IRUDI II GARRENA
Lehenburu, Karmela, Aita Josep, Ramon Mendizabal eta zazpi anaiak
AITA JOSEP
Agur Karmel ona bakarrikan zare?
KARMELA
Othoitzean biak emen egon gare,
Baiñan zer zorigaitz ekartzen gaituzu?
Bihotz min handia kopetan dakazu.
LEHENBURU
Laster mintza zaite non dire semeak?
Egiaz uste dut direla galduak.
AITA JOSEP
Ez nerekin datoz, pizkor batez landan.
Bat bakarrik hil da mendi bizkarrean.
Jauna, gaizki diot zeruan bizi da.
Lurreko bizia, parean deus ez da.
LEHENBURU
Barka diezadazu, nere bihotz miña,
Ezin gorde zaket neri gaitz egiña
Atozte maiteak zuen aitaganat,
Aren besoetan negar egiterat.
(Seme guziak besarkatzen ditu,
eta Rafael eskas dela ikusirik)
Rafael, eskas da; añitz maite nuen!
Jainkoak kendu daut beretzat nai zuen.
Izan bedi nitaz beti maitatua.
Zeruan Rafael guziz doatsua.
Aurra zer aiz emen? Rafaelen alde,
Etortzen aiz unat bihotzaren orde?
AITA JOSEP
Or da Rafaelen adiskide leial
Oso maiteena: Ramon Mendizabal
KARMELA
Aita mintza zaite, zuk erran gaitzazu,
Rafael non hil den, berdin badakizu.
Goibel baldin bada bai eriotzea,
Miñago da guziz, deus ez aditzea,
Urrun galdu diren maiteen gaiñean.
Dudak anditzen tu bihotzen barnean,
Ekien eskasak guri miñ egiñak.
Ez begira, beaz, orain gure griñak.
AITA JOSEP
Altabizkarreko, sasien barnetik,
Ikusi gintuen urrun, urrutitik,
Karlomanen tropak ezin kondatuak,
Edoiak bezala beltzez edatuak.
Zelaia guzia zagoen belztua.
Ez ginduen aitzen, ibaia kantua.
Troparen burrunbak zituen betetzen
Aldardi guziak, nola re garbitzen.
Gu, gorderik giñen, arroken atzean.
Rafael zagoen mendi kanttalean,
Ikusteko norat etsaiak zoazin...
Ek urbiltziarekin egiten gaitu zin,
Gora menditikan, etortzen zirela,
Ardi zoratuak larrean bezala.
Orduan guziak makillak arturik,
Lasterka goazi puskak etxaturik,
Menditik beera; botatzen ditugu
Arroka zuriak; Ramon artzen dugu.
Baiñan iten gaitu: Rafaelenganat
Utzi nazazue, arekin iltzerat.
Rafaelen alde gan giñen kuxian.
An ikusten dugu mendien tartean,
Asko gizonekin ari zen arrika,
Edo geienekin makill ukaldika.
Ramon, nere Ramon, badoako laster.
Egiten diote makillekin eder.
Beti makillekin amar hiltzen ditu.
Rafael eta gu, eskututzen gaitu,
Eta mendiz barna, gurekin jautsirik,
Adiskide ona berak lagundurik,
Erreka barnean, laster du gordetzen.
Eta saetsean erne da gelditzen.
Baiñan or eldu da eskualdun gaixto bat,
Lurrean errestan ahala bezinbat.
Kokoriko zaiku sorotik urbiltzen.
Jadan etsaiari, salduak gintuen.
Ez dezaket erran gizon ura nor den:
Baiñan erranen dut nor ez den izanen.
Egin guzietan izigarriena,
Gizonaren gogoz gauz itsusiena,
Da bere naiaz anaiak saltzea,
Eta txarkeriez ongi gozatzea.
Baiñan gu saltzea ez zitzaioen aski:
Gaizkidunak beti, gutizi du gaizki.
Azkenian beaz guri jazarri zen,
Eta bere kolpez Rafael hil zuen.
Ikusi gintuen orduan ikusi,
Adiskide biak elkar ezin etsi:
Ramonek Rafael, ez zezaken utzi,
Bat bertzea gabe ez zitazken bizi.
SEME BATEK
Aita zuk bihotza duzu barkatzaille,
Eta bertzen utsen oso gordetzaille.
Gure salbatzeko Jainko guziz onak,
Len egin zituen apez barkadunak.
Zutarikan beaz ez dugu jakiñen,
Gure salzaillea nor izan ote den.
Baiñan nik badakit, ez dezaket gorde.
Erranen dut gero bihotzaren orde
Gizon tristearen, zorigaitz izena...
Gu guzietarik igundua dena,
Izen doakabe, madarikatua,
Eskualdun garbiez añitz igundua,
Etsai guzietaz izen maitatua,
Ifernu leizetan, izen aipatua,
Erranen aut beaz, erranen aut laster,
Hi, aiz, azkenekotz: Ganix Araneder.
LEHENBURU
Araneder zela nork erranen zuen?
Araneder lehen gizon andia zen.
Banakien, aren etsaia nintzela,
Iguntza neretzat andia zuela.
Baiñan ortaraiñon ez nuen usteko
Err aren andia zela neretako,
Eskualdunen bihotz leial, on batean,
Jaungoikoak egin arima barnean.
MENDIBURU
Jauna menditikan dator erraterat,
Rolan eldu dela gure bentzuterat
LEHENBURU
Aurrak! artzatzue, makillak eskuan.
Etsaiak gaintzeko karra biotzean.
Eta nik dakaten liburu sainduan,
Men egin zazue, bihotz erditikan,
Jainkoa lekuko guziek arturik,
Unat itzulzea gaixtuak gaindurik.
SEME BATEK (guziek eskuak zabaltzen tuztelarik)
Gu guziek orain men egiten dugu,
Zerua guretzat, izaten badugu,
Eskualdun guziak zutaz indarturik,
Izanen direla loriaz beterik.
Guk artuko dugu mendi zokoetan
Ganix Araneder, lurrean errestan,
Ementxet emanik oiñetan burua,
Zillatuko dugu bere beltz larrua.
Ala gizon ortaz lurra garbiturik
Goxatuko gare bakean sarturik...
Gazin, gazin laster, anaia maiteak,
Gure mendietan iltzerat etsaiak.
KARMELA
Zoazte, zoazte anaia maiteak,
Indar zerukoaz osoki beteak,
Zoazte odolez, lurra garbitzerat,
Eskual erriaren oso guretzerat.
|