Egimen bigarrena LEHEN IRUDIA
Aita Josep eta Araneder
ARANEDER
Agur aita Josep.
AITA JOSEP
Agur! nor zare zu?
Ez zaitut ezautzen barka diezadazu.
ARANEDER
Begira begiak, ukitu eskuak...
Zuri deusik orain ez dio bihotzak?
AITA JOSEP (arritua)
A ba Jaungoikoa! Zutaz naiz oroitzen.
Unat etortzerat zare ausartatzen
Ez dakizu beaz zoin etxetan zaren?
ARANEDER
Badakit ederki zoin etxetan naizen...
Bainan nere Ramon non ote da bizi?
Norekin etxean, zuk zinduen utzi?
AITA JOSEP
Beldur andietan ikaretan nago!
Xeletan entzuten norbeit ote dago?
Ez, bakarrik gare. Baatxe, baatxe,
Itz eginen dugu, gu biek ementxe...
Ramon, nik uste dut, menditarat gantzen.
ARANEDER (gogoetan)
Aitaren gaizkiak an ditu garbitzen!
AITA JOSEP
Ez bada gauz oitaz gogoa betetu,
Eta urrikiez bihotza damutu.
Jainkoaren manuz gaizki, nigartua,
Da gure nigarrez oso garbitua.
Gaizkiduna ziñen, baiñan zuk ordian
Izan duzu barka bihotz odolian.
Aixtian guziek gaiztotzat zintuzten.
Nik bakarrik zutan, griña dut ikusten.
Eta zure miñak lausengatziarekin,
Ematen zaizkitzut barne bakiarekin,
Jainko gozamena.
ARANEDER
Zuri tut eskerrak.
Aita, zer nai duzu, gaizkien beldurrak
Beterikan daka nere dolu miña.
Utsa barkatua, griña zait berdiña.
Badire gaizkiak aren gaizkikoak,
Non uzten beituzte frutu betikoak.
Oraindik guzia, nik ez zaitut erran.
Zuk ez adituak, badazkat barnean.
Aita beha zazu.
AITA JOSEP
Nago dena zuri.
ARANEDER
Nere urrikia nai zaitut ixuri.
Badakizu nola mendi bazterrian
Ikusi ninduzun etzana lurrean?
Egondu nintzen han urrikari miñez,
Oso goibeldua, deus ezin egiñez.
Noizian bein Rafael, agertzen zitzaitan,
Amets bat bezala, nere begietan.
Burutik beera zarion odola,
Nik sasian utzi nuenian bezala.
Batzuetan ere idekiz aoa,
Beatzen ninduen galdurik gogoa.
Gure gurutzea bihotzean zuen.
Eta boz eztiaz egiten ninduen:
Jainko guziz onak barka diezazula!
Hitz miñgarri eiek erraten ai dela,
Etxatzen ninduen bere azken atsa.
Eta bere baitaz betetzen bihotza!
Beti dakat orain ariman sartua;
Aren irudiaz burua nastua.
Ezin dut mendian egin nik urratsa,
Sentitu gabe or arek egin utsa.
Arroka zuriek an erraten dute
Nik egin gaizkia: sarrastatzen naute,
Arima guzia: Bihotzez oiuka
Egiten diotet nigarretan: Barka!
Iardesten naute, barkarik ez dela,
Oraindik darraiño menditan odola...
Ibaiak jaustean zelai larreetan,
Soro zokoetan, oian illunpetan,
Rafael izena, guziz erresaka,
Daka barraiatzen:Iten diot: Barka!
Baiñan geiagorik egiten nau goibel,
Erranikan beti: Rafael! Rafael!
Xirripak, jaustean menditik ñurñurka,
Iten du: Rafael! Eta diot: Barka!
Baiñan ur sorgian, neri zait agertzen
Rafaelen itxura; dena nau betetzen..
Gauza guzieri, munduan lasterka,
Nere biotz guziz erraten dut: Barka!
Neretzat ordian ez dago barkarik,
Goibelki munduan nagoeño bizirik.
Alde guzietan erranikan: Barka!
Beti dut Rafael, ariman barnaka!
