www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Festegunetarako irakurraldiak
Sebastian Mendiburu
1740-1767, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Mendibururen idazlan argitaragabeak, Sebastian Mendiburu (Patxi Altunaren edizioa). Euskaltzaindia, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

XVIII.
Jesusen Amaren ama Sant Anaren
eguneko irakur-aldia

 

Simile est Regnum Coelorum thesauro
abscondito in agro. Matth. 13,44.

 

Gaia: Jesusen Amaren amari dagokana da
ta guztiz andia Sant Anaren birtutea.

 

        Izandu dira andre ezkondu, beren ezkontzan humerik bage bizitu diranak, eta andre ezkondu humedunak. Azkenekoetatik dira munduko ezkondu geienak. Humerik bageko andre ezkonduak, birtutedunak diranean ere, ez dira ezagunak, duten birtutea andik edo emendik agertu artean. Ester humerik bageko erregin ezkondu birtuteduna zen, ta bere israeldar bestela galdu beharren alde egin zituen baru gogor ta otoitz humill-beroak eta ark errege andi Asuerorekin egiña ikasi ezpagenitu, jakiñen ez genuen norañokoa zen ta zein andia aren birtutea. Betulitar alargun humerik bageko Judit nor zen ere munduak etzekiela bizitu zen bere itxearen gañeneko gelan, Asiritarren gerrari andi Holofernes bere ejerzitu izugarriarekin an agertu ta, bere gela utzi, isilkako otoitzak eta baruak bukatu, erritik atera, Holofernes billatu, zekarren ezpata artu ta bere ezpat berarekin burua kendu ta Holofernes illaren buruarekin bere errira, itxera ta gelara itzuli arte guzian; baña aldi artan egin zuenarekin agertu zuen zuen birtute andia ta aldi artatik ezagutu zuten zentzat eta honratu zuten andre birtutedun anditzat israeldar guziak: Post dies autem illos.. . Judith magna facta est in Bethulia, et praeclarior erat universae terrae Israèl (Judith, 16,15).

        Humerik ez duten andre ezkondu ta alargunak, bada, ta hume txarrik baizik ez duten beste guziak berez kontu onekoak eta birtutedunak diranean, Libano deritzan mendiko arbol andi zedroak bezala dira; bada zedro andiak dira, zur edo ol egin ta ekusi arte guzian, besteen gisan galtzen diranak diran edo betikoak ageri etzaienak; eta andre oriei ere ageri etzaie birtutedunak diran edo ez, egiten dutena ekusten den artean. Berak bestetan beren birtutea agertu ezagatik, birtuteduntzat edozeñek ezagutzen dituen andreak dira hume onen amak, baña guziak ez, baizik orien baitan ontzen edo onak jaiotzen diran humeen amak; bada anitz ama gaistoren hume, grin gaistokoak jaio ta gero Jangoikoaren graziz ta graziari berak laguntzen diela ontzen dira ta zenbait aldarera santu egiñik iganen ere bai; baña orien amak, udare min gero eztiz edo zukare urtuz goxotuak ematen dituen arbol udarea bezala dira, ta udare miñak ematen dituen arbola ez da arbol ona; ez eta ama ona ere hume gaistoak ematen dituena, hume gaistoen aldetik beintzat.

        Arbol frutan ona da udare, sagar, txermen, mizpiru edo gerezi onak dakartzena ta bere ostartean ta adarretan humotzen, zoritzen ta sasoi oneratzen dituena; ta ama ona da hume on-duna edo berak ondurik uzten duena. Era onetako irur arbol ta ama on guziok ezagutzen ditugu: San Joan Baptistaren ama bata, Jesusen Amaren ama bestea ta irugarrena da Jesus beraren Ama maitagarria; bata baño bestea, dirudienaz, obea, hume obearen ama bezala; ta irugarrena beste biak eta munduko ama on guziak baño milletan ta milletan obea; zeren onen humea beste hume on guziak baño milletan ta milletan ta ezin asm-al-adiña milletan obea den; hau alabaña da Jesus maitagarria, Jangoiko-gizon Andre Mari Birjiñaren Semea.

