www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Festegunetarako irakurraldiak
Sebastian Mendiburu
1740-1767, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Mendibururen idazlan argitaragabeak, Sebastian Mendiburu (Patxi Altunaren edizioa). Euskaltzaindia, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

XXII.
San Bartolome Apostoluaren
eguneko irakur-aldia

 

Erat pernoctans in oratione Dei, et cùm dies
factus esset... elegit et Bartholomaeum. Luc. 6.

 

Gaia: Otoitza da egin behar diran
gauz eta eriotz onerako bidea.

 

        «Gaistoak laburtzen dituzte beren urteak» dio Espiritu Santuak: anni impiorum breviabuntur. Ongi bizi diranenak ere Jangoikoak laburtzen ditu askotan beintzat; baña ez da bat baten ta besteen urteen laburtza; bada Jangoikoak onez laburtzen ditu onen urteak eta ez ala gaistoak bereak. Gauz ageri ezaguna da zertako den gaistoen urteen laburtza; da alabaña lapurra urkabera bezala gaista bakoitza sulezeko bere nekera lenbaitlen eramateko, bai ta munduko gaisoei gaistoen bidagiro ta ekuskai galgarri galduak kentzeko ere.

        Baña onen bizia emen luzatzetik ez datorkie gaitzik beste onei, ez eta gaistoei ere; bada onak gaistoei ontzen ta onei obetzen laguntzeko dira, ta zenbat ere luzeagoa onen bizia, anbat luze andiagoa orien zori oneko laguntza; ta zenbat ere obeak diran onak, anbat obea besteei egiten dien ona ta ongia. Hau ala den ezkero, den bezala, zergatik egin etzituen Jangoikoak mundua bukatu arte guzikoak edo beintzat, lenbiziko gizonak bezala, anitz eun urtetarako on guziak edo beintzat bere Apostolu jaun Elizako gizonik andienak eta munduaren onerako hitzez ta milagroz geiena egin behar zutenak? Guk ez dakigu, ta dakiguna da egungo Apostolu Santu S. Bartolome beintzat gazterik ezpazen ere, munduaren erdia edo laurdena hitzez ta milagroz gere legera ekartzeko sasoi onean arkitzen zela eraman zuela Jangoikoak bere zerura, ta hau beratsu egin zuela beste Apostolu geienekin ere; bada Apostolu geienak ill ziran zenbait urtez beintzat iraun zezakeen adiñ sasoiean.

        Hau ez ezik, badakigu besterik ere; bada badakigu bai dakiela Jangoikoak zer egiten duen hau egiten duen aldian edo Apostolu jaunak len, ta geroztik beste anitz on, on anitz munduan egin zezakeen sasoi-edadean zerura eramaten dituenean, ta badakigu bidenabar Apostolu jaun ta beste on oriek ez ezik, on guzien on bere Seme Jesus maitagarria ere laster aski ta Apostolu bat ere baño agitz lasterrago eraman zuela; bada eraman zuen ogei ta amairu urte zitueneko, Jesus izanagatik beraren Apostolu ta beste on guziak baño on geiago ta geiago zegiken Jangoiko-gizona.

        Len Jesusekin ta gero bere Apostoluekin ta nai duen beste onekin hau egiteko, baditu Jangoikoak guk ez dakizkigun gauzak, eta guk ere badakigu orietatik bat ba-dere; bada badakigu on anitzi agitzen zaiela lurreko gauzetatik zenbaiti gertatzen zaiena, edo besteak baño len zoritzea ta humotzea; bada gariak baño len zoritzen dira garagarrak eta S. Migel udareak baña len beste guziak; eta garien ta S. Migel udareen begira egon bage, zoritu horduko ebakitzen dituela jabeak garagarrak eta humotu horduko biltzen ditu beste udare guziak. Era berean, bada, on batzuek baño len egiten dituzte besteak beren Jangoikoaren egitekoak eta bereak egin horduko zoritu ta humotu da bakoitza, ta deitzen du Jangoikoak zeruko bere saria artzera ta an ederki atsedetera, ta on oriek asi duten lan bererako baditu Jangoikoak beste eta beste onak ere, ta on nai duen aldian igortzen ta bidaltzen dituenak.

