www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Festegunetarako irakurraldiak
Sebastian Mendiburu
1740-1767, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Mendibururen idazlan argitaragabeak, Sebastian Mendiburu (Patxi Altunaren edizioa). Euskaltzaindia, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

XXIII.
S. Joakin eguneko irakur-aldia

 

Liber generationis Jesu Christi,
filii David, filii Abraham. Matth. 1.

 

Gaia: Sant Anari egin zion laguntz onaren alde
eman zion Jangoikoak S. Joakini alaba ezin obea.

 

        Zenbaitek ezkondu baño len egiten dituzte bekatu zikiñak eta ezkondu ta gelditzen dira humerik bage, ta humerik bage gelditzen dira zeren lenagoko beren bekatu gaistoak uzten dituzten Jonas profetaren untza ar batek bezala. Ninibeko bere misio andia bukatu ta erritik baztertu zen zerbait Jonas profeta ta eraman zuen Jangoikoak untzezko itzaltegi bat prestatu zion tokira. Itzaltegia zen untz baten beso bildu ostodunez egiña, ta itzaltegi, luzaro iraundu etzuen ta profetari an sartzean artu zuen poza fit aski ta laster ito ziona; bada urrengo goizerako Jangoiko berak ara zuzendu zuen ar ozkari bat eta arrak ozkatu ta egun berean igartu zen untza. Aldi berean erretzen zuen eguzki aldi agitz sutuak eta zebillen aize beroak eta utzi zuten profeta erdi urtua ta «onela bizi baño ill ere naiago nuke» esaten zuela: melius est mihi mori, quàm vivere (Jon. 4,8).

        Untz hau ar onek bezala, bada, uzten dituzte zenbait ezkondu, ezkondu baño len edo gero egiten dituzten bekatu zikiñak; uzten dituzte alabaña guztiz igarturik ezpa-dere, agitz agortuak edo untz igartuak itsu-mats baño hume geiago ezin dakarkeen eran, ta ezkondu orien agortz edo hume bagentz hau orien beren bekatu galduen sari gaistoa da.

        Beste zenbait ezkonduk galtzen dituzte zituzten humeak, hume berak Jangoikoak eman ezkero egiten dituzten bekatu gaistoak gatik. Ala galdu zituzten beren buruekin batean Lot-en denborako Sodomatar ta Gomor-tar guziak; bada Lot eta Lot-en itxeko irur atera ta beste guziak beren erriekin ta errien inguru ta bazter guziekin erreak utzi zituen Jangoikoak zerutik bota zien zufrezko su izugarriak, eta erreak utzi zituen su izugarri onek erri orietako humedunak eta humerik etzutenak ezkondu bagean ta ezkondu ta ere egiten zituzten beren bekatu zikiñak gatik (Genes. 19). Eta oriek baño len bekatu berak gatik urez itoak gelditu ziran munduko Noe ta beste zazpi ez, ta gañerako guziak ere (Ibid. 7).

        Beste zenbait ezkondu ere len ta gero bekatura bage bizitu diranak ill dira humerik bage, baña era orretan ill dira oriek Jangoikoak dakienagatik eta geienak noski humeen bekatu gaistoak gatik (izandu balituzte) betiko gal ez zitezen, edo orien hume gaistoak mundua den baño gaistoago egiña utz ez zezaten.

