IRUDI IX GARRENA
Araneder, Ramon
ARANEDER
Ramon! aurra!
RAMON
Nerekin izanik zer duzu bearra?
Ez dakizu beti zurea naizela?
ARANEDER
Ez naiz ni zurea. Zuk orain bertzela
Ikusiko nauzu.
RAMON
Bainan zer da ori.
Orain zer zorigaitz etorri da zuri?
Zure ingurutan izan duzu zerbeit?
Gure gurasotan hill ote da norbeit?
ARANEDER
Ez Ramon! ez aurra! askoz andiago,
Nere zain barnean, nere miña dago.
RAMON
Baiñan zu zerk bada erdiratzen zaitu?
Izate guziak zaizkitzute hartu?
ARANEDER
Ez munduko miñak deusikan ez dire
Nere miñarekin neurritzen badire.
RAMON
Baiñan mintza zaite, zure barne miñak,
Izanik andiak badire berdiñak:
Zernai gerta daien, ni nago zurekin.
ARANEDER
Ez dezakezuke, deus ordian egin.
RAMON
Bainan zuk ni baitan dakazu beldurra.
ARANEDER
Zu damututzea neri zait gogorra.
Ez dezaket aurra zuri deusik erran.
Arritu zintuzket aditze berean;
Eta beharbada gogoa galdurik,
Erori zintazke griñak garaiturik.
RAMON
Nere zain gaztetan, ikarak artua
Odola barnean dakat ormatua.
Zuk deus ez erranik, geiago nakazu
Bizia goibeltzen.
ARANEDER
Aditu nai duzu!
Erran ordutikan aita galtzen duzu.
RAMON
Beaz zure miñak bakar jasantzatzu.
ARANEDER (bere baitan)
Nere bihotzaren etsi mingarria,
Ni banaiz zahartzen, zu zaude berria.
RAMON
Aita sentitzen tut orain zure miñak.
Zorigaitza batek zaizkitzu emanak.
ARANEDER
Nola bere baitaz lur gaixto batetik,
Belar tzarra beti sasien ondotik
Altxatzen beitzauku; bihotzean ala
Gaizkiak maizikan oteak bezala,
Agertzen zaizkigu.
RAMON
Beldurrik ez izan,
Aita nik badakit zer nai duzun erran.
Zuk zernai munduan eginikan ere,
Ez duzu gaizkirik nere aita zare.
Seme garbi batek aitaren gaizkiak,
Ikusten ez ditu, naiz izan argiak.
Aski dakat orain: zu beti neretzat
Aita zare. Zuk an egiñak onatzat
Artuko ditut nik.
ARANEDER
Ez bada maitea
Zuk egin ongiez burua betea,
Zure begi onez ongitu gaizkiak.
Utz detzagun ortan azken erasiak.
RAMON
Aita badut zerbeit zuri errateko.
ARANEDER
Aurra mintza zaite.
RAMON
Deusik zuretako,
Gorderikan ez dut; nere bihotzean
Badakizu zenbat amodio dutan,
Zuk ikusi duzun aingeru batentzat.
ARANEDER
Aingeruak aurra ez dire zuretzat.
Ramon, nere Ramon: Karmela nai duzu!
Aingeru baten gai balin bazare zu,
Nere zorigaitzak zaitu damuturen;
Arima guzia zaitu ondaturen.
Nik orrenbertze miñ zuri egiñ eta
Orain behar zaitut, erran: zuk ez maita
Bihotz guzietik maitatu duzuna:
Zeren aita duzu zorigaitzaduna.
Unat eldu dire fexoki etsaiak,
Entzuten dituzu ekien marrumak?
Ramon goazin biak... Oxala mendian
Hiltzen banindute anaien erdian!
Euskual errientzat odol ixuriak.
Eginen gintuzke arima garbiak...
|