        Orra, bada, beste gauzen artean zergatik zartu bage bere zerura eraman zuen S. Bartolome, zeren bitarte orretan bukatu zuen bere lana ta egiteko guzia, bai ta besterik ere; bada S. Bartolomeri beste Apostol lagunak utzi zioten egitekoa zen Likaondarrei Jangoikoaren lege berria erakustea ta Kristo Jaunaren berria ematea, ta Likaoniko errietan ark hau egin ta joan zen S. Tomasentzat gelditu zen Indira ez, baizik lenagokora; ta gero Armeni andira, an ere hau bera egitera, ta egin ere zuen laster aski, artarako Jangoikoak emanik zuen tronpet soñari batena zirudien hitza; bai ta zeren zekizkien bazter guzietako hitzkuntzak eta bakoitzaren bihotzeko berri gordeak, zeren zituen aingeru onak lagun ta egiten zituen nai adiña milagro, deabru Beriti Jangoikoak aitor-erazi zion bezala, ta zeren orri guziari berak irasten zion otoitz luzeen laguntza ta indartza, ta otoitz bera den gauz onak ongi egiteko bide, orain guk ekusiko dugun bezala, eta orra zergatik, guk ekusten dugunaz, Jangoikoak eraman zuen onen laster S. Bartolome bere zerura.

 

 

§ I.

 

        Egungo Ebanjelio santuak dakarren aldi batez (beste askotan ere bai ta) agertu zien Jesusek Apostolu bereei egin behar zituzten gauzen askuntza ta asi-bidea. Jesusek zerraizkon guzietatik artu nai zituen amabi bere Apostolutako. Bazekien zein ziran artarako artu ta berezi behar zituenak; baña bere Apostol berei ta orien buruan guri erakusteko geren gauzen egin-aldietan egin beharra, igan zen lenagoko arratsean mendi batera ta egondu zen an arrats guzian otoitz ta otoitz bere Aita Jangoikoarekin, ta bigaramunean andik jaitsi ta bildu zituen bere guziak eta artu zituen Apostolutako S. Pedro, S. Andres, Santiago, S. Joan, S. Felipe ta egungo gure Santu S. Bartolome, S. Mateo, S. Tomas, Santiago bigarrena, S. Simon, S. Judas Tadeo ta Judas Iskariote, ta bertatik eman zien guziei Apostoluen izena, ta Jesusek hau egitearekin erakutsi zien Apostolu berei gero berak beren gauzen askunzan ta asieran egin behar zutena; bada erakutsi zien gauzak egiten asi baño len otoitzez beren buruak prestatu behar zituztela.

        Jesusek Apostol bereei hau erakutsi ta, erakutsi zien nola egin egin behar zuten beren lanik andiena ere edo predikatzea, bai ta zein diran ere beraren Ebanjelioko berririk berezienetatik zortzi edo animaren zortzi zori onak, eta bata ta bestea erakusteko eraman zituen aren hitzak aditzera ta sendatu naiez Judako errietatik, Jerusalendik, itsas bazterretik, Tirotik eta Sidonitik bildu ziran beste anitzekin urrengo soro ta toki zabal batera; ta arako bidean edo an bertan Jesus ukitzea edo eskuan edo soñekoan Jesusi ap edo muñ egitea aski izandu zuten eri guziak eritasunik bage ta deabrutuak deabruetatik libre gelditzeko, ta gero zegokan tokian jarri ta asi zen predikatzen ta agertzen bere Dizipulo ta an arkitzen ziran beste guziei onen zortzi zori onak eta doakuntzak, eta zori on, doakuntz berak eskatzen dituzten gauzak. Agertu ziezten gero gauz oriek egin nai ez dituzten gaistoen beste lau zori gaisto.

        Agitz ederki ikasi zuen S. Bartolomek aldi onetan Jesusek agertu zien gauzen askuntza ta gauzak egiten asi baño len Jangoikoari: otoitz eta otoitz egitea, ta egin ere zion gauzen askuntzan ez ezik, gauzen egin horduan ta beste askotan ta askotan ere; bada deabru Berit berari Jangoikoak idaroki ziozkan Apostol S. Bartolomek Jangoikoari egunaz eun aldiz ta gabaz beste eun alditan otoitz egiten ziola, ta etziran anbat gau-egunean S. Bartolomek egiten zituen gauzak; eta anbat aldiz egiten zion S. Bartolomek otoitz Jangoikoari, zeren bere Maisu Jesus maiteagandik ikasi zuen otoitz onaren ona ta indartza.