        Beste zenbaitek berandu erdisten dituzte izaten dituzten humeak eta orietatik batzuek onak dirala uzten ditu Jangoikoak beranduraño humerik bage beren onagatik edo noizbait gero izaten dituzten humeen onerako, eta bitartean ezkondu berak obetu ta obeki azi ditzaten izaten dituzten humeak. Hau da len Samueli ta beraren Ama Anari ta gero S. Joan Baptistari ta onen ait-amei ta oriek baño lentxeago Jesusen Amari ta onen Aita egungo Santu S. Joakini ta onen emazte Sant Anari agitu ta gertatua; bada ezkondua ta humerik bage len anitz urtez bizitua zen Samuelen ama Ana ta urte orietan egin zituen Anak anitz baru, anitz negar ta otoitz Jangoiko maitagarriagandik hume bat izan naiez, ta hume hau Jangoikoari eskatzera urte oro joaten zen Ramata zeritzan bere erritik Jangoikoaren Siloko Eliz andi berezira, ta eskatzen zion an hastiro ta negar andiak egiten zituela, ta azkeneko igan aldian eskatu zion boto bat egiten zuela. Egin zuen botoan esan zion Jangoikoari ematen bazion seme bat azi ta eramanen ziola Siloko Eliz berera ta aren humea ezpaliz bezala utziko ziola an Jangoiko berak nai zuena artaz egiteko. Obetu zen bitartean Ana, eman zion Anari Jangoikoak eskatu zion semea ta Samuel bezalako semea, ta Anak Samuel bere bularrez azi ta esnea kendu horduko ederki apaindu ta zegozkan ofrend andiekin eraman zion Jangoikoari Silora ta utzi zion berak nai zuenerako, ta Jangoikoak aurra anditu ta gizon egin zenean egin zuen horduko legeko Aita Santu ta israeldar guzien juez. Eta ez dakigu zer egiñen zuen Anak orrenbat neke bage ta lendabizitik erditsi balu gero izandu zuen seme hau.

        Ana onek adiña ta geiago egin zuen gero Sant Isabelek S. Joan Baptista izateko ta Jangoikoari eman zion onek ere Jangoiko beragandik berandu erditsi zuen bere semea. Hau bera egin zuen era berean erditsi zuen alabarekin egungo gure S. Joakinek ere. Eta erditsi zuen onek hau, hau erdisteko bere emazte Sant Anari egin zion laguntz onagatik, ekusiko dugun bezala.

 

 

§ I.

 

        Gaistoen gaistantzak ais-aski artu oi dituzte gaistoekin luzaro dabiltzan onak eta Espiritu Santuak ere esana daduka gaistoarekin dabillena len edo gero gaistatuko dela: cum malo malus eris. Ez da gaistoarekin dabillena gaistatzea bezain erraz onekin dabillena ontzea, zeren gaitzerako dugun grinik bage arkitzen garan gauz onetarako, ta al-ere Jangoikoaren beldurti onekin dabiltzanak ontzen dirala dio Espiritu Santu berak: qui cum sapientibus graditur sapiens erit (Prov. 13,20). Baña ondu oi dira Jangoikoaren beldurti onekin dabiltzan gaisto gaistatuak ez, baizik beren bihotzean lur ona dutenak, edo onerako egiñak diruditen gizonak; bada lur en hau duten bihotzei ta lenagoko beste oriei egiten zaie sagarrondo bati zure itxe bazterreko lur onean ta beste aldetako txarrean beste bati gertatzen zaiena.

        Alda zazu sagarrondo en bat zere itxe bazterreko lur en ongarriz obetu ta ederki maneatura ta ekusiko dezu zein ederrak, zein humotu ta sasoi onekoak bere aldian ematen dituen sagarrak. Alda zazu beste hau bezain en bat lur gaisto ezin meago aitz gañean arkitzen den ta zakar utsa baizik ez den batera ta ekusiko dezu zer sagarrak ematen dizkitzunak, edo ekusiko dezu sagarrak ez eman ez ezik, igarzen dela lurrik ere an artu bage. Gis berean, bada, grin gaistozko gaistatuaren bihotzeraño sartuagatik beldurti onen hitza, hitz orrek lurrik artzen ez du an ta aditzen duena gelditzen da aditu baño len bezain agor, gaisto ta bage; baña sartzen bada hitz bera gaitzari bere baitan tokirik egin nai ez dion baten bihotzean, lotzen zaio bihotz berari ta ematen diozka eragiten dituen gauz onen sagar humotuak edo glorigai andiak, eta bihotz onezko ori ta ekusi ditugun beldurti ongi aziak dira Afrikako bazter en batean aldatzen diran sagar, pik ta beste zenbait ondo en bezalakoak.