        Aldi onetako gure egitekoa ez da ekustea norañokoa den Sant Isabelen edo Jesusen Amaren ontasuna ta birtutea; gure egitekoa da egungo Sant Anaren birtute andia al dugun aldetik ekustea; ta alde bat eta beste zirritu bat baizik ez dugu zer birtute ta norañoko birtutea den Sant Anaren birtutea ekusteko. Hau ekusteko dugun alde zabaldurik ekusten duguna da egungo Ebanjeliokoa ta orain guk adirazi duguna edo Sant Ana beraren amantza; ta ekus-zirritua da Sant Anak berak egiten zuena; ta ekus-zirritu, Sant Anaren egiteko bat edo beste baizik agertzen ez diguna; bada bi milla urteren inguru da Sant Ana emen munduan bizitu zela ta urruti artako berriak ez ezik, geroz ta geroz izandu diran gauzenak ere osoki edo geien-geienak beintzat galduak arkitzen dira. Dakizkigun piskaei ta Ebanjelioko zati bati begiratuz, bada, ekusi behar dugu Sant Anaren birtutetik al duguna.

 

 

§ I.

 

        Jesusen Amaren ama Sant Ana belendarra zen, Dabid errege bezala ta Dabid beraren itxeko alaba. Dabiden etxe bereko etorkia zen Sant Anaren senar S. Joakin ere, baña Gallileeko Nazareten jaioa. Ezkondu ta urrengo ogei urteetan bizitu ziran humerik bage eta orregatik ongi naigabetuak, buruz beratuak eta humilzez agitz beteak; zeren judatarren artean Jangoikoaren maldizipekoa bezala zen ezkondu humerik etzuena, ta berezki Dabiden itxekoa edo ango etorkia; zeren orien ondorengoa izan beharra zen israeldar guziak uste zuten Mesias andia ta Mesias onen aitzineko ezin izan zitekeen humerik bage iltzen zen ezkondua.

        Jangoikoaren beldurti onak ziran senar-emazte San Joakin ta Sant Ana; bazekiten biak Jangoikoaren doaiak dirala hume onak, eta doai, berak nai duen ezkonduei ematen dieztenak, eta bat bazen ere izan naiez egiten zioten anitz eskantz eta otoitz, etziran otoitz utsak egiten zituzten otoitzak; lan onak laguntzat zituzten otoitzak ziran, ta lan on, zituzten ondasunekin egiñak; bada beren ondasun ta bazter guzietatik biltzen zutena egiten zuten iru zati: zati bata ematen zioten Elizan Jangoikoari, bigarren zatia ematen zien beharsu gaisoei ta irugarren zatiarekin egiten zuten beren jan-edana ta beste behar zutena.

        Humill onen otoitzak aditzen ditu Jangoikoak eta otoitztariei dagoten aldian ematen die eskatzen dutena; bai ta, askotan beintzat, geiago ta geiago ere, egungo Sant Anari ta onen senar San Joakin bezala; bada oriek hume bat eskatzen zioten beren otoitz onetan Jangoikoari ta Jangoikoak eman zien nolanaiko humea ez ezik, Jesusen Ama bezalako humea, ta beren hume hau baño len eman zien Jangoiko onen maitariak emanen zielako poza ta atsegintza; ara nola.

        Egun batez igor-bidaldu zion Jangoikoak S. Joakini aingeru bat esatera: «Aditu ditu Jangoikoak zure ta zure andre Anaren otoitz humillak eta izanen dezue eskatu dezuten humea; bada aurdun geldituko da Ana ta Jangoikoak ematen dizuten alabari eman behar zaion izena da Maria. Sara, Rebeka, Rakel ta mundu guzian izandu diran zori oneko beste emazteki guziak baño zori obekoa izanen da zuen alab Mari hau; bada izanen da Espiritu Santuz edo Espiritu Santuaren graziz, birtutez ta doaiez betea». Eta agitu zen aingeruak San Joakini esana ta azkenean izandu zuten Jesusen Ama bezain zori oneko hume bat.