Aditzen dut beti xamur boz eztia:
Ikusten odolez belarra, bustia...
Olaxe damutan gaizki bizitzea
Da bihotzarentzat maizegi iltzea!
A! nere gaizkia, Ramonek baleki?
AITA JOSEP
Ramonek oraindik zutaz deus ez daki.
ARANEDER
Bizkitartean ba, naiz izan gorderik
Ikusi ninduen sasi gibeletik.
AITA JOSEP
Rafael bakarrik zuen ark ikusten.
ARANEDER
An, izen gurea du maizik entzuten.
AITA JOSEP
Nerekin delakotz gaztetik egondu,
Ezta bertze moduz emen izendatu.
Ezagun guziez, Ramon da deitua.
Izen bakar ortan dago oitua.
Ikusirik gero, zure zorigaitza,
Ari gordetzeko zuk an egin utsa.
Ramon Mendizabal izena duela
Erranik, eta zu mendian zarela
Etsaien ondotik, sinetsia daka.
Mendizabal zare lur autan barnaka.
Niork emen ez du, niork ez sumatzen,
Mendizabal orrek nor duen gordetzen.
Gernika erritik Altabizkarraino,
Luze da bidea, nola gan araiño
Izen on garbia. Beaz ez ageri
Zure goibeltzeaz izena bertzeri.
Ementxet bertzekin ixil zarenean
Ez utz ikusterat begien barnean.
Nik deituko zaitut aita Mendizabal.
Zure gogoetarik ez dezazula gal.
ARANEDER
Gernikatik unat bideak badire
Ekiek unañon etorriak dire.
AITA JOSEP
Emengo guziek egiz uste dute
Ill izan zarela, bederen diote.
Nola bihotz miñak baitzaitu mudatu,
Eta bertze moduz zare izendatu
Nior zu pizterat ez da ausartatzen.
ARANEDER
Baiñan nere Ramon dute ezagutzen.
AITA JOSEP
Dakizun bezala, semea, Gernikan,
Nerekin bizirik, ixil, gorderikan,
Niork emen ez du Ramon ezagutzen:
Zuk eta zureek bakarrikan baizen.
Emezortzi urte, bederen badire,
Ongi gure baitan oroitzen bagare
Etorri giñela biak oso goibel.
An maitatu zuen...
ARANEDER
Rafael! Rafael!
Gazte doakabe nik eskuez illa,
Nere bihotzaren ondotik abilla!
Akabo duk nitaz i galdu geroztik,
Ramonen bihotza judas batek hil dik.
Naiz zernai egiñik; ganik menditarat,
Itsaso barnaka mortu batetarat;
Zeruraiñon iga; sartu lur barnean;
Edo munduz mundu, norte bazterrean,
Gorderikan egon, eskun edo ezker:
Izanen nauk beti Ganix Araneder.
Kantua (aditzen da)
I
Arbol baten tonttorrian,
Oatze baten goxoan,
Usoño bat arturik mokoan,
Arrano bat an zabillan.
Usoño pollit ura bezala,
Eraman daute Karmela...
II
Baratzeko lore eztia,
Diztianta, ta gaztea,
Ihintzaren xortañoz betea,
Bere nigarrez bustia.
Baratzeko lorea bezala.
An doa nere Karmela.
III
Mendi xokoan barnaka,
Ardi galdua lasterka,
Dolamenez jausten da meeka.
Eta xirripa ñurñurka;
Ardi eta xirripa bezala,
An doa nere Karmela.
IV
Etsai gaixtuek arturik,
Atzaparretan gorderik,
Daramate mendi bazterretik.
Jainkoa! Zure zerutik,
Oroit zaite zureak garela.
Begira zazu Karmela.
AITA JOSEP
Nondik eldu zaiku boz mingarri ori!
Arima betetzen gaitu gu bieri!...
Orren grin andiak nork jasan letzake!
Karmela galdua! Nork sinets lezake!
Norbeit eldu zaiku...
ARANEDER
Beldurrian nago.
AITA JOSEP
Zaude! ni zurekin, emen naiz egongo,
Oroit zaite gero zer erran zaitudan.
|