        Afrikan badira ere uts egiñak arkitzen diran mendiak, bazterrak eta lurrak, bai ta orien artean lur piska urtzuti en bat ere. Lur onek eta beste lur agor ta aredi oriek beren gain-gañean dute agitz berotzen ta erdi erretzen dituen zeruko eguzkia. Aredi orietan aldatzen diran udar-ondo, sagar ta beste guziak ezatasunik bagez ta gañeko eguzkiaren bero-aldi sutuarekin an aldatu ta laster gelditzen dira igartu ta su gai eder egiñak, baña ez beste lur pisk onean aldatzen diranak, aldatzen badira beintzat behar den aldian, gisan ta eran.

        Orien ango behar bezalako alda-gir ta gis ona da frut-ondo bakoitza dagokan tokian ta bere itzalarekin bestei on egin dien gisan lurrean sartzea. Alde batetik badu zori oneko lur onek bere aldap-egia. Egi gañean jaiotzen da ur edo iturri bat, eta iturri, egiko bazter guzietara zuzen ditekena, bai ta azpiko egalaren edozein aldetara ere.

        Lur-egi edo aldap onek ederki artzen ditu bazter aietako frut-ondoak edo palmak, olibak, pikoak eta era bereko beste zenbait eta agitz obeki bakoitza bere tokian ezarri ezkero, eta ekusi dutenak esaten dutenaz orien tokia da palmarentzat egi-gañekoa, olidariarentzat edo olibendako urrengoa, pikoarentzat urrengoa edo azpiragokoa ta besteentzat urrengoa ta urrengoa ta azpirañoko beste guzia ta mastientzat eta ardantzendako azpiko lur zabala. Egokia da palmarendako lenbiziko tokia, zeren an ezartzen den frut-ondoak bakarrik artzen duen eguzkiaren bero-aldi errea ta berez duen itzala baizik ez duen hura garaitzeko ta palma den berez itzalik geiena ta ostorik gogorrenak dituena. Berezko itzalean ta ostoen gogortasunean palmaren urrengoa olidaria edo oliba da; bada onen ostoak ere olibarenak bezala uda ta negu irauten dute ta gañeko aldetik palmak ematen dionarekin ta berak berez egiten duen itzalarekin errazki garaitzen ditu eguzkiaren ango bero-aldi andiak. Pikoak ere bere osto andiekin ta olidariak gañaldetik egiten dion itzalarekin garaitzen ditu. eguzkiaren bero aldi andiak, bai ta pikoaren laguntzarekin urrengoak eta urrengoarenarekin urrengoak ere.

        Gañeko eguzkiarekin frut-ondo edo arbol frutari berak hau egiten duten denboran sagar-zaiak iturriaren ur guzia zuzentzen du bein palmaren ondora, bein olidarira ta gero gañerako frut-ondoetara ta azkenean masti ta ardantz guzira, ta azpiko zañetatik edo lurreko beren sustraietatik behar duten zukua ta indarra artzen dutela ta gañetik eguzkiak berotzen dituela, ematen dituzte ongi humotuak ardantzak beren matsak eta frut-ondo bakoitzak bere pikoak edo dagozkan jaki goxoak, eta orregatik da, Pliniok dion bezala, Afrikako lur zati hau zori oneko lur txarmagarria: felix, et super omne miraculum, irriguum solum (L. 18, c. 22).

        Ezkontzako lurra da zori oneko lur hau baño agitz eta agitz lur obea, ta lur onek bezala bere tokietarako ezkongai egokiak eskatzen dituen ta beste anitz alditan ere bai, ta S. Joakin ta Sant Ana beretu zituen horduan, izandu zituena; bada S. Joakin Gallilean jaioa ta Nazaretko semea bazen ere, Judako itxerik andieneko etorkia zen; zen alabaña Matat-en ta Estat-en semea ta aren ait-ama oriek Dabiden ta aren ondorengo anitz errege ta gerrari andiren etxekoak ziran, ta Judako tribu guzian ta erreinuan etzen arkitzen Dabid erregeren itxearen pareko itxerik, eta orregatik itxe bereko etorki S. Joakin zen Judako itxerik andieneko etorkia, ta etorki, ezkontzako lur onean alda ziteken ezkontz-ondorik eta ezkongairik onena edo onenetatik bat.

