www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Giristinoki bizitzeko eta hiltzeko moldea
Andre Baraziart
1784

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Guiristinoqui bicitceco eta hiltceco moldea..., André Baratciart. Fauver Duharte, 1784

 

 

aurrekoa hurrengoa

MEDITAZIONEA
JAINKOAREN MISERIKORDIAZ

 

I

        Guziz handia eta hedatua da Jainkoaren miserikordia. Sofritzen ditu bekhatorosik handienak; bere ganat deitzen ditu gaixtaginik errebelenak; gonbidatzen ditu ihesi dabiltzanak, barkhamendua prometatzen diote bere etsaiei; oihuz dohakote, eta besoak hedatzen diotzate galtzerat dohazinei; berak eskatzen diote berak eman bihotza; eta behin, bietan, hiruetan gorraena eginik ere, ez da gibela joaten: hark gu ofentsatu bagintu bezala, gure xerkha dabila; bilhatzen gaitu, gure beharra balu bezala. Artzain ona bezala (edo ez othe da bera artzain hura?) gu errebelatuen ondoan abiatzen da, ez du guphidesten nekhea eta izerdia, ez ditu kondatzen urhatsak; eta kausitzen gaituenean, bozkariatzen da, maiteki ematen gaitu bere sorbalden gainean, gidatzen gaitu bere heirat, eta ezartzen gaitu bere ardi leialen, bere adiskide minen herrunkan. Zeru guzia alegrantzietan da; plazer gehiago da, Aingeruen artean, bekhatore konbertitu batez, ezen ez bethi prestutasunean egotu diren lau-hogoi eta hamar justuz; eta seme prodigoak bere falta aithortzean, haren aitak izatu zuen bozkarioak erdizkara bezala ezagut-arazten daroku, Aita Zerukoak, gu humiliatuak bere aitzinean ikhusteaz, duen plazera. O Jainkoaren miserikordia mugarrigabea! O amodiozko gaindidura ezin konprenituzkoa! Eta nola nagoke bekhatuan! Nola momento batez ere luza dezaket bekhatutik atheratzea! Baliatuko naiz, Jauna, zure deitze ezti, gonbidatze amultsuez; damu dut ene luzamendu eta eskergabetasun guziez, utziko dut bekhatua, eta itzuliko naiz zure ganat ene bihotz guziaz.

 

II

        Zure bizitze pasatua examinatzen baduzu, Jainkoaren miserikordiaren efeturik miragarrienak zure baithan kausituko ditutzu. Nolakoa izatu zare haurtasunetik lekhora? Nolakoa gaztetasunean? Zer egin duzu kausitu zaren lekhu eta enplegu diferentetan? Helas, zenbat bekhatu handi gogoz, zenbat hitzez, zenbat obraz, zenbat neglijentziaz! Zenbat bertzeei eragin othe diozute zure arinkeriez, zure aire libroez, zure dosteta ergelez, zure kantu imodestez! Nork kondatuko ditu zure falta guziak! Nork ezagutuko du zure zaurien handitasuna! Nork zundatuko ditu zure bihotzeko gaitz zaharrak! Nola zare oraino munduan! Nola ez othe zare Ifernuan! Orduan hil bazine, non izanen zinen orai? Errazu. Helas! damnatuen artean, Deabruen baltsan, erreprobatu guzien konpainian. Nork beiratu zaitu hain zorte izigarritik? Nork bada? Jainkoaren miserikordia handiak. Estatu dohakabe hartan ere zenbat aldiz ez zaitzu mintzatu Jainkoa bere inspirazione sainduez, bere ministroez, eritasunez, zure lagun gaixtaginen heriotzeaz, edo bertze batzuen konbertsioneaz: hauk guziak maite zintuen, eta salbatu nahi zintuen Jainkoaren boz batzuek ziren. Hauk guziei gorraena egin diozute. Hartu duzu maiz konbertitzekko desira, deliberatu duzu bekhatua utzi, bizitzea ganbiatu behar duzula; ordean bethi ber-bera egon zare; merezi zinduen beraz Jainkoaz abandonatua izatea, halarik ere egun berri-berritan deitzen, herxatzen zaitu. O miserikordia, ala zure handia! Norat nahi den beha dezadan, guzietan ez dut ikhusten zure ontasunik baizen. Zer laiteke nitaz, oraino uzkur banindago, oraino gibela banindago? Ez, Jauna, orai beretik heldu naiz zure ganat, orai beretik probotxatu nahi naiz hain arraiki eta jeneroski ofritzen darotazun miserikordiaz. O Jesus guziz urrikalmendutsua! ene bekhatuek ikharatzen naute; bainan zure izenak berak animatzen nau; bekhatoros naiz, eta bekhatorosik dohakabeena; bainan zu ene Salbatzailea zare.

 

III

        Jainkoari afronturik handiena egin zinozoke, dudatzen bazindu haren miserikordiaz. Zuk ofentsatu duzun Jainkoa ona eta ontasuna bera, leiala eta leialtasuna bera da; seguratzen gaitu, eta juramenturekin, ez duela nahi bekhatorearen heriotzea; ez da egundaino, haren baithan fidatu denik, galdu; eta ez, hura behartu duenik, laguntza gabe gelditu: Jainkoari damurik handiena egitea laiteke beraz, haren baithan ez fidatzea: hori laiteke Cain dohakabearen segitzea; hori laiteke zure bekhatu guziak baino handiagoko krima bat; hori laiteke odol hotzean damnatzea. Ah! diozu ordean, ene bekhatuak handiegiak, ene zauriak zahartuegiak dire, eta nihork ez du nik bezanbat eta nik bezalako gaixtakeriarik egin. Zure bekhatuak handiak dire; ordean Jainkoaren miserikordia handiagoa da. Zure zauriak zahartuak dire, eta nihork ez du zuk bezanbat, ez zuk bezalako gaixtakeriarik egin; zure bekhatu handiek obligatu behar zaituzte konfidentzia handi baten izaterat: plazerekin Jainkoak seinalatzen du bere miserikordia handia, eta, bekhatorosik handienei barkhatzean, ezagut-arazten du klarkienik bere bothere soberanoa. Nola sofritu zaitu, ofentsatzen zinduenean? eta nola ez darotzu beraz eginen agindu darotzun, eta eskatzen diozun miserikordia. Ala ene dohatsua, hain Aita onarekin egiteko izateaz! Ez duzu nihoiz ere ahantzi, o ene Jainkoa, zure haurra naizela, nik ahantzi arren ene Aita zinela. Heldu naiz, zuri ene falta guzien aithortzera, grazia eta miserikordia eskatzera. Orhoit zaite, othoi, zure promesaz, beha diozozu zure Seme maite enetzat gurutzean hilari, eta haren amoreak gatik barkha datzu ene bekhatu guziak.

 

aurrekoa hurrengoa