        San Joan Baptista jaio zenean anitz atseginz izandu zuten aren jait bazterretako jende guziak, zeren zen anitz urtez agor egondu zen amaren semea; izanik, zen bezala, Jesusen Ama Maria ogei urtez agor egondu zen amaren alaba, ta alab, zen bezalakoa, zer atseginza ta poza Sant Anak eta onen senar San Joakinek jaiorik hau ekusi ta izandu zutena! Andiagoak izanen ziran orien poz-atsegintzak jakin balute gaur dakitena edo orien alab jaio berri onek izan behar zuela uste zuten Mesias andi Jangoiko-gizonaren zori oneko Ama.

        Ikasi zutenarekin ere poz andiz beteak gelditu ziran ait-amak eta eskerdun onen gisan Jangoikoaren ontart andi onen alde zezakeen guzia egiteko asmoan, ta anitz luzatu bage egin ere zuten Jangoiko berari atsegin andia eman zion gauza. Zer, uste dezu? Jerusalengo Elizan beren alab maitearen presenta.

        Eliz oni zitxekola bazen erri artan gazteen bizitegi egoki bat eta an azitzen ziran israeldar andien zenbait alab. Orien ango egitekoa zen Jangoikoa kontuz serbitzea, zori oneko serbitzu oni zegozkan gauzak ikastea ta Elizako oial meak eta beste gauzak egin ta apaintzea. Jangoikoak gogargiz adirazi zien San Joakini ta Sant Anari arako nai zuela anbat urteren ta otoitzen buruan eman zien alaba Maria, ta bihotzean min ematen bazien ere, beren alab maite hau ara eraman ta uzteak, guzia zor zioten Jangoikoari atsegin hau egin naiez artara ziran, ta ara eraman ta berak beren eskuz eman zioten Jangoikoari Jerusalengo bere Elizan bere alaba maite Maria, horduan irur urteko aurra, ta itzuli ziran beren itxera len bezain kontuz edo kontuzago bizitzera ta beren egunak santuki bukatzera. Eta orra Sant Anak horduraño eginikako bizitza.

 

 

§ II.

 

        Sant Anak egin zuenaren aldetik begiratu diogu Sant Ana beraren birtuteari. Begiranz hau illunbean arkitzen den gauzari zirrituren batetik egiten zaionaren gisakoa da eta ez ekustea bezala, ta obeki hura guk ekusteko begiratu bear diogu, egungo Ebanjelioko argia eskuan artu ta, bere alab Mari birjinaren aldetik ekusten dugula.

        Zelai alorpeko lurpean estalirik arkitzen den ondasunaren gisakoa da, dio gaurko Ebanjelioan Jesus maitagarriak, zeruko erreinua (edo animeen virtutea). Ondasun hau an arkitzen duenak poz uts egiñik estaltzen du alik ongiena, badijoa bere itxera, egiten du diru duen guzia ta bere kezkatik ez da ateratzen zelai-alor ondasunduna erosi ta beretu arte guzian. Eta orra orrenbat berez balio etzuen bazterra zein balioduna bere barrenean dakarren ondasunagatik; eta zenbat ere andiagoa dakarren ondasuna, anbat geiagokoa alor-zelai edo bazter bera. Bere birtutez ta egin duenagatik Sant Ana da gariket onak ematen dituen alor-zelaiaren gisakoa; baña bere baitan bederatz illez gorderik iduki duen alabagatik barren guzia urre zillarrez, perl andi garbiz ta diamant ederrez beterik dadukan lur ona bezala, ta orregatik da beste ezkondu humedunak ez bezalako birtutez ta zeruko doaiez apaindurik arkitzen den humeduna.