        Arbol onen ondoan aldatu zena edo bizikidetako ta emaztetzat Jangoikoak eman ziona zen S. Ana, Judako tribu berean ta Belengo errian jaioa. Etxe andiko semea ez ezik, ondasun andiduna ere zen S. Joakin ezkondu zen aldian, ta ondasunez berari zegokana aren emazte Sant Ana. Joakin da Jangoikoaren prestantza, dio S. Epifaniok, zeren argandik den Jangoikoari gizon egin zeneko prestatu zitzaion Eliz eder Andre Mari Birjiña: ed, qudd ex illo praeparatum sit templum Domini, nempe Virgo (Orat. de laud. V.), eta Santu berak dionaz grazia da Sant Ana edo An izenak esan nai duena: Ana rursùs gratia interpretatur (Ibid.), ta orregatik zen S. Joakin urrengo tokirako edo bizikidetako guztiz egokia. Hau bera adirazten du len ta geroko bien bizitzak eta izandu zuten frut on ta zori oneko alaba Jesusen Amak.

 

 

§ II.

 

        S. Joakin aurdanik asi zen izaten bere amaren aitatako Jangoikoak artua zedukan gizakiari zegokan erakoa ta hordutik izandu zen ona ta birtutetsua ta adin artan, bere gaztetasun guzian ta beti agitz garbia. Santu hau jaio baño lenago ta lenago ere agertu zuen Jangoikoak etor beharra zela, bai ta zertako etorri behar zuen ere, edo agertu zuen etorriko zela Joakin zeritzan gizon bat eta Jesusen Amaren Aita izateko izanen zela onen etortza. Ala dio gure Aita Kanisiok eta onek diona da S. Joakin etorri baño len ta len ere israeldarren maisu zenbaitek esaten zutena.

        Ezkongai onarentzat berezten du Jangoikoak dagokan laguna. Lege zarra baño lenagoko denboretan, gerozkoetan izandu diran bezala, izandu ziran ezkongai onak eta arien artean izen andiko bi: Abrahanen seme Isak eta Isak-en seme Jakob; ta biei berezi ziezten Jangoiko (bere onen maitari ta ongille andiak) zegozten bizikide onak, Rebeka ta Rakel zeriztenak eta beren senarrak bizitu ziran bazteretatik urruti aziak, biña semeren amak biak, baña ondorengo anitz eta anitz izandu zituzten semeen amak bata ta bestea.

        Lege zarreko aldian hau bera egin zuen Jangoiko maitagarriak beste anitzekin ere ta bein Tobias gaztearekin ta gero egungo gure S. Joakinekin; bada Niniben bizi zen Tobias gazte humil birtutetsuarentzat berezi zuen Jangoikoak andik urruti bizi zen Rakelen alaba birtutedun Sara, ta Gallileko Nazareten bizi zen S. Joakinentzat Judako Belenen jaio ta santaki azi zen Ana; ta azkeneko berezte hau da ezkontzetarako Jangoikoak len ta gero egin dituen guzietatik berezterik andiena ta onena; bada S. Joakin ta Sant Ana dira ezkondu-pare parerik bagekoak, Jangoiko berak bere aingeruz ta santuz adirazia dadukan bezala. Ara nola.

        Jangoikoak bidaldu zion bein Santa Brijidari aingeru bat esatera: «Jangoikoak ekusi ditu munduaren askuntzetik mundu beraren bukantzaraño izandu diran ta izan behar duten ezkontz guziak eta guzien artean ez du ekusi S. Joakin ta Sant Anaren ezkontza bezain ezkontz garbi birtutedunik eta beste guziak utzi ta artu zuen hau bere Amaren gorputza egiteko ta artu zituen S. Joakin ta Sant Ana bere Amaren gurasotako».

