www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Karmela
Jean Pierre Harispe
1886

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Karmela, Jean Pierre Harizpe (Gurutze Aldabaldetrekuren eta Amaia Bonetaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1992

 

aurrekoa hurrengoa

PENITENTZIAREN GAINEAN

 

        Jaunaren hitza Jonas Amatiren semearenganat jautsi zen eta erraten zioen: «jaiki adi eta Ninibako iri andira oa eta nere aldera konberti edo biurtzatzik guziak, zeren ekien tzarkeriak ene antzinera igan dituk.»

        Eta Jonas jaiki zen, eta Jainkoari ies egin zioen.

        Untzi baten barnean itsasoan eman zen, eta bazoan bazoan beti. Uste zuen Jainkoari eskapatu, baiñan noiz eta ere ezti eztiena untzian beitzoan mugitu eta igitu gabe batere, aize izigarri bat alxatu zen, edoiak beltztu ziren, zerua estali zen, tiraiñak urezko mendi batzuek bezala, bazabiltzan alde batetik bertzerat.

        Mendebala eta galernaren erdian untzi gaixoa desmastatua, mastarik gabe bazabillan, artikia tirañetarik tirañetara. Oiu eta deiadarrak beizik ez ziren aditzen itsasoaren marraskarekin batean. Oi zer gauza tristea. Guziak belauniko zagozin eta bizkitartean Jonas lo zagoen.

        Jaiki arazi zuten laster, eta atzarri ondoan profetak berak erran zuen beorrik zituela falta edo gaizkitasun guziak, eta artiki zuten urera.

        Orduan aizia eztitu zen, itsasoa apaindu zen, oiuak ixildu ziren, eta untzi gaixoak bere bidea segitu zuen.

        Irur egun arrain baten barnean Jonas egon zen eta irur egunen buruan leiorrera etxatua izan zen. Eta Jainkoak berriz itz egin zioen: Jaiki adi eta oa Ninibako iri andira, eta eneganik aditu ditukan itzak errotek.

        Orduan Jonas jaiki zen, eta Jaunaren itzaren arabera, Ninibara goan zen. Eta Jonasek oi egiten zuen erraten zuelarik: Oraiño berrogei egun eta Niniba xautua eta ondatua izanen da.

        Eta ordu berian Ninibatarrek Jainkoa beitan sinetsi zuten, eta penitentziazko arropak artu zituzten.

        Urte guzietan garizumako denboretan apez guziek Jonasek bezala oiu egiten dute: oraitik denbora guttiren buruan mundua guretzat akabo izanen da: penitentzia beraz bear dugu egin.

        Denbora luzerik ez dugu bizitzeko. Zenbeit egun oraiño, zenbeit ilabete, zenbeit urte bear bada eta mundua akabo izanen da guretzat. Gure bizia laburra da: lore baten pare goizian iduzkiaren aintzinean dirdiratzen dugu, arratseko itzalak eldu diren bezin laster lurrerat eroriak gaude.

        Penitentzia beraz, beti penitentzia.

 

aurrekoa hurrengoa