        Aita gure-ko otoitza Jesusek agertu zien aldian agertu ziezten S. Bartolomeri, beste Apostolu lagunei ta gerozko fededun guziei otoitz onaren zazpi on guztiz andiak. Lenbizikoa da Jangoiko gure Ait ona dagokan eran honratzea, bigarrena bere grazia ta zeruko beste gauz onak Jangoikoari eskatzea, irugarrena Jangoikoak nai duenerako otoitz-gillea prestaturik uztea, laugarrena Jangoikoagandik behar ditugun lurreko gauzak erdistea, bostgarrena egin ditugun bekatu guzien barkanza Jangoiko beragandik izatea, seigarrena etsaien eskutik izan ditzakegun tentantzak garaitzeko behar den laguntza Jangoikoaren eskutik artzea, ta zazpigarrena bekatuaren lezera bage bizitzeko Jangoiko beraren eskuari lotuak bezala gu uztea. Orra zer ona otoitz onaren bidez Jangoikoaren eskutik datorkiguna.

        Baña andia ba-dere, ez da bakarrik hau otoitz onaren bidez datorren on guzia; bide beraz datoz anitz eta anitz beste on ere, ta on, agerian Jesusek lenbiziko aldian otoitz egin zuenean agitu zenak agertzen dituenak. S. Joan Baptistaren bataioa artu ta bereala agerian edo S. Joanek eta S. Joanekin an arkitzen ziranak ekusten zutela jarri zen Jesus otoitz egiten, ta an Jesus ala zegola, idiki ta zabaldu zen zerua: et Jesu baptizato, et orante apertum est coelum (Luc. 3,21). Zerutik atera, jaitsi ta jarri zen Jesusen buru gañean uso eder bat zirudiela Espiritu Santua: et descendit Spiritus Sanctus corporali specie sicut columba in ipsum (v. 22), ta horduan aditu zen Ait Eternoaren hitzketa eder leun hau: (emen bataiatu ta otoitz egiten hari den) hau da atseginz andi bat egiten didan nere Semea: et ecce vox de coelo dicens: hic est filius meus dilectus, in quo mihi complacui (Matth. 3,17).

        Orra Jesusen otoitz aldi onetan an agi-gertatua, ta ara aldi artan an gertatuak adirazten duena. Jesusek otoitz egite berean zerua Jesusi idiki ta agertzea da guri adirazteko humilki jartzen denaren otoitza odeiak urratu ta iganen dela zeruraño ta ez dela jaitsiko eskatzen duena Jangoikoagandik erditsi bage: oratio humiliantis se nubes penetrabit, et non descendet donec Altissimus aspiciat (Eccl. 35,21). Jesusek otoitz egite berean Espiritu Santua zerutik jaisteak eta aren buru gañean jartze onek adirazten dutena da otoitz humillak egiten dituenaren bihotz-eratzen dela graziz, birtutez ta doaiez Espiritu San-tu bera, bertatik ari bere gauz onetan lagun egitera etorria. Eta Jesusen otoitz aldian mundu guziari Aitak esatea, «hau da atsegin egiten didan nere Semea», guri adirazteko da otoitz humillak egiten diozkanari hitz egiñen diola Jangoikoak bere barrenera ta agertuko ari atsegin egiteko ta zeruko laudantzak eta gloria irabazteko otoitz-gille berak egin beharra. Eta orra zer onak otoitz onetik datozen leneko zazpiak eta orain berriro ekusi ditugun irurak.

        Ongillea bezala indartsua da onaren otoitz humilla, bada otoitz humillak dakar otoitz-gilleagana Jangoikoaren urrikaltza, otoitz-gilleari barkatzeko egin dituen utsak eta bekatu guziak; otoitz-gilleagana dakar Jangoikoaren ontasuna onez ta graziz ta birtutez apaintzeko beraren anima; ta otoitz-gille beragana dakar Jangoiko beraren bazter bageko ahala ta eskua ere, ematen dion indarrarekin egin ditzan bestela egin ez zitzaken zeruko irabanzak, bai ta askotan beste gauz andi eta milagro berak ere.