        Birtutetsuak ziran, bai, ta agitz birtutedunak eta munduko ezkondurik birtutetsuenak baño birtutetsuagoak S. Joakin ta Sant Ana, ta gis orretako birtutetsuak ziran, ezkondu ziranean zutenaren gain berak irabazi zuten birtuteagatik; bada ezkondu ta anitz urtez bizitu ziran humerik bage ta bizitu ziran anitz gauz on andi egiten zituztela, ta gis onetan bizitu ziran urte orietan Jangoikoari atsegin egiteagatik, bai ta hume bat Jangoiko beragandik erditsi naiez ere.

        Egiten zituzten gauz onetatik zenbait beren diruz egiten zituzten; dirudunak ziran alabaña ta agitz aberatsak bata ta bestea, len guk adirazi dugun bezala. Batak nai zuena nai zuen besteak eta biak nai zuten Jangoikoari atsegin egiten ziona. Batak eta besteak zekiten atsegin egiten diola Jangoikoari Jangoikoak eman dituen ondasunak Jangoiko beraren honran, gauz onetan ta behartsu gaisoei laguntzen gastatzea edo gaieztatzea, ta beren itxerako behar zutena artu ta beste grazia Elizari ematen zioten ta beharrean arkitzen zen batari ta besteari.

        Elizen ta behartsu gaisoen limosnak bezala atsegin egiten diote Jangoikoari gorputzaren berarizko neke-barurak, bai ta animaren otoitzak ere, ta orietatik ere anitz egiten zituzten urte beretan ezkondu on S. Joakin ta Sant Anak, eta eskatzen zioten anitz aldiz Jangoikoari atera zitzala noizbait humerik bageko beren alkekizun lotsagarritik. Eta alkekizun andiaga bat ekusi zuten egunetik agitz ziñkiago ta naikuntz beroagoarekin eskatu zioten hau Jangoikoari. Beren alkekizun andiago hau izandu zuten Bazkoz Jerusalengo Elizaratze batean; bada anitz eta anitz ziran ta anitz aldetakoak egun artan oriek an ekusi zituztenak, eta ekusi zituztenean erdi zartuak eta humerik bage, beren bekaitz zorrotzez ta hitz mindariz begitan eman zien beren hume bagentzarekin ta biak gelditu ziran lotsaz ta alkez agitz beteak.

        Nioiz ere baño ziñkiago ta naikuntz andiagoarekin eskatu zioten aldi artan Jangoikoari milletan ta geiagotan len eskatu zioten humea ta egin zuten ematen ziena berari bere Elizan present egiteko botoa. Andik itxera ta igan zen S. Joakin urrengo mendiko bazter batera ta berrogei egunez haritu zen an barutu ta otoitz ta zitzaken beste gauz on anitz egiten. Orien bukanzan agertu zen an zeruko aingeru bat Jangoikoaren mandatuarekin ta alaba bat emanen ziolako hitzarekin, ta edozein alaba ez, baizik israeldarrak uste zuten Mesias Jangoiko-gizonaren Ama izanen zen alaba. Denbor berean bere baratzeko bazter batean otoitz eta otoitz hari zen Sant Anari ere hau bera adirazi zion Jangoiko berak. Eta mill esker Jangoikoari eman ta itzuli ziran biak beren itxera ta izandu zuten zori oneko beren Alab Andre Mari Birjin Jesusen Ama, ta alab Jangoikoak biei elkarri egin zioten laguntz onagatik eta beren birtute andi ta betiko otoitzen alde emana. Ala da, dio San Epifaniok: Joakin, et Ana gratiam acceperunt, ut, accedentibus precibus, talem fructum germinarent, Sanctam Virginem (ubi sup.).

        Orra birtutez, otoitzez ta bizitz onez bere emazte Sant Anari S. Joakinek egin zion laguntz ezin obearen alde Jangoikoak egin zion ona ta ondasuna. Eta orra ezkondu guziak beste andiak Jangoiko beragandik erdisteko bidea: bizitz onez, otoitzez, birtutez ta duken beste gisaz ta eran elkarri laguntzea. Jangoikoak diela bide orrez jaio zen Andre Mari Birjinaren ta beraren ait-amen izenean zuzenki hau egiteko grazia. Bai arren, bai.

 

aurrekoa hurrengoa