        Zenbat balio duen bazter ondasundunak ekusteko ekusi behar da zenbaterañokoa den aren ondasuna, ta ongi ekusteko nolakoa ta norañokoa den egungo Sant andi Sant Anaren birtutea, ekusi behar duguna da zein andia ta nolakoa zen beraren alab Andre Mari Birjiñaren grazizko ta Espiritu Santuaren doaiezko ondasun-birtutea, bere ama Sant Anaren baitan arkitzen zen denboran ere, edo zer zen argandik jaio baño len Jangoikoak Mari Birjinaren animan egiña ta nolakoa ark oni eman zion ondasundia.

        Jangoikoak gizon egin ta bekatupetik gu ateratzeko asmo-gogoa artu zuenetik artu zuen bere Amatako Sant Anaren zori oneko alab Andre Mari Birjiña; bai ta hau Jangoiko berari zegokan eran egiteko asmo-gogoa ere, ta onen egin aldia etorri zenean egin ere zuen Sant Ana aurdun gelditze beretik.

        Garbinz bera da Jangoiko-Seme gizon egiña ta Jangoikoak oni zegokan Ama egiteko egin behar zuen garbitasun zuri ederrez jaunzirikako ama bat eta egin ere zuen; bada Adanen bekatuak uki etzezan onen anima, egin zuen Jangoikoak anim hau bein bere aingeru garbi ederrak eta gero Adanen ta Ebaren animak bezala graziz apaindua, ta bere gorputzarekin bere ama Sant Anaren sabelean bat egiña gelditu horduko, gelditu zen zeruan eguzkia bezala: electa ut sol; ta eguzkia Jangoikoak egin horduko arkitzen zen illunzik bage ta argiz betea ta Jangoikoarentzat eguzkia illunberik bage egitea bezain errez zen Andre Mari Birjiñaren anima bekatu etorkiaren illunberik bage ta graziz apaindurik egitea, ta ala zegikela, etzegokan Jangoikoari bere Amatako egiten zuen bat Adanen beste ondorengoen gisan egitea.

        Eta eguzki bera bezain garbia ez ezik, egin zuen Jangoikoak bere Amaren anima bekaturako grinik ere bagekoa. Bekatua da aragia nasten duena, bekatudunaren pasioneak asaldatzen dituena ta gaitz aldera bekatudun bera tiratzen duena; baña Jesusen Ama bezala bekaturik ekusi bage ta lenbiziko justizi grazizkoan bizi dena bizi da soseganz osoan, bakedi ezin obean ta bekat alderako makurzik ez duela, len Adan ta Eba bekatura ziran artean bizitu ziran bezala.

 

 

§ III.

 

        Sant Anaren alabak ekusi ditugun bi gauzak baizik izandu ezpalitu ere, bazuen hordurañoko humek izandu etzuen zori ona; bada hordurañoko humek izandu zuen geiena izandu zuen San Joan Baptistak, eta San Joan Baptistak etzuen amaren sabelean orrenbat izandu; bada besteak bezala izandu zuen bere bekatu etorkia ta etzuen izandu, Jesusen Amak bezala, betiko garbinz zerukoa, amaren sabeletik atera baño len Jangoikoak bere graziz garbi-apaindu bazuen ere; ta noizbait bekatudun izanduari ez dagoka berez bekaturako griñik eta makurrik bage bizitzea, Jesusen Ama bere amaren sabeletik asi ta ill arte guzian bizitu zen bezala. Bada bi gauz orietatik bat ere S. Joanek bere amaren baitan izandu ezpazuen ere, S. Joanen ama zori oneko ama bada, ta ama santa ta Sant andi aldareetan arkitzen dena, zeren aren semeak argandik irten, atera edo jaio baño len utzi zuen guk geren bataioan bezala bere bekatu etorkiaren kutsu guzia, zer zoritakoa ta zein santa ta zein birtuteduna izanen da bekatu etorkiak ukitu etzuen, zeruko eguzkia bezain garbia zen ta aragiz jauntzia egonagatik aragirik ez duten zeruko aingeru berak baño gaitz-alderako makurtasun geiago etzuen alabaren ama Sant Ana?

