IRUDI IV GARRENA
Lehenburu, Araneder
LEHENBURU
Eta zer diozu Ganix Mendizabal?
ARANEDER
Ni nago zurekin deus ez egin ahal,
Mendietan diren gure gazteentzat,
Aita Lehenburu, deus ezta neretzat,
Deus ez mundu untan, deus ez miñagorik,
Nola bi gazte ikustea galdurik!
Oraindik bederen, nere bihotzean,
Ez banu sentitzen, nik zer egin dutan,
Egonen nintake nigarrez bakean,
Izanik lausenga, miñaren tokian.
Baiñan, nola goza gozorikan gabe,
Izanik arima zorigaitzez jabe.
Nola, gau tristean, egin lo gozoak,
Burua betetzen duenian kexoak.
Ezta neretako gozamen osorik.
Arima guzia daukat, zauriturik.
LEHENBURU
Jaungoikoa baitan emazu bihotza,
Zure Ramonentzat egiñik othoitza.
Arkituko duzu, barnean bake bat
Zure miñendako behar den bezinbat.
ARANEDER
Baiñan bere griñak nau dena betetzen,
Egun guzietan bihotza xautzen.
Zuk aurren gainean nigar iten duzu,
Baiñan zure baitan bakea dakazu.
Gizonak barnean ote du pairatzen,
Bederen ariman bake du kausitzen.
Arimaz ordian ez badago garbi,
Griña batendako jasaiten ditu bi.
Nion eztu gero goxorik billatzen,
Bere baitan ditu griñak erabiltzen.
Toki guzietan miñak daramatza,
Ardi kolpatuak sasien arantza,
Barnegi sartua, dabillan bezala.
LEHENBURU
Beaz zure miñak eginez ahala
Ez dire kenduko.
ARANEDER
Barnegi sartuak,
Nere baitan dazkat, eta goortuak.
A bazindakizu, zuk emen nor naizen,
Ez nintake egon zurekin mintzatzen.
LEHENBURU
Bere bihotz miñak oso du gainditzen
Eta men berean burua nahasten.
Zer balio du zu dena xautzea,
Eta zure baitaz bihotza galtzea?
ARANEDER
Erran bear zaitut, ba, bizkitartean,
Nik zuri lenago zer egin zaitudan.
LEHENBURU
Neri zuk maitea, neri zerbeit egin,
Barkatua zaitut bihotz guziekin.
ARANEDER
Bainan ez dakizu zer barkatzen duzun.
LEHENBURU
Neri zer doakit, zu zare beardun,
Zorra kentzen zaitut.
ARANEDER
Barkatuko nauzu?
LEHENBURU
Barkatua zare.
ARANEDER
Baiñan zer zare zu.
Gizon edo Jainko! gu guziak aurrak
Gare zure parez. Erran itz ederrak
Ederki badio! Nauzu barkaturen!
Bihotz nik len illak, orain nau pizturen.
Beaz Jauna baitan arturik indarra,
Adi zazu nitaz, zer den gizon erra.
|