www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Giristinoki bizitzeko eta hiltzeko moldea
Andre Baraziart
1784

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Guiristinoqui bicitceco eta hiltceco moldea..., André Baratciart. Fauver Duharte, 1784

 

 

aurrekoa hurrengoa

HIRURGARREN MEDITAZIONEA
BEKHATU MORTALAZ

 

I

        Bekhatu mortalak kalterik handiena egiten dio gure arimari; gal-arazten darozkigu ontasun guzietarik handienak, aberastasun egiazkoak. Jainkoaren haur maite ginen, haren adiskide min ginen, haren erresumako primu ginen, Jesusen haurride eta menbro berezi ginen. Izpiritu sainduak gure ariman bere egoitza egiten zuen, gure bihotza zen haren tenplu bizia eta maitea. Trinitate adoragarriak bere tronutzat hautatu zuen gure arima. Oi! nolako artha zuen gutaz! Zenbat grazia eta fagore, zenbat behatze ezti, zenbat kontsolazione ez othe zuen isurtzen gure bihotzetarat! Ez zen deus ere gure estatu dohatsuarekin konpara zaitekenik; lurreko ontasunak, gure arimako ontasunen aldean, basa puska batzuek bezala ziren, munduko ohoreak, gure zorionaren aldean, laido batzuek ziren, sentsuen plazerak, gure bihotzeko gozoen aldean, kharastasun batzuek ziren. Oi ala gure dohatsuak, bethi goardatu bagindu gure saindutasuna! Ordean bekhatu mortalak bet-betan miseriarik handienerat aurdiki gaitu. Bekhatu mortalean erortzen garen pontutik, galtzen dugu Jainkoaren amodioa, eta gureganatzen dugu haren higuintza guzia. Ez gare gehiago Jesusen menbro, bainan bai Satanen esklabo. Ez dago gurekin Izpiritu saindua, Deabrua da gure bihotzen nausia eta jabea. Trinitate adoragarriak aborritzen gaitu, eta galdu dugu Zeruko primuza. Ah! zer kalte, zer bidegabe gure arimentzat! Nola behatu diot orai artean bekhatu mortalari? Uste izan othe dut ene arimaren etsai eta burreu bakharra zela?

 

II

        Bekhatu mortala egin duen arimaren pobrezia osoa eta urrikalgarria da. Ordu artean bildu ahal zituzken obra on guziez, merezimendu guziez bilhuzia da. Barurik garratzenez, othoitzik khartsuenez, amoinarik handienez, mortifikazionerik luzeenez, komunionerik sainduenez, hamar, hogoi, berrogoi urthez eta gehiagoz ere penarekin egin zituzken irabazi guziez gabetua da: aberatsa dauka bere burua, deusen beharrik ez duela, dio bere baithan, eta bizkitartean erromes eta miserable da, gauza guzien beharrean da. Nork esplikatuko daroku haren pobreziaren hedadura guzia? Bekhatu mortala su bat da, gauza guziak erroetarainokoan kontsumitzen dituena, aire phozoatu bat da, lorerik ederrenak ihartzen dituena, ohoin kruel bat da, merezimendu guziak arrobatzen dituena. Oi! beraz ala hire dorphea! ala hire kruela, o bekhatu mortala, betan hain miseria eta lazeria handirat aurdikitzen naukanaz geroz! Gure burua, gure intresak, gure zoriona maite badugu, nola behatuko diogu hanbat kalte egiten darokun bekhatu mortalari?

 

III

        Anima zazu zure fede guzia, sar zaite zure bihotzean barna, eta ikhusiko duzu zertarat bilhakatzen duen bekhatu mortalak zure arima; obrarik hoberenak, akzionerik sainduenak, eta berenez baliosenak egin baletza ere, bekhatu mortalak haui guziei edekitzen diote Zeruko gloriaren merezitzeko balioa. Baiki, bekhatu mortalean naizeno egiten ditudan amoinak, barurak, othoitzak, mortifikazioneak sari gabe dire Jainkoaren eresuman. Senda banetza eriak, erna banetza gor eta mutuak, xuxen banetza mainguak, phitz banetza hilak; mirakuilu hauk guzietaz ez nezake merezi gloriaren gradurik xumeena. Graziazko estatuan Jainkoarentzat egin nezaken akzionerik xumeena hain balios da, non merezi bai du Zeru guzia, eta bekhatu mortaleko estatuan egiten diren obrarik miragarrienak ezin dukete eternitatean saririk. Neroni hila naiz Jainkoaren aitzinean, eta beraz nik egin dezakedanak ez du bizitze eternalaren gainean zuzenik. O! nonbait bekhatu mortala hire higuingarria, goastatzen eta desegiten dukanaz geroz berenez hain eder eta balios laitezken obra sainduen merezimendua! Badakit hek egin behar ditudala, eta noiz ditut beharrago nigarrak, auhenak, othoitzak, amoinak, mortifikazioneak, bekhatu mortaleko estatuan naizenean baino? hetaz behar dut, eta hetaz xoilki ardiets dezaket ene Jainkoaren bihotza, hetaz ema dezaket haren kolera; hei beraz lothuko natzaiote khartsuki, hetaz baliatuko naiz bekhatuak gal-arazi darozkidan ontasunen biltzeko, eta berri-berritan haren umeen herrunkan jartzeko. Behatzen eta behatuko diot bekhatu mortalari ene Jainkoaren eta ene arimaren etsai bakharrari bezala, hura da bakharra higuinduko dudana, ene miseriarik handiena bezala; eta gainerako kalte, atsekabe guziak besarkatuko ditut, hek prezatuko ditut ene ontasunak bezala, eta hetaz eginen dut ene plazera.

 

aurrekoa hurrengoa