        Hau guzia zekienak bezala San Bartolomek gau ta egun ta bere gauzak astean ta ekusi dugun adiña aldiz egiten zion Jangoikoari otoitz, eta, beraren gauzak adirazten dutenaz, egiten zion eskatzen ziona emanen ziolako uste osoan ta erditsi arte guzian, ta Jangoikoagandik otoitzez erdisten zuenarekin egiten zituen orain ekusiko ditugun beste gauzak ere.

 

 

§ II.

 

        Apostolu jaunak munduan banatu ta Jangoikoaren legea predikatzen asi ziranean munduko gaisoez agitz jabetua arkitzen zen deabru gaistoa, ta Jangoiko berak daki hau eskuratzeko, onen lan gaistoak urratzeko ta munduko berenen bihotzak maneatzeko, prestatzeko ta Ebanjelioko beren ereintzak egiteko izandu zuten lana ta nekea. Neke ta lan onen zatirik txikiena etzen S. Bartolomerentzat gelditu zena. Likaoniko ta Indiko erri ta probinzietan izandu zuena utzi ta goazen Armenian izandu zuena ekustera.

        Munduaz jabeturik arkitzen zen deabruak bere burua Jangoikotzat ar-erazi zien mundutar gaisoei, ta fededunen erriak orain Jangoikoaren Elizez bezala beteak zeduzkan munduko guziak bere elizez ta idoloz ta mundu guzian Jangoikoak etzuen israeldarren Jerusalengo Eliz bakar bat baizik. Bere eliz bakoitzean billatzen zuten mundutar gaisoak deabru gaistoa, bein jakin nai zituzten gauzak galdetzeko, ta besteetan etzuten osasun, ondasun edo nai zuten beste gauzaren bat eskatzeko, ta guzia zekien ta zezaken Jangoikoa baliz bezala egiten zuen aldian arganatzen ziranak liluratzeko ta itsutzeko diña.

        Orretarako lotzen ziozkan batari gorputzeko zañak, besteari tripako esteak eta zenbaiti begiak ekusiko badute behar duten zukua edo hura, ta uzten zuen lenbizikoa maingu, urgon ta erren, bestea sabeleko miñez betea ta besteak ekusterik bage ta itsu. Joaten ziran guziak eliz bateko edo besteko deabruagana ark an zituen apaiz txarrentzat zerbait diru, argizagi edo gauz eskuan zutela ta eskatzen zioten etzuten osasuna; ta horduan egiten zuena zen berak isillik eta gordean ezarri ziezten lokarri guziak kentzea ta loturik zedukan osasuna lasai uztea; baña ez, etzuten osasunik edo ekusterik ematea. Era bereko itxureriren bat egin ta bidaltzen zituen beste egitekoz beraganatzen ziran beste guziak. Eta zeren etorkizunen berririk ez duen, bat edo beste galdegiten zioten aldian naispillatzen zituen bere hitzak eta gezur ateratzen bazen erantzun ziena, esaten zuen aren hitzak besterik esan nai zutela.

        Askotan hau egiten zuen deabru bat arkitu zuen S. Bartolomek Armeniko erri bateko elizan. Mututu zen deabru hau S. Bartolome errira zeneko, ta milla galdantz eta eskantz ari erritarrak eta beste errietako zenbaitek eginagatik, ez aditu egin ta uzten zituen uts eta otz. Hau ekusi ta, utzi zuten arganako bidea erriko guziak eta beste errietakoak eta gelditu ziran Astarot-en apaizak (Astarot zen eliz artako deabruaren izena) zer jan etzutela ta gosez erdi illak.

        Andik ez urrutiko beste eliz batean bazen Berit zeritzan beste deabru Astarot bezain hitz-ontzi gezurti bat. Astarot-en apaiz gosetiak argana ziran ikasi naiez nondik zen Astarot-en mututantza. Galdetu zioten hau ango deabru Beriti. Etzen etorkizuna; izandu zena ta Beritek zekien gauza zen hau, ta eranzun zien apez galdegiñei Beritek Kristo Jaunaren Apostolu S. Bartolomek mutu-erazi zuela aien Astarot. Zuriz jauntzirik zebillen ta soñekorik urratzen etzuen gizona zela esan zien S. Bartolome ta gizon ez andia, gizon zuria ta gizon beste guziak gogoan zerabiltenaren berria zuena, bai ta aldi artan ark apaiz `berei esaten zienarena ere, ta bere burua gorde nai bazuen, mundukok arkituko etzuen gizona zela ta Jangoikoak emanik anitz aingeru berekin zituena.

