, recole diligenter festum Conceptionis (Epist. ad Praef. Angl.). Hau bera edo beren Probinzi ta Erreinu guzietan sar zezatela esaten zien munduko Errege ta Prinzipe fededunei Bernardino Bustiok, Jesusen Amaren Konzepzi garbiaren festa ta debozioa: animentur omnes christiani Principes ad colendam Immaculatam Matris Dei Conceptionem, iubeantque ipsius festiuitatem in omni suo dominio celebrari. Eta Jesusen Amaren Konzepziko fest hau egin nai etzutenak ezin konta zitezkela, zeritzan San Anselmok, Ama Birjiñaren deboten artean: non vide fur verus amator Virginis Mariae, qui diem Conceptionis eius colere recusat (Ubi sup.).

        Jesusen Amari debotki begiratzen diotenak ez dira asetzen urte oroko beraren Konzepziko festarekin; urtean zenbaitetan batzuek eta beste askok egun oro egin oi dute zer edo zer Konzepzi beraren izenean ta Jesusen Amaren honran, ta beren debozi onen alde anitz erdisten dute Jangoiko maitagarriagandik. Ori egiten zutenetatik bat eta orregatik Jangoikoaren eskutik ondasun guztiz andiak beretu zituena da Treberisko neskatx aldiritar bat. Ama Birjinaren honrari zegozkan beste gauzetan ez ezik, beraren Konzepzi garbiari zegozkanetan ere agitz sartua zen neskatx hau ta bere neke-pen guzietan arganatzen zen, alab-on bat bere amagana bezala, ta aren artez ta eskuz erdisten zuen zegokan guzia. Arkitu zen bein besteetan baño neke andiagoan, bada etzuen ezkondu nai ta itxeko bereak billatu zioten bere senargaia ta eskontzaz agitz estutzen zuten. Etzekien nola egiteko artatik iges egin. Bere Konzepzi garbiaren izenean eskatu zion Jesusen Amari ager zezola artako bideren bat. Hau egin ta loak artu horduko agertu zitzaion Jangoikoaren Ama ta begi arin ederrarekin begiratu ta esan zion zijoala beraren Konzepziko egunean Bauritko Elizara ta an erakutsiko ziotela arkitu nai zuen bidea. Ara zen pozik egun artan ta an arkitu zuen Mezako batek esan zion eman nai zioten ezkontzatik iges egiteko bidea zela Ama Birjinaren Seme maitagarri Jesus Esposotzat artzea ta Ama Birjinaren Konzepzi garbiari zion debozioagatik Ait-Eternoak emanen ziola zori on hau. Mill esker ta poz andiarekin bere Esposotzat Jesus artu ta joan zen itxera; giza kontu ta festa ta munduko zirtzilleriak utzi ta garbiro ta santuki bizitzera. (An. Soc.).

        Ama Birjinaren Konzepzi berarekin debozi andi bat zuen bere denborako beste anitzen artean Augubiko Konbentuko Guardian batek eta Konzepzi bereko arrats batez lotara bere Fraide guziak bidaldu ta sartu zen Elizan bere Konzepzi garbian ta beste gauzetan Ama Birjinari egin ziozkan ondasunen alde Jangoikoari mill laudantz eta esker ematera ta artan haritu zen an gau erdiraño. Matutietako gauzak prestatu behar zituen Fraidea sartu zen gau erdian Elizan oi zuen bezala ta arkitu zuen zeruko usai ezin goxoago bat. Pozez arritua bezala gelditu zen lenbizian; begiratu zuen gero batera ta bestera, nondik ote zen gauz hura ekusi naiez. Ekusi zuen nonbait an bere Guardian Aita. Urbildu zen argana ta galdetu zion: «Aita, nondik da emen dugun zeruko usai txarmagarri hau?». «Nik esanen dizut», eranzun zion Guardianak, «baña ez esan besteri bizi nazaño. Araisti onetan agertu zait emen edertasunez ta atsegintzez betea Jesusen Ama ta esan dit gauz anitz eta andiak dirala Jangoikoaren eskutik artu dituenak eta orien artean bere Konzepzi garbi, bekaturik bagekoa, ta hau ala delako siñutzat utzi du ekusten duzun zeruko usai goxo hau». Eta orra zer atsegintza ta zer ontartea, bere Amaren Konzepzi garbiko debozioagatik aldi onetan Jangoikoak oni egiña.

        Andiagoak izaten ziran misterio beraren debozio beragatik Jangoikoak San Franzisko bereko Beata Sor Joana Gurutzekoari egiten ziozkanak, bada askotan galtzen zuen emengo gauzetarako akordu guzia ta gelditzen zen Jangoikoarekin bat egiña bezala ta idarokitzen ziozkan Jangoiko berak Ama Birjinaren alabantz eta hitz eder arritzekoak. (Auriem. ubi sup.).

        Hau beinzat prestatzen zen baru ta penitenzi andiekin Ama Birjinaren Konzepziko festara, bai ta otoitz aldi luzeekin ere. Eta zenbat ere bat obeki prestatzen den Jangoikoak nai dituen gauzetarako, anbat andiagoak izaten dira grazi-aldi ta ondasun, Jangoiko berak eman oi dituenak, eta prestantzak izan ditezke: lenbizikoa, osasun ona duenarentzat (egiteko nekezkorik ezpadu) bezperatik barutzea ta ezin barutu bada, Jesusen Amaren Konzepzi garbiaren izenean limosn zerbait ematea edo beste gauz onen bat egitea. Bigarrena, festako egun berean ongi ta kontuz konfesatu ta Jesusen Amaren Konzepzi garbiaren izenean komunio garbi eder baten presenta Jangoikoari egiteko. Edozein komuniok eskatzen duen gauza da animaren konfesiozko garbintz han, baña Ama Birjinaren Konzepzi bekatu bagekoari agitz obeki dagokiona da. Misteri onen debot eta debozioaren banatzalle andi Aita Bernardo Colnago gure Konpañikoak hau egin ta Mez-ematera zijoala ekusi zuen bein Jesusen Ama ta atsegintz eta poz osoz betea egondu zen Mez guzian. Hau eman ta artako zituen soñekoak kendu ta biziro bere gelara joan ta belaunikatu ta burua lurrari josirik asi zen esaten: «Jesus, ta zein ederra zaran Jesusen Ama! Zein ederra ta zein mantxarik bagekoa». Tota pulchra es et macula non est in te. Eta jaiki zen azkenean len baño debozio hau guziei ar-erazteko nai andiagoz betea.

        Irugarrena da goiz-arratsetan eta aragiaren tentantz aldi oro irur Abe Mari Konzepzi garbiaren izenean esatea. Misteri onen izenean esaten ziozkan aldareko Santutako erdi prestaturik arkitzen den gure Alonso Rodriguezek amabi Abe Mari ta amabi Salbe, Jesusen Amak eska zezon bere Semeari atera zezala bekaturik bage gau-eguneko ogei ta laur horduetatik.

        Oriek zuk eta fededun kontuzkoak egiten dituzten beste gauzak egiten badituzu, erditsiko dezu Jesusen Amaren artez onen debot onak erdisten duten bizitz ona, eriotz obea ta sekulako gloria. Saia zaitez, bada, utsegin bage guziak egitera ta egizkitzu kontuz ta garbiro ta Jesusen Amaren Konzepzi garbiaren maitatzalle onak bezala; bai arren, bai.

 

aurrekoa hurrengoa