IRUDI VII GARRENA
Karmela, Ramon, Lehenburu
LEHENBURU
Rafaelen alde nere gozatzeko,
Jainkoak eman daut semetzat betiko
Ramon Mendizabal. Zu nere Karmela.
Non ibilli zare? zoroa bezala?
KARMELA
Aita badakizu zenbat maite dutan
Nik Eskual erria. Nere bihotzean
Ezin gorde zaket zer dutan sentitzen.
Guzien gaiñetik ura dut maitatzen.
Ezta mundu untan deus unen parerik,
Bazter guzietan ongi billaturik.
Eskual erria da ama maiteena,
Bere lur odolaz azten gaituena.
Negua denian mendi xokoetan,
Ibaia egiko sasi pollitetan,
Dazka gorderikan xoriño gixenak,
Eta soropetan erbi belardunak.
Udako beroak etortzearekin,
Aritzen azpian itzaltxoarekin,
Berak zabaldurik leialki bularrak,
Ematen dazkigu landare ederrak.
Arroka zilloan urxoak baditu
Mendi bizkarrean, bagare berotu.
Egunaz lanean, unatzen bagare,
Soro lurrinduak zelaian badire.
Antxet xoriñoa kantuz ai delarik
Egiten dugu lo, lurrean goxorik.
Au da azkenekotz, au da nere lurra;
Emen ni sortu naiz, ni naiz unen aurra.
Gure gurasoak, emen egon ziren,
Ekien lurrean, ni naiz geldituren.
Nere odol berak, erraten nau aski,
Emengo naizela emengotz osoki.
Euskualdun zaharrak unek azi ditu,
Eta hill ondoan belarrez gordetu.
Guk gure urratsez alxatu errautsa,
Da gure maiteen gorputzaren autsa...
Emen diren gauzak bertzetan badire,
Baiñan hek ordian, gureak ez dire.
Bertze tokitako, mendi ta ibaiek,
Arbol, belar, lore, larre, ta zelaiek,
Ez gaituzte guri deusikan erraten,
Ez eta bihotza batere ukitzen.
Euskual erriak nau bakarrik gozatzen;
Nere bihotzari hark daki mintzatzen.
Beaz nere aita, urren ikustean,
Gure lur maitea etsaien oiñetan,
Sentitu nuen nik mugitzen odola,
Nere ama galdu banuke bezala.
Orduan niori erran gabe deusik,
Emendik gan nintzen erresaka, pozik,
Gureak mendian, ongi laguntzeko;
Emendik etsaiak laster igurtzeko.
Bainan eien alde ni ganintzenian,
Ikusi nituen nere urbillean,
Lau gizon nere zai, errekan zirenak,
Ixilik, gorderik, lurrean etzanak.
Asirik lasterka ies egin nuen:
Bainan eien batek atzeman ninduen.
Orduan guziek pozikan arturik,
Bertziak mendian xiztuka deiturik,
Eraman ninduten zelaian barnaka
Otsoak bezala oiu marrumaka.
Nolanaizka gero ninduten ibiltzen,
Aita zuretako, ni galdua nintzen.
Oso sumindua zutaz etsiturik,
Nigarrez nindagon, nereak galdurik;
Noiz baitzat agertzen sasian gordea,
Bere gizonekin, Ramontxo maitea.
Altxatzen da laster, dena errabia.
Bi makilla kolpez hiltzen ditu bia.
Euskualdun guziek Ramon ikusirik,
Erra bihotzean kuxian arturik,
An ziren etsaiak garbitu zituzten,
Eta zureganat ekartzen ninduten.
Orena berean, Ramon an zabillan
Ikusteko ea sasi gibelian
Etsaiak oraindik baziren gordeak,
Edo belarretan xeletan etzanak.
Nola mendi goian arranoen ama
Biribilka dabill, etxatzian luma,
Bere ohatzeko umeen gainean,
Ongi goxatzeko hekiek barnean,
Ala Ramon bera, gure ingurutan
Zabillan lasterka soro bazterretan.
RAMON
Ederki gaitutzu Karmela kondatzen,
Nik zer egin dutan. Ez duzu edertzen
Ordian maitea, zuk egin duzuna:
Zuk duzu xedea guziz apalduna.
Aitaren gaiako alaba bortitza,
Xamur bainan azkar dakazu bihotza.
Gorputzen gaiñetik naiaz andiago
Arimen indarrak ditutzu geiago.
Ez dut nik ikusi zu bezalakorik:
Indar, goxo, bortitz, eztiagokorik.
Egin ditutzunak nik ditut erranen.
Karmela guziek an dezaten omen.
Sasi gibeletik gu xeletan giñen.
Etsaiak ondotik laster eldu ziren.
Mendi bizkarraren patarra beera,
Karmelak botarik arri bat ederra,
Bere leen kolpez, iru hiltzen ditu.
Bertzeak botarik ies ematen tu.
Ez zaioten eder gizon ekieri,
Karmelak eietaz egitea irri.
Or jazartzen dire, mendien gaiñetik,
Tropako guziak Karmelen ondotik.
Baiñan ies ganik nere andre gaiak,
Etsaiak mendian dazka banatuak,
Eta eienganat itzultze guzitan
Bat etzaten zuen kuxian oiñetan.
Azkenian beaz, indarra galdurik,
Bera erori zen han atsak anturik.
Orduan etsaiek arrapatu zuten,
Eta mendiz mendi pozik zaramaten.
LEHENBURU
Aski da maitea neri zait iduri,
Zu biek ederki, bat bertzien berri
Badakizuela, Ramon, zure aita
Aixtian emen zen. Nerekin izketa
Ari zen auhenez.
RAMON
Nere aita emen?
Ordian oraintxet, ez dakizu non den?
LEHENBURU
Nere gelatxoan bear du hark izan,
Nigar separekin ixil otoitzean.
Karmela zoazi, eta deitu zazu.
Arekin bakarrik hitz eginen duzu.
|