        Baña esankizunaren aldean deus ez edo ezer guti da oraindaño guk hau ekusteko esan duguna. Sant Anaren alab Andre Mari Birjiña amaren baitatik artua zedukan Jangoikoak bere Seme Jangoikoaren Amatako ta zeruko aingeru ta munduko guzien erregin izateko. Andre Mari Birjiñaren Seme Jangoiko-gizonak gizon egiten zen hordutik izan bear zuen Santuen Santu, ta beraren Ama Mari Birjiñak Santu beren Santa; ta Sant, Jangoiko-gizonak Santuen Santu izateko zuen santantz eta santasun guzia berekin zuena, bai ta beraren animak ar al adiña grazi, ta grazi beraren mehatz eta iturri guzia ere; ta Jesusen Amak Santu ta Santa guzien santa izateko izan behar zuen zeruko aingeru ta lurreko Santu guziak baño grazi ta birtute ta Espiritu Santuaren doai geiago; bada zuen izenari ta egitekoari zegokana zen Espiritu Santuagandik zuena, ta zuen izena ta egitekoa zen Jangoikoaren Amarena ta aingeru ta gizon guzien erregiñarena, ta aingeru ta gizon guzien izena ta egitekoa zen beren erregin ta Jangoikoaren Amaren serbitzariena, ta serbitzari guziei baño agitz eta agitz geiago da orien erregiñari ta erregin Jangoiko beraren Amari dagokana.

        Eta zegokan grazi guzia eman zion Jangoikoak bere Amari Sant Anaren baitako askuntz eta aste beretik, ta eman zion, dio S. Jeronimok (Ser. de Assumpt., t. 2) Santuei bezala zatika ez, baizik bat batean ta betanzez bezala ta hordu berean gelditu zen Jesusen Ama, itsasoa ur gaziz bezala, graziz ta birtutez betea. Bada zeren Sant Isabelen sabelean beraren seme S. Joanek artu zuen grazi zatiagatik orrelakorik ekusi etzuten beste amak baño zori obeko ama izandu bazen Sant Isabel, zer zoritako ama ta zein parerik bagekoa ote da Sant Ana, beraren baitako askuntzetik Jesusen Amak artu zuen graziaren bakuntz eta betantz andiagatik?

        Hau adirazteko bada oraindik geiago ere. Etzion Jangoikoak Jesusen Amari hordutik eman grazi hau guzia geldirik idukitzeko; eman zion hordu beretik asi ta bere ill horduraño gauz onak eta obeak egiteko ta gelditu bage, utsik egiten etzuela ta guztiz ongi guziak, egin zituen bezala, egiteko eskuarekin, ta orretarako utzi zuen Jangoikoak lenbiziko bere asieratik grazian konfirmatua ta utsik txikienik ere ez egiteko seguratua.

        Egiñik arkitu zen hordutik bazuen Sant Anaren alab onek edo Jesusen Amak gero jaio ta anditu ondoan adiña adimentu zuen grazi ta laguntz andiarekin, Jangoiko berak daki zenbat zen jaio artean bere Amaren baitan ark egiña ta irabazia. Eta orra zer ondasuna ta fruta zori oneko arbol ta andre ezkondu Sant Anak emana! Ezin andiagoa, ezin ederragoa ta ezin obea; bada agertu ez da, ez ta agertuko ere, Sant Anaren alab hau bezain grazidunik, ondasundunik eta Espiritu Santuaren birtutezko ta doaiezko edergarridunik, ez eta onek izandu zituen milla ta milloi gauzen laurden bat izandu edo izanen duenik ere; ta frut ona dakarren arbola arbol ona bada ta obea dakarrena obea, Jesusen Am hau bezain frut edo alab birtuteduna ekarri zuen Sant Ana zenbat birtuteko arbol edo ezkondu humeduna ote da? Nik ezin adiraz dezakedan diñakoa, baño nai ta ez agitz andikoa, ta bidenabar bere alab berarekin ta onen Seme Jangoiko-gizon Jesus maitagarriarekin esku andikoa. Eska zagozu, bada, balia dakizula biekin, zuk ere zere anima birtutedun egiteko ta baliatuko zaitzu; bai segurki, bai.

 

aurrekoa hurrengoa