        Beriten berriarekin irur egunez ibilli ziran apezak Apostol S. Bartolomeren billan. Arte onetan sendatu zuen S. Bartolomek gizon deabrutu bat. Sendantz onen berria banatu zen erri guzian. Aditu zuen erri berean bizi zen Armeniko erregek ere berri hau. Erregek bazuen deabruturik arkitzen zen ta Astarot-ek ezin sendatu zuen alaba. Dei-erazi zuen S. Bartolome bere alaba sendatzera ta deabru gaistoaren atzaparretik ateratzera. Arkitu zuen Santuak prinzes deabrutua, besteri bere atzaparrez gaitzik egin etzezon katez lotua. Ken-erazi zituen aren kateak eta Jesus izendatze batekin utzi zuen prinzesa deabrurik bage ta guztiz sendatua.

        Eskerdun onak bezala eman nai zion erregek S. Bartolomeri diru zati andi bat, baña eskerrak eman ta utzi zion erregeri bere dirua ta aren egiteko guzia zela, esan zion, errege berari ta nai zuten beste guziei lege zuzen bat eta zeruko bidea agertu ta erakustea. Agertu ziozkan Jesusen Jainkonza, Jesusen bizitza ta eriotza ta irugarren eguneko bizkuntza, bai ta beraren lege santa ta zerurako denak jakin behar duen beste guzia ere ta esan zion nai bazuen aitor-eraziko ziola Astarot mututuari egia zela esaten zion guzia, ta itxureria ta gezurra baizik ez Astarot berak horduraño esan ta egin zuena.

        Baietz, nai zuela erregek esan ta joan ziran biak Astaroten apaizak eta beste nai zuten guziak Astaroten elizara, ta S. Bartolomek agin-manatu ta, aitortu zuen Astarot deabruak egia zela S. Bartolomek don guzia ta hura Jangoiko ez, baizik Jangoikoak suleze-infernu bizian erretzen zedukan deabru txar itsusi galdu bat zela. Eta hau ala zela erregeri ta an arkitzen ziran beste guziei adirazteko esan zion S. Bartolomek ager zedilla bereala ta onda zedilla bere lezean; ta bertan agertu ta bere itsustasunarekin erdi illak utzi zituen ekusi zuten errege ta beste guziak, eta ondatu zen sekulako infernu errean ta gelditu zen eliza S. Bartolomerekin zebiltzan aingeru onak paret guzietan egin zituzten gurutz guztiz ederrez betea, ta hau ekusi ta, errege bera eta beraren erreinuko anitz eta anitz egin ziran Jesusen legeko fededun.

        Ekusten dezu zenbat milagro ta gauz andi egin zituen S. Bartolomek emen bertan ere. Bada emen zena izandu zen beste bazter guzietan ta nai-ta-ez agitz andiak eta anitz izandu ziran predikatzen ibilli zen erri ta toki guzietan egin zituen gauzak eta milagro txarmagarriak, eta guziak egiten zituen Jangoikoari gau ta egun egiñaz otoitz ta otoitz, ta egiten zion adin aldiz ta egiten zion bezain uste ta bihotz osoz otoitz egin ta. Orra bakoitzak bere gauzak ongi egiteko bide zein egokia den otoitz usteduna.

        Bai, ta eriotz on baterako ere. Bere zori onekoa otoitzez ta Jangoikoaren izenean egin zituen gauz onak gatik erditsi zuen egungo Apostolu S. Bartolomek. Hau izandu zen martiriozkoa ta martirio gogorrezkoa; bada Astaroten apaiz gaistoak eta bataiatu zen errege onaren anai gaistoagoak borrero gogorrak billatu ta kendu zioten bein burutik oñerañoko larrua ta gero ezpataz buru bera ta bizia, ta bertatik igan zen beraren anima Apostolu andi martire baten zeruko atsegintzetara. Eta igan zen ara gauz onetarako ta eriotz on baterako bidea guri agertzen zigula, ta agertu zigun bidea da berak eraman zuena edo ekusi dugun bezain maiz gau ta egun otoitz egitea. Jangoiko maitagarriak digula hau guk artzeko ta zeruan gero Santu otoitz-gille andi beraren lagunak izateko grazia: bai arren, bai.

 

aurrekoa hurrengoa